Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2198

98/2005 DEKRETUA, apirilaren 19koa, Galdakaoko Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, “Bide Sistema Orokorretarako Usansoloko SGVI-US-3 lur-zatia desjabetzeko espedientea” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Galdakaoko Udalak, 2003ko urriaren 31ko bileran, Bide Sistema Orokorretarako Usansoloko SGVI-US-3 lur-zatia desjabetzeko espedientea hasi eta espedienteak hartzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda hasieran jendaurrean jartzea ebatzi zuen. Bilera horretan, halaber, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea erabaki zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, arrazoibide-idazki bat aurkeztu zen eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi zen.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luzaezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

2001. urtean Eusko Jaurlaritzak Izartu programa aurkeztu zien EAEko udalei; programaren funtsezko helburua herriguneak suspertzea zen. Galdakaoko Udalak programari heldu zion eta asmo handiko programa aurkeztu zuen Usansoloko herrigunea lehengoratzeko eta suspertzeko.

Aipatutako proiektua gauzatzeko ezinbestekoa zen behar ziren administrazio-kudeaketak egitea pribatuak izan arren herri jabariko izango diren lurrak (bideak eta plazak) baliagarri izan zitezen. Horretarako, 2002 eta 2003. urteetan kudeaketa egokiak egin ziren obrek ukituriko lurren jabeekin eta gehienekin akordioa lortu zen. 2003ko urrian, ikusirik ez zela akordiorik lortu proiektu osoaren funtzionamendu egokirako beharrezkoa zen bide-eraztuna ixteko ezinbestekoak ziren lur batzuen jabeekin, Udalak lur horiek desjabetzeko espedientea hasi zuen; nolanahi ere, toki administrazioak tramitazioa moteldu zuen jabeekin adostasunera iristeko asmoarekin, eta azkenean lortu egin da. Gaur egun, Izartu proiektuaren oinarrizko zatia burututa dago baina ezin da itxi Usansoloko kaleak oinezkoentzako murriztea justifikatzeko ezinbestekoa den bide-eraztuna. Horregatik guztiagatik, lur horiek ahalik azkarren okupatu behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 19an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, “Bide Sistema Orokorretarako Usansoloko SGVI-US-3 lur-zatia desjabetzeko espedientea” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Galdakaoko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala