Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2188

79/2005 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorreko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen ordainsari osagarriak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko lanpostuen gain 1997az geroztik gauzatu diren analisi funtzionalek, azken finean, arrazoizko erradiografia eskuratu nahi dute, bai eta aipatu lanpostuen sailkapena ere; horretarako, aintzat hartuko da lanpostu berdinak modu berean baloratzeko irizpena, eta, ondorioz, lanpostu ezberdinak, hau da, eginkizun nahiz zeregin desberdinak eratxikita dituztenak era ezberdinean baloratzeko irizpidea. Beste modu batera esanda, era berean baloratuko dira antzeko erantzukizunak dakartzaten lanpostuak, betiere lanpostu-mailako osagarriaren arabera, eta, gisa bertsuan, aipatu osagarri zehatz horrekin baloratuko dira inguruabar berberetan gauza bera egiten zuten lanpostuak.

Beraz, Analisi Funtzionalen bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak duen ordainsari-sistemarekin amaitu nahi da. Sistema horren ondorioz, destino osagarria eratxikita zuten lanpostuak, horiek guztiak, berariazko osagarri berdina zuten, aipatu sistema gaizki egokitzen baitzen ordainsari osagarriek izan beharreko esanahiarekin, eta, dotazio zehatz bakoitzarekin zuzenean konektatuta egon behar da eta. Izan ere, lanpostu guztietan destino osagarri bat esleituta izateko ekuazioak ez du zehatz-mehatz destino osagarriak bete behar duen egitekoa azaltzen, eta, neurri batean, berariazko osagarriak duen zentzua galdu egiten da. Dekretu honen bidez barneratutako sistema berriarekin aurkitutako arazo horiek zuzendu egin dira.

Analisi Funtzionalek, berebat, destino osagarria eta berariazko osagarria lanpostu batean jarduteko esparru ezberdinei buruzko kasu zehatz jakin batzuetan zein modutan ager daitezkeen adierazi dute. Izatez, Analisi Funtzionalek eratorritako diseinuan, lanpostu-mailako osagarria lanpostu jakin batean bereganatzen diren eginkizun eta erantzukizunekin dago zuzenean lotuta; bestetik, aldiz, berariazko osagarria, batez ere, zereginen esparruan kokatzen da (zailtasun tekniko berezia, erantzukizun eta arriskugarritasun edo nekagarritasun berezia), baina esleipena egiteko aurreikusita dauden beste irizpen batzuk ere kontuan hartzeari kalterik egin gabe (dedikazioa, bateraezintasuna). Ondorenez, Analisi Funtzionalak ezarri direnetik, gerta daiteke destino osagarri bera duten lanpostuak, aldi berean, berariazko osagarri desberdinak izatea.

Analisi Funtzionalen azken uzia Administrazioko lanpostuen egitura arrazionalizatzea da, lanpostu-eredu jakin batzuk konfiguratzearen bidez. Kontzeptu hori eredu berrira iristeko iraganbidea da, eta, azken buruan, lanpostu berriak ordezkatuko ditu; hau da, destino osagarri berdinak dituzten lanpostuak dira, baina inguruabar zehatz batzuetan berariazko osagarri ezberdina izan dezakete. Hortaz, lanpostu bat izanik, eta izendapen bera duen lanpostu horri kalterik egin gabe, zenbait kasutan, berariazko osagarri desberdinak izango dituzte.

Arauketa honek duen helburua da, 1990eko Dekretuak, eta horren ondorengo aldaketek, ordainsariari buruzko onartutako araudia aldatzea, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuei soil-soilik dagokienez. Orokorrean, aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoen lanpostuetara murrizten da, hezkuntza administrazioko, Justizia Administrazioko, Osakidetzako eta Ertzaintzako funtzionarioak berariaz salbuesten direla.

Destino osagarriari dagokionez, Dekretu honetan jasotako arauketaren oinarri honako postulatu hauek dira:

– Lanpostuen Analisi Funtzionalek eginkizunen deskripzioa eta horien esleipena sinplifikatu egin dute, eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioan benetan dauden lanpostuak ere sinplifikatu egin dira, eta egiturak arrazionalizatzeko joera duten antolatze-neurriak eragingarriak izateko bidea jarraituko dute.

– Aspektu horretan, dela oinarrizko legeriak, dela Euskal Funtzio Publikoaren Legeak, hau da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak irizpenak eta adierazleak konfiguratzeko aukera zabala uzten dute, baldin eta lanpostu zehatz bati esleitu beharreko destino osagarri jakin bat adosteko lagungarriak badira. Dekretu honek modu horretan ezarriko ditu lanpostu bati esleitu beharreko destino osagarriaren maila jakin bat zehazteko lagungarriak diren irizpenak eta adierazleak.

– Edozein kasutan ere, eginkizunen definizioa zein den jakiteko, hau da, lanpostuetako erantzukizunak, esan beharra dago antolaketa-izaera garbia duen erabakia dela, “lanpostu-ereduak” konfiguratzearen bidez gauzatzen dena. Lanpostu-eredu horiek lehenagotik bazeuden lanpostuak elkartzen dituzte, horietan erantzukizun berberak gauzatuz, baina ez zaio kalterik egin behar erantzukizunok modu ezberdinean ez betetzeari. “Lanpostu-eredua”, azken finean, Analisi Funtzionalen ondoriozko lanpostua da, baina behin lanpostu-eredua finkatuta, hori behin betiko lanpostua izango da, eta bertan kasuan kasuko dotazioak barneratuko dira.

– Hala ere, aipatutako sinplifikazioa lanpostuei buruzko Analisi Funtzionalen ondoriozko antolatze-izaera duen neurria da, eta, beraz destino osagarriaren mailak kasuan-kasuan Lanpostuen Zerrendan zehaztuko dira.

Berariazko osagarriari dagokionez, Dekretu hau hurrengo osagai hauetan oinarritzen da:

– Konpondu nahi den abiapuntu-egoera aintzat hartzen badugu, gaur arte eratxikipen automatikoa egin da; izan ere, destino osagarri bera dutenei berariazko osagarri bera dagokie beti eta edozein kasutan.

– Helburu hori dela eta, izendapen bera duten lanpostuek, bai eta destino osagarri bera dutenek ere, berariazko osagarri desberdina izateko aukera berariaz aurreikusten da, horiei ezarri zaizkien zeregin ezberdinen arabera. Zereginen banaketa hori “zeregin adierazgarria” kontzeptua aplikatzearen bidez egingo da; kontzeptu horrek ahalbidetzen du lanpostuei eratxiki zaizkien eginkizunak modu egokian betearazteko prozesu garrantzitsuak eta aztertzeko modukoak identifikatzea.

– Oinarri horietatik abiatuz, arauketa honetan zailtasun tekniko bereziaren nahiz erantzukizun bereziaren kontzeptuei buruzko arauketa berria egin da, betiere lanpostuei berariazko osagarria ezartzeko irizpide gisa.

Gisa bertsuan, arauketa honek ekoizgarritasun-osagarriari buruzko arauketa zehatzari eusten dio; hala ere, hori abiarazteko, kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean nahiz beraren Erakunde Autonomoen lanean aritzeko ebaluazio-sistemen sarreraren mende daudela.

Azkenik, aurreko eredutik eredu berrira igarotzeko prozedura bat jasotzen da; horiek Analisi Funtzionalekin eta ordainsari-sistemari buruz izandako ondorioekin batera ezarriko dira. Hori dela medio, iraganbide-eredu hori, Dekretu honetan azaltzen den bezala, negozioaren xede izango da ordezkaritza sindikalarekin batera.

Aurrekoa kontuan hartuta, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren txostena ikusi ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1. Arauketa honek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko nahiz beraren erakunde autonomoetako funtzionarioentzat gordetako lanpostuei esleitutako ordainsari osagarriak arautzen ditu.

2. Ondorioz, Dekretu hau Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen funtzionarioei soil-soilik ezarriko zaie, eta hortik kanpo geldituko dira hezkuntza administrazioko, Justizia Administrazioko, Osakidetzako eta Ertzaintzako funtzionarioak.

2. artikulua.– Funtzionario publikoen ordainsariak.

Dekretu honen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean nahiz beraren erakunde autonomoetan ukituta geratu diren funtzionarioei ordainduko zaie, bakarrik, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legean III. tituluaren VII. kapituluan jasotako ordainketa-kontzeptuen ondorioz, bai eta Dekretu honetan ezarritakoaren arabera ere.

3. artikulua.– Destino osagarria. Mailak sailkatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko nahiz beraren erakunde autonomoetako lanpostuak hogeita hamar mailatan sailkatuko dira; horretarako, aintzat hartzen dira lanpostuan aritzeko eta garatu beharreko eginkizunetarako nahitaezkoak diren betekizunak.

2.– Lanpostuko eginkizunak neurtuko dituzten adierazleak, lanpostu bati esleitu beharreko mailaren eta destino osagarri egokia adjudikatzearen ondoreetarako, hauek izango dira:

a) Titulazio maila: Lanpostuari eratxiki zaizkion eginkizunak modu egokian gauzatzeko nahitaezkoa den titulazio-taldea adierazten du.

b) Zuzendaritzaren beharrizana: Lanpostuaren hierarkia-harremanetarako edota harreman funtzionaletarako nahitaezkoa den koordinazio maila identifikatzen du. Aipatutako koordinazioa besteei dagozkien jardueren gain burututako ondorengo erantzukizunetan zehazten da: gainbegiratzea, kontrola, ebaluazioa eta irizpideen ezarpena.

c) Ekimena: Lanpostuari eratxikitako eginkizunek ohi bezala dakartzaten arazoetarako konponketen identifikazio, definizio eta bilaketa mailan zehazten da.

d) Autonomia: Lanpostuen eginkizunak modu egokian betetzeko nahitaezkoak diren erabakiak eta akzioak hartzeko askatasun-marjina adierazten du.

e) Konplexutasuna: Informazioaren zailtasun maila adierazten du, batez ere, esparruen dibertsitatea edo horien sakontasuna dela eta, lanpostuari eratxikitako eginkizunak modu egokian garatzeko nahitaezkoa dena.

3.– Mailen tarteak, 6/1989 Legearen 43. artikuluan ezarritako titulazio-taldeetan barneratutako Gorputz edota Eskalei dagozkienak, eskala honen arabera geratzen da ezarrita:

A taldea 	21-30

B taldea 	18-27

C taldea 	16-22

D taldea 	14-19

E taldea 	11-16

4.– Lanpostu bati esleitutako lanpostu-mailako osagarriaren maila Lanpostuen Zerrendan jasoko da, Lanpostuak Baloratzeko Eskuliburuarekin bat etorriz eskuratu diren emaitzen arabera.

5.– Lanpostu-mailako osagarriaren zenbatekoa izango da uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.1.a artikuluan ezarritakoaren arabera urtero-urtero zehazten dena.

4. artikulua.– Berariazko osagarria.

1.– Berariazko osagarriak lanpostu bakoitzaren baldintza zehatzak ordainduko ditu. Horren esleipena honako irizpide hauen arabera egingo da:

a) Zailtasun tekniko berezia: Aintzat hartuko ditu lanpostuaren zereginekin zerikusia duten arazo bereziki konplexuak konpontzeko nahitaezkoa den esfortzu intelektuala, bai eta horiek betearazteko ezagutza bereziak ere.

b) Erantzukizun berezia: Honako adierazle hauen arabera baloratuko da: 1) zereginak modu desegokian betearazteak eratorritako ondorioak; 2) hierarkia-erantzukizunpean ezarritako giza baliabideen kopurua, eta, 3) lanpostuaren titularrak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barruko edo kanpoko pertsonekin ezarri beharreko harremanak, hierarkia-harremanak baztertuta.

c) Bateraezintasuna: Lanpostuen titularrek, lanpostu horien edukia eta eskumena dela eta, lotuta dauden Administrazio Publikoaren mende modu esklusiboan jardungo dute, irabazizko jardueretatik beste edozein gauzatzeko debekuarekin.

d) Dedikazioa: Mota hauek hartu dituela ulertuko da: a) lanaldi zatitua, b) lantokian lanordu gehiago emateko prestasuna eta c) lanaldi handiagoa.

e) Nekagarritasuna edo arriskua. Lanpostuari datxekion arriskuak, toxikotasunak, deserosotasunak edo eragozpenek dituzten ezaugarrien arabera antzemango dira, baldin eta etengabe eta ez noizean behin soilik azaldu badira.

2.– Balorazioaren Eskuliburuak zehaztuko du aurreko puntuan aipatu irizpideen esleipena.

3.– Lanpostu bati esleitu zaion berariazko osagarria lanpostuen zerrendan kode moduan edo kopuru gisa jasoko da, Lanpostuak Baloratzeko Eskuliburuarekin bat etorriz eskuratu diren emaitzen arabera.

5. artikulua.– Emankortasun-osagarria.

1.– Emankortasun-osagarriak, hala denean, funtzionarioak lanpostuan izandako etekin berezia, ohiz kanpoko jarduera eta interesa edo ekimena ordainduko ditu.

2.– Emankortasun-osagarriaren esleipena lanpostua betetzeko inguruabar objektiboen arabera burutuko da, hori zehazteko Jaurlaritzaren Kontseiluak ezartzen dituen irizpide orokorrei jarraituz.

3.– Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen sailaren titularrak emandako Agindua dela medio, eta aurretiaz pertsonalaren ordezkaritzarekin negoziatuta, emankortasun-osagarria zein kasutan eta inguruabarretan esleituko den arautuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Arau hauen aurka dagoen guztiari dagokionez, uztailaren 30eko 207/1990 Dekretua, euskal administrazio publikoetako funtzionarioen ordainsariei buruzkoa, bai eta ostean egindako aldarazpenak eta garapenak ere, ulertuko da arauketa honen 1. artikuluan ezarritako aplikazio-eremuan jasotako lanpostuetan ez direla aplikatuko.

Bigarrena.– Aipatutako Dekretuaren aplikazioari oso-osorik eutsiko zaio arauketa honen aplikazio-eremuan barneratuta ez dauden Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioan dauden gainerako lanpostuetan, eta, edozein kasutan ere, gainerako euskal administrazio publikoetan ere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Norbere gradua.

Balorazio berriaren ondorioz, analisi funtzionalen aplikazioa dela eta, lanpostu baten destino osagarria aldatuz gero, norbere graduari buruzko ondoreak hauek izango dira:

a) Lanpostuari adjudikatzen bazaio aurretik esleitu zitzaiona baino destino osagarri txikiagoa, orduan funtzionarioak lanpostu horretan iraungo duen denbora zenbatzen hasiko da beteta dagoen lanpostua sailkatuta izan den maila altuenarekin:

1.– Funtzionarioa jadanik goragoko mailari dagokionean finkatuta izanez gero, ez da hori berrikusiko eta finkatutzat joko da ondore guztietarako.

2.– Funtzionarioa goragoko mailan finkatzeko prozesuan aurkitzen bada, maila berri horretako lanpostuan zerbitzuak ematen diharduen denbora zenbatzen hasiko da aipatu lanpostua sailkatuta izan den maila altuenarekin.

b) Lanpostuari sailkapenean lehendik zuen destino osagarriaren maila baino altuagoa esleituko balitzaio, lanpostuari esleitutako destino osagarriaren maila berriari dagokion norbere gradua eskuratzeko beharrezkoa den denbora, kasuan kasuko, lanpostuen zerrendaren aldaketa indarrean jartzen denetik zenbatzen hasiko da:

1.– Funtzionarioak beheragoko maila finkatuta izanez gero, goragoko mailak finkatzean Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 45.2. eta 6. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

2.– Funtzionarioa beheragoko maila bat finkatzeko prozesuan aurkitzen bada, goragoko mailan zerbitzuak ematen iraun duen denbora zenbatzeko modukoa izango aipatu finkatze horretarako, baldin eta funtzionarioak hala eskatu badu. Kasu horretan, era horretan zenbatutako epea ezin izango da beste maila ezberdin bat finkatzeko errepikatu.

Bigarrena.– Berariazko osagarria.

Berariazko osagarriaren zenbatekoa, behin hori osatzen duten osagaiak batuta, eta kasuan kasuko kodeak 2005. urtean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan zerbitzupean dauden funtzionarioen pertsonalari buruzko lan-baldintzak arautuko dituen Dekretuan barneratuko dira.

Hirugarrena.– Ondorio ekonomikoak.

1.– Destino osagarriei dagozkien egungo mailen egokitzapenak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren esparruan egoki diren erakunde sindikalekin negoziatuko dira.

2.– Dekretu honetan ezarritako edukitik eratorritako soldatak, hirurtekoek, aparteko ordainsariek, destino osagarriak, berariazko osagarriak eta ekoizgarritasun-osagarriak, indarreko ordainsari-erregimenei dagozkien ordainketen osotasuna bereganatzen dituzte, osagarri pertsonalak nahiz iragankorrak barne.

3.– Dekretu honetan ezarritako ordainsari-erregimena aplikatzearen ondorioz, kobratzen zen ordainsari finkoen eta aldizkakoen gutxitzea ekartzen badu, lanpostuaren titularrak horien arteko ezberdintasunaren ondoriozko osagarri pertsonal eta iragankorra hartzeko eskubidea izango du, beste lanpostu bat hartzen ez duen bitartean.

4.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako osagarri pertsonalak eta iragankorrak ez du bereganatze-izaerarik, jarraian datozen aurrekontu-ekitaldietan aplikatzeko modukoak diren eguneratzeei kalterik egin gabe.

5.– Edozein kasutan ere, Dekretu honetan aurreikusitakoaren aplikazioak eratorri ondore ekonomikoak eragingarriak izango dira, bakarrik, lanpostuen zerrendan burututako aldaketa egokia indarrean jartzen denetik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen saileko titularra gaitu da Dekretu hau garatu dezan.

Bigarrena.– Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 12an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala