Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2005eko martxoaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
1485

ERABAKIA, Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2005eko martxoaren 4an egindako bileran hartutakoa; honen bitartez, tokiko korporazioei 2005. urtean laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak titularitate publikoko baliabide-dotazioa izan behar du, osasun-arloko beharrizanei egokituta, eta baliabide horiek zentzuz eta eraz erabiltzea, horixe izango da planifikatzerakoan aintzat hartuko den irizpidea. Horrela izan dadin bermatuko da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera.

Jakina denez, osasun-arloan zerbitzu egokiak emateko, beharrezkoa da leku eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea, eta baldintza horri lotuta dago estu-estuan zerbitzuaren kalitatea. Egiaztatu denez, askotan, lokalak eta ekipamenduak ez zaizkie ondo egokitzen gaur egungo beharrizanei, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobetu daitezen, laguntza-programa egin da, eta laguntzak emateko modua arautu.

Ildo horretatik, Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuak, herritarrek osasun-arloan dituzten beharrizanei osasun-zerbitzu egokiekin erantzun nahian, eta helburu hori behar bezala betetzearren, osasun-zerbitzuak hobetzeko sustapen-lan hori hartu du bere gain, eta oraingoan ere zeregin horretan dihardu, helburu horrekin egin baitu tokiko korporazioei laguntzak emateko urteroko deialdi hau.

Horrenbestez, Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak ondorengo erabaki hau hartu du, batetik, azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak onartutako erakunde publikoaren estatutu sozialetan Administrazio Kontseilu honi ematen zaizkion eskumenak erabilita, eta, bestetik, honako xedapen hauek oinarri hartuta: ekainaren 19ko 7/1997 Legearen laugarren azken xedapena, eta, laguntzak eta diru-laguntzak arautzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako De-

kretuaren VI. Tituluan xedatutakoak.

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Tokiko korporazioei 2005. urtean diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 4a.

Administrazio Kontseiluko burua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

1.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei laguntzak esleitzerakoan nola jokatu zehaztu, eta oinarri arauemaile horiek ezartzea, horixe da deialdi honen xedea. Laguntza horiek betiere helburu izango dute osasun-zentroak eta horiei lotutako mediku-kontsultategiak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, oin berriko obrak egitea, horiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.

2.– Finantzaketa.

Deialdi honetako laguntzak ordaintzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: "Beste batzuei emandako kapital-laguntzak, 65310000 zenbakia".

Programak guztira erabilgarri izango duen kopurua: 600.000, 00 euro.

3.– Onuradunak.

Funts publikoak norentzat, horiexentzat dira laguntza hauek ere; beraz, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Korporazioak izan litezke onuradun, baldin osasun-zentroetan edo mediku-kontsultetan altzariak erosi, edo obrak zein proiektuak egiten hasten badira 2005ean (edo lehenago hasitakoekin jarraitzen badute).

Laguntza-eskaera egin duenak baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko, aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkeztu beharko du eskabideak egiteko dagoen epe horretan bertan.

4.– Diruz lagun litezkeen gastuak.

4.1.– Diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:

– Proiektuak idatzi.

– Oin berriko obrak.

– Handitze-lanak.

– Eraberritze-lanak.

– Osasun-zentroa konpontzeko eta zaintzeko lanak.

– Altzariak erostea.

Proiektu eta obra horien xede, betiere, diru-laguntza jaso duen tokiko korporazioak titular modura jabetzan dituen orubeak, eraikinak eta lokalak izango dira.

4.2.– Hala dagokionean, egin beharreko inbertsioaren kopuru osoa ere har lezake diru-laguntzetako bakoitzak.

5.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1.– Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, honako erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.2.– Eskabideak Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzenduta aurkeztu behar dira (Araba kalea 45, 01006 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz).

Horretaz gain, eskabideak eta agiriak aurkezteko beste leku eta modu batzuk ere badira, betiere, oinarri izanik azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikulua eta hori aldatu zuen 4/1999 Legea (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

5.3.– Eskabidea egiteko dokumentuan ondo jasota egongo dira 1.1 eranskinean agertzen diren datu guztiak, eta horri erantsita aurkeztuko dira 1.2 eranskinean eskatutako agiriak.

5.4.– Eskabidea jasotakoan ikusten bada akatsen bat edo okerren bat dagoela bertan, horren berri emango zaio eskabidea egin duenari, hamar eguneko epea emanda dena delako akatsa edo okerra zuzen dezan. Epe hori amaituta okerra edo akatsa zuzendu ez bada, eskabidea artxibatu egingo da bestelako tramiterik egin gabe.

6.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa baloratzea.

6.1.– Eskabideak baloratzeko orduan, batzordea izendatuko da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusiak hartarako emandako ebazpen batez izendatutako batzorde batek balioetsiko ditu eskabidea. Ebazpen hori EHAAn.

6.2.– Ondoren azalduta datozen irizpide hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balioespen-lan hori:

a) Begiratu behar da ea zenbateraino laguntzen den edo arintzen den Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-arloan lehen mailako arreta ezartzeko prozesua; horretarako, kontuan hartu behar da ea zer-nolako lehentasunak dauden lehen mailako arreta eskaintzeko ekipoak martxan jartzeko orduan.

b) Begiratu behar da ea arrazoizko bestelako aukerarik ba ote dagoen eskatu den hobekuntza hori finantzatzeko.

c) Aintzat hartuko dira tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden, esaterako, kontuan izan behar da konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen.

6.3.– Erabaki honetan azaldutako baldintza guztiak beteta ere, horrek ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.

6.4.– Gain-finantzaketa gertatzen bada, bateraezina izango da laguntza hauetakoren bat jaso, eta, xede eta kontzeptu berberetarako, beste edozein eratako beste bat hartzea.

Kofinantzaketarik izan ezkero, helburu bererako guztira hartutako laguntza guztien diru-kopuru osoa handiagoa denean kostu osoa bera baino, erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da, kostutik gora zenbat, horrenbeste.

6.5.– Batzordearen balioespenean argibideok agertuko dira:

a) onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak ere bertan zehaztuko dira.

b) diru-laguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.

7.– Ebazpena.

7.1.– Balioespena aztertu ondoren, Administrazio Kontseiluak eskuordetza emanda Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balorazio Batzordearen proposamenean oinarrituz; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den Tokiko Korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta agiri hori behar bezala beteta itzuli behar da hamabost eguneko epean, agiria jasotzen denetik kontatzen hasita.

Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, erabaki honen 7.2 puntuan ezarritakoari jarraituz.

7.2.– Balioespenean kontuan hartutako baldintzetakoren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere moldatu egin ahal izango da horren arabera.

Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio, edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri.

Era berean, xede bererako beste laguntzaren bat ere lortuz gero, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion kitapen-ebazpena emango du esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko; egoera horretan, aldez aurretik ordainketarik egin bada, onuradunak itzuli egin beharko du zegokionetik gora jasotako kopurua.

7.3.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria–Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

7.4.– 2005eko abenduaren 31 baino lehenago esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago, 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari esanbidez ebatzi behar duela ere agintzen diola.

8.– Esleitutako diru-laguntzak ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren; ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez erakutsi beharko du laguntzaren helburua bete dela, eta dirua zertarako eman, horretarakoxe erabili dela; horretarako, onuradunak kasuan-kasuan dagokion jatorrizko dokumentazioa aurkeztu behar du: proiektua idazteagatiko ordain-sariak, obra-ziurtapenak (arkitekto-zuzendariak baloratu eta sinatutakoak), edo ondasun higiezinak eskuratu direla egiaztatzen duten fakturak, baita ordainketa onartzen duen erabakia edo dekretua ere (udalbatzarena zein gobernu-batzordearena edo alkatetzarena).

Ordainketa egiteko dokumentazioa aurkezteko epean 2006ko abenduaren 31n bukatuko da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzeratu egin liteke, baldin onuradunak, gehienez epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eskaera egiten badu, horretarako nahikoa arrazoi baduela modu egokian erakutsita.

Goian esandakoa horrela izanda ere, laguntza dela-eta egiaztagiriak aurkeztutakoan ere egin litezke konturako abonuak. Konturako abonu horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako jardunak burutu ahala ordainduz joango dira, aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.

Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke; alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantzaketa hori beharrezkoa bada diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko.

9.– Onuradunen betebeharrak.

9.1.– Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Onuradun izan nahi duenak diru-laguntza jaso ahal izateko egoeran egon behar du.

b) Diru-laguntza emango duen erakundean onuradunak egiaztatu behar du laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, eta bai egin beharreko jarduna egin duela ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren lana betetzeko onuradunari eskatutako informazio guztia helaraz diezaiela, deialdi honi lotutako diru-laguntzak direla-eta galdatutako gauza guztietan.

d) Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar du onuradunak. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez moldatzea edo aldatzea.

9.2.– Onuradunak bere-beregi hartu behar ditu konpromiso hauek:

a) Esleitu zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.

b) Laguntza zertarako eman zaion, horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.

c) Proiektuak idazterakoan eta obrak egiterakoan, estu-estuan errespetatu behar da legeak ezarritakoa honako hau oinarri dela: Eusko Jaurlaritzako urriaren 11ko 396/1994 Dekretua, osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa (1994ko urriaren 28ko EHAA, 206. zenbakia).

d) Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.

e) Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu onuradunak.

f) Era berean, diru-laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen ari direla egiaztatzeko, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren iritziz, beharrezko diren gainbegirapen, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar dira.

10.– Diru-laguntza itzularaztea.

Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:

a) Egiaztagiriekin justifikatu behar duena justifikatzen ez badu.

b) Onuradunak laguntza jasotzen badu, horretarako bete beharreko baldintzak bete gabe.

c) Laguntzaren helbururako gabe, beste zerbaiterako erabiltzen badu.

d) Laguntza jaso duela-eta ezarri zaizkion betekizunak betetzen ez baditu.

e) Onuradunak ezarri zaizkion kontrol-jardunei ezezkoa

ematea edo traba egitea.

f) Laguntza hauekin batera beste batzuk ere jasotzea, eta gain-finantzaketa gertatzea.

11.– Araubide juridikoa.

Prozeduraren inguruan oinarri-arau hauetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, 4/1999 Legean ezarritakoa beteko da, lege horrek moldatu baitzuen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, alegia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

1.1 ERANSKINA
(ESKAERA EREDUA)

(Hemen jaso beharreko datuak):

Tokiko korporazioa 	

Kontsultategia edo osasun zentroa 	(herria).

Osasun-zentroaren edo z. medikoaren helbidea 			

Osasun-eskualdea 	

Deialdia 	

Laguntza eskatzeko arrazoia: 	

(Proiektua idaztea, oin berriko obrak egitea, osasun-zentroa handitzea, eraberritzea edo konpontzea).			

Inbertsioaren kopurua, guztira:	

Lanak hartuko duen azalera: 	

Goian adierazitako Udalbatzak, deialdiari jarraituz:

HONAKO HAU ESKATZEN DU:

Gorago adierazitako inbertsioak ekarri dituen gastuei aurre egitearren, _________________euro-ko diru-kopurua eman diezaiotela; honako dokumentazio hau ere aurkeztu da eskaerari erantsita:

(zehaztu zein dokumentazio aurkeztu den, deialdi honetako 1.2 eranskinean eskatutakoari jarraituz).

Data

(Alkatearen sinadura)

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZUZENDARI NAGUSI JAUNA.

1.2 ERANSKINA

(Aurkeztu beharreko dokumentazioa):

Kontsultategi berria eraikitzekotan, proiektua idatzi behar denean, honako hauek aurkeztu behar dira:

Diru-laguntza emateko:	

–	Kokapen-planoa, eraikina non egingo den zehaztuta.	

–	Plan Funtzionala, dagokion Osasun Eskualdeko arduradunek egina.	

–	Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik dagoenean.	

Ordainketa justifikatzeko:	

–	Proiektua, dokumentazio grafikoan eta informatizatua.	

Osasun-zentro edo zentro mediko berria eraiki edo gaitzeko, edo oin berriko obrak egiteko, hauek aurkeztu behar dira:

–	Aurreproiektua edo burutzapen-proiektua, onartua izan dadin, eta	

–	Plan Funtzionala, dagokion osasun eskualdeko arduradunek egina.	

Egungo osasun-zentroa edo zentro medikoa handitzeko edo eraberritzeko denean, hauek aurkeztu:

–	Egungo egoeraren planoa.	

–	Eraberritzeko proposamen-planoa.

(Kasu batean zein bestean irigarritasun-arauak eta oztopo arkitektonikoak kentzeko arauak bete beharko dira).

Osasun-zentroa mantentzeko konponketa-lanak egin nahi direnean, honako hauek erantsi:

–	Egungo egoeraren planoa.	

Laguntza altzariak erosteko denean, hauek aurkeztu:

–	Kontsultategiaren/osasun zentroaren planoa.	

–	Erosi nahi diren altzarien aurrekontua, zehaztua.	

Kasu guztietan aurkeztu behar dira honako agiri hauek:

5.a.–	Laguntzaren xedearen edo xedeen gaineko esplikazio-txostena.	

5 b.–	Aurrekontu zehaztua.

(Burutzapen-proiektua aurkezten bada, a) eta b) idatz-zatietako agiriak erantsi beharko zaizkio.	

5 c.–	Udalerrian dituen baliabide sanitarioen gaineko txostena (pertsonal sanitarioa).	

5 d.–	Inbertsio osoari dagkiona edo tokiko korporazioak beteko duen partea zehazten duen agiria.	

5 e.–	Beste entitate bati laguntza eskatu zaion ala ez egiaztatzen duen agiria.

Geroztik xede bererako beste laguntzarik ematen da jakinarazi egin beharko da derrigorrez.	

Orube, eraikin edo lokalaren gaineko korporazioaren titularitatea egiaztatzen duen agiria, behar bezala konpultsatua.


Azterketa dokumentala