Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2005eko martxoaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1479

EBAZPENA, 2005eko martxoaren 4koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena; honen bidez, merkataritza-ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programan ezarritako diru-laguntzak 2005eko ekitaldian emateko deialdia jakinarazten da jendaurrean.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen dituen diru-laguntzen nondik-norakoak ezartzen dira, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresek merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko inbertsio-proiektuak gara ditzaten.

Aipatu diru-laguntzak emateko kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2005erako finkatutako aurrekontu partidetan jasotzen dira; izan ere, ekitaldi honetarako abenduaren 28ko 10/2004 Legean finkatzen da horien araupetzea.

Aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko 2005eko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 7. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko maiatzaren 8an emandako Aginduaren bitartez arautu zen merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programa, eta, hain zuzen ere, 2005eko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

Helburu hori betetze aldera, 1.100.000,00 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2005eko ekitaldirako eta arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Deialdi honi lotuta, gehienez jota eta guztira emango den diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori ahitutakoan, ezin izango da diru- laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduan (2003ko ekainaren 9ko EHAA, 112. zk.) iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 2. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatu beharko dituzte.

Aipatutako aginduaren 2. artikuluak aurreikusten du laguntza horiek jaso ahalko dituztela enpresa ertain eta txikiek, baldin eta bertan jasotako betekizunak betetzen badituzte, apirilaren 3ko 1996/28/CE Gomendioan (edo hura ordezkatu nahiz aldatzen dutenetan) enpresa ertain eta txikien definizioaz xedatutakoaren arabera ulertuta.

2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, gomendio horren ordez maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioa eman da; ondorioz, enpresa ertain eta txikiek horrelakotzat jo ahal izateko bete behar dituzten betekizunak azken gomendio horretan finkatzen direnak izango dira.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetakoren batean aurkeztuko dira, aurkeztutako proiektua nongoa den, horko lurralde-bulegoan; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan ere aurkez daitezke agiriok.

Eskabidea eta inprimakiak betetzeko ereduak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo, bestela, interneteko helbide honetan ere bai: www.eragintza.net.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, bukatu, horretarako izendatutako kreditua ordurako ahitzen ez bada behintzat, 2005eko urriaren 3an bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Honako deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 4a.

Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala