
142. zk., 2005eko uztailaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3951
AGINDUA, 2005eko uztailaren 5ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautzen duen Agindua aldatzen duena.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburuetako bat turismo-jarduera sustatzea da; horretarako, turisten ohiko jatorri-merkatuetan sustatzen du turismoa edota gure turismo-eskaintzaren ezaugarrietara egokitzen diren merkatu berriak bilatzen ditu. Hala, beraz, beharrezkoa da zeregin hori garatzeko behar bezala prestatutako profesionalak izatea, turismoko jatorri-merkatuak ongi ezagutuko dituztenak.
Ildo horretatik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Espainiako Turismo Erakundearekin, horrek atzerrian dituen egoitzetan lanbide-praktikak antolatzeko.
Horregatik, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Agindua argitaratu zen, jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuena.
Aurreko guztia dela eta, Agindu honen xedea nazioarteko turismo-merkatuetan espezializatutako giza baliabideak garatzea da, euskal sektore turistikoan behar bezala prestatutako profesional gehiago egon daitezen.
Agindu horren babesean hainbat deialdi egin dira, eta bere artikuluetako batzuk aldatu beharra dagoela ikusi da.
Horregatik, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 3.1. artikuluaren b) idatz-zatia aldatzen da (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean idatz-zati horrek:
“b) Goi-mailako unibertsitateko titulazioa, Turismoko diplomatura edo Enpresa eta Turismo Jardueretako teknikari (TEAT) titulua izatea. Goi-mailako titulaziotzat hartuko da hirugarren zikloko goi-mailako ikasketak egitea ahalbidetzen duena. Atzerrian edo Espainiako zentro ez publikoetan eskuratutako tituluak Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak behar bezala homologatuta egon beharko dira. Tituluak deialdia egin aurreko hiru urteetan zehar eskuratutakoa izan beharko du.”
Bigarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 6. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen da (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean paragrafo horrek:
“1.– Eskabideak eskatzailearen datu pertsonalak jasoko ditu eta bertan honakoak zehaztuko dira: azterketa egiteko aukeratu duen nahitaezko hizkuntza, baldin eta hizkuntza-probetara deitzen bazaio, eta lortu nahi dituen bekak.
Eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso ahal izango da, baita Interneteko helbide honetan ere: www.euskadi.net/turismo.”
Hirugarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 8. artikuluari idazkera berria ematen zaio (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean artikulu horrek:
“8. artikulua.– Hautatzeko irizpideak.
1.– Batzordeak hautagaiak ebaluatu eta aukeratzerakoan puntu
hauek hartuko ditu kontuan:
a) Beka-eskabidea aurkezteko dituen ikasketetan hautagaiak duen ikasketa-espedientearen etekina.
b) Hautagaiak garatutako jarduerak; sektore turistikoarekin erlazionatutakoak baloratuko dira bereziki.
c) Hizkuntzen ezaguera.
d) Hautagaiak bekak eskatu ahal izateko profilera egokitzea; hori baloratzeko, elkarrizketa pertsonala egingo da.
2.– Batzordeak baldintzak, merezimenduak eta hautapen-probak baremo honen arabera baloratuko ditu:
Kontzeptua	Puntuazioa, gehienez
Ikasketa-espedientea	35
Curriculum vitaea	15
Hizkuntzak	20
Elkarrizketa	30.”
Laugarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluari idazkera berria ematen zaio (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean artikulu horrek:
“9. artikulua.– Hautapen-prozedura.
1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoek hautagaien eskabideak eta bidezko dokumentazioa aztertuko dituzte eta behar bezala beteta daudela egiaztatuko dute, hala badagokio, agindu honetako 6.4 artikuluan aipatzen den zuzentzeko epea eman ondoren. Hori guztia eginda, eskabideak Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzara igorriko dituzte.
2.– Hautapen-batzordeak hiru fasetan baloratuko ditu eskabideak:
a) 1. fasea: Hizkuntza-probak.
Hautapen-batzordeak, aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, nahitaezko hizkuntzaren ezagutza-maila egiaztatu ez dutenak deituko ditu nahitaezko hizkuntza-azterketa —idatzizkoa eta ahozkoa— egin dezaten. Hautapen-batzordeak, proba horien balorazioa kanpoko enpresa edo erakunde baten esku utzi ahal izango du.
Nahitaezko hizkuntza-proban 11 puntu —20tik— lortzen ez dituzten izangaiek ezingo dute hautapen-prozesuan jarraitu.
Izangaiek beste hizkuntzei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dituzte puntuazioa hobetzeko, eta merezimenduen atalean zenbatuko dira.
B) 2. fasea: Merezimenduak baloratzea.
Izangai bakoitzak aurkezten dituen merezimenduak honela baloratuko dira:
1.– Ikasketa-espedientea: 40 puntu.
Ikasketa-espedientea karrerako irakasgai guztiak kontuan hartuz baloratuko da; ohorezko matrikulako 4 puntu emango dira, 3 puntu bikain bakoitzeko, 2 oso ongi bakoitzeko eta 1 nahiko bakoitzeko.
2.– Curriculum vitaea: 15 puntu.
5 puntu eman ahal izango zaizkio honako hauetako bakoitzari: egindako ikastaroak, lanbide-esperientzia eta euskara.
3.– Hizkuntza osagarriak: 20 puntu.
Gehienez, 2 hizkuntza osagarri baloratuko dira; hizkuntza bakoitzari, gehienez, 10 puntu eman ahal izango zaizkio.
c) 3. fasea: Elkarrizketa.
Elkarrizketa pertsonalean, hautagaiaren jarrera eta garatu beharreko zereginetarako interesgarriak izan daitezkeen beste inguruabar batzuk baloratuko ditu hautapen-batzordeak.
Hautapen-batzordeak, behin eskabide guztiak baloratu dituenean, 15 lehenengoei elkarrizketa egingo die. Nolanahi ere, elkarrizketatu-kopurua handitu ahal izango da, hautapen-batzordeak hala irizten badu. Hautapen-batzordeak egingo die deia hautagaiei, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan dauden iragarki-oholen bitartez.
3.– Behin prozesua amaituta, hautapen-batzordeak bekak emateko proposamena prestatuko du; bertan hautagaien zerrenda eta lortutako puntuazioa zehaztuko dira. Bekak puntu gehien dituen pertsonatik hasi eta gutxien dituenera emango dira, beka bakoitzerako hautagaiak zehaztutako lehentasunak kontuan hartuta. Era berean, egokitzat jotzen bada, beka bakoitzerako, gehienez, bi ordezko izendatuko dira.
4.– Hautapen-batzordearen ustez eskatzaileek gutxieneko mailarik erakusten ez badute, beka bat edo gehiago esleitu gabe utzi ahal izango dira.
5.– Batzordeak beharrezko ikusten dituen beste jardun batzuk egin ahal izango ditu ebazpena emateko dituen datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.”
Bosgarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 10. artikuluaren 2. paragrafoari, gaztelerazko testuan, “entenderse” hitza eransten zaio (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean gaztelerazko testuak:
“2.– La resolución deberá dictarse y ser notificada a los interesados en un plazo de seis meses contado desde el día siguiente a la publicación de la correspondiente convocatoria en el Boletín Oficial del País Vasco. Una vez transcurrido dicho plazo sin que se haya notificado a los interesados la resolución, podrá entenderse desestimada la ayuda solicitada, todo ello sin perjuicio de la obligación del órgano competente de dictar resolución expresa en relación a la ayuda solicitada.”
Seigarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 11. artikuluari idazkera berria ematen zaio (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango du aurrerantzean artikulu horrek:
“11. artikulua.– Beken ordainketa.
Bekak honako modu honetan ordainduko dira:
% 40 beka eman ondoren eta onuraduna bere destinora abiatu baino lehen ordainduko da; beste % 40 hirugarren hiruhilekoan zehar, dagokion aurrerapen-txostena aurkeztu ondoren; eta gainerako % 20 aldia amaitu eta bukaerako memoria aurkeztu ondoren.”
Zazpigarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 13. artikuluan (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen) ordezkapen bat egiten da: Turismoa Antolatzeko Zuzendaritzaren ordez Turismoa Sustatzeko Zuzendaritza esan behar du. Honela geldituko da artikulu hori:
“13. artikulua.– Kudeaketa-, kontrol-, eta jarraipen-organoa.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio bekadunek egin beharreko jardueren kudeaketa, kontrola eta jarraipena egitea.
Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzak, egokitzat jotako ziurtapenak burutu ahal izango ditu beken garapenari dagokionez; horretarako, eska dakiekeen informazio osagarri guztia ekarri beharko dute onuradunek.”
Zortzigarren artikulua.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko urriaren 15eko Aginduaren 15. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoak aldatzen dira (agindu horrek jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautu zuen). Honela esango dute aurrerantzean paragrafo horiek:
“3.– Bekadunak bekaz gozatzen ari den lehenengo bi hilabeteetan horri uko egiten badio, beste bekadun bat aukeratuko da ordezko gisa, hautatutakoen artean, ordezkapen-ordenaren arabera eta beka gozatzeko geratzen den aldirako.
4.– Bekadunak bekari bi hilabete horiek igarota uko egiten badio, Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzak ordezkoen artetik beste bekadun bat izendatzea komeni den edo ez aztertuko du; horretarako, besteak beste, beka gozatzeko geratzen den denboraldia hartuko du kontuan.”
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Turismo sailburuordeari eskumena ematen zaio Agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko, bai eta horren inguruan sortzen diren zalantzak argitzeko ere.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2005eko uztailaren 5a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.
RSS