Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2005eko azaroaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 Zenbakiko Epaitegia
5681

EDIKTUA, 513/05 kanbio-prozeduraren ondoriozkoa.

Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: L2 513/05 kanbio-judizioa.

Alderdi demandatzailea: San Miguel Fábricas de Cerveza y Malta SA.

Alderdi demandatua: Redouan Boudira Aguedour.

Gaia: kanbio-prozedura.

Aipatu judizioaren gainean ebazpena eman da, zeinak hitzez hitz hau baitio:

411/05 AUTOA

Epailea: Ana Hernández García.

Lekua: Vitoria-Gasteiz.

Eguna: bi mila eta bosteko uztailaren hogeita bata.

AURREKARIAK:

Bakarra.– Carranceja prokuradoreak San Miguel Cerveza y Malta SAren izenean eta ordez kanbio-prozedurako demanda aurkeztu zuen, Redouan Boudira Aguedour-en aurka. Demanda izapideak egiteko onartu zen, eta hamar eguneko epea eman zitzaion demandatuari ordain zezan. Hala ere, ez zuen eskatutakoa ordaindu ez eta eskatutakoari aurka egin ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– PZLren 824. artikuluan aurreikusitako epea igaro denez, epai-emaile honek uste du lege horren 825. artikulua erabat eta nahitaez aplikatzekoa dela. Betearazpena agintzeko unea da prozesu honetan, eta horretarako, betearazpen-demanda bat aurkeztu beharko du betearazleak. Artikulu hori estu-estu interpretatuz gero, badirudi betearazpena berez eta epaitegiak berak ofizioz agindu behar duela, betearaziak epearen barruan betearazpenaren aurka egin ez duelako eta erreklamatutako diru-zenbatekoak ordaindu ez dituelako, errekerimendua eginda ere. Baina epai-emaile honek uste du interpretazio horrek ezin duela aurrera egin. Izan ere, interpretazio horri jarraituz, gerta liteke diru-zenbatekoa betearazteko agindu, eta diru-zenbateko hori judizioz kanpo ordainduta egotea edo ordainketaren gainean alderdiak erabaki bat hartua izatea; gerta liteke, halaber, alderdi betearazleak berak betearazpena agintzerik nahi ez izatea.

Horregatik, epai-emaile honen ustez artikulu hori zabalago interpretatu behar da: betearazpena egin aurretik, beharrezkoa da betearazpena egiteko eskari bat egotea, alegia, betearazpen-demanda bat; premisa horretatik abiatu behar da beti. Dagozkion zenbatekoak, interesetarako kalkulatutakoa eta kostuak jaso beharko ditu betearazpen-demandak. Hori berehala burutu beharrekoa izango da. Auto bat emango da betearazpena agintzeko, prozedura hau berezia den aldetik.

Bigarrena.– Azkenik, forma kontuengatik, bidezkoa da ohartarazpen-judizioaren prozedura hau amaitutzat jotzea eta artxibatzea. Betearazpen-demanda aurkeztu zain geratuko da. Demanda, bestalde, goian azaldutako moduan burutu beharko da.

XEDAPENAK:

Erabaki dut ohartarazpen-judizio honen prozedura amaitutzat jotzea eta ondoren artxibatzea. Halaber, bidezkoa da betearazpena agintzea erreklamatutako diru-zenbatekoak jasotzeko, hain justu, 4.223,18 euroko printzipala eta beste 1.300 euro interes eta kostuengatik. Betearazpen-demanda aurkeztu zain geratuko da, zeina lehenengo oinarri juridikoan jasotako baldintzen eta betekizunen arabera burutu beharko den.

Inpugnatzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Arabako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua).

Epaitegi honetan aurkeztutako idazki baten bidez egin beharko da errekurtsoa, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera, bost egun balioduneko epearen barruan. Errekurtso horretan, bestalde, honako hauek adierazi beharko dira: zein ebazpen apelatzen den, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen den (PZLb, 457.2 artikulua).

Epaileak ebatzi eta sinatu egiten du. Fede ematen dut.

Alderdi demandatuak egun helbidea edo bizilekua non duen ez dakigunez gero, 2005-10-20ko probidentzia bidez, epaileak erabaki du ediktu hau Epaitegiko iragarki-oholean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Redouan Boudira Aguedour demandatuari epaia jakinarazteko eginbidea gauzatzeko. Hala agintzen da Prozedura Zibileko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko urriaren 20a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala