Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2005eko martxoaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1487

AGINDUA, 2005eko martxoaren 14koa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, industria-aurriak eraisteko egitasmoak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuan ohartemandako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea eta lekua finkatzen dituena.

Industria-aurriak eraisteko egitasmoak idazteko edota burutzeko dirulaguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuak bere 1.4 artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko aldian-aldiko deialdiak Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren aginduz egingo dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 28ko 10/2004 Legean, 2005. ekitaldirako kreditu bat gaitu da helburu horretarako.

Ondorioz, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da. Dekretu horretan industria-aurriak eraisteko egitasmoak idazteko eta/edo burutzeko dirulaguntzak arautu ziren.

Aipatutako laguntzetarako 1.411.600 euro izango dira. Horietatik, 461.600 euro 2005. urterako izango dira eta 950.000 euro 2006. urterako.

2. artikulua.– Eskabideak Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira, Donostia 1, Lakua 2, 2. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz, eta Lurralde Antolamendurako zuzendariari zuzenduko zaizkio.

Eskabideekin batera, 75/1998 Dekretuaren 4. artikuluan jasotako agiri guztiak, grafikoak zein idatziak, bidali behar dira. Eskabideren batek ezinbesteko agiriren bat falta badu, interesdunari adieraziko zaio hamar eguneko epean agiri horiek aurkez ditzan, eta azaldu egingo zaio horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela; horretarako, organo eskudunak, aurretiaz, deialdiaren ebazpena eman beharko du, eta bertan jaso azalpen horiek guztiak.

3. artikulua.– Dekretu horretan araututako prozeduraren gehienezko iraupena sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, interesdunei ez bazaie beren eskarien esanbidezko ebazpenik jakinarazi, eskariok ezetsitzat jo ahal izango dira, hala ezartzen baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan, lege hori aldatzen duen 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.

Ebazpenean berariaz jaso beharko dira ebazpenaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunak betekizunak bete dituela egiaztatzeko modua. Horietaz gain, ebazpenaren aurka zein errekurtso-mota jarri ahal den adierazi beharko da, zein administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaion eta zenbateko epea dagoen hori egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1. artikuluan guztira izendatutako diru zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen kopuru osoa kontuan izanda, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak bere aurrekontua gauzatu ondoren dituen aurrekontuko diru-baliabideen arabera eta horien ebazpena eman aurretik. Egoera horren berri Lurralde Antolamendu eta Biodibertsitate sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean eragina izango du agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 14a.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala