Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1740

EBAZPENA, 2005eko otsailaren 25ekoa, Kultura,Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Eibarko (Gipuzkoa) Kutunegieta Goengoa eta Kutunegieta Erdikoa baserriak, monumentu multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eibarko (Gipuzkoa) Kutunegieta Goengoa eta Kutunegieta Erdikoa baserriek daukaten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eibarko (Gipuzkoa) Kutunegieta Goengoa eta Kutunegieta Erdikoa baserriak, Monumentu Multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Eibarko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko otsailaren 25a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
Mugatzea

a) Mugatzearen deskribapena.

Mugatutako eremuaren barnean daude, alde batetik, Kutunegieta Goengoa baserria, bere alboan eta bereizita dagoen borda edo eranskina, Kutunegieta Erdikoa baserria eta inguruko espazioak. Horrenbestez, mugak honako hauek izango dira: Ipar-ekialdean, 30 m-ra dagoen zerrenda, Goengoa eta Erdikoa baserrien Ipar-ekialdeko fatxadekiko paraleloa; Iparraldean, Kutunegieta Goengoa baserriaren jabetzako bereizitako bordaren fatxadarekiko 20 m-ra dagoen lerro paraleloa; Mendebaldean, eranskin horrekiko 20 m-ra dagoen lerro paraleloa; Hego-mendebaldean, K. Goengoa eta K. Erdikoa fatxadekiko lerro paraleloa, 30 m-ra kokatua; Hego-ekialdean, Erdikoa baserriaren Ekialdeko ertzetik 15 metrora kokatutako lerro paraleloa.

b) Mugatzearen justifikazioa.

Proposatutako mugak, Kutunegieta Goengoa eta Kutunegieta Erdikoa baserrien eta lehenengoaren jabetzako borda-eranskinaren hurbileko ingurunea babesteko premiak justifikatzen ditu. Ingurunea derrigorrez mugatu behar da ondasuna behar bezala babestu eta baloratzeko. Horrenbestez, baserrien aldameneko espazioak babestu behar dira, euren berezko izaera gordetzeko. Horregatik, mugatze honen barnean, baserrien eraikinez gain, euren ingurua ere sartzen dugu.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Kutunegieta Goengoa baserria, Kutunegieta Erdikoarekin eta Kutunegieta Barrenengoarekin batera, Arrate landa-auzoaren hegoaldeko mendi-mazeletako aldapa handiko mendikate batean dago. Oinplano angeluzuzena du, fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta eta Hego-ekialdera orientatua dago. Bi isurkiko estalkia du. Eraikina txikia da, harri-hormez egina, eta kareharrizko harlanduzko eskantzuak ditu. Solairu bat eta ganbara ditu. Fatxada nagusiak lehen solairuan zurezko markoa duten bi sarrera eta hainbat materialez egindako bost leiho-bao asimetriko ditu. Hormapikoa irekita duen ganbarak, erdian pilare pendoloia du, eta aldeetan berriz, bi pilare simetriko. Elkarren arteko espazioa, XVI. mendeko zurezko leiho jaitsiek ixten dute. Leihoak fatxadako horman zabaltzen dira, eta leiho horien eta habe-euskarriaren arteko espazioa oholtzarekin itxita dago. Bizkarraren alboko espazioa irekita dago, bere Ekialdean dagoen hormapikoaren estalkipekoa bezala. Mendebaldean, harri-horma estalkiperaino heltzen da. Bertan leiho-bao bat dago. Fatxada nagusia zarpiatua eta zuritua dago. Harri-hormez egindako Ipar-ekialdeko fatxadak, Ekialdeko sektorean atxikitako eranskina du, leiho-bao txiki batekin. Harri-hormez ere egindako Hego-mendebaldeko fatxadak, leiho gisako bao txikiak ditu, harlanduzko lanez inguratuak; estalkipean berriz, bi leiho txiki eta estu daude. Atzealdean, aurrekoak baino altuago dauden bi leiho-bao ikus daitezke. Atzealdeko fatxada harri-hormez egina dago eta harlanduzko eskantzuak ditu. Fatxada horretan ate bat dago, dobela motzak eta erdi-puntuko arkua dituena, eta lastategira sartzeko harrizko arrapala agertzen dira.

Sarreran, kareharrizko harri zabalak daude. Hego-ekialdean sukaldea dago eta atzealdean, logelak. Ipar-ekialdean ukuilua; bertarako sarrera kanpotik dago. Sarreratik ganbarara igotzen da. Bertako angelu batean, oholtza-hormatalez itxitako logela zahar bat dago. Gainerako guztia lastategia da. Aurrealdea, haritzezko osoko hiru pilarek eusten dute, eta atzealdea, beranduago egin zituzten pieza bakarreko bederatzi pilarek. Ipar-mendebaldeko fatxadan, atxikita, ganbara horretara sartzeko arrapala dago. Hau ez da monumentuaren barnean sartzen.

Ipar-mendebalderantz, baserriaren eraikinetik hurbil, eta bere jabetzakoa dena ere, ia oinplano karratua duen XVII. mendeko borda dago. Harri-horma perimetralez egina dago, eta beheko solairuaren gainean dagoen ganbara txikiraino heltzen da. Ganbara, harri-hormaren gainean, zurezko lau zutabek eusten dute, eta perimetro osoan oholtzak estaltzen du. Barrualdean eta erdialdean, atxikitako eraikin txiki honek, harrizko zapataren gainean altxatzen den zurezko zutabea du. Lurzoruan, kareharrizko lauzak daude.

Kutunegieta Goengoaren Hego-ekialdean Kutunegieta Erdikoa dago. Oinplano angeluzuzena du, eta Hego-ekialdera orientatua dago, fatxada nagusiarekiko bizkar elkarzuta duela. Bi isurkiko estalkia du. Harri-hormez eraikita dago eta harlanduzko eskantzuak ditu. Bi solairu eta ganbara txikia ditu. Fatxada nagusiak beheko solairuan zurez inguratutako bi sarrera eta neurri diferenteko beste bi leiho-bao ditu. Lehen solairuan hiru leiho-bao eta balkoi sinple bat ditu. Hormapikoaren azpian bi leiho-bao berdin daude. Fatxada luzitua dago, eta bao guztiak markoztatuak eta kareztatuak ditu. Ipar-ekialdeko eta Hego-mendebaldeko fatxadek eranskin itsatsiak dituzte. Atzealdeko fatxadak, eraikinaren barrualdetik bakarrik ikus daitekeen erdi-puntuko leiho gotiko baten baoa estaltzen duen eranskina du atxikita.

Barrura, sarreratik sartzen da. Ipar-ekialdeko zonan sukaldea eta gaur egun bizitza egiten duten gelak daude. Hego-mendebaldean ukuilua dago. Bertara ere kaletik sartzen da. Sarreratik ere lehen solairura igotzen gara. Solairu honen aurrealdean logelak daude. Logela hauen sabaiaren gainean ganbara dago. Atzealdea lastategia da. Bertarako sarrera, baserriaren atzealdean dago. Eraikinaren egitura, haritzezko pieza bakarreko sei ardatz-pilarek eusten dute. Ipar-ekialdeko eta Hego-mendebaldeko fatxadetan eta Ipar-mendebaldeko fatxadaren atzealdean dauden eranskinak monumentutik kanpo geratzen dira.


Azterketa dokumentala