Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2005eko uztailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
3705

AGINDUA, 2005eko ekainaren 3koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Errenteriako Herrigune Historikoaren Birgaitze Integratuko Eremuaren muga aldatzen duena.

Eusko Jaurlaritzaren hiritu eta eraikitako ondarea birgaitzeko diren babestutako jarduerei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 17. artikuluak bi betekizun zehazten ditu multzo jakin bat Birgaitze Integratuko Eremu deklaratzeko. Alde batetik, Birgaitzeko Plan Berezia behin betiko onartzen duen erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion Lurralde Historikoko aldizkarian argitaratu beharra eta, bestetik, planaren eraginpean dauden udalek Birgaitzeko Hirigintza Elkarte bat eratu beharra.

Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro sailburuaren 1999ko azaroaren 24ko Aginduaren bidez Birgaitze Integratuko Eremutzat deklaratu zen Errenteriako Herrigunea, aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluaren Erabakia (1997ko ekainaren 10ekoa) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (1997ko uztailaren 3an) eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkarian (1997ko uztailaren 24an) argitaratuta; erabaki horren bidez, behin betiko onartzen zen Errenteriako Herrigune Historikoa Birgaitzeko Plan Bereziaren espedientea.

Errenteriako Udalak 2004ko uztailaren 30ean Herrigunearen Plan Bereziaren 2. aldaketa onartu eta izapidetu zuen. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren 14/01 Esku-hartze Unitatearen zati da: «Herrigunea» Plan Bereziaren aplikazio-esparrua; unean unean aldatzen du horrek –Santa Klarako aldiria kanpoan utzita– Birgaitzeko Integratuko Eremuko Deklarazio Aginduan ezarritakoa.

2004ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez, behin betiko onartu zuen Diputatuen Kontseiluak Errenteriako «Herrigunea Birgaitzeko Plan Bereziaren 2. aldaketa»; Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (2004ko azaroaren 24an) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2004ko abenduaren 17an) argitaratu zen erabaki hori.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2004ko abenduaren 17ko Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren 1999ko azaroaren 24ko Aginduan jasotako muga aldatzeko espedienteari. Agindu hark Errenteriako Herrigune Historikoa Birgaitze Integratuko Eremu deklaratzen zuen, eta jendaurrean jartzeko izapideari ekin zitzaion (2005-03-10eko EHAA, 48. zenbakia).

Espedientea jendaurrean jartzeko izapideari hasiera emanda ez da batere alegaziorik aurkeztu.

Gai horretan erabilgarri diren legeak ikusita, honako hau

XEDATU DUT:

Errenteriako «Herrigunearen Plan Bereziaren 2. aldaketan» proposaturiko mugaren araberako Birgaitze Eremu Integratuaren muga aldatzea; agindu honekin batera doa, erantsitako plano gisa, aldaketa hori.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko ekainaren 3a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala