Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2005eko azaroaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun Saila
5577

1355/2005 EBAZPENA, urriaren 4koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arauan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du zuzendaritza nagusi honek. Hona hemen

OINARRIAK:

Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan goi kargudunaren idazkari lanpostua betetzeko deialdian —ebazpen honen bitartez egiten da deia—, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoek parte har dezakete —funtzionarioek, estatupekoek nahiz lan-kontratuko langile finkoek—, bai eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta horko erakunde autonomoetako funtzionarioek eta beste langile batzuk ere. Hauek dira bete beharko dituzten baldintzak:

1.– Ikasketa-tituluak.– Titulu hauetakoren bat eduki behar dute: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa, Eskola-Graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

2.– Hizkuntza-eskakizuna.– Bigarren hizkuntza-eskakizuna eduki behar dute. Lanpostuari jarritako hizkuntza-eskakizuna 2005eko ekainaren 1erako eduki behar da nahitaez.

3.– Esperientzia.– Urtebeteko esperientzia eduki behar dute, C edo D taldeetako zereginetan.

Bigarrena.– Interesatuek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretaz gain, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez ditzakete (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzkoa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz aldatua).

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek curriculum vitae-a aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera. Hauek adierazi beharko dituzte:

– Ikasketa-tituluak.

– Betetako lanpostuak.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki irizten zaion beste edozein merezimendu.

Eskatzen diren betekizunei eta aurkeztutako merezimenduei buruzko agiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri aurkeztu ahal izango dute.

Laugarrena.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da deialdia, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpena.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko urriaren 4a.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,

GLORIA QUESADA MENÉNDEZ.


Azterketa dokumentala