Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2005eko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2186

77/2005 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorreko eta bere erakunde autonomoetako arlo funtzionalak arautzen dituena.

Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak, 2002ko maiatzaren 9an, Analisi Funtzionalak finkatzeko Plana onetsi zuen. Onespen-egintza horrek 1997 urtean hasitako ziklo luzea ixten zuen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko giza baliabideak arrazionalizatzeko programa martxan jartzeari zegokiona, batez ere, laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran Euskal Herrian CORAME txostenak eta geroago sortutako Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzak utzitako arrastoei jarraiki. Neurri guzti horiek bultzatzen zituen uzia Administrazio Publikoaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea besterik ez zen, giza baliabideen esparruan zenbait esku-hartze jakin batzuen bidez.

Analisi Funtzionalak martxan jartzeak arrazoi oso zehatz bat izan zuen: jadanik bazeuden lanpostuetan desorekak aurkitu ziren, horien definizio eta eginkizunei dagokienez, bai eta ordainsari-mailen esleipenari ere. Era berean, horiek gehiegi sakabanatzen dituen zenbait izendapen heterogeneo aurkitu ziren. Analisi Funtzionalen ekimenak arazo horiek zuzentzeaz gain, azken buruan, administrazioaren jardunbidea hobetu nahi zuen, lanpostuei buruzko esku-hartze antolatu baten bidez.

Analisi Funtzionalek Euskal Administrazioko lanpostuetan zegoen sakabanaketa adierazi zuten, eta, hortaz, arazoa modu egokian diagnostikatu zuten, horren gaineko konponbideak ekarriz. Analisi Funtzionalen prozesua, halaber, luzea izan zen denborari begira, eta, esfortzu handiak beharrezkoak izan ziren. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 1997 urtean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko lanpostuen Analisi Funtzionalei buruzko proiektuarekin hasi zuen, lanpostuok “C” eta “D” titulazio-taldeetan sartuz. Analisi Funtzional horietatik eskuratutako emaitzek lanpostuen inguruan okerreko deskripzioa egiten zela baieztatzen zuten eta, ondorioz, horiek zenbait kasutan modu artifizialean gehitzea zekartzaten; edozein kasutan ere, horren arrazionalizazioa, egiteko modukoa, ahalezkoa eta beharrezkoa zen. Gisa berean, 1998ko abenduan “A” eta “B” titulazio-taldeetako lanpostuen Analisi Funtzionalak gauzatzea adostu zen. Kasu horretan, prozesua aurrekoa baino konplexuagoa izan zen eta ia-ia 2002 urtean amaitu zen. Bigarren fase horretako emaitzak berarekin zekarren lanpostuen homologazioa. Azkenik, “E” titulazio-taldeko lanpostuen Analisi Funtzionala gauzatu zen, bai eta espezializazioa duten administrarien lanpostuak ere (Laguntzaile Teknikoak), 6/1989 “C2” Legearen arabera ere izendatzen direnak.

Aurreko azterketak oinarri gisa hartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko lanpostuen inguruko agertokiaren arrazionalizazio-proposamena egiteko, antolatze-izaera zuen ideiaren aplikazioarekin: “lanpostu-eredua” kontzeptua zegoen, Analisi Funtzionalak Finkatzeko Agirian erakusten zen bezala, iraganbideko zentzua zuena; hau da, lehenagoko lanpostuak arrazionalizatzeko modua suposatzen zuen, eta, “lanpostu” kontzeptuari aurrera egiten uzten zion, Analisi Funtzionalen bidez argituz. Izan ere, lanpostuen azken agertokiaren sinplifikazioa Analisi Funtzionalek definitzen duten lanpostu berrien bidez gauzatuko da, eta dotaziotan azpizatitzen dira. Funtzio publikoaren arrazionalizazio eskema horretan, hortaz, Arlo Funtzionalak sortzen dira; horrela, “lanpostu-eredu” kontzeptua iraganbideko ideiatzat hartuta, Administrazioaren antolatze-egituraren barnean kokatuko da argi eta garbi, lanpostu bakoitzari eratxikitako eginkizunak eta erantzukizunak definitzen dituen heinean. Arlo Funtzionala, beraz, bere aldetik osagai garrantzitsua da antolaketaren giza baliabideei buruzko politikan.

Arlo Funtzionala, arauketa honetan adierazten den bezala, lanpostuen batuketa da, ezagutza eta/edo trebetasun komunak behar dituena. Lanpostuen biltze horiek erakusten duten balioaniztasunaren arabera egingo da, eta aipatu atxikipena antolaketa-erabakia da; izan ere, lanpostu bat Arlo Funtzional batean zein beste batean ezartzeak Administrazio Orokor horren produktuen edota zerbitzuen espezializazioa jasoko du. Beste alde batetik, Arlo Funtzionalen sorrerak ez du eraginik izango egungo euskal funtzio publikoaren sisteman dauden egiturazko osagaien gain (Gorputza, Eskala eta, hala denean, Espezializazioa), ezta gainerako antolamendu-osagaien gain ere (lanpostuen zerrendak, ahal izanez gero).

Esan beharra dago, era berean, Arlo Funtzionalak sortzeko erabili den helburua zein izan den; arlo horien ezarpenak, xedeen artean, hauek izango ditu eta: a) Mugikortasunean sistema hobetzea; edo beste era batera adierazita, funtzionarioei egin zaizkien lanpostuen okerreko esleipenak saihestu edo arintzea, betiere funtzionarioaren gaitasuna eta lanpostuaren betekizunak optimizatuz; b) lanpostu berrien ikaskuntza-aldiak murriztea; izan ere, aurretiaz lanpostu balioaniztunean aritzeak eratorritako trebetasunak, ezagutzak edo esperientziak zehatz-mehatz baloratuko dira; c) giza baliabideen kudeaketa optimizatzea eta modu horretan hornidura-sistemen funtzionalitatea hobetzea, zerbitzu publikoak ematean eraginkortasun nahiz efizientzia handiagoko emaitzak lortzeko asmoz.

Ikuspegi horietatik abiatuz, adierazi beharra dago Dekretu honek Arlo Funtzionalak arautzen dituela, aurretik aipatu xede guztiak asetzeko helburuarekin, eta arauketa horren nahia, lehenengo lekuan, Arlo Funtzionalaren kontzeptua ematea da, aurretik aipatutako premisak abiapuntutzat hartuta: nahitaezko ezagutza edo trebetasun arruntak jasotzen dituzten zereginak burutzeko lanpostuak elkartzea. Nolanahi ere, Harremanetarako Arloak zeintzuk diren zehaztuko da, Administrazioko lanpostu batetik beste batera igarotzeko aukerak erraz daitezen helburuarekin.

Edozein kasutan ere, komeni da agerian jartzea, kontuan hartuta etorkizun hurbil edo urrun batean gainerako euskal administrazio guztiek finkapen-sistema horren gaineko apustua egingo dutela, arauketa hau Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko eta beraren erakunde autonomoen funtzionarioentzat soil-soilik aplikatuko dela, eta esparru horretatik salbuetsiko dira hezkuntza administrazioko, justizia administrazioko, Osakidetzako eta Ertzaintzako funtzionarioak.

Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat gordetako lanpostu guztiak jadanik ezarrita dauden Arlo Funtzionaletatik edozeinetara atxikita egon behar dira. Dekretu honetan, gisa berean, lanpostu bat Arlo Funtzional batera atxikitzeko prozesua azaltzen da, bai eta horiek igaro behar dituzten fase zehatzak ere. Modu horretan, Lanpostuen Zerrendek barneratu beharko dute lanpostu bakoitza zein Arlo Funtzionaletara atxiki den, eta, hala denean, Harremanetarako zein Arlora edo Arloetara.

Arauketa honen zati garrantzitsu batek eragina du lanpostuei buruzko horniduraren gain; izan ere, ez dago zalantzarik lanpostu batek Arlo Funtzional batean egoteak hornidura-sistemaren gain ondorio nabariak dituela; gainera, lanpostu balioaniztunak eginkizunaren arabera elkartuko dira, eta horien artean hornidura erraztu beharko da, lanpostua modu eragingarrian betetzen den heinean; horrela, ikaskuntza-iturria izango da eta Administrazio Publikoak horren berri izan behar du eraginkortasunaren eta efizientziaren parametroen mende jardun nahi izanez gero.

Hala ere, lanpostuen horniduran dauden erraztasun objektiboak definizio batekin batera aurkeztu behar dira, hala nola, zein bide erabili behar diren lanbide-sustapenerako, edo, nahi izanez gero, administrazio-karreraren ibilbideak, betiere horietan Administrazioaren beharrizan objektiboek eta lanbide-sustapenean aurkitzen diren funtzionarioen eskubide subjektiboek bat egin dezaten. Konbinazio adimentsu hau prestakuntzaren bidez baino ezin da egin, baldin eta hori funtzio publikoaren sistemari buruzko arrazionalizazioaren diseinu berrirako egiturazko osagai gisa hartzen bada.

Beraz, Administrazioak lanbide-sustapenerako bideak eta ibilbideak diseinatu beharko ditu, eta, behin aurretiaz pertsonalaren ordezkaritzarekin negoziatuta, sustapen-mekanismo horiek isla bideragarria izateko prestakuntza-programak zehaztu, finkatu eta sustatu beharko ditu.

Azkenik, Dekretu honen eranskinean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean barneratzen diren lanpostuak agertuko dira. Puntu honetan adierazi beharra dago, Arlo horien zehaztapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostuei buruzko Analisi Funtzionalen prozesuaren ondoriozkoa da, bost urte baino gehiagotan burutu dena, eta, ondorenez, ikerlan tekniko zabala eta xehea izango dute; horrek euskarri gisa balioko du nahiz hartutako erabakia modu objektiboan egiaztatuko du.

Aurrekoa kontuan hartuta, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren txostena ikusi ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko apirilaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Araudi hau Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen funtzionarioei soil-soilik ezarriko zaie, eta hortik kanpo geldituko dira hezkuntza administrazioko, Justizia Administrazioko, Osakidetzako eta Ertzaintzako funtzionarioak.

2. artikulua.– Arlo Funtzionalaren definizioa.

1.– Arlo Funtzionala Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko giza baliabideak antolatzeko tresna da, eta, ezagutza nahi trebetasun arruntak burutzen dituzten zereginak betetzeko lanpostuak elkartuko ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beraren erakunde autonomoen funtzio publikoa antolatzen duten Arlo Funtzionalak Dekretu honen eranskinean zehazten dira.

3. artikulua.– Harremanetarako Arloa.

1.– Lanpostu zehatz baten Harremanetarako Arlotzat hartuko da lanpostua zein Arlotakoa izan eta Arlo hori ez den beste edozein, bai eta horrekin zerikusia duen arloa ere, nahitaezko ezagutzen arabera.

2.– Horien definizioa eta lanpostuetarako atxikipen-prozesua Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko dira, pertsonalaren ordezkariekin negoziatu ondoren.

4. artikulua.– Arlo Funtzionalak eta Lanpostuak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko lanpostuak Dekretu honekin batera dagoen eranskinean jasotako Arlo Funtzionaletatik bakoitzean bilduko dira.

2.– Lanpostu bat Arlo Funtzional batera atxikitzeko prozesuak ondorengo pausuak bete beharko ditu:

a) Balioaniztasunaren zehaztapena, lanpostuen monografikoetan edota lanpostuak analizatzeko txostenetan jasotzen diren ezagutza eta trebetasun arruntak aztertzearen bidez.

b) Lanpostu bat Arlo Funtzional batera atxikitzea, betiere hori burutzeko nahitaezkoak diren ezagutzek eta trebetasun arruntek duten zerikusiaren arabera, bai eta lanpostuaren eta erakundeak dituen beste lanpostuen arteko prozesu arruntak ere.

3.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritza organo eskuduna izango da lanpostu bat Arlo Funtzional batera atxikitzeko prozedura aurrera eraman dezan.

5. artikulua.– Arlo Funtzionalak eta Lanpostuen Zerrendak.

Lanpostuen Zerrendak lanpostu bakoitza zein Arlo Funtzionalera atxiki eta berori jaso beharko du, bai eta, hala denean, Harremanetarako Arloa edo Arloak ere.

6. artikulua.– Arlo Funtzionalak eta Lanpostuen Hornidura.

1.– Arlo Funtzionalen xedea lanpostuen hornidurari buruzko sistema arrazionalizatzea da, eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak baloratzearen bidez, eta, hala denean, lanpostu ezberdinak burutzeko aurretiaz emandako prestakuntzaren bidez.

2.– Ondorio horretarako, Funtzio Publikoan eskumena duen sailak, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak hala proposatuta, lanbide-bideak edo -ibilbideak ezarriko ditu; horien bidez, funtzionario publikoen lanbideko aurreranzko bidea erakundean eragingarria egin ahal izango da.

3.– Halere, deialdiaren oinarriek Arlo Funtzionaletan nahiz Harremanetarako Arloetan emandako zerbitzuen denboragatiko merituen eskala jasoko dute, betiere Lanpostuen Zerrendetan eta, hala badagokio, lanbide-bideak edo ibilbideak arau litzaketen xedapen arautzaileetan ezarritakoari jarraituz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Lanpostuak Arlo Funtzional batera atxikitzea.

Lanpostuen Analisi Funtzionalen ondoriozko lanpostuak Dekretu honetako eranskinean ezarritako Arlo Funtzionaletatik batera egindako atxikipena, Lanpostuen Zerrendak onestearen bitartez gauzatuko da.

Bigarrena.– Lanbide-bide eta -ibilbideak ezartzeko hurrenkera.

Lanbide-ibilbideak ezartzen dituen xedapena, ibilbideon bidez funtzionario publikoek lanbidean aurrera egitea erraztuz, gehienez jota, hogeita lau hilabeteetan onartuko da, Lanpostuen Zerrenda argitaratzen denetik zenbatuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Dekretu honen aurka agertzen diren Eusko Jaurlaritzak onetsitako arau-izaera duten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arauak garatzeko gaikuntza.

Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen saileko titularra gaitu da Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren lege-xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko apirilaren 12an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

ERANSKINA
ARLO FUNTZIONALAK

A eta B Taldeen Arlo Funtzionalak:

A01 Kanpo-ekintza

Erabakiak kudeatu, eta kanpo-ekintzaren proiektuak aholkatu eta kontrolatzeko eginkizunak dituzten lanpostuak izango dira. Era berean barneratzen dira, orobat, laguntzak kudeatu, planak eratu eta programak koordinatzen dituzten lanpostuak, betiere Europar Batasunaren finantza-politikekin zerikusia izanik.

A02 Arlo juridikoa

Xedapen, errekurtso eta espediente zigortzaileen gaineko ikerlan-zereginak dituzten lanpostuak izango dira, bai eta erakundeen arteko harremanak eta egintza juridikoak ere, orokorrean. Kasu horretan barneratzen dira, berebat, Administrazioaren zuzeneko babes judiziala oinarri gisa duten lanpostuak, bai eta eskumenek eratorri duten aholkularitza juridikoa dutenak ere.

A03 Arreta Soziala, Lana eta Lan-antolamendua

Espedienteen programazioarekin, kudeaketarekin edota zuzeneko laguntzarekin zerikusia duten lanpostuak. Esku-hartzea ere barnean hartzen du, batez ere, emakumearen sektoreak dituen programen bidez, droga-mendekotasunen bidez, bai eta gizarte jardunaren eta gizarte-laneko boluntarioen bidez ere. Horrez gain, lana eragiten eta sustatzen dituzten lanpostuak, kooperatibak, eta jarduera horiekin zerikusia duten prestakuntza-programen planifikazioa eta betearazpena. Gainera, bitartekaritza, arbitrajea, hitzarmen kolektiboen erregistroa, gordailua eta izapidetza bezalako eginkizunak dituzten lanpostuak.

A04 Ekonomia eta Ogasuna

Aurrekontuen eratzea, jarraipena, analisia eta aldarazpenak bereganatzen dituzten lanpostuak barneratzen dira, ekonomia-txostenak, gastu eta sarreren espedienteen kudeaketa. Horrez gain, diruzaintzaren

eskuragarritasunak planifikatzeko eginkizunak dituzten lanpostuak ere badaude, bai eta kontuen kontrola eta gaikuntza, Eusko Jaurlaritzari eta horri lotuta dauden erakundeei dagozkien ekonomiaren eta finantzen kontrola, betiere aipatu kontrol-erregimena arautzen duen sektore-arauketaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren finantza-eragiketak planifikatzeko eginkizunak dituztenak, ekonomia sektore edo azpisektore ezberdinen proiektu makroekonomiakoak jarraitu eta aholkatzeko planak.

A05 Hezkuntza eta Zientzia

Hezkuntza-sisteman dauden espedienteen planifikazioa, programazioa, antolaketa, ikuskapena eta kudeaketa dakartzaten lanpostuak. Unibertsitateari buruzko planak kudeatzeko edota horien izapideak egiteko lanpostuak, bai eta Zientzia Politikan kudeatzen dituzten ikerlanak ere.

A06 Estatistika eta Prospekzioa

Estatistikako edo inferentziako izaera duten ikerketa-jarduerak burutzen dituzten lanpostuak barneratzen dira; horietan, estatistikaren nahiz zientzia-metodoaren ezagutzak dira garrantzitsuenak. Gainera, estatistikako jarduera publikoan planifikazioaren, zuzendaritzaren, koordinazioaren, hedapenaren eta sintesiaren zereginak dituzten lanpostuak ere barneratzen dira. Era berean, estatistikako jardueren diseinua eta garapena ditugu, bai eta Eusko Jaurlaritzarentzat interesa izan ditzaketen soziologia-prospekzioaren arloak ere.

A07 Administrazio kudeaketa

Arlo honetan administrazio orokorreko arazoen edo espedienteen kudeaketa, izapidetza, aholkularitza eta laguntza barneratzen dituzten lanpostuak sartzen dira. Administrazio orokortzat hartuko dira administrazio izaera duten gaiak, baina arlo zehatz baten xede esklusiboa izango ez direnak.

A08 Industria eta Energia

Aholkularitza, egintzei edo espedienteei buruzko epaiketa teknikoen txostena eta igorpena, baldin eta horiek energiari buruzko ekoizpenaren eta banaketaren gain eragina izanez gero. Meatzen ustiapenen emakidak, ikerketa, ustiapena eta itzulketara bideratutako ikerlanen planifikazioa eta eraketa eduki gisa duten lanpostuak barneratuko dira.

A09 Informatika eta Telekomunikazioak

Sistema informatikoaren planifikazioa, analisia, programazioa eta eragiketa burutzen dituzten lanpostuak, bai eta, orokorrean, komunikazio- eta telekomunikazio-sistemen planifikazioa, instalazioa, artapena eta ustiapena burutzen dituztenak ere.

A10 Ingurumena

Laborategietan analisiak, diseinua eta gainbegiratzea bezalako eginkizunak dituzten lanpostuak. Halaber, natura artatzeko arloan planifikazioaren eginkizunak dituzten lanpostuak sartzen dira, bai eta airearen, uren eta hondakinen kontrol-kalitaterako zaintze-, jarraitze-, kontrolatze- eta kudeatze-programak erabiltzen dituztenak ere. Gainera, ingurumenaren prebentziorako prozeduretan esku hartzen duten lanpostuak.

A11 Euskara

Hizkuntzaren planifikaziorako, euskararen planen kudeaketarako, eta hizkuntzaren normalizaziorako eginkizunak dituzten lanpostuak barneratzen dira. Itzulpenari buruzko eginkizunak dituzten lanpostuak eta Euskararen terminologiaren gaineko erantzukizunak hartzen dituztenak ere aintzat hartzen dira.

A12 Lurralde Antolamendua, Lanak eta Garraioak

Kasu horretan, proiektuen gainbegiratzea eta eratzea, arkitekturaren, etxebizitzaren eta hirigintzaren obren zuzendaritza eta kalitatearen kontrola bezalako eginkizunak dituzten lanpostuak barneratzen dira. Horrez gain, hirigintzan esku hartzeko proiektuen planifikazioa eta eraketa ere badaude. Bestalde, berebat, garraioaren antolamendua, ikuskapena eta garapena barneratzen dira. Era berean, proiektuen zuzendaritza, gainbegiratzea eta eraketa bezalako eginkizunak dituztenak ere aintzat hartzen dira, eta lana publikoen zuzendaritza eta segimendua: obra hidraulikoak eta errepideak.

A13 Antolaketa, Giza Baliabideak eta Zerbitzuaren Kalitatea

Beharrizanen planifikazioa, efektiboen antolaketa eta banaketa bezalako eginkizunak dituzten lanpostuak ditugu; hautaketan eta hobekuntzan parte hartzea, erakunde sindikalarekin dauden harremanak, arauzko jarduerak gauzatzea, eta administrazio-egoeren kudeaketa. Gisa berean, Zerbitzuaren Kalitatea hobetzeko planak, proiektuak eta ikerlanak burutzeko lanpostuak ere sartuko dira; Zerbitzuaren Kalitatearen definizioari begira, herritarrak Eusko Jaurlaritzarekin dituen zuzeneko harreman guztiak edo WEB bitartez sortutakoak izango dira.

A14 Kultura-ondarea, Prentsa eta Publizitatea

Ondare bibliografikoaren nahiz agiri-ondarearen ikerketa, babesa, artapena eta errestaurazioa burutzen dituzten lanpostuei dagozkie. Horrez gain, kultura-ondarearen barne dauden ondasunen ikerketa, babesa, artapena, errestaurazioa eta hedapena burutzen dituzten lanpostuak ditugu. Baita, agirien tratamendua, bilketa, argitalpenen kudeaketa, eskumenekin zerikusia duten jardueren zabaltzea bezalako eginkizunak dituztenak ere.

A15 Sanitatea eta Osasuna

Kasu horretan barneratzen diren lanpostuek honako eginkizun hauek dituzte: epidemiologian egindako ikerlana, planifikazio eta ebaluazio sanitarioa, planak eta programak eratu eta ebaluazio-txostenak sortu. Halaber, sistema sanitarioaren edo farmazia-sistemaren antolamendu edo kudeaketari buruzko eginkizunak dituzten lanpostuak. Osasunari buruzko arazoen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua burutzen dituzten medikuen lanpostuak ere badaude. Osasunaren babesera eta hobekuntzara bideratutako eginkizunak dituzten lanpostuak, ingurumen-sanitateko eginkizunekin batera, bai eta elikagaien kontrol eta ikuskapen sanitarioak ere. Azkenik, langileen babesari buruzko eginkizunak dituztenak, banakako eta taldeko izaera duten arriskuen aurrean.

A16 Ekoizpen-sektoreak eta Lehiakortasuna

Arlo horretan barneratutako lanpostuek eginkizun hauek dituzte: baliabideak, merkatuak, nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-antolamendua, bai eta horien industria-sustapena ere. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren gaineko ikerketa- eta esperimentazio-proiektuak, eta, sanitatea kontrolatzea, bai eta landare- nahiz abere-ekoizpena ere. Eginkizun tekniko-administratiboak dituzten lanpostuak, hala nola, turismoko jardueren antolamendua, sustapena eta ikuskapena, eta kontsumoko arauen aholkularitza nahiz txostena, betiere sustapenena gauzatutako jarduerak eta kontsumitzaile-elkarteekin izandako harremanak barne izanik. Baita, merkataritzaren antolamendurako, sustapenerako eta ikuskapenerako eginkizunak dituzten lanpostuak ere. Horrez gain, industriaren planifikazioa, ekoizpena eta birmoldaketa dakartzaten lanpostuak, teknologia-ikerketarekin eta garapenarekin zerikusia dituztenak. Era berean, industriari buruzko ekoizpen- eta sustapen-espedienteen izapidetza eta aholkularitza.

A17 Trafikoa eta Babes Zibila

Trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin zerikusia duten jardueren planifikazioa, izapidetza eta kudeaketa. Gisa bertsuan, Babes zibilean planak, ikerlanak eta aplikazioak kudeatzeko eginkizunak duten lanpostuak sartzen dira.

C, D eta E taldeen Arlo Funtzionalak:

C01 Administrazio Orokorra

Administrazio Orokorraren barne hartuko dira arlo zehatz baten xede esklusiboa ez diren administrazio izaera duten jarduerak, bai eta administrazio jarduerarentzat lagungarriak diren eskuzko zereginak ere. Gainera, beste lanpostu batzuk ere barneratzen dira: erreprografia eta ikus-entzunezko materialarekin zerikusia duten zereginak burutzen dituztenak; liburutegietan zeregin lagungarrien gaineko ardura dutenak, eta, materialen, instalazioen, eta produktu edota zerbitzuen artapenaz edo erosketaz arduratzen direnak.

C02 Herritarrekiko arreta

Bisitak aintzat hartu eta telefono deiekin batera helbideak eta hartzaileak bideratu behar ditu, kontrolatu, kontsultak koordinatu, informazio orokorra eman, agiriak eta inprimakiak eman eta kobratzea.

C03 Kontabilitatea

Zehapenen, isunen, ordaindugabeen eta premiamendu bideen administrazio-izapidetza bezalako zereginak dituzten lanpostuak barneratzen dira; horrez gain, administrazio izapidetza egingo da kontabilitatearen kudeaketari buruz, bai eta aurrekontuen kontrolari, betearazpenari, aldaketari buruz ere; finantza kontabilitatea eta fakturak, gastuak, sarrerak, aurrerapenak eta kredituak likidatzea.

C04 Informatika

Datuak, ikerlanak, txostenak, estatistikak eratu eta hornitzen dituzten lanpostuak barneratzen dituzte, informatikako sistemak eta aplikazioak iraunarazten dira, eta, informazio-sistemetan aplikazioak kudeatzen dituzte.

C05 Osasuna, Kontsumoa eta Ingurumena Ikuskatzea

Osasun Publikoan, Laneko Osasunean, Arrantza, Hazietako eta mintegi-landareak, Kontsumoa eta Merkataritza eta Turismoa ikuskapenak burutzeko lanpostuak barneratzen dira. Ikuskapeneko zeregin horrek barnean hartzen ditu bitartekaritzak, laginak hartu eta aztertzea nahiz ekipamenduen iraunaraztea.

C06 Obrak eta Instalazioak

Planoak, mapak eta agiriak eraikuntzan, lanetan eta instalazioetan burutzen dituzten lanpostuak barneratzen dira, bai eta neurketak egin eta lanen arloan planoak egiaztatzen dituztenak ere.

C07 Pertsonala

Eginkizun hauek dituzten lanpostuak hartzen ditu: pertsonalaren kontratazioa, txostenen eta estatistiken eratzea eta hornitzea, eta pertsonalaren arloan kontsultak aintzat hartzea; administrazio mailan izapidetza egitea, eta pertsonala, prestakuntza eta nominei buruzko arloan mota guztietako espedienteak kontrolatzea.


Azterketa dokumentala