Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
2200

AGINDUA, 2005eko apirilaren 4koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, urriaren 21eko 258/2003 Dekretuan aurreikusitako nekazaritzako produktu eta elikagaiak sustatzeko ekintzetarako 2005eko laguntzen deialdia egitekoa.

Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuak (2003ko azaroaren 14ko EHAA, 223. zk.) nekazaritzako eta elikadurako produktuak sustatzearren egiten diren jarduketetarako laguntza-erregimena ezarri du (Sustapen programa). Izan ere, horrelako laguntzen bitartez bultzada eman nahi zaie landa-ingurunearen garapenari eta kalitateko nekazaritza-ekoizpenei.

Dekretu horretako 5. artikuluak xedatzen du Nekazaritza eta Arrantza sailburuak urtero agindua eman behar duela eskabideak aurkezteko epea zabaltzeko. Agindu horretan honakook jakinaraziko dira: diru-laguntzak finantzatzeko zuzkidura orokorra, guztira; aurreikusitako jarduketak gauzatzeko epea, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera, eta urtekoak; eta, diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko erabili diren irizpide objektibo zehatzak.

Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2005. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 10/2004 Legea.

Nekazaritza eta Arrantza Sail honi oso interesgarria iruditzen zaio laguntza horien deialdia egitea, gure nekazaritzako produktu eta elikagaientzat merkatu berriak bilatzeko laguntza eta sustapena ematen baitute.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Agindu honen helburua da urriaren 21eko 258/2003 Dekretuan (2003ko azaroaren 14ko EHAA, 223. zk.) aurreikusitako nekazaritzako produktu eta elikagaiak sustatzeko ekintzetarako 2005eko laguntzen deialdia egitea. Izan ere, horrelako laguntzen bitartez bultzada eman nahi zaie landa-ingurunearen garapenari eta kalitateko nekazaritza-ekoizpenei.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuan aurreikusitako 2005eko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak 258/2003 Dekretuko 4. artikuluan ezarrita dagoen moduan aurkeztu beharko dira.

Hirugarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Agindu hau betez emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura joango da eta ez da 300.000 eurotik gorakoa izango. Edonola ere, indarrean dauden legeekin bat etorriz aurrekontuetan aldaketak egitea onesten bada, zenbateko hori eguneratu ahal izango da.

Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontuko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratu ere, laguntzen inguruko ebazpena egin aurretik.

Laugarrena.– Gauzatzeko epea.

2005eko ekitaldian, urriaren 21eko 258/2003 Dekretuaren 17. eta 21. artikuluetan aipatzen diren jarduerak gauzatzeko epea 2005eko abenduaren 31 artekoa izango da gehienez ere.

Bosgarrena.– Eskabideak aukeratu eta baloratzeko eta laguntzak esleitu eta kuantifikatzeko irizpideak.

Urriaren 21eko 258/2003 Dekretuaren 7.2. artikuluaren arabera, diru-laguntzak esleitzeko prozedura lehiaketa izango da.

2005eko ekitaldian, eskabideak aukeratu eta baloratzeko eta laguntzak esleitu eta kuantifikatzeko irizpideak honakoak izango dira:

a) Ekintzak nola eragin dien nekazaritzako produktu eta elikagaien kalitatezko ekoizpenei, %30 gehienez ere.

b) EAEko nekazaritzako elikagaien sektorean duen trakzio-eragina, %20 gehienez ere.

c) Urruntasun geografikoa eta merkatu-dibertsifikazioarekiko eragina, %20 gehienez ere.

d) Jarduketez baliatu diren enpresa-kopurua, %20 gehienez ere.

e) Jarduketaren garrantzia eta berritasuna kostuari dagokionez, %10 gehienez ere.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen epea.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 4a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala