Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
2197

97/2005 DEKRETUA, apirilaren 19koa, Arabako Foru Aldundiak, nahitaezko desjabetzea egiteko, “A-3110 errepidean Alegria-Dulantziko saihesbidea egiteko proiektua” burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2003ko martxoaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, A-3110 errepidean Alegria-Dulantziko saihesbidea egiteko proiekturako nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak jendaurrean jarri ziren. Gero, 2005eko otsailaren 22an egindako bilkuran, nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu behar direla adierazteko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zein diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; zenbait alegazio aurkeztu zitzaion, eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren alegazio horiek.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztopo urbanistikorik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Gaur egun, A-3110 errepidea Alegriako hirigunetik pasatzen da, hain zuzen ere 13+000 eta 14+200 kilometro-puntuen artean, eta horrek hainbat arazo sortzen dizkie herritarrei (arriskua, zaratak eta beste eragozpen batzuk) eta erabat eragozten du ibilgailuen trafikoa errepide horretan eta A-132 errepidetik Egiletan zehar datozenak.

Arabako Errepideen 1998-2009 Plan Integralean ezarritakoaren arabera, saihesbideen programaren barruan Alegria-Dulantziko saihesbidea egin behar zen A-3110 errepidean 2001-2003 hirurtekoan. Planaren arabera, aztertu beharreko tartearen hasiera A-3110 errepideko 11+800 kilometro-puntuaren inguruan dago, hirigunearen mendebaldean, eta amaiera 15+000 kilometro-puntuaren inguruan, Alegria-Dulantzi herriaren ekialdean. Zeharbideko trafikoa oso astuna da, batez beste 3.927 ibilgailu egunean, eta ibilgailu astunen portzentajea %27koa da.

Gaur egungo A-3110 errepidearen Alegria-Dulantziko tartea zeharbide oso arriskutsua da; hona arrazoiak: ibilgailu asko dabiltza eta haietako asko astunak dira; galtzada estua da eta, oso bihurgunetsua izanik, toki batzuetan ez da ondo ikusten; tarte batzuetan oinezkoek ez dute pasatzerik ez baitago horretarako lekurik. Horregatik guztiagatik, zeharbidea ezin da utzi dagoen-dagoenean, ez baitaude bermatuta ez ibilgailuan dabiltzanen ez herrian bizi direnen gutxieneko segurtasun-baldintzak. Beraz, irtenbide bakarra saihesbidea egitea da, Errepideen Plan Integralean ezarri bezala.

Horregatik, Arabako Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak A-3110 errepideko tarte horretan esku hartzea erabaki du eta saihesbidea egiteko proiektua prestatu du, Arabako Errepideen Plan Integralean ezarritakoaren arabera, eta onetsi ere egin du proiektu hori. Hain zuzen ere, saihesbidea Alegriako hegoaldean zehar joango da eta ibilgailuak 80 km/orduko abiaduran ibiltzeko pentsatu da; zeharkako sekzioari dagokionez, 7 metroko galtzada izango du, 3,5 metroko bi erreirekin, 1,5 metroko bazterbideekin eta 0,50 metroko kanpo-bermekin; helburua da hartuko duen trafiko kargarentzat bide egokia egitea, erabiltzaileentzat beharrezkoak diren segurtasun eta erosotasun baldintzak betetzen dituena. Horrela bada, ibilgailuek Alegria-Dulantziko herri-gunetik zehar pasatu beharrik ez dute izango, bide-segurtasunerako tarte oso arriskutsua kenduko da eta herritar guztien bizi-kalitatea erabat hobetuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutzapen-une osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 19an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, honen bidez adierazten da Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela A-3110 errepidean Alegria-Dulantziko saihesbidea egiteko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzea egiteko. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala