Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2005eko apirilaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1837

AGINDUA, 2005eko apirilaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan Etengabeko Lanbide Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioan 2005erako barne hartutako ekintzetarako laguntzak emateko oinarri arauemaileak ezartzen dira.

1995eko irailaren 27an sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa. Aipatutako akordioaren xede lanean ari diren langileak dira eta Euskal Autonomia Erkidego osoko enpresak eta langileak barne hartzen ditu.

Akordioan egindako aurreikuspenak betearazteko sortu zen Hobetuz, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa; zentzu horretan, Hobetuzi dagokio lanean ari diren langileen etengabeko prestakuntzaz arduratzea, etengabeko prestakuntza kudeatzea eta antolatzea eta, oro har, enpresa, langile eta ikastetxeetan etengabeko lanbide-prestakuntzagatiko interesa piztea eta berau ahalik eta modu zabalenean eta eraginkorrenean garatzeko baldintzak eskaintzea.

Bestetik, 7/2001 Dekretuaren arabera, Lehendakariarena eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagozkio, besteak beste, langileek kualifikazioak bereganatzen edo areagotzen lagunduko duten funtzio guztiak.

Ondorioz, 222/2001 Dekretuari jarraituz, urriaren 16koa eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza sortu zen. Sailburuordetza horri esleitu zaizkion funtzioei dagokienez, 222/2001 Dekretuko 16.1-i) artikuluak ezartzen du Sailburuordetzari dagokiola Hobetuz-en, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, jarduera sustatzea eta Herri Administrazioen ordezkaritza zuzendu eta koordinatzea.

2005eko ekitaldian, aurrekoetan bezalaxe, Hobetuzen Patronatuaren baitan ez da akordiorik lortu Etengabeko Prestakuntzako prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzen deialdiei dagokienez.

Orain arte aipatutako guztia kontuan hartuta, Agindu honen xedea da 2005eko ekitaldian EAEn Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioan barne hartutako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko laguntzak emateko oinarri arauemaileak ezartzea.

Horrenbestez, arestian aipatu diren EAEko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta Hirualdeko Akordioa kontuan hartuta, eta 7/2001 Dekretua —Lehendakariak uztailaren 16an emandakoa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena—, eta 222/2001 Dekretua —urriaren 16koa eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena— kontuan hartuta, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren baliabide ekonomikoak erabiliz 2005ean Euskal Autonomia Erkidegoan Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioan barne hartutako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko beharrezko laguntza eta diru-laguntzak emateko oinarri arauemaileak ezartzea. Laguntzak eta diru-laguntzak enpresetan eta langileen banakako prestakuntzaren kasuan garatzen diren prestakuntza-ekintzetara zuzenduko dira.

2. artikulua.– Prestakuntza-ekintza finantzagarriak.

Jarraian zehaztu dira Agindu honen babespean diruz lagunduko diren jarduerak; horiek laguntzeko, haatik, Agindu honen 4. 5. eta 6. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko dira ezinbestean:

a) Prestakuntza premiak hautemateko azterlan eta analisiak

b) ELP planak (prestakuntza-ekintza estrategikoak) enpresetan

c) Langileen banakako prestakuntza

d) Lan-arriskuen prebentzioaren eta osasunaren arloko lantokietako ordezkarien prestakuntza-ekintzak

3. artikulua.– Ekintzak garatzeko baldintza orokorrak.

Agindu honen 2. artikuluan adierazi diren ekintzak garatzeko jarraian zehaztutako baldintzak bete beharko dira:

1.– Prestakuntza-premien azterketa.

Indarrean dagoen Lanbide arteko Akordioaren 4. artikuluan adierazi denari jarraituz, enpresen baitan etengabe eta sistematikoki egingo den prospekzio-jardueraren bitartez hautemandako premiei erantzungo die eskaini beharreko etengabeko lanbide-prestakuntzak.

2.– Enpresa Txikiak eta Ertainei arreta.

Indarrean dagoen Lanbide arteko Akordioaren 5. artikuluarekin bat etorriz (Enpresa Txikiak eta Ertainei arreta berezia), Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren garapena berbideratu beharko litzateke eta, xede horrekin, lehentasuna eman beharko litzaieke jarraian aipatutako enpresa-segmentuetan garatuko diren jarduerei:

a) Mikroenpresak eta Enpresa txikiak, 50 langile baino gutxiago dituztenak; kasu horretan berariazko programak abiaraziko dira.

b) 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak oro har.

3.– Prestakuntzaren kalitatea.

Etengabeko hobekuntza lortzeko ahaleginean, honako printzipio hauei jarraituko zaie prestakuntza kudeatzeko orduan:

a) Langile eta enpresen premien arabera diseinatuko da eta horien araberako edukiak eskainiko ditu.

b) Ikaskuntza-sistemak langile helduek osatutako taldera moldatuko dira.

c) Fase bakoitzerako ebaluazio-sistemak ekarriko ditu.

d) Helburu nagusia ikasitakoa lanpostuan erabiltzea eta baliagarri izatea da.

Eta hori guztia lortzeko, kalitatea ziurtatzeko sistemak, zentroak homologatzeko prozesuak eta emaitzak baieztatzeko eta etengabeko hobekuntza lortzeko prozedurak jarriko dira martxan.

4.– Eraginkortasuna eta kontrola.

Funts publikoen onuradun orori dagozkion baldintzak betetzeaz gain, eta Europako Gizarte Fondoaren kofinantzaketatik ondoriozko erkidegoko araudiak ezartzen dituenak betetzeaz gain, Etengabeko Lanbide Prestakuntzako azpisistemak Jarraipena eta Kontrola egiteko Etengabeko Plan bat eduki beharko du.

4. artikulua.– Prestakuntza-premiak aztertzeko eta hautemateko ekintzek bete beharreko berariazko baldintzak.

Prestakuntza-premiak aztertzeko eta hautemateko ekintzek 3. artikuluan adierazitako baldintzak bete behar dituzte, bai eta jarraian adierazitako guztiak ere:

1.– Enpresak eta/edo enpresa-taldeak.

Helburua da EAEko enpresei prestakuntza kudeatzeko eta antolatzeko bitartekoak eskaintzea; horretarako, enpresa bakoitzak, etorkizuneko proiektua ziurtatzeko, indartu beharreko ezagutza-arloak, gaitasunak eta jarrerak sistematikoki definituko eta deskribatuko dituzten lanabesak jarriko dira enpresen eskura, eta horien bitartez kudeatuko eta ebaluatuko du enpresa bakoitzak bere prestakuntza-plana.

Kapitulu honetan lehentasuna eman zaie aipatutako kudeaketa-lanabesak erabiltzeko aukera izan ez duten enpresei.

2.– Enpresa txikiak (ET) eta mikroenpresak.

Estrategia desberdinak diseinatu eta martxan jarriko dira, 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek parte hartzen duten Etengabeko Prestakuntza Ekintzei ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

5. artikulua.– Etengabeko Prestakuntza Planek (prestakuntza-ekintza estrategikoak) enpresetan bete beharreko berariazko baldintzak.

Enpresekin batera enpresaren beraren langileentzat sistematikoki antolatzen diren prestakuntza-planak antolatzen lagundu nahi da, eta prestakuntza-planen bitartez, enpresa-proiektua aurrera ateratzeko beharrezko ezagutza, trebetasun eta jarrerak sustatu eta bereganatzea lortu nahi da.

Programa horren baitako laguntzak esleitzeko, bestetik, honakoak kontuan hartuko diren irizpideak:

1.– Laguntzaren xede den planak barne hartzen dituen ekintzen kalitatea eta inpaktu estrategikoa.

2.– Enpresak Gizarte Segurantzari prestakuntzagatik ordaindutako kuoten zenbatekoa.

3.– Estatuko hobari-sistematik lortutako zenbatekoak.

4.– Enpresa eskatzailearen tamaina.

5.– Europar Batasunak ezarritako mugak.

6. artikulua.– Langileen banakako prestakuntzak bete beharreko berariazko baldintzak.

Lanbide-prestakuntza eskaintzeko gaitasuna duten eta homologatuak diren erakunde prestatzaileek egingo duten eskaintzaren bitartez, lanbide-prestakuntza lortzeko aukera desberdinak eskainiko zaizkio langileari.

Langileari aurkeztuko zaizkion prestakuntza-ekintzen bitartez helburu desberdinak bete nahi dira, besteak beste:

1.– Birziklapena, eguneratzea eta/edo espezializazioa.

Kasu honetan, bat etorriko dira egingo den eskaintza eta Hobetuzek aurretik definitutako lehentasunezko espezialitateen orientazioak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Kualifikazioen Sistemarekin erlazionatutako gaitasunen prestakuntza.

Kasu honetan, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak aurretik definituko eta onartuko du egingo den eskaintza eta Katalogo Modularrean barne hartuko da.

7. artikulua.– Etengabeko Lanbide Prestakuntzarako informazio-sistema.

Aurretik aipatu diren ekintzak eraginkorrak izatea nahi bada, ezinbestekoa izango da informazioa jasoko eta hedatuko duen sistema bat martxan jartzea; etengabe jaso eta hedatuko du informazioa sistema horrek eta modu errazean eta azkarrean erabiliko dute langileek eta enpresek (enpresa txikiek batik bat); amaitzeko, Hobetuzen ardura izango da aipatutako guztia lortzea.

Sistema horren bitartez informazioa/kontsulta egiteko aukera ahalbidetzeaz gain, Etengabeko Lanbide Prestakuntzaren azpisistema une bakoitzean osatzen duten programak eta ekimenak sustatzeko/koordinatzeko modua ahalbidetu nahi da.

8. artikulua.– Agindu hau garatzeko deialdiak eta baliabide ekonomikoak.

1.– 2. artikuluan aurreikusitako ekintzak garatzeko, Hobetuz-ek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, egingo ditu diru-laguntzen deialdiak. Deialdi bakoitzarekin batera, erakunde onuradunen izenak, eskaerek bete beharreko baldintzak eta horiek aurkezteko epea zehaztuko dira. Era berean, Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako ekintza-mota bakoitza finantzatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak, esleitzeko sistema eta esleipena egiteko erabiliko den irizpideen neurketa ere zehaztuko dira.

2.– Edozein modutan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak jarriko dituen baliabide ekonomikoak, Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko.

3.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako ekintza-mota bakoitza garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak deialdi bakoitzerako jarriko dituen baliabide ekonomikoak Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, eskutan utziko dira, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori kasu bakoitzeko deialdia argitaratu eta berehala egingo da.

Hobetuzek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsetik lortutakoak elkartuko ditu, beti ere kasuan kasuko berariazko araudiaren arabera.

4.– Aipatutako funtsen kontura finantzatuko dira Agindu honen babespean garatzen diren etengabeko prestakuntzako ekimenak, baldin eta horien finantzaketa Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, aurrean eskatu bada, Aginduan zehaztutako baldintzak betetzen badira eta, ahal bada, 2000-2006 Erkidegoko Laguntza Esparruan eta 3 Helburu Planean barne hartutako baldintzak eta lehentasunak betetzen badira. Azken horren arabera emango dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak eta 1999ko azaroaren 19an onartu zituen Europako Batzordeak.

5.– Aurreko ataletan adierazitakoaren kaltetan izan gabe, Agindu hau garatzeko erabiliko diren funtsen bitartez finantzatu ahal izango dira Lanbide arteko Akordioa sinatu duten erakundeek, Akordioaren 5.3. artikuluaren ondorioz, Hobetuzen esparruan garatzen dituzten jarduerak, eta baita, Hobetuz - Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren egitura teknikoak kudeatzeko eta ebaluatzeko egin beharreko gastuak eta inbertsioak ere, deialdi bakoitzean finkatu den gehienezko ehunekoan. Edozein modutan, azken kontzeptu horretarako aipatutako Fundazioak ekitaldi honetarako kudeatzen duen guztizko aurrekontuarekiko ehuneko 15a bermatuko da.

9. artikulua.– Erakunde lankide izendatzea.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginaren 52. artikuluaren arabera, Hobetuz da, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, Agindu honen 8.1 artikuluan aurreikusitako deialdietan arautzen diren laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko erakunde lankidea.

Aipatu den 52. artikuluaren arabera, Hobetuz-ek, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, Agindu honetan aipatu diren funtsak ematen dituen organoaren izenean eta horren kontura jardungo du, baina funtsa horiek ez dira Hobetuz-en ondarea handitzeko erabiliko.

10. artikulua.– Hobetuzen, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bategineko 52. artikuluaren arabera, honakoak Hobetuzi, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa, dagozkion betebeharrak:

1.– Funtsak amaierako onuradunen artean banatzea, Agindu honetan aurreikusitako Etengabeko Prestakuntzako programak garatzeko.

2.– Laguntzak eta Estatuko Eredua osagarri izateko beharrezko informazio erabilgarri edukitzea; xede horrekin, une bakoitzean behar diren mekanismoak erabiliko dira.

3.– Funtsak erabiliko diren ekintzak egin direla ziurtatzen duten agiriak eskatzea eta gordetzea.

4.– 2006ko urria baino lehen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurrean jasotako funtsak erabili direla justifikatzea; horretarako, amaierako onuradunak, emandako laguntzak eta egindako ordainketak zehaztuko dira, bai eta funts horiek erabiliz egin den etengabeko prestakuntzako jardueraren memoria orokorra osatuko duten bestelako datu kuantitatibo eta kualitatiboak ere.

5.– Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bitartez, eta Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako Gizarte Funtsak agintzen dituzten baieztapen-jarduerak onartzea.

6.– Onuradunei laguntzak itzultzeko eskatu beharko zaie, baldin eta Deialdi bakoitzean adierazitako baldintzak bete ez badira, eta deialdietan itzultzeak egiteko zehaztutako prozeduraren arabera egingo da.

11. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak jarritako baliabide ekonomikoen likidazioa.

1.– Deialdi bakoitzean arautuko diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta deialdi horietan aurreikusiko diren dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko fondoak hurrengo ekitaldirako funtsetan gaineratuko ditu Hobetuz - Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Dena den, aurretik Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari emango die horren berri.

2.– Agindu honen 10. artikuluko 4) idatz-zatian aurreikusten diren ondorioetarako, Hobetuz Fundazioak ekitaldi bakoitzean egiten dituen likidazioak edozein direla ere, Agindu honetan aipatzen diren fondo guztien amaierako likidazioa 2006. urtean egingo da. Hala, 2006ko ekitaldiko abenduaren 31 arte aplikatu gabeko finantzazio-soberakinik gertatuz gero, edo emandako diru-laguntzaren aplikazioa 2007ko ekainaren 30a baino lehen justifikatu ez bada, Hobetuz - Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak soberakin horiek itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusitako jarduerak eta 1046/2003 EDak definitzen duen esparrukoak batera gertatzen badira, kasuan kasuko jarduerei dagozkien dirulaguntzak arautzen dituzten xedapenetan jardueren arteko osagarritasuna ziurtatzeko formulak aurreikusiko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen badu ere, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik hilabete bateko epea utziko delarik; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan zuzenean aurkeztu ahal da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta horretarako bi hilabeteko epea utziko da, EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko apirilaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala