Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
2199

EBAZPENA, 2005eko apirilaren 11koa, Garraio zuzendariarena, salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileek lanbide-gaitasuna egiaztatzeko agiriak berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deia egiten duena.

Urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, Dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaile horiek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren ekainaren 3ko 1996/35/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduak esaten duenez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori Agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo froga izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzako jarritako berberak izango dira.

Ondorioz,Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 9.1.h artikuluak Garraio Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileek lanbide-gaitasuna egiaztatzeko, 2000ko bigarren deialdian eta 2001eko lehenengo deialdian egindako azterketak gainditu zituztenek agiriak berritzeko azterketetarako deia egitea.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileek lanbide-gaitasuna egiaztatzeko 2000ko bigarren deialdian eta 2001eko lehenengo deialdian egindako azterketak gainditu zituztenek agiriak berritzeko azterketetarako deia egiten da.

Bigarrena.– Azterketak.

Azterketetako ariketak, eta horien egitura eta kalifikatzeko era Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduaren 6. artikulura (martxoaren 9ko 59. zenbakiko BOEn) egokituko dira.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.ej-gv.net/consejeros) web-orriaren bidez aurkeztu ahal izango da, edo Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egoitzetako informazio orokorreko guneetan:

Araba: Samaniego, 2. Vitoria-Gasteiz (945 01 68 65).

Gipuzkoa: Andia, 13. Donostia-San Sebastián (943 02 33 52).

Bizkaia: Kale Nagusia, 85 - Bilbao (94 403 18 08).

2.– Eskabidea aurkezteko, hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez nahiz Eusko Jaurlaritzaren egoitzetako informazio orokorreko guneetan aurkeztutakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena jasoko dute eskatzaileek. Azterketari bakoitzak 18,22 euroko tasa ordaindu beharko du, abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikuluaren eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatz-zatiaren arabera.

Tasak, zuzenean, interneteko web-orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.

Off-line erako ordainketan, kitapen horiek barra-kode bat izango dute, eta, beraz, finantza-erakunde laguntzaileetan (Cajavital, Gipuzkoa Donostia Kutxa, BBK, Caja Laboral, BBVA, Santander Central Hispano eta Banco Guipuzcoanon) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetan ordaindu ahal izango dira, edozein ordutan. Baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko dira derrigor; ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Ordainketa, eskabideak aurkezteko epean egiten ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten eta EHAAn argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

Epaimahaia:

– Lehendakaria: Manuel Sánchez Jiménez jauna.

– Epaimahaikideak:	Ascensión Vegas Egaña andrea.

	Aintzane Izaguirre Etxeberria andrea.

	Francisco Javier González Gómez jauna.

– Idazkaria: José Manuel Anabitarte Fernández jauna.

Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien helbidea eta bete beharreko baldintzak.

1.– Azterketa hauek egin ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute legezko helbidea izangaiek.

NANean ageri den helbidea Euskal Autonomia Erkidegoz kanpokoa izatea onartuko da, baldin eta eskabide-orriak aurkezteko epearen azken egunetik atzerako urtebeteko epean ehun eta laurogeita bost egun naturaletan helbidea EAEn izan duela egiaztatzen duen errolda-egiaztagiria aurkezten badu izangaiak.

2.– Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek, eta, beharrezko dutenek, baita errolda-egiaztagiria ere. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez (www.ej-gv.net/consejeros) egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrenda interneten eta EHAAn argitaratuko da.

Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 11.

Garraio zuzendaria,

AITOR URIARTE UNZALU.


Azterketa dokumentala