Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2005eko apirilaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1733

EBAZPENA, 2004ko irailaren 14koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, SD3-00214/00 espedientean Fernando Amiano Barcina jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– 2000ko urtarrilaren 19an Fernando Amiano Barcina jaunak etxebizitza eskatzaileen erregistroan sartzeko egindako inskripzio-eskabidearekin batera hasi ziren jarduera hauek.

2.– 2003ko abenduaren 5eko Ebazpenaren bidez, egun horretatik bertatik iragarki taulan agerian egon zena, Fernando Amiano Barcina jaunari 2002. urteko PFEZaren aitorpena aurkezteko eskatu zitzaion edo, hori aurkeztera behartuta ez bazegoen, lan-bizitzaren txostena eta, hala bazegokion, jasotako diru-sarreren kreditazioa.

3.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak 2004ko apirilaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez baja eman zitzaion babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan, diru-sarrerarik kreditatu ez zuelako.

4.– Fernando Amiano Barcina jaunak, 2004ko uztailaren 9an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka, berarekin bat ez baitzetorren. Errekurtsoarekin batera 2002. urtean jasotako diru-sarreren kreditazioa aurkeztu eta babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko eskaera egin zuen.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan.

2.– Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatu du, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandakoaren ondorioetarako, eta errekurtsoa lege horren 114. eta 115. artikuluetan finkatutako epean eta moduan aurkeztu du. Artikulu horiek urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zituen.

3.– 2003ko abenduaren 16ko Aginduaren 10. artikuluaren bidez babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 12.3 artikulua aldatu zen, eta artikulu hori honela geratu zen idatzita:

"Era berean, Agindu honetako 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaera guztiei baja emango zaie erregistroan, salbuespen batekin: babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko eskatzen dituzten gutxieneko sarrerak egiaztatzen ez dituzten eskatzaileena."

Halaber, aipatutako 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 2.2 artikulua ere aldatu egin zuen 2003ko abenduaren 16ko Aginduak, eta beste baldintza batzuen artean honakoa jarri zien bizikidetza-unitateen edo pertsona fisikoen eskabideei etxebizitzen eskatzaileen erregistroan alta emateko: babes ofizialeko etxebizitzei buruzko arau orokorrek babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko eta gehienezko diru-kopuruen arteko sarrerak dituztela egiaztatzea.

Eskuartean dugun honetan, eta administrazio-espedientean jasotako agiriak aztertu ostean, errekurtsogileak 2003ko azaroaren 18an, hau da, diru-sarrerak kreditatzeko Taularen bidez egindako errekerimendua egin baino lehen, diru-sarrerak kreditatzeko agiriak aurkeztu zituen. Agiri horietan agertzen denez, 2002ko urtean 13.989,08 euroko diru-sarrerak jaso zituen. Beraz, 2002ko urteko diru-sarrerak garaiz eta behar bezala kreditatu dituenez eta diru-sarrerak legez finkatutako baremoaren barruan daudenez, onetsi egin behar da aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta oro har aplikagarriak diren gainontzekoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Gipuzkoako lurralde-ordezkariak SD3-00214/00 espedientean emandako ebazpenaren aurka Fernando Amiano Barcina jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baiestea. Lurralde Ordezkaritzak, beraz, babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan alta eman beharko dio berriz erregistroan sartzeko eskabideari.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Horretarako epea ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko irailaren 14a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala