Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2005eko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
3952

EBAZPENA, 2005eko ekainaren 20koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da EHUko irakasleen batzordeko eta euskara batzordeko kideak aukeratzeko arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

AURREKARIAK:

EHUko Estatutuetako 66. artikuluan zehaztuta dago EHUko Irakasleen Batzordearen osaera eta funtzionamendua, baina batzorde hori Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiari jarraiki aukeratuko da.

Bestalde, Estatutuetako 171. artikuluen bidez Gobernu Kontseiluaren esku utzi da EHUko Euskara Batzordeko kideak aukeratzeko arautegia onartzea.

Gobernu Kontseiluak 2004ko uztailaren 22an egindako bileran, Estatutuak garatzeko prozedura ezarri zuen, eta 2005eko apirilaren 28an, organo berak, EHUko Irakasleen Batzordeko Kideak Aukeratzeko Arautegia eta EHUko Euskara Batzordeko Kideak Aukeratzeko Arautegia onartu zituen, I. eta II. eranskinetan jasotako eran, hurrenez hurren.

Azkenik, EHUko Estatutuetako 258.1.d artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela EHUko erabakiak argitaratzea, eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Horregatik guztiagatik,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea EHUko Irakasleen Batzordeko Kideak Aukeratzeko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, I. eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea EHUko Euskara Batzordeko Kideak Aukeratzeko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, II. eranskinean ageri den moduan.

Hirugarrena.– Arautegi hauek indarrean sartuko dira argitaratzen diren egunean bertan.

Laugarrena.– Ebazpen hau behin betikoa da, eta haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, eta hilabeteko epea dago horretarako, ebazpen hau eman duen organo berberaren aurrean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzietako Bilboko epaitegien aurrean, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2005eko ekainaren 20a.

Idazkari nagusia,

IÑAKI ESPARZA LEIBAR.

I. ERANSKINA
EHUKO IRAKASLEEN BATZORDEKO KIDEAK AUKERATZEKO ARAUTEGIA
HITZAURREA

Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak unibertsitateko irakasleen ohiko gestioa egiten du: erabaki-ahalmena daukan organoari proposamenak egiten dizkio (bai Gobernu Kontseiluari bai Irakasleen Errektoreordetzari) eta Gobernu Kontseiluak eskumenak eskuordetzen dizkion gaietan, erabakiak ere hartzen ditu.

Gobernu Kontseiluak onartu ditu arautegiak Estatutuetan dauden zenbait batzordetarako, eta horietan legez, batzorde honetako hauteskundeetan ere ikastegiek, sailek eta errektoreak berak hartzen dute parte. Errektorearen parte hartzearen helburua, hain zuzen ere, irakasleen parte hartze orekatua bermatzea da, hau da: irakasleen arlo zientifiko eta teknikoa, laneko kontratua, hizkuntza eskakizuna eta atxikipena kontuan hartuta batzorde orekatua eratzea.

I. TITULUA
IRAKASLEEN BATZORDEA

1. artikulua.– Osaera.

1.– Irakasleen Batzordeak honako kideak izango ditu:

a) Errektorea edo hark bere ordez izendatzen duen errektoreordea. Bera izango da batzordeko burua.

b) Unibertsitateko ikastegiek eta sailek proposatuta, irakaslanean eta ikerlanean esperientzia handia duten zortzi irakasle, jakintza arlo desberdinetakoak eta eranskinean zehaztutako lau arlo zientifikoen arabera banatuta.

2.– Errektoreak, edo bere ordez izendatutako errektoreordeak, pertsonaleko zerbitzuari atxikitako teknikari bat izendatuko du batzordeari laguntza teknikoa emateko. Horrez gain, idazkari teknikoa izango da eta kargutik kenduz gero edo kargua utziz gero gaixotasunagatik edo kanpoan izateagatik, zerbitzu horretako eta kategoria bereko administrazio eta zerbitzuetako beste kide batek ordezkatuko du. Idazkari teknikoak ahotsa izango du, baina ez botorik.

3.– Errektoreak izendatuko ditu Irakasleen Batzordeko kide guztiak.

2. artikulua.– Hautesle eta hautagarri izateko baldintzak.

1.– Ikastegiek eta sailek ordezkari batzuk izendatuko dituzte euren arlo zientifiko nagusian aurkezten diren banan banako hautagaiei botoa emateko: horiexek izango dira hautesleak.

Arlo zientifikoko ordezkari izan ahalko dira EHUn arduraldi osoan jardunean eta zerbitzuak betetzen dauden unibertsitateko irakasle eta ikertzaile guztiak. Ezin izango dira arlo zientifikoetako ordezkari izan irakasle emerituak eta irakasle bisitariak.

2.– Hautagai aurkeztu ahal izango dira (hautagarri izango dira), euren sailari dagokion zientziaren arlotik, EHUn jardunean dauden unibertsitateko irakasle eta ikertzaile doktore guztiak, alde batera utzita irakasle emeritu eta bisitariak. Unibertsitatean irakasle kontratatu irudia ezartzean, irakasle kontratatu doktore iraunkorrak baino ezin izango dira izan Irakasleen Batzordeko kide.

Hautagai izateko baldintzak:

a) Hamar urtean edo gehiagoan unibertsitatearekin lotura akademikoa izan dela egiaztatzea.

b) Ikerketaren arloan esperientzia zabala izatea, honela frogatua:

* ikerketako seiurteko bat izatea aitortuta, edota Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak emandako pareko ebaluazioa,

* edo, salbuespen moduan, gaitasunak eta historial akademikoak itzal handia izan beharko du komunitate zientifikoan.

3.– Batera edo bestera, jardunean egoteko baldintza bete beharko da bai deialdia egiten denean, bai Gobernu Kontseiluak ordezkarien izendapena berresten duenean ere.

4.– Irakasle eta ikertzaileek lau urteko agintaldia izango dute.

5.– Irakasleen Batzordeko kideek gehienez ere jarraituko bi agintaldi bete ahal izango dituzte.

3. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Honako kasuetan utziko dute kargua Irakasleen Batzordeko kideek:

a) Eurek eskatuz gero.

b) EHUko kidea izateari utziz gero, edo hautatua izan zen taldeko edo arloko kidea izateari utziz gero;

c) Gobernu Kontseiluak hala proposatzen duenean.

d) Urte batean lau bileretara huts eginez gero, behar bezala egiaztatu gabe ez bertaratzea.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, arlo bereko beste ordezkari bat aukeratuko da II. tituluko II. kapituluan adierazitako prozedurari jarraituz.

II. TITULUA
KIDEAK HAUTATZEKO PROZEDURA
I. KAPITULUA
HAUTESKUNDE ORGANOAK

4. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Prozesua bideratzeko batzorde bat eratuko da, honako osakideak izango dituena: errektorea edo bere ordez izendatutako errektoreordea (bera izango da batzordeko burua), idazkari nagusia eta irakasleen eta ikerlarien batzordekide bat, zozketaz hautatua Gobernu Kontseiluan irakasle eta ikerlarien taldeko ordezkari legez dauden doktoreen artetik.

2.– Hauek izango dira batzordearen eginkizunak: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea, arautegi hau interpretatzea eta jar litezkeen erreklamazioak ebaztea.

II. KAPITULUA
IKASTEGIEK ETA SAILEK KIDEAK HAUTATZEKO PROZEDURA

5. artikulua.– Prozesuaren hasiera.

1.– Idazkaritza Nagusiak deia egingo du Irakasleen Batzordeko kideen hauteskundeetarako. Ikastegiek eta sailek proposatuko dituzte hautagaiak.

2.– Deialdia argitaratu egingo da, eta honakoak zehaztuko dira bertan:

a) Ikastegi eta sail bakoitza zein arlotakoa den, lehen xedapen iragankorrak dakarren eranskinaren arabera.

b) Ikastegiek eta sailek zein epe daukaten Irakasleen Errektoreordetzara bidaltzeko hautesle izendatu duten pertsonaren izena.

c) Hautagarriek zein epe daukaten Irakasleen Errektoreordetzara banakako kandidatura aurkezteko.

d) Botazioa: eguna eta lekua.

e) Hauteskunde Batzordearen osaera.

6. artikulua.– Prozedura.

1.– Arautegi honetako 2.2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten unibertsitateko irakasleek (hautagarriek) Idazkaritza Nagusiak zehaztutako epean aurkeztu beharko dute kandidatura. Era berean, adierazi beharko dute zein saili atxikita dauden.

2.– Ikastegi edo sail bakoitzak Idazkaritza Nagusiaren deialdian zehaztutako epean proposatu beharko du ordezkaria (hauteslea).

3.– Epea behin igarota, Irakasleen Errektoreordetzak argitara emango du ikastegiek eta sailek lau arlo zientifikoetarako hautesle izendatu dituzten pertsonen zerrenda, bai eta arlo bakoitzetik aurkeztu diren banan banako hautagaien zerrenda ere.

4.– Botazioaren egunean hautesle bakoitzak bere arloko hautagaietako bati bakarrik emango dio botoa.

7. artikulua.– Botoa aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, ikastegiek eta salek izendatutako hautesleek aurretik eman ahal izango dute botoa, bozketa egunaren aurreko hiru egunetan, Campuseko Idazkaritzak horretarako izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia hauteskunde arautegi orokorreko 7. artikuluan zehazten diren baldintzetan.

Botazioaren egunean hauteskunde mahai bat eratuko da campus bakoitzeko. Osakideak izango dira Campuseko Idazkaritzak izendatutako pertsona eta campus bakoitzeko hautesle (ez hautagai) direnen artean zozketa publikoan aukeratutako pertsona bi. Bozketa amaituta, aurretik emandako botoak boto kutxan sartuko dira, eta zenbatu egingo dira. Emaitzen akta eta espediente osoa Idazkaritza Nagusira bidaliko dira.

Idazkaritza Nagusiak amaierako aktan jasoko ditu emaitzak eta argitara emango du akta hori.

8. artikulua.– Prozesua amaitzea eta Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Eranskineko arlo zientifiko bakoitzean aurkeztutako hautagaien zerrenda egingo da, jasotako botoen araberakoa.

2.– Eranskineko arlo zientifiko bakoitzetik ordezkari bat hautatuko da Gobernu Kontseiluari proposatzeko.

3.– Edozelan ere, proposatutako pertsonak ezin izango dira sail berekoak izan.

4.– Berdinketarik egonez gero, kategoria handieneko hautagaia aukeratuko da, eta kategoria bera izanez gero, antzinatasun handiena daukana.

III. KAPITULUA
GOBERNU KONTSEILUAK ORDEZKARIAK BERRESTEA

9. artikulua.– Prozesua amaitzea eta Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Gobernu Kontseiluak berretsi egingo ditu ikastegiek eta sailek egindako proposamenak.

2.– Gobernu Kontseiluak ez badu berretsi hautagaia, kasuan kasuko arloko hurrengo hautagaia proposatuko zaio Gobernu Kontseiluari berresteko, betiere, hautagai horrek botoen % 20 lortu badu. Horrela egiterik ez badago, epea irekiko da banakako hautagaiak aurkezteko eta berriro ere hautaketa prozesua egiteko. Horrelakoetan, hautesleak hasierako prozesuko berak izango dira.

IV. KAPITULUA
BATZORDEA ERATZEA

10. artikulua.– Batzordea eratzeko epea.

1.– Gobernu Kontseiluak hautetsiak berretsi eta 15 eguneko epean eratuko da Irakasleen Batzorde berria.

III. TITULUA
ALDI BATERAKO ARAUBIDEA

11. artikulua.– Aldi baterakotasuna.

Gobernu Kontseiluak funtzionamendu arautegia onartu bitartean, Irakasleen Batzordeak hurrengo artikuluaren arabera jardungo du, Batzordeak aurretik onespena emanda.

12. artikulua.– Araubidea.

1.– Irakasleen Batzordeak osoko bilkuran eta azpibatzordeen bidez jardungo du, azpibatzorderik osatuta baldin badago. Azpibatzordeok modu autonomoan jardungo dute, eta osoko bilkurak euren gain uzten dituen gaietan izango dute erabakimena.

2.– Osoko bilkurak 8 kide izango ditu, gehi burua eta idazkari teknikoa. Buruak edo bost kidek proposatuta bilduko da, deialdia gutxienez 48 ordu lehenago eginda.

3.– Osoko bilkuraren bilerak egiteko, gutxienez 5 kide bertaratu beharko dira lehen deialdian, batzordeko burua barne. Bigarren deialdian 4 kide bertaratu beharko dira, batzordeko burua barne. Kasu batean zein bestean, ezinbestekoa izango da idazkari teknikoa bertan egotea. Bilera guztietan erabakien akta egingo da eta idazkariak sinatuko du, batzordeko buruaren onespenarekin.

4.– Batzordeko buruak egingo du bileretako aztergaien zerrenda, batzordekideen proposamenak aintzat hartuta. Era berean, ohiko eta ezohiko bileretarako deiak egingo ditu.

5.– Batzordearen osoko bilkurak Estatutuen 66.2. artikuluan adierazten diren eginkizun guztiak izango ditu, eta Gobernu Kontseiluak ematen dizkion beste guztiak.

6.– Irakasleen Batzordeak egoki deritzen azpibatzordeak eratu ahal izango ditu, bere eginkizunak hobeto betetzeko.

7.– Erabakiak hartzeko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da. Berdinketarik egonez gero, berriro egingo da bozketa, eta hala ere berdinketa lortuz gero, batzordeburuaren kalitate-botoak erabakiko du.

8.– III. titulu honetan aurreikusita ez dagoenerako, Irakasleen Batzordeak Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasota egonik arloan ezar daitezkeen xehetasunen eta gainerako arau orokorren arabera jokatuko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluak onartzeke dauka oraindik arloak eta sailak arlo zientifikoen arabera banatuta jasoko dituen eranskina. Hori onartu bitartean, Irakasleen Batzordeko kideak hautatzeko Gobernu Batzarrak 2005eko martxoaren 10ean onartutako eranskina erabiliko da. 1. arloa (Zientzia esperimentalak) eta 3. arloa (Osasun zientziak) baterabiltzen dituena (eranskin hori eguneratuz joango da hauteskundeak diren bakoitzean).

Bigarrena,– Batzordeetan parte hartzeagatik ordainsariak hartzeari buruzko arautegi orokorra zehaztu bitartean, UIBko kideek ez dute eskubiderik izango bileretan parte hartzeagatik ordainsaririk hartzeko, ez batzordearen bileretan parte hartzagatik, ez Ebaluazio Batzordeetan parte hartzeagatik. Hala ere, eginkizunak betetzeko egiten dituzten joan-etorriek eragindako gastuak kitatu ahal izango dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratuko dira arautegi hau EHUko Gobernu Kontseiluak onartu aurretik Irakasleen Batzordeko kideak hautatzeari buruz, batzordearen funtzionamenduari buruz eta batzordeko kideen statusari buruz indarrean egon diren arau eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.

ERANSKINA
1. Zientzia Arloa: Zientzia Esperimentalak

118	Landareen Biologia eta Ekologia

042	Biokimika eta Biologia Molekularra

203	Polimeroen Zientzia eta Teknologia

224	Elektrizitatea eta Elektronika

121	Estratigrafia eta Paleontologia

060	Fisika Aplikatua II

063	Materia Kondentsatuaren Fisika

206	Materialen Fisika

172	Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia

163	Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia

001	Geodinamika

069	Ingeniaritza Kimikoa

100	Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa

127	Matematika

130	Mineralogia eta Petrologia

171	Kimika Analitikoa

221	Kimika Aplikatua

039	Kimika Fisikoa

169	Kimika Ez-Organikoa

040	Kimika Organikoa I

041	Kimika Organikoa II

076	Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia

310	Zientzia eta Teknologia Fakultatea

215	Kimika Zientzien Fakultatea

2. Arlo Zientifikoa: Irakaskuntza Teknikoak

137	Arkitektura

139	Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia

025	Itsasketa Zientzia eta Teknikak, Itsasontzi Makinak eta Itsasontzigintza

140	Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala

147	Elektronika eta Telekomunikazioak

136	Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak

057	Fisika Aplikatua I

146	Sistemen Ingeniaritza eta Automatika

142	Ingeniaritza Elektrikoa

145	Ingeniaritza Mekanikoa

151	Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia

149	Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika

112	Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza

141	Hizkuntza eta Sistema Informatikoak

148	Makina eta Motor Termikoak

066	Matematika Aplikatua

054	Enpresen Antolakuntza

163	Industria Ingeniaritza Teknikoko eta Topografia Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola

345	Industria Ingeniarien eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Eskola Teknikoa

350	Nautika eta Itsasontzi Makineria Goi Eskola Teknikoa

363	Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola - Bilbo

364	Meatze Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola(

263	Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa

240	Arkitektura Goi Eskola Teknikoa

264	Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola - Eibar

226	Farmazia Fakultatea

3. Zientzia Arloa: Osasun Zientziak

077	Zelulen Biologia eta Histologia

144	Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa

083	Dermatologia, Oftalmologia eta Otorrinolaringologia

078	Erizaintza

079	Erizaintza II

094	Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak

095	Estomatologia

101	Farmazia, Elikadura, Teknologia eta Animalia Ekoizpena

026	Farmakologia

081	Fisiologia

093	Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia

084	Medikuntza

004	Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa

212	Neurozientziak

019	Pediatria

125	Farmazia Fakultatea

327	Medikuntza eta Odontologia Fakultatea

352	Erizaintzako Unibertsitate Eskola - Leioa

252	Erizaintzako Unibertsitate Eskola - Donostia

4. Arlo Zientifikoa: Gizarte eta Lege Zientziak

110	Politika eta Administrazio Zientzia

016	Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea

125	Zuzenbide Zibila

162	Konstituzio Zuzenbidea eta Politika Pentsamenduaren eta Gizarte Mugimenduen Historia

233	Konstituzio Zuzenbidea, Administrazio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia

123	Enpresa Zuzenbidea

122	Estatuaren Eliza Zuzenbidea eta Erromatar Zuzenbidea

111	Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia

160	Zuzenbide Publikoa

045	Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika

051	Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika

133	Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktika

024	Gizarte Zientzien Didaktika

048	Didaktika eta Eskola Antolakuntza

036	Ekonomia Aplikatua I

037	Ekonomia Aplikatua II (Ogasun Publikoa eta Zuzenbide Fiskala)

038	Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika)

031	Ekonomia Aplikatua IV

032	Ekonomia Aplikatua V

090	Finantza Ekonomia I

166	Finantza Ekonomia II

215	Industria Ekonomia

230	Enpresen Kudeaketa eta Berrikuntzaren Balioespena

043	Ekonomia Analisiaren Oinarriak I

044	Ekonomia Analisiaren Oinarriak II

012	Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak

218	Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak

015	Kazetaritza

017	Kazetaritza II

006	Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamenduak

227	Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Haien Garapena

087	Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia

109	Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia

018	Soziologia

002	Soziologia II

096	Hezkuntzaren Teoria eta Historia

151	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Gasteiz

160	Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola

351	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Bilbo

251	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Donostia

224	Zuzenbide Fakultatea

231	Psikologia Fakultatea

321	Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea

323	Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

356	Lan Harremanen Unibertsitate Eskola

5. Arlo Zientifikoa: Giza Zientziak

158	Irudigintza

159	Eskultura

106	Ikasketa Klasikoak

027	Espainiar Filologia

030	Frantses Filologia

103	Ingeles eta Aleman Filologia

113	Euskal Filologia

009	Filosofia

115	Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia

155	Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia

021	Historia Garaikidea

028	Artearen eta Musikaren Historia

156	Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia

114	Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak

003	Logika eta Zientziaren Filosofia

1591	Margolaritza

130	Filologia eta Geografia eta Historia Fakultatea

230	Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

320	Arte Ederren Fakultatea

154	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Gasteiz

254	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Donostia

354	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Bilbo

II. ERANSKINA
EHUko EUSKARA BATZORDEKO KIDEAK AUKERATZEKO ARAUTEGIA
HITZAURREA

Estatutuetan jasota dago EHU zuzenbide publikoko erakundea dela, gizartearen zerbitzura dagoena, eta bere jardueren helburua euskal gizartearen premiei erantzutea izango dela, batez ere euskara eta euskal kultura bultzatuta. I. titulu horretan, halaber, jasota dago euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, unibertsitateko hizkuntza ofiziala izango dela.

Gogoan izanda hizkuntza horrek unibertsitatean bizi duen egoera, 7. artikuluan jasota dago arreta berezia eskainiko zaiola euskarari, esparru zientifiko eta teknikoan nagusiki.

Horretarako, EHUk euskararen erabilera normaldua bultzatuko du unibertsitateko irakaskuntzan, ikerketa zientifikoan eta administrazio eta zerbitzuetako jardunean, betiere, berdintasun eta kalitate baldintzak oinarri hartuta.

Helburu horiek lortzeko, baina, Euskal Herriko Unibertsitateak dituen giza baliabide eta baliabide ekonomikoak modu eraginkorrean gestionatzea ahalbidetuko duten bitartekoak zehaztu behar dira.

Unibertsitateak dituen bitarteko horien artean, Unibertsitateko Estatutuetan jasota dago Euskara Batzordea osatuko dela (171. artikulua), eta Gobernu Kontseiluak onartuko duela batzorde horretako kideak hautatzeko arautegia. Batzorde horrek campusetako euskara batzordeekin eta ikastegietako euskara batzordeekin batera (batzorde guztiak Estatutuetan jasoak) aholkularitzarako organo sarea eratzen du, bai eta gestiorakoa ere. Era berean, partaide dira arlo horretan eskumena duten unibertsitateko hainbat esparrutan.

I. TITULUA
EUSKARA BATZORDEA

1. artikulua.– Osaera.

1.– Euskara Batzordeak honako kideak izango ditu:

a) Euskarako errektoreordea. Bera izango da batzordeko burua.

b) Irakaslanean eta ikerlanean esperientzia handia duten hamar irakasle, zientzia eta teknologiaren alor handietakoak.

c) Campusetako euskara batzordeetako kide bana.

d) Bi ikasle.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.– Euskarako errektoreordeak bere errektoreordetzari atxikitako teknikari bat izendatuko du batzordeari laguntza teknikoa emateko. Horrez gain, idazkari teknikoa izango da eta kargutik kenduz gero edo kargua utziz gero gaixotasunagatik edo kanpoan izateagatik, errektoreordetza horretako administrazio eta zerbitzuetako beste kide batek ordezkatuko du. Idazkari teknikoak ahotsa izango du, baina ez botorik.

3.– Errektoreak izendatuko ditu Euskara Batzordeko kide guztiak.

2. artikulua.– Irakasle eta ikertzaileek bete beharreko baldintzak hautesle eta hautagarri izateko.

1.– Ikastegiek eta Euskara Institutuak ordezkari batzuk izendatuko dituzte euren arlo zientifiko nagusian aurkezten diren banan banako hautagaiei botoa emateko: horiexek izango dira hautesleak.

Arlo zientifikoko ordezkari izan ahalko dira EHUn jardunean eta zerbitzuak betetzen dauden unibertsitateko irakasle eta ikertzaile guztiak. Ezin izango dira arlo zientifikoetako ordezkari izan irakasle emerituak eta irakasle bisitariak.

2.– Hautagai aurkeztu ahal izango dira (hautagarri izango dira), euren sailari dagokion zientziaren arlotik, EHUn jardunean eta zerbitzuak betetzen dauden unibertsitateko irakasle eta ikertzaile doktore guztiak, alde batera utzita irakasle emeritu eta bisitariak. Unibertsitatean irakasle kontratatu irudia ezartzean, irakasle kontratatu doktore iraunkorrak baino ezin izango dira izan Euskara Batzordeko kide.

Hautagai izateko baldintzak:

a) Plaza elebidun bat betetzea edo EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria izatea (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

b) EHUn doktore izatea edo EHUrekin loturaren bat izatea honakoaren arabera:

– Unibertsitateko Irakasle Kidegoetako irakasle edo ikerlari doktorea izatea edo kontratatu iraunkorra edo, bestela,

– sei urtean edo gehiagoan lotura akademikoa izan dela egiaztatzea, bai eta ikerketaren arloan esperientzia zabala ere, honela frogatua:

* ikerketako seiurteko bat izatea aitortuta, edota Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak emandako pareko ebaluazioa,

* edo, salbuespen moduan, gaitasunak eta historial akademikoak itzal handia izan beharko du komunitate zientifikoan.

3.– Batera edo bestera, jardunean egoteko baldintza bete beharko da bai deialdia egiten denean, bai Gobernu Kontseiluak ordezkarien izendapena berresten duenean ere.

4.– Irakasle eta ikertzaileek lau urteko agintaldia izango dute.

3. artikulua.– Hautagai izateko ikasleek bete beharreko baldintzak.

1.– EHUn matrikulatuta dagoen edozein ikasle izan ahalko da hautagai.

2.– Hautagai izateko nahitaezkoa izango da lerro elebidunean ikasten egotea edo EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria izatea (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

3.– Ikasleen agintaldia urtebetekoa izango da.

4.– Lehen, bigarren edo hirugarren zikloko ikasleek unibertsitatearekin daukaten loturaz bestelakoa dutenak ezin izango dira ikasleen aldetik aurkeztu.

4. artikulua.– Hautagai izateko administrazio eta zerbitzuetako langileek bete beharreko baldintzak.

1.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari izan ahalko da unibertsitatean jardunean eta zerbitzuak betetzen dagoen AZPko edozein kide, konfiantzakoak izan ezik.

Hautagai izateko nahitaezkoa izango da 3. hizkuntza eskakizuna edo goragokoa daukan lanpostu batean aritzea eta hizkuntza eskakizun hori egiaztatua izatea edo EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko Arautegian jasotako agiria izatea (arautegia 2002ko maiatzaren 23an onartu zuen Gobernu Batzarrak).

2.– Administrazio eta zerbitzuetako langileek lau urteko agintaldia izango dute.

5. artikulua.– Batzordeko kideek kargua uzteko arrazoiak.

1.– Honako kasuetan utziko dute kargua Euskara Batzordeko kideek:

a) Eurek eskatuz gero.

b) EHUko kidea izateari utziz gero, edo hautatua izan zen taldeko kidea izateari utziz gero;

c) Campuseko euskara batzordeko kide izateari utziz gero, talde horretako ordezkari izanez gero batzordean.

d) Unibertsitateko ikasle izateari utziz gero, talde horretako ordezkari izanez gero.

e) Gobernu Kontseiluak hala proposatzen duenean.

f) Urte batean bileren herenetara huts eginez gero, behar bezala egiaztatu gabe ez bertaratzea.

2.– Batzordeko kideren batek kargua utziz gero, errektoreak edo hark bere ordez izendatzen duenak Gobernu Kontseiluari proposatuko dio karguan berrestea 12. artikuluko baldintzak betetzen dituen eta boto gehien lortu zituen hurrengo ordezkaria.

Kargua utzi duen kidea errektorearen proposamenari jarraituz izendatutakoa bada, errektoreak beste bat proposatuko dio Gobernu Kontseiluari hark berretsi dezan.

II. TITULUA
KIDEAK HAUTATZEKO PROZEDURA
I. KAPITULUA
HAUTESKUNDE ORGANOAK

6. artikulua.– 1.– Gobernu Kontseiluak Euskara Batzorderako irakasleen hamar ordezkariak hautatzeko, horietako bost ikastegi, sail eta unibertsitate institutuek proposatuko dituzte (9. artikuluan zehaztutako prozeduraren arabera), bat Euskara Institutuak proposatuko du eta gainontzeko laurak errektoreak.

2.– Campusetako euskara batzordeetako ordezkariak aukeratzeko proposamenak kasuan kasuko campuseko batzarraren bidez egingo dira.

3.– Ikasleen ordezkaria Klaustroan ikasleek dauzkaten ordezkariek aukeratuko dute 14. artikulutik 16. artikulura bitartean azaltzen den legez (artikulu biok barne).

4.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaria Klaustroan talde horretakoek dauzkaten ordezkariek aukeratuko dute.

7. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– Prozesua bideratzeko batzorde bat eratuko da, honako osakideak izango dituena: Euskarako errektoreordea (bera izango da batzordeko burua), idazkari nagusia eta hiru batzordekide. Hiru horietatik bat irakasle eta ikertzaileen ordezkaria izango da, bestea ikasleen ordezkaria eta bestea, administrazio eta zerbitzuetako langileena. Hiru batzordekideak zozketaz hautatuko dira Gobernu Kontseiluko kide guztien artetik. Ahal dela, guztiak elebidunak izango dira.

2.– Hauek izango dira batzordearen eginkizunak: hauteskunde prozesua gainbegiratzea, egon daitezkeen hutsuneak betetzea, arautegi hau interpretatzea eta jar litezkeen erreklamazioak ebaztea.

II. KAPITULUA
ORDEZKARIAK AUKERATZEKO ERA

8. artikulua.– Prozesuaren hasiera.

1.– Idazkaritza Nagusiak deia egingo du Euskara Batzordeko kideen hauteskundeetarako. Ikastegiek eta Euskara Institutuak proposatuko dituzte hautagaiak.

2.– Deialdia argitaratu egingo da, eta honakoak zehaztuko dira bertan:

a) Ikastegi eta sail bakoitza zein arlotakoa den, lehen xedapen iragankorrak dakarren eranskinaren arabera.

b) Sailek zein epe daukaten Euskarako Errektoreordetzara bidaltzeko hautesle izendatu duten pertsonaren izena.

c) Hautagaiek zein epe daukaten Euskarako Errektoreordetzara banakako kandidatura aurkezteko.

d) Campusetako batzarrek zein epe daukaten Euskarako Errektoreordetzara bidaltzeko campus bakoitzeko euskara batzordetik proposatu duten hauteslea.

e) Euskara Institutuak zein epe daukan Euskarako Errektoreordetzara bidaltzeko hautesle izendatu duen pertsonaren izena.

f) Botazioa: eguna eta lekua.

g) Hauteskunde Batzordearen osaera.

Lehenengo atala.– Irakasleen eta ikerlarien ordezkariak hautatzeko prozedura.

9. artikulua.– Prozedura.

1.– Arautegi honetako 2.2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten unibertsitateko irakasleek (hautagarriek) Idazkaritza Nagusiak zehaztutako epean aurkeztu beharko dute kandidatura. Era berean, adierazi egin beharko dute zein saili atxikita dauden.

2.– Ikastegi bakoitzak Idazkaritza Nagusiaren deialdian zehaztutako epean proposatu beharko du ordezkaria (hauteslea).

3.– Epea behin igarota, Euskarako Errektoreordetzak argitara emango du ikastegiek bost arlo zientifikoetarako hautesle izendatu dituzten pertsonen zerrenda, bai eta arlo bakoitzetik aurkeztu diren banan banako hautagaien zerrenda ere.

4.– Botazioaren egunean hautesle bakoitzak bere arloko hautagaietako bati bakarrik emango dio botoa.

10. artikulua.– Campusetako euskara batzordeetako ordezkariak.

Deialdian zehaztutako epean, Campuseko Batzarrak Euskara Batzorderako aukeratutako ordezkariaren proposamena egingo dio Gobernu Kontseiluari. Hautagai bi edo gehiago proposatu beharko dituzte.

11. artikulua.– Botoa aurretik ematea.

Botoa ematea errazagoa izan dadin, ikastegiek eta Euskara Institutuak izendatutako hautesleek aurretik eman ahal izango dute botoa, bozketa egunaren aurreko hiru egunetan, Campuseko Idazkaritzak horretarako izendatuko duen pertsonaren aurrean. Hori guztia hauteskunde arautegi orokorreko 7. artikuluan zehazten diren baldintzetan.

Botazioaren egunean hauteskunde mahai bat eratuko da campus bakoitzeko. Osakideak izango dira Campuseko Idazkaritzak izendatutako pertsona eta campus bakoitzeko hautesle (ez hautagai) direnen artean zozketa publikoan aukeratutako pertsona bi. Bozketa amaituta, aurretik emandako botoak boto kutxan sartuko dira, eta zenbatu egingo dira. Emaitzen akta eta espediente osoa Idazkaritza Nagusira bidaliko dira.

Idazkaritza Nagusiak amaierako aktan jasoko ditu emaitzak eta argitara emango du akta hori.

12. artikulua.– Prozesua amaitzea eta Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Arlo zientifiko bakoitzean aurkeztutako hautagaien zerrenda egingo da, jasotako botoen araberakoa.

2.– Unibertsitateko arlo zientifiko bakoitzetik ordezkari bat hautatuko da Gobernu Kontseiluari proposatzeko.

3.– Errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duenak, proposatuko dio Gobernu Kontseiluari zerrenda bakoitzeko lehen pertsona (11. artikuluaren arabera egindako zerrendetakoak), kasuan kasuko arlo zientifikoko ordezkari izan dadin Euskara Batzordean.

4.– Edozelan ere, proposatutako pertsonak ezin izango dira sail edo institutu berekoak izan.

5.– Hainbanaketa egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketaz hautatuko ditu ordezkariak.

13. artikulua.– Errektoreak proposatutako ordezkariak.

Euskara Batzordeko beste lau irakasleak errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duenak, proposatuko dizkio Gobernu Kontseiluari, EHUn jardunean eta zerbitzuak betetzen dauden irakasleen artetik aukeraturik (arautegi honetako 2.2. artikuluan jasotakoa bete beharko dute), irakasle emeritu eta bisitariak alde batera utzita.

Errektoreak bermatu egingo du –ahal den heinean- Euskara Batzorderako proposatzen dituen kideak unibertsitateko hizkuntza plangintza eta euskararen normalizazioarekin zerikusia dutela, eta campusen arteko eta zientziaren eta teknologiaren arlo handien arteko oreka egongo dela Batzordean.

Era berean, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko, errektoreak, edo hark bere ordez izendatuak, proposatu ahal izango dizkio Gobernu Kontseiluari ikastegietako, Euskara Institutuko edo campusetako batzordeetako hautesleek proposatu ez dituzten gainerako kideak.

Bigarren Atala. Ikasleen ordezkariak hautatzeko prozedura

14. artikulua.– Hautagaiak aurkezteko prozedura.

1.– Ikasleen ordezkari biak aukeratzeko kandidaturak Klaustroko Mahaiari aurkeztuko zaizkio, Klaustrorako deialdian horretarako zehaztuko den epean (EHUko Estatutuetako 238. artikuluan aipatzen da deialdi hori).

2.– Klaustrorako aztergaien zerrendan (ikus Estatuetako 238. art.) sartuko da Euskara Batzorderako ikasleen ordezkarien hauteskundeei buruzko puntua.

15. artikulua.– Botazioa Klaustroan.

Unibertsitateko Klaustroan ikasleek dauzkaten ordezkariak bakarrik izan ahalko dira hautesle.

Aurkeztutako hautagaien zerrenda ordenatua egingo da, jasotako botoen araberakoa.

16. artikulua.– Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak, Gobernu Kontseiluari irakasleen ordezkaritzat proposatuko dizkio boto gehien lortu dituzten bi hautagaiak.

2.– Edozelan ere, proposatutako hautagaiak EHUko titulu ofizialen batean egon beharko dira matrikulatuta eta 3.2. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Hainbanaketa egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketaz hautatuko ditu ordezkariak.

4.– Era berean, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko, errektoreak proposatu ahal izango dizkio Gobernu Kontseiluari ikasleen ordezkariek hautatu ez dituzten gainerako kideak.

Hirugarren Atala. Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak hautatzeko prozedura.

17. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen hautagaiak aurkezteko era.

1.– Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzeko hautagai zerrendak Klaustroko Mahaiari aurkeztuko zaizkio, Klaustrorako deialdian horretarako zehaztuko den epean (EHUko Estatutuetako 238. artikuluan aipatzen da deialdi hori).

2.– Klaustrorako aztergaien zerrendan sartuko da Euskara Batzorderako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien hauteskundeei buruzko puntua (ikus Estatutuetako 238. art.).

18. artikulua.–Botazioa Klaustroan.

Unibertsitateko Klaustroan administrazio eta zerbitzuetako langileek dituzten ordezkariak baino ez dira izango hautagai eta hautesle.

Jasotako botoen arabera, aurkeztutako hautagaien zerrenda ordenatua egingo da.

19. artikulua.– Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak, Gobernu Kontseiluari administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritzat proposatuko dio boto gehien lortu duen hautagaia.

2.– Edozelan ere, hautagaiak 4. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko ditu.

3.– Hainbanaketa egonez gero, Hauteskunde Batzordeak zozketaz hautatuko ditu ordezkariak.

4.– Era berean, batzordeak behar bezala funtzionatuko duela ziurtatzeko, errektoreak proposatu ahal izango dizkio Gobernu Kontseiluari administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek hautatu ez dituzten gainerako kideak.

III. KAPITULUA
GOBERNU KONTSEILUAK ORDEZKARIAK BERRESTEA

20. artikulua.– Prozesua amaitzea eta Gobernu Kontseiluari ordezkariak proposatzea.

1.– Gobernu Kontseiluak berretsi egingo ditu 12. eta 13. artikuluari jarraituz ikastegiek, Euskara Institutuak, campusetako batzarrek, Unibertsitateko Klaustroak eta errektoreak –edo hark bere ordez izendatuak- proposatutakoak.

2.– Berretsi ezean, honela jokatuko da:

a) Berretsi ez den hautagaia ikastegiek edo Euskara Institutuak aukeratuetako bat bada, kasuan kasuko arloko hurrengo hautagaia proposatuko zaio Gobernu Kontseiluari berresteko.

b) Berretsi ez den hautagaia campuseko euskara batzordeak proposatutako bat bada, kasuan kasuko campuseko batzarrak aurkeztutako zerrendako hurrengo hautagaia proposatuko zaio Gobernu Kontseiluari berresteko.

c) Berretsi ez den hautagaia Unibertsitateko Klaustroak aukeratuetako bat bada, zerrendako hurrengo hautagaia proposatuko zaio Gobernu Kontseiluari berresteko.

d) Berretsi gabeko hautagaia errektoreak proposatutakoa bada, errektoreak beste hautagai bat proposatuko du Gobernu Kontseiluak berresteko.

IV. KAPITULUA
BATZORDEA ERATZEA

21. artikulua.– 1.– Gobernu Kontseiluak hautagaiak berretsi eta 15 eguneko epean eratuko da Euskara Batzorde berria.

III. TITULUA
ALDI BATERAKO ARAUBIDEA

22. artikulua.– Aldi baterakotasuna.

Gobernu Kontseiluak funtzionamendu arautegia onartu bitartean, Euskara Batzordeak hurrengo artikuluaren arabera jardungo du, Batzordeak aurretik onespena emanda.

23. artikulua.– Araubidea.

1.– Euskara Batzordeak osoko bilkuran eta azpibatzordeen bidez jardungo du, azpibatzorderik osatuta baldin badago. Azpibatzordeok modu autonomoan jardungo dute, eta osoko bilkurak euren gain uzten dituen gaietan izango dute erabakimena.

2.– Osoko bilkurak 16 kide izango ditu, gehi burua eta idazkari teknikoa. Buruak edo bost kidek proposatuta bilduko da, deialdia gutxienez 48 ordu lehenago eginda.

3.– Osoko bilkuraren bilerak egiteko, gutxienez bederatzi kide bertaratu beharko dira lehen deialdian, batzordeko burua barne. Bigarren deialdian 6 kide bertaratu beharko dira, batzordeko burua barne. Kasu batean zein bestean, ezinbestekoa izango da idazkari teknikoa bertan egotea. Bilera guztietan erabakien akta egingo da eta idazkariak sinatuko du, batzordeko buruaren onespenarekin.

4.– Batzordeko buruak egingo du bileretako aztergaien zerrenda, batzordekideen proposamenak aintzat hartuta. Era berean, ohiko eta ezohiko bileretarako deiak egingo ditu.

5.– Batzordearen osoko bilkurak Estatutuen 171.3. artikuluan adierazten diren eginkizun guztiak izango ditu, eta Gobernu Kontseiluak ematen dizkion beste guztiak.

6.– Euskara Batzordeak egoki deritzen azpibatzordeak eratu ahal izango ditu, bere eginkizunak hobeto betetzeko.

7.– III. titulu honetan aurreikusita ez dagoenerako, Euskara Batzordeak Ikastegien Oinarrizko Arautegian jasota egonik arloan ezar daitezkeen xehetasunen eta gainerako arau orokorren arabera jokatuko du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluak onartzeke dauka oraindik arloak eta sailak arlo zientifikoen arabera banatuta jasoko dituen eranskina. Hori onartu bitartean, Euskara Batzordeko kideak hautatzeko Gobernu Batzarrak 1988ko maiatzaren 26an onartutako eranskina erabiliko da (eranskin hori eguneratuz joan da hauteskundeak izan diren bakoitzean).

Bigarrena.– Arautegi hau indarrean jarri ostean egingo den lehen Klaustroko aztergaien zerrendan hauteskundeei buruzko puntu bat sartuko da, Euskara Batzorderako ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak aukeratzekoari buruzkoa, hain zuzen ere. Ordezkariok jardunean jarraituko dute Gestio Klaustroan hurrengo hauteskundeak egin arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratuko dira arautegi hau EHUko Gobernu Kontseiluak onartu aurretik Euskara Batzordeko kideak hautatzeari buruz indarrean egon diren arau eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.

ERANSKINA
1. Arlo Zientifikoa: Zientzia Esperimentalak

310	Zientzia eta Teknologia Fakultatea

215	Kimika Zientzien Fakultatea

2. Arlo Zientifikoa: Irakaskuntza Teknikoak

163	Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola (Gasteiz)

345	Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa

350	Nautika eta Itsasontzi Makineria Goi Eskola Teknikoa

363	Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola - Bilbo

364	Meatze Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola(

263	Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa

240	Arkitektura Goi Eskola Teknikoa

264	Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola - Eibar

226	Farmazia Fakultatea

3. Arlo Zientifikoa: Osasun Zientziak

125	Farmazia Fakultatea

327	Medikuntza eta Odontologia Fakultatea

352	Erizaintzako Unibertsitate Eskola - Leioa

252	Erizaintzako Unibertsitate Eskola - Donostia

C. 4. Arlo Zientifikoa: Gizarte eta Lege Zientziak

151	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Gasteiz

160	Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskola

351	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Bilbo

251	Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola - Donostia

224	Zuzenbide Fakultatea

231	Psikologia Fakultatea

321	Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea

323	Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea

356	Lan Harremanen Unibertsitate Eskola

5. Arlo Zientifikoa: Giza Zientziak

117	Euskara Institutua

130	Filologia eta Geografia eta Historia Fakultatea

230	Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

320	Arte Ederren Fakultatea

154	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Gasteiz

254	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Donostia

354	Irakasleen Unibertsitate Eskola - Bilbo


Azterketa dokumentala