Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
2201

AGINDUA, 2005eko apirilaren 6koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen dituen azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2005eko ekitaldiko deialdia egitekoa.

Azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen ditu (EHAA, 226. zk., 2000ko azaroaren 24koa). Hona dekretu horren xedea: diru-laguntzak emateko araubidea bildu eta arautzea; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan arrantzaren menpe-menpean bizi diren eskualdeak, bertako ekoizpen-sarearen dibertsifikazioaren bitartez, berrindartzeko eta eraberritzeko jarduerak eta inbertsioak finantzatzeko.

Dekretu horren 5.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, urtero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu batek honakook ezarriko ditu, besteak beste: laguntza-eskabideak aurkezteko epeak eta eskueran dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa.

Abenduaren 28ko 10/2004 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko 2005. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen ditu.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren menpe-menpeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzak arautzen ditu. Bada, dekretu horrek arautzen dituen laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2005eko ekitaldian, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza-eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bideetariko edozein erabiliz. Honako helbideetan daude aipatutako bulegoak:

– Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Zuzendaritza. Donostia- San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. On Diego López de Haro Kale Nagusia 81, 48011 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Nekazaritza eta Arrantza Saila. Arrantzaren Antolamendurako Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia–San Sebastián.

Hirugarrena.– Ekonomia-baliabideak.

1.– Agindu honetan adierazitako laguntzetarako 3.112.000 euro erabiliko dira, guztira, 2005eko ekitaldian. Horietatik 712.000 euro 2005eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio; 2.400.000 euro berriz, 2006ko ekitaldiko konpromiso-kredituari. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera.

2.– Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du esandako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko, ezta —indarrean dagoen legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera— aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzearen ondorioz ezartzen den kopurua ere. Horregatik, diru-laguntzen kopurua amaitu ondoren, ezin izango da berririk esleitu, eta une horretatik bertatik galduko du indarra xedapen honek, laguntza berriak esleitzeari dagokionez. Ematekoak diren laguntzen zenbatekoa aldatuz gero edo laguntzen zenbatekoa agortzen bada, Arrantza Eskualdeen Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 6a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala