Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2189

80/2005 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako lanpostuen balorazio batzordea sortzeko dena.

Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak 2002ko maiatzaren 9an onartu zuen proiektuaren araberako analisi funtzionalak ezartzeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lanpostuen definizioaren ikusmolde berria dakar.

Horrela, bada, apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lanpostuen zerrenda arautzen duenak, euskal funtzio publikoko egituraketaren oinarrizko unitate eratzailea dela lanpostua dio, eginkizun taldeez osatuta dagoela, eta hauek zereginetan banatuta daudela.

Lanpostuaren ikusmolde berri honetan garrantzi berezia dute eginkizunek lanpostuak lanpostu-mailako osagarriaren maila jakin batean kokatzeko faktore determinatzaileak baitira. Zereginek eta hori burutzeko behar diren baldintzek eta betekizunek ere garrantzi handia dute, dotazio bakoitzaren berariazko osagarriaren elementu determinatzaileak baitira. Hori dela eta, gaur egun lanpostuak baloratzeko dagoen eredua gainbegiratu beharra dago eta maiatzaren 16ko 79/2000 Dekretuaren ordez azterketa funtzionalak ezarri ondoren gelditu den antolakuntza eta giza baliabideen kudeaketa eredu berrira egokituko den Dekretu berri bat egin.

Lanpostuen definizioa aldatu izanak ez du inolako aldaketarik eragingo Balorazio Batzordearen ikusmoldean; langile publikoen ordezkariek parte hartuko duten organo kolegiatua izango da, baina haren eginkizunak egokitu egingo dira, nahitaez, funtzionamendu sistema berrira.

Jaurlaritzaren Kontseiluak zehaztuko ditu eginkizunak garatzeko behar dituen funtzionamendu prozedurak eta tresna teknikoak, batez ere Balorazio Eskuliburua. Horrek ez die kalterik egingo Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak gai honen inguruko barne eskumenen gainean jasota dauzkan aurreikuspenei, ez eta funtzionarioek administrazio publikoaren zerbitzupean diharduten lanpostuekiko duten egoera juridikoa bermatzeko jasota dauzkan aurreikuspenei ere.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzordearekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Balorazio Batzordea sortzea.

1.– Lanpostuen Balorazio Batzordea lanpostu-mailako osagarriaren eta berariazko osagarriaren balorazio proposamena formulatzeko ardura duen organoa da. Lanpostu bakoitza dagoen egitura antolatzailearen barruan sailkatu ahal izateko, Administrazioak lanpostu eta dotazio bakoitzari eman dizkion eginkizunak eta zereginak aztertuko ditu, baita burutzeko behar diren baldintzak eta betekizunak ere.

2.– Balorazio Batzordea Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari atxikita egongo da.

2. artikulua.– Eremua.

Araudi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuei soil-soilik ezarriko zaie, eta hortik kanpo geldituko dira hezkuntza administrazioko, Justizia Administrazioko, Osakidetzako eta Ertzaintzako lanpostuak.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Balorazio Batzordearen berariazko eginkizunak dira:

a) Berak erabaki beharreko lanpostuak lanpostu-mailako osagarriaren maila jakin batean kokatzeko proposamena egitea. Horretarako, horiei emandako eginkizunak aztertuko dituzte Balorazio Eskuliburuan aurreikusitakoaren arabera.

b) Dotazio bakoitzari emandako berariazko osagarriaren proposamena formulatzea. Horretarako, zeregin horiek eta burutzeko behar dituzten baldintzak eta betekizunak aztertuko dituzte Balorazio Eskuliburuan aurreikusitakoaren arabera.

c) Balorazioei buruz aurkeztuko liratekeen erreklamazioen berri ematea organo eskudunari, baldin eta erreklamazioak ebazpen proposamenaren aurretik aurkeztuko balira.

d) Balorazio-sistema aldatzeko edo egokitzeko proposamenak formulatzea sistema praktikan jarritakoan hautemandako akatsak zuzentzeko edo konpontzeko.

e) Balorazioari buruz planteatutako gaiez informatzea, Batzordeak berak hala erabaki duelako edo administrazioko edozein organok edo langileen ordezkariek eskatu dutelako.

f) Balorazio proposamena Funtzio Publikoaren sailburuordeari igortzea, adierazle bakoitzari emandako puntuak, eginkizunak eta zereginak zehaztuta, baita burutzeko behar diren baldintzak eta betekizunak ere.

2.– Balorazio Batzordea honakoetan xedatutakoaren mende egongo da bere eginkizunetan:

a) Langileen ordezkariekin negoziatu ondoren Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako Balorazio Eskuliburua.

b) Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako lanpostuak baloratzeko prozedurak.

c) Funtzio Publikoaren sailburuordeak eginkizunen eta zereginen eta burutzeko behar diren baldintzen eta betekizunen balorazioaren behin betiko onespenari buruz emandako ebazpenak.

4. artikulua.– Batzordekideak.

Lanpostuen Balorazio Batzordean batzordeburu bat eta zortzi kide egongo dira, eta horietako bat izango da idazkaria. Ordezkoak ere beste horrenbeste izango dira.

5. artikulua.– Batzordeburuaren eta idazkariaren eginkizunak.

1.– Batzordeburua Funtzio Publikoaren zuzendaria izango da. Horren ordezkoa Negoziazio Kolektiboko zuzendaria izango da.

2.– Honakoak dira batzordeburuaren eginkizunak:

a) Balorazio Batzordearen ordezkaria izatea.

b) Batzordearen bileretako gai-zerrenda finkatzea.

c) Bilkurak eta bozketak zuzentzea eta moderatzea, eta zeregin horretan honakoak ziurtatzeaz arduratu beharko da: Balorazio Eskuliburua behar bezala ulertu dela, Batzordearen jardute-arauak betetzen direla, objektibotasunez eta alderdikeriarik gabe jokatzen duela eta bileretan esandako informazio eta iritziak isilpean gordetzen direla.

d) Batzordearen erabakien aktei eta akordio agiriei oniritzia ematea.

e) Hirugarren azalpen-txandaren ostean, berdinketarik egonez gero, berdinketa hausteko botoa ematea.

f) Batzordeburuari atxikitzen zaion beste edozein eginkizun.

3.– Administrazioko ordezkarietako bat izango da Batzordeko idazkari.

4.– Honakoak dira idazkariaren eginkizunak:

a) Bileretara joatea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea duela.

b) Batzordearen bilkuretarako dei egitea.

c) Batzordeko bileren aktak egitea eta eskatzen dituzten egiaztagiriak ematea.

d) Balorazioari buruzko aktak eta bestelako dokumentazioa artxibatzea.

e) Batzordearen akordioak jakinaraztea eta haien berri ematea.

f) Idazkariari atxikitzen zaion beste edozein eginkizun.

6. artikulua.– Kideak.

1.– Funtzio Publikoaren gaian eskuduna den sailburuaren agindu bidez izendatuko dira eta kenduko dira kargutik kide titularrak eta ordezkoak; lau Funtzio Publikoko sailburuordearen proposamenez izendatuko dira, eta beste lauak langileen ordezkaritzaren proposamenez.

2.– Langileen ordezkaritzaren proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan gutxienez langileen %10 ordezkatzen duten sindikatuek egingo dute, eta proposamen hori aho batez onartu beharko dute.

Sindikatuen artean ez badago adostasunik, sindikatu bakoitzari batzordekide titular bana eta ordezko bana izendatzeko eskatuko zaio.

Aipatutako gutxiengo hori duten sindikatuak lau baino gutxiago badira, ordezkagaitasun handiena duen sindikatuari egokituko zaio bigarren batzordekide titularra eta ordezkoa izendatzea, eta horrela jokatuko da kide guztiak izendatu arte.

3.– Kideei dagokie:

a) Bilkura-deiak jasotzea, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin.

b) Eztabaidetan parte hartzea.

c) Botoa ematea, eta gehiengoaren erabakiarekin ados ez badaude, boto partikularra ematea.

d) Dagozkien eginkizunak behar bezala betetzeko behar duten informazioa jasotzea.

e) Balorazio Batzordeko partaideei berez dagokien gainontzeko edozein eginkizun.

7. artikulua.– Bilkura-erregimena.

1.– Bilkuren deialdiak behar adinako aurrerapenarekin egingo dira eta deialdiarekin batera bilkurako gai-zerrenda eta beharrezko dokumentazioa igorriko dira. Dokumentazio horretan egongo dira baloratu beharreko lanpostuen eta dotazioen monografiak, dagozkien organigramak, Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren txostenak eta aurkeztutako alegazioak, baldin baleude behintzat.

2.– Bilkurak eta hartutako akordioak baliozkoak izateko, beharrezkoa da lehenbiziko deialdian batzordeburua, idazkaria eta beste lau kide egotea. Lau kide horietatik gutxienez bi langileen ordezkariak izan beharko dira.

3.– Bigarren deialdian nahikoa izango da kideen erdia egotea, horien artean idazkaria dagoela, eta batzordeburua.

4.– Bi deialdiak komunikazio idazki berean egingo dira, eta bi deialdien tokia, data eta ordua jarri beharko dira.

8. artikulua.– Bilkura-aktak.

1.– Bilkura-akta bakoitzean honakoak jaso beharko dira: noiz eta non egin den, bertaratuak, aztertu diren gaiak, bertan esanak, hartutako erabakiak eta boto partikularrak, baldin eta halakorik egon bada.

2.– Batzordekideek hala erabakitzen badute, aktan jaso ahal izango dira bilkuran egiten diren ekarpenak edo interpretazioak, baldin eta baloraziorako arauak integratzeko, osatzeko edo egokitzeko badira eta balorazio-teknikak berak dituen gabeziak edo hutsuneak osatzeko badira.

3.– Egindako balorazioarekin ados ez dauden batzordekideek aktan jaso ahal izango dute boto partikularra eman dutela.

4.– Bilkuran eztabaidatutakoa eta bertan adierazitako iritziak konfidentzialak dira; beraz, batzordekideek ezin izango dute bilkuratik kanpo horien berri eman.

9. artikulua.– Balorazioa egiteko prozedura.

1.– Eginkizunak eta zereginak eta horiek burutzeko behar diren baldintzak eta betekizunak baloratzeko, honako prozedura erabiliko da:

a) Baloratu beharreko eginkizun edo zeregin bakoitzarentzat aurreikusitako adierazle guztiei eta bakoitzari dagozkien puntuak esleitzea, baita burutzeko behar diren baldintzei eta betekizunei dagozkienak ere.

b) Adierazle bakoitzaren puntuak batzordekide bakoitzak eta isilpean zehazten ditu.

c) Batzordekide bakoitzak erabakita duenean adierazle bakoitzari dagokion ainguratzea, bokalek gainontzeko batzordekideei adieraziko diete. Adierazpena honela egingo dute: beti ordena bera jarraituko dute, baina txanda bakoitzean bere azalpena ematen lehenengoa den bokala hurrengo txandan azkena izango da.

d) Puntuak azaldu eta gero, ez bada lortu puntu bera joandakoen erdiak ematea, batzordekide bakoitzak bere esleipena justifikatuko du eta beste azalpen-txanda bati ekingo diote. Beharrezkoa bada, hirugarren txandari ekingo diote.

e) Adierazle guztien puntuak esleitu ondoren, lanpostu bakoitzari dagokion lanpostu-mailako osagarria eta berariazko osagarria proposatuko dira.

f) Funtzio Publikoko sailburuordeak dagokion ebazpenean sartu ez dituen eginkizunak edo zereginak aztertu badira lanpostua baloratzerakoan, proposamen horiek igorri egingo dira eguneratu daitezen.

2.– Batzordekideek ezin izango dute eginkizunei edo zereginei ainguratzea esleitzeko txandetan abstentziorik egin.

3.– Batzordekideren baten lanpostua baloratu behar denean, dagokion ordezkoa jarriko da batzordekide horren ordez.

4.– Baloratuta dagoen dotazioren baten antzekoa baloratu behar bada, batzordeburuak hura bere egitea proposatuko du balorazio prozeduren tramitatzea homogeneoa eta azkarra dela bermatzeko.

10. artikulua.– Behin betiko onartzea.

Adierazle bakoitzari esleitutako puntuak zehaztu eta balorazio proposamena egindakoan, Funtzio Publikoko sailburuordeak ebazpen bat egingo du eta eginkizunen, zereginen eta horiek burutzeko baldintzen eta betekizunen zerrenda onartuko da behin betiko.

Ebazpen hori berritu egingo da Funtzio Publikoko Zuzendaritzak bere mende dituen lanpostuei esleitutako eginkizun edo/eta zeregin berriak baloratu ondoren Balorazio Batzordeak horiek ere sartu egin behar direla proposatzen duen bakoitzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen da 79/2000 Dekretua, maiatzaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lanpostuen Balorazio Batzordea sortzen duena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Funtzio Publikoko sailburuordeak 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz emango dituen lehenbiziko ebazpenetan eginkizunen eta zereginen eta horiek burutzeko beharrezko baldintzen eta betekizunen balorazioa agertuko da; baita balorazio Batzordeak adierazle bakoitzari emandako puntua ere. Apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lanpostuen zerrenda arautzen duenak, bere aldi baterako xedapenean aurreikusitako behin betiko balorazioan egin zituen horiek guztiak Balorazio Batzordeak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Jaurlaritzaren Kontseiluak Balorazio Eskuliburu bat eta adierazleak bihurtzeko taula bat onartuko ditu. Dena dela, onartu aurretik langileen ordezkaritzarekin negoziatu beharko ditu.

Era berean, lanpostuen balorazio-proposamenak tramitatzeko barne prozedura ezarriko da.

Bigarrena.– Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen sailburuari ahalmena aitortzen zaio Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 12an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala