Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2005eko apirilaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
2005

EBAZPENA, 2005eko otsailaren 24koa, Garapen Laguntzarako zuzendariarena, "Islam y Mujeres Africanas" proiektuari uko egiteko onarpena ematen duena. Bagabiltza Gizarte eta Kultura Elkarteak aurkeztu zuen proiektua, Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Fondoren konturako 1999ko deialdiaren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzeko den Lehendakariaren irailaren 17ko 19/2001 Dekretuak garapen-laguntzarako eskumena aitortzen dio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari.

Bestalde, ekainaren 2ko 238/1999 Dekretuak honela dio 32. artikuluko 1. idatz-zatian: proiektua gauzatzerakoan funtsezko eragina izan dezakeen edozein gorabehera gertatzen bada, horren berri emango dio berehala erakunde eskatzaileak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari, bereziki aldaketa horrek proiektua gauzatzean atzerapenak edo proiektuaren guztirako gastuetan aldaketak dakartzanean.

Aipatutako erakundeak, 2005eko otsailaren 23an, zati batean uko egiteko eskabidea egin zion, idazki baten bidez, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari. Bidalitako azken txostenean adierazten duenez, ezin du aurrekontuaren %100 behar bezala zuritu, burututako zenbait gastu-faktura ezin dituelako aurkeztu baliozkoak izateko ezinbesteko eskakizunak betetzen ez dituztelako. Beraz, proiektua erabat gauzatu bada ere, erakunde eskegileak uko egiten dio 747,37 euroko zenbatekoari, egin barik dagoen hirugarren ordainketari dagokiona, horretarako baliozko fakturarik aurkeztu ezin duelako.

Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak diru-laguntzaren onuradun den erakundeak eskatutako aldaketen aldeko irizpena eman du eta, horren ondorioz, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bagabiltza Gizarte eta Kultura Elkarteak "Islam y Mujeres Africanas" proiektuari uko egiteko aurkeztutako eskabidea onartzea. Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Fondoren konturako 1999ko deialdiaren barruan aurkeztu zen proiektua. Hirugarren ordainketa, beraz, ez da 1.069,93 eurokoa izango, 322,56 eurokoa baizik.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 24a.

Garapen Lankidetzarako zuzendaria,

IGOR IRIGOYEN FUENTES.


Azterketa dokumentala