Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2005eko urriaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
4876

EBAZPENA, 2005eko irailaren 14koa, Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordearena, eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearena; honen bitartez, giza kapitala prestatzeko eta sustatzeko laguntzen (Ikertu Programa) 2005eko ekitaldiaren deialdia egiten da.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2005eko irailaren 12ko Aginduaren bitartez, giza kapitala prestatzeko eta sustatzeko laguntzak ezarri dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemaren giza kapitalaren garapena eta kualifikazioa sustatzeko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza-esparruan, beken eta laguntzen bidez. Laguntza horien helburua honako hau da: jakintza eta berritzeko ahalmena sustatzea, baita ikertzaileen eta teknologoen masa kritikoa handitzea ere.

Agindu horren 9. artikuluan xedatutakoari jarraiki, bertan finkaturiko laguntzetarako 2005eko ekitaldiko deialdia egin eta horretarako eman behar diren arauak eman dira.

Horrenbestez, agindu horren 9. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau

EBATZI DUGU:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Ebazpen honen helburua honako hau da: Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2005eko irailaren 12ko Aginduan (giza kapitala prestatzeko eta sustatzeko laguntzen programa arautzen du, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sistemaren ikerketa-ahalmenaren hazkundea eta bikaintasuna bultzatuta) aurreikusitako laguntzen eta, kasuan kasu, berritzeen 2005eko ekitaldirako deialdia egitea.

2.– Horretarako, emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa 1.807.067,00 euro izango da, modalitateen arabera honela banatuta:

Ebazpen honen xede den giza kapitala prestatzeko eta sustatzeko Laguntza Programak (Ikertu Programak) honako mota eta modalitate hauek hartzen ditu kontuan laguntzen artean:

A mota.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarera (ZTBES) zuzendutako giza kapitaleko ekintzak. Hiru modalitate bereizten dira, aipatuko diren eranskinetan arautuak:

Lehen modalitatea.– Graduatu-aurrekoen egonaldiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen (ZTBES) zentroetan.

I. eranskina: 88.304 euro.

Bigarren modalitatea.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko ikertzaileen karrera zientifikoa garatzeko laguntza-neurriak.

II. eranskina: 39.375 euro.

Hirugarren modalitatea.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean (ZTBES) doktore-graduko ikertzaileak prestatzeko bekak.

III. eranskina: 75.000 euro.

B mota.– Enpresan jakintza-kapitala sustatzeko ekintza.

Modalitate bakarra. Jakintza-kapitala sustatzeko ekintzak; enpresetan doktore-tesiak egitean dautza.

IV. eranskina: 75.000 euro.

C mota.– Enpresen berritzeko ahalmena sustatzeko ekintza.

Modalitate bakarra.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako erakundeek Berrikuntza Zabaltzeko Eragileak kontratatzeko ekintzak, berritzeko ahalmena sustatzeko.

V. eranskina: 125.000 euro.

D mota.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen ikerketa-zentroetarako eta enpresetarako ikertzaileak kontratatzeko ekintzak, I+G+b-ko taldeak sendotzeko.

Lehen modalitatea.– Enpresan berrikuntza sustatzeko langileak kontratatzea, ETEetan eta mikroETEetan.

VI. eranskina: 839.820 euro.

Bigarren modalitatea.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen (ZTBES) ikerketa-zentroetan doktoreak kontratatzea.

VII. eranskina: 120.000

– Berritzeak: 444.568 euro.

Bigarrena.– Eskaerak.

1.– Eskaerak eta dokumentazio osagarri guztia honako honetara bidali behar dira: Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara, eta Zuzendaritza horretan bertan aurkeztu beharko dira (Gasteizko Donostia-San Sebastián kalea 1, PK 01010), Sail horretako Lurralde Bulegoetan, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako lekuetan.

2.– Interesatuek eskaerak egiteko erabil ditzaketen eskaera-orri normalizatuak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean (Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Gasteiz) eskuragarri egongo dira, baita honako helbide elektroniko honetan ere: dti-ind@ej-gv.es

3.– Eskaerak eta berritzeak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean ebazpen hau.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko irailaren 14a.

Industria Berritzeko eta Garatzeko sailburuordea,

JOSE IGNACIO TELLETXEA FERNANDEZ.

Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea,

JON BARRUTIA GUENAGA.


Azterketa dokumentala