Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2005eko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3959

EBAZPENA, 2005eko ekainaren 9koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD3-07416/04 espedientean Martín Ángel Pérez Altuna jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Martín Ángel Pérez Altuna jaunak 2004ko azaroaren 16an etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko egindako eskabidearekin batera hasi ziren jarduera hauek.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak 2005eko urtarrilaren 10ean hartutako ebazpenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan baja eman zitzaion eskabideari, eskatzaileek etxebizitza bazutelako.

3.– Martín Ángel Pérez Altuna jaunak 2005eko otsailaren 9an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka, berarekin bat ez baitzetorren. Berak azaltzen duenez, babes ofizialeko etxebizitza da, bere garaian Etxebizitza Esleitzeko 1957ko martxoaren 30eko behin-behineko tituluaren indarrez bere gurasoei esleitu zitzaien, baina ez zen eskritura publikorik eman eta bere aita hil zenean, 2000. urtean, arazoak izan zituzten etxebizitzaren eskritura publikoa egiteko; azkenean, 2004. urtean eskritura publikoa egin zen, Eusko Jaurlaritzak adierazitako bideei jarraituz. Abintestato jaraunsle-aitorpenaren akta, jaraunspena eta esleipenak onartzeko eskritura eta salerosketa-eskritura aurkezten ditu errekurtsoarekin batera. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatzen du.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako zerbitzu zuzendaria da gora jotzeko errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatu du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandako ondorioetarako.

3.– 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 2. artikuluak —2003ko abenduaren 16ko Aginduak aldatua— ezartzen du bizikidetza-unitateen edo pertsona fisikoen eskabideei babes ofizialeko etxebizitzen erregistroan alta emateko zein baldintza bete behar diren. Honakoak hain zuzen ere:

Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularren bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean beharko da bizi.

Bizikidetza-unitateko kide guztiek ez dute euren jabetzako etxebizitzarik eduki behar, ezein jabetza, azalera-eskubide edo usufrukturik babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean.

Babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehieneko diru-kopuruen arteko sarrerak dituela egiaztatu behar du bizikidetza-unitateak.

Aurrekoa dena dela, Etxebizitzaren Premiaren Inguruko Egoerei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduak, 3. artikuluan, etxebizitzarik ez izatearen baldintzari salbuespen batzuk egiten dizkio, besteak beste:

“5.– Jaraunspen onartuaren eta ordainduaren kasuan, jaraunspen-masako etxebizitza batek edo batzuek hainbat titular dituenean edo dituztenean, jaraunsle titularkideak ondoko baldintzak betetzen dituenean.”

a) Titularkidetasun-portzentaia ez da izango inoiz % 50etik gorakoa.

b) Etxebizitzen partaidetzaren balioa jaraunspen-masaren barruan ez da inoiz 72.000 eurotik gorakoa izango, tasazio txostenaren arabera.

Tratamendua berdina izango da etxebizitza baten edo batzuen jabariaren titularkidetasuna gurasoek seme-alabei egindako dohaintzetatik datorrenean.

Aztergai dugun kasuan, espedientean jasotako agiriak aztertu ondoren, honakoa egiaztatu da: errekurtso-egileak aitaren jaraunspenagatik eskuratu zuen etxebizitza; beraz, onetsi egin behar da aurkeztutako errekurtsoa.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Bizkaiko lurralde-ordezkariak SD3-07416/04 espedientean emandako ebazpenaren aurka Martín Ángel Pérez Altuna jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baiestea. Lurralde Ordezkaritzak, beraz, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan alta eman beharko dio berriz erregistroan sartzeko eskabideari.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko ekainaren 9a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala