Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2005eko azaroaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
5573

AGINDUA, 2005eko azaroaren 2koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripe izeneko animalien gaixotasunetik babesteko zuhurtasunezko neurriak ezartzekoa.

Europar Batasunaren lurraldean hegazti-gripearen agerraldi oso patogenoak izan direla-eta, Batzordeak zenbait erabaki hartu ditu, 2005/464/EE eta 2005/734/EE zenbakidunak horien arteko garrantzitsuenak, eta berorietan xedatu du estatu kideek, alde batetik, hegaztitegietako hegaztien nahiz basa-hegaztien gripea kontrolatzeko programak ezarri beharko dituztela eta, bestetik, biosegurtasuneko hainbat neurri hartu beharko dituztela gaixotasuna kutsatzeko arriskua gutxitu dadin.

Erkidegoaren erabaki horien esparruan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-azienda hegazti-gripetik babesteko, honako helburua dauka agindu honek: Autonomia Erkidegoko lurralde osoan zaintza- eta kontrol-neurri zehatzak ezartzea gure aziendan agente hori sar ez dadin eta kutsadura-arriskua gutxitzeko.

Neurri hauek badaezpada ezarriko dira, izan ere euskal hegazti-azienda osasun-egoera onean badago ere, zuhurtasunezko neurriak hartzea komeni baita gure lurraldera gaixorik irits daitezkeen basa-hegaztien eragina saihesteko.

Foru-aldundiei aholkua eskatu zaie agindu hau egiterako garaian.

Gauzak horrela, eta kontuan hartuta Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 9. idatz-zatiaren eta 18. artikuluko 1. eta 4. idatz-zatien bidez emandako eskumenak, urriaren 11ko 290/2005 Dekretua, gaur egun indarrean dagoen Abere Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legeak ezarritakoa (horiek guztiek agintari eskudunari ematen baitiote animalien gaixotasunen aurka modu eraginkorrean borrokatzeko neurriak ezartzeko eskumena), eta, halaber, kontuan hartuta indarrean diren gainontzeko arauak, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Feriak eta azokak.

Euskal Autonomia Erkidego osoan debekatuta dago hegaztitegiko eta beste edozein motatako hegaztiak feria, azoka, erakustoki, erakusketa edo lehiaketetara eramatea.

Bigarrena.– Granjetan hartu beharreko biosegurtasun-neurriak.

1.– Granjetan muturreraino eramango dira biosegurtasun-neurriak. Aire zabaleko ekoizpen-sistemetan hazitako abereei, bereziki, instalazioen barruan emango zaie janaria eta edaria edo, bestela, basa-hegaztiak ez sartzeko moduko aterpeetan. Era berean, ur-biltegiak behar bezala babestuko dira uretako basa-hegaztiengandik, eta basa-hegaztiek erabiltzen dituzten biltegietako urik ez zaie emango etxe-hegaztiei.

2.– Bestalde, hegaztiak ekoizpen-nabeetan sartuta ahalik eta denbora gehien edukitzen saiatuko dira ekoizleak, eta basa-hegaztiak aire zabaleko ekoizpen-sistemetatik urrun egoteko ahalegina egingo dute.

3.– Bertako egoera epidemiologikoaren eta gaixotasunaren bilakaera orokorraren arabera, biosegurtasun-neurriak mutur-muturreraino eramango dira. Batik bat, hegaztiak ustiategietako nabe edo lokal itxietan gordeta edukitzeko agindu ahal izango da, eta basa-hegaztiak ez sartzeko maila, sare edo itxitura bereziak jartzeko ere bai.

Hirugarrena.– Hegazti-ustiategietako hegaztien kontrola.

1.– Hegazti-gripea zaindu eta gaixotasunaren jarraipena egiteko planen barruan, foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuek laginak bilduko dituzte erregistratuta dauden ustiategi guztietan, hegazti-gripeak eragindako infekziorik ez dagoela egiaztatzeko.

2.– Erregistratutako ustiategietan eta beste abere-taldeetan zaintza klinikoko neurriak areagotuko dira.

Hildako hegazti-kopurua ezohikoa denean (48 ordutan hegaztien % 10etik gora hiltzen direnean edo guztira 5 hegazti baino gehiago) gaixo dauden animalien laginak bidaliko dira laborategira hegazti-gripearen birusa daukaten ikertzeko.

3.– Neiker –Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea SA– izango da Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripea aztertzeko laborategi ofiziala.

Laugarrena.– Basa-hegaztien kontrola.

1.– Foru-aldundietako abeltzaintza zerbitzuen eta natura-gune babestuen kontserbazio-zerbitzuen jarraibideei kasu eginez eta haien gainbegiradapean, basozainek daukate basa-hegaztien eta ehizatutako hegaztien laginak hartzeko eskumena. Ehiztariek eta, oro har, horrelako animaliak dituztenek, eskatutako laguntza guztia eman behar diete basozainei.

2.– Bildutako laginak laborategi ofizialera bidaliko dira, han azter ditzaten.

3.– Basa-hegaztien babeserako erakundeek eta hegaztiei eraztunak jartzen dizkietenek, ehiztari-elkarteek eta interesa duten bestelako erakundeek, basa-hegaztien ezohiko hilkortasuna edo ezohiko basa-hegazti gaixoen kopurua (batez ere uretako hegaztiak badira) handitu dela sumatzen badute, berehalaxe jakinaraziko diote bakoitzak bere foru-aldundiko abeltzaintza zerbitzuari eta natura-gune babestuen kontserbazio-zerbitzuari.

Bosgarrena.– Zoologia-guneak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko edozein zoologia-gunetan basa-hegaztiak eta hegazti exotikoak sartu ahal izateko, hegazti horiei hegazti-gripearen frogak oraintsu egin zaizkiela ziurtatu beharko da.

2.– Aipatutako zentro zoologikoetako animaliak zaindu eta kontrolatzeko neurriak hartu beharko ditu zentro bakoitzeko albaitari baimendunak, eta behar izanez gero animaliak berrogeialdian jarriko ditu.

Foru-aldundiek ikuskatuko dute betekizun horiek betetzen direla, eta aurretik ezarritako programarekin bat etorriz, lagin-bilketa aginduko dute.

Seigarrena.– Neurrien bilakaera.

Agindu honetan ezarritako neurriak aldatu edo kendu egingo dira egoera epizootikoaren eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera. Bereziki, foru-aldundiei aholkua eskatu ondoren, eta ebaluazio epidemiologikoaren eta Autonomia Erkidegoko hegazti-aziendarentzako dagoen arriskuaren arabera, arrisku-gune edo -lekuak zehaztuko dira, eta horietan debekatuta egongo da hegaztitegietako hegaztiak aire zabalean edukitzea.

Zazpigarrena.– Interesdunentzako informazioa.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta udal, ehiza-federazio, ehiztari-elkarte, Euskal Autonomia Erkidegoko basa-animaliak babesteko elkarte, hegazti-erakunde profesional eta horien eragin zuzenaren menpe dauden zoologia-guneei jakinaraziko zaie, aginduak zabalkunde handiagoa izan dezan eta bertan ezarritako neurriak gauzatzen lagun dezaten.

Zortzigarrena.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 2a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala