Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2005eko uztailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3719

EBAZPENA, 2004ko abenduaren 30ekoa, Plangintza eta Finantza Kudeaketarako zuzendariarena, Berangoko (Bizkaia) Intxaurraga sektorean (5. lursaila) erregimen orokorreko babes ofizialeko 19 etxebizitza eta horiei atxikitako eranskinak eraikitzeko itunpeko sustapenerako onurak esleitzen dituena (21/04).

Espediente horren deialdi publikoa 2004ko urriaren 29ko EHAAn egin zen, 208. zenbakian, eta eskaintzak aurkezteko epea amaitu denez, bidezkoa da espedientea ebaztea.

Horren ondorioz, hau

EBATZI DUT:

Berangoko (Bizkaia) Intxaurraga sektorean (5. lursaila) erregimen orokorreko babes ofizialeko 19 etxebizitza eta horiei atxikitako eranskinak eraikitzeko itunpeko sustapenaren onurak «Construcciones Olabarri, SL» entitateari esleitzea, ondoren adierazten den moduan:

1.– Sustapenak eskaintzen dituen onurak:

1.1.– Lurzorua eskuratzeko modua eta urbanizazioa:

Eskritura publikoak egiten diren egunean sei mila eta hamar euro eta hamabi zentimo (6.010,12 euro) eta dagokion BEZa ordainduko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari (BEZa kalkulatzeko kontuan hartu beharreko azalera-eskubidearen eraketaren zerga-oinarria lagatako lur hirituaren kostuaren zati proportzionala izango da, lagatako urbanizazioaren amortizazioa barne hartuta. Zati proportzional hori % 70ean finkatuta dago).

Sustapena kokatuko den lurraren gaineko azalera-eskubidea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduari erantsitako baldintza pleguari jarraiki formalizatuko da.

Sustapena: Intxaurraga sektorea (5. lursaila), Berangoko udalerria (Bizkaia); erregimen orokorreko babes ofizialeko 19 etxebizitzaren eta horiei atxikitako eranskinen itunpeko sustapena.

– Lurzoruaren kostua eta urbanizazioa: 473.067,33 euro.

% 70: 331.147,13 euro.

2.– Diru-laguntzak.

Construcciones Olabarri, SLk urbanizazio gastuen % 100ari (60.000,00 euro) eta laguntza teknikorako kostuen % 100ari (162.350 euro) berariaz uko egin dio.

Halaber, Construcciones Olabarri, SLk hasierako gehienezko diru-laguntzaren % 20ko errentagarritasun-kanona eskainiko du, deialdi publikoaren oinarrien arabera; zehazki, 44.470,00 euro emango ditu. Zenbateko hori azalera-eskubidea lagatzeagatik ordaindu beharreko sei mila euro eta hamar zentimo (6.010,12 euro) horiekin eta dagokion BEZarekin batera ordainduko da. Errentagarritasun kanon horri ez zaio BEZik erantsi behar.

2.1.– Esleipen edo lehenengo eskualdaketarako gehienezko prezioak etxebizitza, trasteleku eta garajeko metro karratu erabilgarriko:

Babes ofizialeko etxebizitzengatik eta horiei atxikitako eranskinengatik esleipendunak erosleei aplikatuko dien prezioa, behin-behineko kalifikazioa ematen denean indarrean dagoen gehieneko prezioa izango da, baldin eta esleipen-ebazpenean finkatutako epean eskatzen bada. Bestela, esleipena ebazten denean indarrean dagoen gehieneko prezioa aplikatuko da.

3.– Lanak burutzeko epea.

Lurrazal-eskubidedunak, lehiaketa publikoa esleitzen denetik hasi eta gehienez ere 3 hilabeteko epean, babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa lortzeko proiektua aurkeztu beharko du. Horretarako, esleipena egiten denetik sei hilabete igaroko dira gehienez.

Azaleradunak babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa jaso eta 15 egun izango du, gehienez, eraikitzeko beharrezko duen udal baimena eskatzeko. Baimena lortu ostean, gehienez ere 3 hilabeteko epean, proiektatutako lana eraikitzen hasi beharko du.

Azaleradunak, halaber, eraikitzeko udal-baimena lortu ondoren, 25 hilabeteko epea izango du, gehienez ere, etxebizitzaren eraikitze-lanak amaitzeko eta babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa eskatzeko.

4.– Sustapenaren ezaugarri teknikoak.

Baldintza tekniko eta juridikoen pleguari eta klausula administratiboen pleguari atxikiz aurkeztutako eskaintzan zehaztutakoak.

5.– Lehenengo eskualdaketako etxebizitzen erosleek bete beharreko baldintzak.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduz finkatuko dira lehenengo eskualdaketako etxebizitzen erosleek bete beharreko gutxieneko eskakizunak eta erosleak eurak aukeratzeko prozedura.

6.– Deialdi publikoaren oinarrietan ezartzen denez: «Sailkapena dagokion sustapena burutzeko aurrekontuaren araberakoa izango da».

Construcciones Olabarri, SLk aurkeztutako eskaintzan, sustapena betearazteko aurrekontua 1.671.253,07 eurokoa da. Eskatutako sailkapena C2d da.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Etxebizitza sailburuordeari; ebazpenaren jakinarazpena egiten den egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 30a.

Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER BURÓN CUADRADO.


Azterketa dokumentala