Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2005eko ekainaren 25a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3297

AGINDUA, 2005eko maiatzaren 31koa, Kultura sailburuarena, Usurbilgo (Gipuzkoa) Gaztañaga baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2005eko apirilaren 4ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Usurbilgo (Gipuzkoa) Gaztañaga baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2005eko maiatzaren 5eko 83. zenbakiko EHAAn argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegazioak aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo (Gipuzkoa) Gaztañaga baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Usurbilgo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Usurbilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko maiatzaren 31.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugatutako eremuaren barne daude baserria bera, eta bertako terrazak, lorategia eta baratzea. Horrenbestez, mugak honako hauek izango dira: Iparraldean, eraikinaren fatxada bera. Fatxada honek zati batean Tolaretxe etxea atxikita du. Ekialdean, aldameneko bidean edo kalean dagoen bere jabetzako terraza. Hegoaldean, baserriaren ateaurreak, terraza, lorategia eta baratzea; hauek ere bere jabetzakoak dira. Mendebaldean, fatxadatik 10 metrora dagoen linea paraleloa. Zerrenda honetan baserriaren baratze pribatua dago. Eraikinaren Ipar-mendebaldeko eskantzuari Amarrenea etxea atxiki zaio.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako mugak, hiriko zonan dagoen Gaztañaga baserriaren ingurumen eta ikusmeneko balioak babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta baloratzeko. Horrenbestez, inguruko lurrek eta baserrirako sarrerak okupatutako aldameneko espazioak babestu behar dira, baserriaren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barne, baserriaren eraikinaz gain, bere ingurua ere hartzen dugu.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Gaztañaga baserria Elizaldeko hirigunean dago.

Eraikinak ia oinplano karratua du (20 x 21); halaber, bi isurkiko zurezko estalkia eta fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta ditu, Hegoalderantz orientatua. Bi solairu eta ganbara ditu. Hormak, harri-hormazkoak dira eta harlanduzko lan eskantzuak dituzte. Hegoaldeko fatxada nagusiaren beheko solairua zementuzko harri-horma luzituz egina dago. Fatxada nagusi horren gainerako zatiak zurezko otaesiak ditu, eta bertako baoak zeramikazko adreilu trinkoz beteta daude. Sarrera nagusian, erdi-puntuko arku dobelatuko baoa aurkituko dugu. Bertan, burdin forjatuko gontzek eutsitako zurezko ate sendo eta lodia dago. Ateko arkuaren dobelen gainean erdiezabatutako armarria dago. Lehen solairuan zurezko markoak dituzten sei leiho lerrokatzen dira. Horietako bat, kanpora ateratako balkoi bihurtu dute. Ganbaran beste lau leiho eta sei usategi daude. Fatxada honetan, Hego-mendebaldean dagoen eskantzua hartzen duten haize-babesak daude. Mendebaldeko fatxadak –oso irregularra eta baoen banaketa asimetrikoarekin–, harlanduz egindako kubo-formako putzu-andela du erantsita. Bere inguruan, gaur egun oraindik erabiltzen den putzua dago (bertako baratzea ureztatzen erabiltzen dute). Ekialdeko fatxadaren beheko solairuan karrerape itsutua dago, eta bertako ostiko molduratuak oraindik kanpoaldetik ikus daitezke. Karrerape itsutu honen gainean zurezko otaesiak daude eta baoak harri-hormez beteak dituzte. Halaber fatxada honetan, leiho irregularrak dituzten hainbat bao aurkituko ditugu.

Sarrera nagusitik, lurzoruan harrizko lauza handiak jarrita dituen atalondora heltzen gara. Atzealdean, gaur egun erabiltzen ez duten ukuilua dago. Bertan, eraikina eusten duten eta lehen solairura heltzen diren bederatzi pilare handietako zenbaiten behealdea ikus daiteke. Pilare hauek eta bertan mihiztatzen diren habeak XVI. mendekoak dira. Lehen solairutik gorako egitura XVIII. mendekoa da, garai horretan eraikina Hegoaldeko (fatxada nagusia) eta Ekialdeko (ataripe itsutuak) sektoreekin handitu zelako. XVIII. mendeko egitura pieza bakarreko pilarez egina dago, eta ganbaran urkila luze eta finak agertzen dira, bai eta aho-ziriketan mihiztatutako habe eta besoak ere. Lehen solairuan egongela nagusia dago, eta bertatik hainbat ganbara itsutara sar daiteke. Ganbaretako batean bainugela dago lurrean zink-xaflak dituela. Neurriengatik eta argi naturala sartu ahal izateko, korridorean estalkitik jaisten den argizuloa dago.


Azterketa dokumentala