Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2005eko azaroaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5555

AGINDUA, 2005eko azaroaren 8koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko ikasketak zabaltzeko beka baterako deialdia egiten duena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio, bere eskumenen eremuan, gizarte-onurako edo gizarte-intereseko jarduerak sustatzea. Horretarako, ikasteko bekak edo laguntzak eman ahal izango ditu, profesionalak prestatzeko edo saileko arloei dagozkien gaiak ikertzeko helburuarekin.

Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 58/2005 Dekretua eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 29ko 59/2005 Dekretua argitaratu izanak hainbat arazo sortu ditu aplikazioan. Arazo horiek aztertu eta ikertu egin behar dira, kooperatiben lege- eta erregistro-eremuko alderdiak egungo teknologietara egokitu behar direlako bereziki. Trafiko juridikoak gai izan behar du sozietate-premiei arinki baina segurtasun juridikoa eta horren berezko balioak eta printzipioak ahaztu gabe erantzuteko, eta egungo premia larri horrek eragin du aurreko guztia.

Gainera, nazioarteko kontabilitate-araudian gertatutako aldaketak direla-eta, Kooperatiben Legean ere aldaketak egin behar dira. Izan ere, erraz ondoriozta daitekeenez, hartzen diren erabakien ondorio ekonomikoak eta finantza-distortsioak funtsezkoak izan daitezke, distortsioa kooperatibek nahitaez bete beharreko kontabilitate-araudiak eragin dezakeela ahaztu gabe. Aurreikusitakoaren arabera, distortsioa Euskadin Estatuaren gainerakoan baino handiagoa izango da, Autonomia Erkidegoko araudiari lotuta dauden kooperatiben berezitasunaren ondorioz. Kooperatiba horien ezaugarri bereizgarria MCC taldeak duen pisua da, kualitatiboa zein kuantitatiboa.

Hori guztia eta azken ekitaldietan metatutako esperientziaren ondoren egindako gogoeta kontuan hartuta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, unibertsitate-eremuan sozietateen arloko prestakuntzaren eta ikerketaren sustapenari dagokionez aitzindaria izaki, profesionalen prestakuntzaren hurrengo urratsarekin jarraitu behar dela eta Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza espezializatua eta berariazkoa bultzatu behar dela uste du. Ondoren, prestakuntza hori dutela, enpresetan sartuko dira eta eredua gizartean zabalduko dute profesional horiek. Aldi berean, zuzenbide kooperatiboa aplikatzeko zeregina zuzen betetzeko ezinbestekoak diren arau-egokitzeak eta egokitze praktikoak jatorritik ikertzeko jarduera bat garatuko dute.

Bestalde, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren arloetan prestakuntzako eta ikerketako beketarako edo laguntzetarako deialdiei lotutako prozedura-kontuak eta beste hainbat alderdi arautzeko esparrua ezartzen duen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduan ezarritakoa errespetatuta ezarri da laguntza hori. Adierazitako agindu horretan, publizitatearen, lehiakortasun askearen eta objektibotasunaren printzipioak hartu ziren abiapuntutzat, diruz laguntzeko jarduera ongi gauzatuko dela eta deialdian zein bekak edo laguntzak ebazteko eta emateko prozesuan irizpideak zuzen aplikatuko direla bermatzen baitute printzipio horiek.

Arestian azaldutakoari jarraiki, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gizarte Ekonomiaren arloko ikasketak zabaltzeko beka baterako (1) deialdia egitea, onartu diren eta eranskinean agertzen diren Oinarriei jarraiki.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren arloetan prestakuntzako eta ikerketako beketarako edo laguntzetarako deialdiei lotutako prozedura-kontuak eta beste hainbat alderdi arautzeko esparrua ezartzen duen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduan (2000ko irailaren 4ko 169. zenbakiko EHAA) eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.– Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari ahalmena ematen zaio Agindu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak hartzeko.

Hirugarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta bere aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluetan xedaturikoaren arabera, edota zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko azaroaren 8a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

GIZARTE EKONOMIAREN ARLOKO

IKASKETAK ZABALTZEKO BEKARAKO

DEIALDIA EGITEN DUEN

AGINDUAREN ERANSKINA

OINARRIAK:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Gizarte-ekonomiaren arloko ikasketak zabaltzeko beka baterako (1) deialdia arautzea da Oinarri hauen xedea.

2.– Bekaren onuraduna goi-mailako tituluduna eta zuzenbidean lizentziatua izango da.

3.– Bekari esker, bekadunak Gizarte Ekonomiaren legegintza eta erregistro kontuetan sakontzeko aukera izango du, hala nola, honakook landuko ditu: Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak Erregistroko datuetan duen eragina; teknologia eta lanabes telematiko berriek erregistro-kudeaketan duten eragina; edo gizarte-ekonomiaren eragina nazioarteko kontabilitateko arauetan izaten diren ondoz ondoko aldaketetan.

Bekaren eskatzaileek bekaren xede den ikerketa-programaren azalpen labur bat aurkeztuko dute memoria batean. Memoria horretan, aztertu beharreko arloez gain, arlo horiek Gizarte Ekonomiaren testuinguruan duten garrantzia eta haiek ikastera bultzatzen duten arrazoi pertsonalak eta sozialak barne hartuko ditu.

4.– Ikerketa-zeregina garatzeko, bekadunak administrazioen edo hiru euskal unibertsitateetako kooperatiba-arloko ikasketen institutuen (Gezki-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta HUHEZI) guneak erabili ahal izango ditu, erakunde horien dokumentazio-zerbitzuetan eskuragarri dauden materialak eta informazioa kontsultatzeko. Era horretan, material horiek autonomia-erkidegoetako edo Estatuko beste erakunde batzuekin trukatu ahal izango dira.

Bigarrena.– Bekaren iraupena.

Bekaren iraupena 12 (hamabi) hilabetekoa izango da, beka onartu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Zuzkidura eta ordaintzeko modua

1.– Bekaren zuzkidura kopuru finkokoa izango da: 18.000 (hamazortzi mila) euro eta, horretaz gain, egongo da beste zuzkidura gehigarri bat, 3.000 (hiru mila) eurorainokoa, bekaren gaiarekin zerikusia duten ikastaro eta mintegietara joateko.

2.– Beka esleitu eta bederatzigarren oinarriaren e) letran adierazitako hasierako diagnostikoa aurkeztu ondoren, 3.000 (hiru mila) euro ordainduko zaio onuradunari. Lehen hiruhilekoa amaitu ondoren, 1.500 (mila eta bostehun) euro ordainduko zaio onuradunari.

3.– Bekaren zenbatekoaren gainerakoa 4.500 (lau mila eta bostehun) euroko hiru zatitan ordainduko da. Zenbateko horiek hiruhilekoa amaitzean ordainduko dira.

4.– Horrez gain, bekadunak baimena eskatu ahal izango du bekaren xede den gaiari lotutako ikastaroetara eta mintegietara joateko. Kasu horietan, Sailak matrikula-gastuak eta ikastaro horietara joateko bidaiaren eta ostatuaren gastuak osorik edo zati batean ordaintzea erabaki ahal izango du, 3.000 (hiru mila) euroko mugarekin. Gastu horiek ordaintzeko, beharrezkoa izango da Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren baimena lortzea eta eskabidea eta gastuen justifikazioa aurkeztea (sortzen direnetik 2 hilabeteko gehieneko epean, fondoa amaitu arte), eta, beti ere, 2006ko ekitaldia bitartean. Gastu horien mugak Euskal Administrazio Publikoetako funtzionarioen zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak arautzen dituen otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan (abenduaren 19ko 267/2000 Dekretuak aldatzen duena) aurreikusitako zenbatekoak izango dira.

5.– Beka honi atxikitako aurrekontuko kreditua abenduaren 28ko 10/2004 Legeak bermatzen du (haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005erako aurrekontu orokorrak onartu ziren).

Laugarrena.– Onuradunak.

1.– Eskatzaileek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte eskabideak aurkeztu beharreko egunean:

a) Europako Batasuneko herritartasuna eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-auzotasuna izatea, ekitaldi honen urtarrilaren 1aren aurretik.

b) Zuzenbidean Lizentziadunaren titulua izatea.

c) Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-hauste bat egin izanagatik jarritako zigor irmoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak lortzeko debekurik ez izatea.

e) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea, ezta debeku horrekin zigortuta egotea ere, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legea dela-eta.

f) Ordaindutako lanik ez egitea eta bestelako bekarik edo laguntzarik ez jasotzea.

2.– Pertsona onuradunei beka onartzea eta, hala balegokio, berori ordaintzea baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude.

Bosgarrena.– Bekadunaren tutoretza eta zuzendaritza.

1.– Beka emateak eta jasotzeak ez dakar inolako kontratu- edo estatutu-harremanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bekaren onuradunaren artean. Era berean, Administrazio horrek ez du inolako konpromisorik hartzen onuraduna bere plantillan barne hartzeko.

2.– Agindu honetan aurreikusitako beka kudeatzeko zereginak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari dagozkio.

3.– Bekaren jarraipeneko, tutoretzako eta zuzendaritzako zereginak Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiko presidenteak eta hiru euskal unibertsitatetan kooperatiba-ikasketan espezializatutako institutuetako (Gezki-EHU, Deustuko Unibertsitatea eta HUHEZI) zuzendariren batek egingo dituzte batera. Tutoreek, bekadunak bere memorian beka garatzeko aurkeztutako behin-behineko eskema ikusita, aldaketak proposatu eta oharrak egingo dituzte, behin-behingo eskema hori gizarte-ekonomiaren aro zehatzera egokitze aldera. Azterlanaren eta lankidetzaren behin betiko eskema finkatu ondoren, eskema hori betetzen den kontrolatuko dute.

4.– Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak, bekaren aldia amaitzean, beka jaso izanaren egiaztagiria emango dio bekadunari. Bertan, bekaren edo laguntzaren xedea eta beka garatzeko egindako jarduera nagusiak adieraziko dira.

Halaber, eta bekadunak eskatuta, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak ikerketa-lanaren garapenari buruzko azken txostena zabaldu ahal izango du, izaera ez-esklusiboarekin eta urtebeteko aldi batean gehienez, hori guztia Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako hitzetan eta baldintzetan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuen, baliaezintasunaren edo heriotzaren arriskuen kontra aseguratuko du bekaduna, bai eta jardueran hirugarrenei eragindako kalteen ondoriozko erantzukizun zibila ere.

Seigarrena.– Eskabideak gauzatzea eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

2.– Eskaera behar bezala formalizatuta egingo da, Oinarrien I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

3.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko da, honako dokumentu hauekin batera:

a) Laugarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa:

• Europar herritartasuna NAN aurkeztuta egiaztatuko da edo, bestela, herritartasuna egiaztatzen duen titulu juridikoaren bidez.

• Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi izatea udal-erroldaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

• Titulazio akademikoa eskabideak aurkezteko epearen barruan egiaztatu beharko da, eta titulu akademiko ofizialaren edo hura lortu izanaren egiaztagiriaren fotokopia aurkeztuta justifikatu beharko da; fotokopiak jatorrizko dokumentuarekin erkatzeko moduan aurkeztuko dira, oinarri honen 4. idatz-zatian adierazten diren bulegoetan.

• Laugarren oinarriaren 1. idatz-zatiko c), d), e) eta f) idatz-zatietan eta oinarri horren 2. idatz-zatian bildutako baldintzak bete izana zinpeko aitorpen bidez justifikatuko da; Oinarrien I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera egingo da aitorpen hori.

b) Unibertsitate-ikasketen ziurtagiri akademiko xehatua; lortutako kalifikazioak eta horien datak agertuko dira bertan.

c) Curriculum vitae-a; bertan, datu akademikoak, euskararen eta EBko bestelako hizkuntzen jakintza-maila, esperientzia profesionala eta ikerketa-arloko esperientzia, argitalpenak, eta interesgarritzat hartutako bestelako merezimenduak jasoko dira. Alderdi horiek guztiak dokumentu bidez egiaztatuko dira, haien egiazkotasuna justifikatzen duten ziurtagiriak, diplomak edo beste edozein bitarteko direla medio. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren ekarritako merezimenduen egiaztagiriak ez dira baliozkoak izango.

d) Memoria laburra, gehienez ere mekanografiatutako bi orrialdekoa; bertan, ordenatuta eta argi zehaztuko dira bekaren xede diren Gizarte Ekonomiaren alderdiak. Memoria horretan, aztertu beharreko gaiez gain, gai horiek Gizarte Ekonomiaren testuinguruan duten garrantzia eta haiek ikastera bultzatzen duten arrazoi pertsonalak eta sozialak barne hartuko dira.

4.– Eskaerak Gizarte Ekonomiako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea, 1. zk., 01010, Gasteiz), norbera bertaratuta edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bitartekoren bidez, hari urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazkuntzaren arabera.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa ikusi ondoren osatu gabe dagoela edo oinarri honetan aurreikusitakoari jarraiki eskatutako baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzen bada, interesdunari jakinaraziko zaio, eta hamar laneguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko edo beharrezkoa den dokumentazioa osatzeko; gainera, hori egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela adieraziko zaio, aldez aurreko ebazpenaren ondoren, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Zazpigarrena.– Hautaketa Batzordea. Bekaduna hautatzeko irizpideak.

1.– Eskaerak aurkezteko eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaitu ondoren, Hautaketa Batzorde batek egingo du eskaeren ebaluazioa eta bekaren esleipendunaren hautaketa. Batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:

– Batzordeburua: Gizarte Ekonomiako zuzendaria.

– Kidea: Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari bat.

– Idazkaria: Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzako teknikari bat.

2.– Hautaketa Batzordeak bi fasetan egingo du aurkeztutako eskaeren balorazioa, honako irizpide hauen arabera:

Lehiaketaren lehen fasea:

a) Eskatzailearen ikasketa-espedientea: 10 puntu gehienez.

b) Gizarte Ekonomiaren arloko berariazko jakintzak: 10 puntu gehienez.

30 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 3 puntu.

30-80 orduko ikastaroak: 4 puntu.

80 ordutik gorako ikastaroak: 6 puntu.

c) Lanbide-esperientzia: 10 puntu gehienez.

Urte 1era bitartean eskubideaz baliatuta, puntu 1.

1-3 urte eskubideaz baliatuta, 3 puntu.

3 urte baino gehiago, 5 puntu.

Puntu horiek bikoiztu egingo dira esperientzia gizarte-ekonomiako gaien ingurukoa bada, eta gehienezko puntuazioa ez da inola ere atal honetarako aurreikusitako 10 puntu baino handiagoa iizango.

d) Euskaraz jakitea: 3 puntu gehienez.

e) Europako Erkidegoko hizkuntzak jakitea: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko, eta 3 puntu gehienez.

f) Aurkeztutako Memoriaren kalitatea, bekaren deialdiaren xede den ikerketa-programarekiko: 2 puntu gehienez.

g) Hautagaiaren profila ikerketa-proiektura egokitzea: 2 puntu gehienez.

Lehiaketaren bigarren fasea:

Elkarrizketa pertsonala: 10 puntu gehienez.

Lehenengo fasean lor daitezkeen puntuen erdiak baino gehiago lortzen dituzten izangaiak soilik iritsiko dira bigarren fasera. Hautaketa Batzordeak hautagai horiei elkarrizketa egingo die, eta hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira elkarrizketan gutxieneko puntuazioa, 5 puntu, lortzen ez duten izangaiak.

3.– Eskatzaileen ebaluazioa amaitu ondoren, Batzordeak bekaduna hautatuko du eta ordezkoen lehentasun-ordena izendatuko du uko egitearen edo bekarako eskubidea galtzea dakarren beste arrazoiren baten kasurako. Bekaduna izango da lehiaketaren bi faseen zenbaketa globalean puntu gehien lortzen dituena. Berdinketa egonez gero, elkarrizketaren fasean puntu gehien lortu duen pertsona aukeratuko da. Ondoren, beka esleitzeko edo, hala badagokio, beka hutsik deklaratzeko proposamena helaraziko dio Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari.

4.– Hautaketa Batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira eta, Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoetarako ezarritakoari lotuko zaio.

Zortzigarrena.– Bekaren ebazpena eta esleipena.

1.– Bekaren esleipena Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen bidez egingo da, eta 2005eko abenduarean 26a baino lehen jakinaraziko da. Interesdunei egin beharreko jakinarazpen pertsonala aparte utzi gabe, Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Ebazpen horretan, bekaren esleipendunaz eta ematen den bekaren xede den ikerketa-programaz gain, ordezkoen erregimena eta horien lehentasun-ordena, eta hautaketa-prozesutik kanpo geratutako izangaiak adieraziko dira, kanpo uztea eragin zuten arrazoiak barne hartuta. Modu berean, beken jarraipeneko, tutoretzako eta zuzendaritzako zereginak egin behar dituzten pertsonak adieraziko dira, bosgarren oinarrian xedatutakoaren arabera.

3.– Esleipenaren ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

4.– Bekaren esleipen-ebazpena horretarako ezarritako epean hartzen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira. Kasu horretan, eta Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilabetekoa izango da, oinarri honen 1. idatz-zatian aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Bederatzigarrena.– Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

a) Emandako beka onartzea. Onarpen horrek Oinarri hauetan eta beka esleitzeko Ebazpenean finkatutako arau guztiak ere onartzea dakar. Horretarako, jakinarazpen pertsonalarekin batera, onarpen-dokumentua emango zaio interesdunari, Oinarrien II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera, 15 eguneko epearen barruan onarpena egin dezan, eta esleipena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

b) Bekaren zenbatekoa ematen den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Erakunde emaileak egiten dituen egiaztatze-jardunak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren fiskalizazio-funtzioak betetzean egiten dituzten kontrol-jardunak onartzea.

d) Erakunde emaileari beka emateko eta horri eusteko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzea, eta hurrengo oinarrietan jasotako baldintzen bateraezintasunaren edo aldaketaren inguruan gerora sortutako zirkunstantziak jakinaraztea, haien berri izan eta gehienez ere hamar eguneko epean.

e) Ikerketa-lanak eta lankidetzakoak bekaren tutoreekin adostu bezala egitea. Horretarako, garatu beharreko ikerketaren edukia, metodoa eta bekaren gauzatzeari lotutako gainerako alderdiak barne hartuko dituen hasierako diagnostikoa diseinatu beharko du.

f) Hiru hilean behin, ikerketa-lanen eta egindako azterlanen egoerari buruzko memoriak eta eragindako gastuen egiaztagiriak edo frogagiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, ikastaro eta mintegietara joateak sortutako gastuen ziurtagiri originalak aurkeztu beharko ditu, bi hilabeteko hilabetean gastauak sortu zirenetik. Orobat, bekaren iraupenaldia amaituta, egindako lanei eta aztertutako gaiei buruzko azken txosten xehatua landu beharko du, eta zein arazo planteatzen dituzten, alternatibak, iradokizunak eta, oro har, bekaren xede den gaiaren inguruan interesgarritzat hartzen diren alderdiak barne hartuko dira bertan.

g) Deialdi honen ezaugarriak dituzten laguntzen onuradunei aplika dakizkiekeen gainerako betebeharrak, eta, bereziki, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eskumenekoak diren arloetan prestakuntzako eta ikerketako beketarako edo laguntzetarako deialdiei lotutako prozedura-kontuak eta beste hainbat alderdi arautzeko esparrua ezartzen duen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko uztailaren 31ko Aginduaren 11. artikuluan eta aplika dakiekeen gainerako arauetan aurreikusitakoak.

Hamargarrena.– Ez-betetzea, baliogabetzea eta uko egitea.

1.– Bekaren xedea edo Oinarri hauetan eta esleipen-ebazpenean ezarritako edozein baldintza ez betetzeak beka baliogabetzea eragingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan edo hori ordezkatzen duen arauan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako baldintzetan eta hedadurarekin.

2.– Zehazki, honako arrazoi hauetako bat gertatzen denean baliogabetuko da beka:

a) Eskabidean adierazitako datuak faltsuak izatea edo eskatutako baldintzak ez betetzea.

b) Ardurarik edo interesik eza bekaren xede diren gaiak ikasteko, eta beka sustatzen duen Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzeko.

c) Oinarri hauetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako bekei eta laguntzei buruzko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

d) Hamaikagarren oinarrian aurreikusitako bateraezintasun-arrazoiren bat gertatzea.

3.– Beka emateko eskumena duen organoaren ebazpen bidez baliogabetuko da beka, horretarako arrazoiak eta baliogabetzearen ondorioak adierazita.

4.– Bestalde, beka baliatzeko aldia hasi ondoren onuradunak uko egiten badio, jasotako laguntza itzuli beharko du, eta sortu gabeko eskubide ekonomikoak galduko ditu.

Aurrekoa aparte utzi gabe, bekaren zuzendariaren iritziz eta kasu bakoitzeko zirkunstantziak kontuan hartuta bekadunaren uko egitea behar bezala justifikatuta badago, beka esleitu zuen organoak ebatziko du jasotako diru-kopuruak, osorik edo zati batean, itzuli behar diren edo, besterik gabe, egin gabeko ordainketak eten edo bertan behera utzi behar diren.

5.– Baliogabetzea edo uko egitea beka baliatzen den lehen hiru hilabeteetan gertatzen bada, eta betiere zirkunstantziek hori aholkatzen badute, beste bekadun bat izendatu ahal izango da geratzen den aldirako, horretarako aldez aurretik finkaturiko lehentasun-ordenari eta ordezkapen-erregimenari jarraituta.

Aitzitik, beka eman eta hiru hilabetera gertatzen bada, deuseztatu egingo dute, ondoriorik gabe utzita.

Hamaikagarrena.– Bateraezintasunak.

Beka edukitzea bateraezina izango da ordaindutako edozein lanekin, bekari datxezkion lanak behar bezala garatzea eragozten duen edozein zereginekin, eta beste edozein beka edo laguntza jasotzearekin, behar bezalako arrazoi justifikatuak direla-eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak dagokion bateragarritasuna berariaz baimentzen duenean izan ezik.

OINARRIEN I. ERANSKINA

ESKAERA-EREDUA

Hau sinatzen duenak (bi abizen eta izena)

ESKATZEN DU

Eta deialdi horretan onar dezaten, honako hau

AITORTZEN DU ZINPEAN

Lehenengoa.– Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez duela Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

Bigarrena.– Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-hauste bat egin izanagatik jarritako zigor irmoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak lortzeko debekurik ez duela.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek emandako ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuen esparruan hasi zen eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan BAI / EZ dagoela (markatu).

Laugarrena.– Ordaindutako lanik egiten ez duela, beste bekarik edo laguntzarik jasotzen ez duela eta, oro har, laguntza-deialdi hau arautzen duten oinarrietan bildutako ezein bateraezintasunik ez duela.

Bosgarrena.– Sexu-diskriminazioagatik zigor administratiborik edo penalik betetzen ez duela eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki diru-laguntzetarako edo laguntzetarako deialdietan parte hartzeko debekuarekin zigortuta ez dagoela.

Seigarrena.– Eskabide honetan eta hari erantsitako dokumentazioan bildutako datu guztiak egiazkoak direla.

Zazpigarrena.– Deialdi hau arautzen duten Oinarrietan jasotako arau guztiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzen eta diru-laguntzen erregimena arautzen dutenak onartzen dituela.

............................., 2005eko .................aren
(Sinadura)

ESKAERAREN DATUAK

DATU PERTSONALAK

Abizenak:	

	

Izena:		

Jaioteguna:	

NAN:		

Helbidea:		

Herria:................................... PK:

DATU AKADEMIKOAK

Ikasketak zein unibertsitatetan edo ikastetxetan egin dituen	

	

Espezialitatea	

	

Ikasketa-ziurtagirian lortutako kalifikazioa	

	

Zein urtetan lizentziatu zen, zein urtetan doktoratu zen	

	

Tesiaren edo tesinaren izenburua	

		

Graduatu-ondoko beste ikasketa batzuk	

	

DATU PROFESIONALAK

Lanlekua	Zerbitzua	Lanpostua	Harreman mota (finkoa, 	Data

			bitartekoa eta abar)		

									

									

									

									

									

EGINDAKO LANAK ETA ARGITALPENAK

Izenburua		Non argitaratua:		Data	

									

									

									

EGIAZTATUTAKO HIZKUNTZAK, DAGOZKIEN ZIURTAGIRIEKIN

Euskara	n

Ingelesa	n

Frantsesa	 n

Beste batzuk	 n

JASOTAKO BEKAK, DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZAK

Erakundea	Laguntzaren izena	Hasiera-data	 Iraupena	

								

								

								

								

BESTE DATU INTERESGARRI BATZUK

Erantsitako dokumentazioa (X bat jarri):

– NAN edo europar herritartasuna aitortzen duen titulu juridikoa 	n

– Udal-erroldaren ziurtagiria 					 n

– Titulu akademiko ofizialaren fotokopia 				 n

– Graduatu-ondoko edo doktoretzako ikastaroen ziurtagiria		 n

– Ziurtagiri akademiko xehatua, kalifikazioekin eta datekin		 n

– Curriculum Vitaea 						n

– Euskarako titulua egiaztatzen duen ziurtagiria 			 n

– Ingeleseko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria 			 n

– Frantseseko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria 		 n

– EBko beste hizkuntza batzuetako gaitasuna egiaztatzen duen	 n

ziurtagiria 				

– Egindako txostenen eta argitaraturiko artikuluen kopia 	 	n

– Egindako lanen ziurtagiria. 					n

– Ikerketa-programari buruzko memoria 				 n

OINARRIEN II. ERANSKINA

ONARPEN DOKUMENTUA
ADIERAZTEN DU

I.–

II.– Adierazitako beka arautzen duten Oinarriak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2005eko .....................–aren …-(e)ko Aginduan (2005eko ....................–aren …-(e)ko ........... zk. EHAA) bildutako gainerako aurreikuspenak ezagutzen, bere gain hartzen eta ontzat hartzen dituela.

III.– Beka baliatzeko aldian ordaindutako ezein lanik eta bekaren garapenarekin bateraezina den ezein prestaziorik edo jarduerarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela eta, nolanahi ere, adierazitako Aginduan eta diru-laguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen gainerako araudian aurreikusitako bateraezintasun-erregimena errespetatuko duela.

............................, 2005eko
...................................................
(Sinadura)
JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILAREN GIZARTE EKONOMIAKO ZUZENDARIA

Azterketa dokumentala