Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2005eko martxoaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1307

AGINDUA, 2005eko martxoaren 2koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, boluntarioen asegurua finantzatzeko asmoz boluntarioak dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan arituta Euskal Autonomia Erkidegoan boluntariotza sustatzeko laguntzak arautzen dituena.

Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak boluntarioek gure Erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du eta euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartearen eraikuntzan parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa zehazten du.

Pertsona fisikoen parte-hartzea –eskuzabala eta solidarioa– irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez antolatzen da nahitaez, bai eta programa edo proiektu zehatz batzuei jarraiki ere. Programa edo proiektu hauetan Legeak interes orokorreko gisa definitzen dituen jarduerak garatzen dira, hau da, gizartearen edo pertsonaren aldeko konpromiso bat dakartenak eta ondoko esparruetan egiten direnak: gizartea, komunitatea, hiria, kultura, garapenerako lankidetza, ingurumenaren babesa edo antzeko beste edozein.

Boluntarioei buruzko euskal Legeak, bere III. tituluan (“Administrazioaren eta boluntarioak dituzten erakundeen arteko harremanak“), Eusko Jaurlaritzak boluntariotzaren arloan dituen eskumenak gizarte-ongizatearen arloko eskumenak dituen Sailari esleitzen dizkio eta, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuaren 13 eta 14. artikuluetan horri buruz xedatutakoaren arabera, eskumen horiek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sail honi dagozkio.

Horrez gain, III. titulu horretan bertan boluntarioak dituzten erakundeek (beren forma juridikoa edozein izanik ere) osatuko duten Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra sortuko dela aipatzen da. Erakunde horiek legeen arabera eratuta egongo dira, nortasun juridiko propioa izango dute, irabazi asmorik gabekoak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko fundazio eta elkarteen erregistroetan behar bezala erregistratuta egongo dira eta arestian definitutako interes orokorreko jardueren esparruan programak edo proiektuak garatuko dituzte.

Boluntariotzak pertsona baten –boluntarioaren– eta honek zerbitzuak eskaintzen ditueneko erakundearen arteko harremana dakar berez. Era berean, harreman horrek elkarrekiko betebehar eta eskubide batzuk sortzen ditu eta, horien artean, boluntarioek beren erakundetik boluntario gisa jardutean hirugarrenei eragin diezazkieketen kalte-galeretarako aseguru baten estaldura jasotzeko duten eskubidea azpimarratu behar da.

Eskubide hau Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta Boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuaren 5. artikuluan (“Aseguru-poliza“) garatuta dago eta, bertan finkatutakoaren arabera, horretarako harpidetutako erantzukizun zibileko polizak 50 milioi pezetako (300.506,05 euroko) gutxieneko kapital aseguratua barne hartuko du. Erakundeek, halaber, boluntarioei beren jardunean jasandako istripuen ondoriozko osasun-laguntza, heriotza eta ezintasunaren estaldura bermatuko dien aseguru-poliza bat harpidetu beharko dute.

Boluntarioei buruzko euskal legearen xedapen iragankor bakarrak erakundeak bertan aurreikusitakoari egokitu beharko zaizkiola ezartzen du eta boluntarioak aseguratzeko legez ezarritako baldintza horrek ahalegin ekonomiko eta administratibo gehigarria dakar. Ahalegin horrek boluntarioak dituzten euskal erakundeen boluntario-jarduera baldintzatu dezake, bai boluntarioak aseguratzeko betebeharra betetzeko (boluntario-kopuruaren gehikuntza mugatzen du), bai Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzeko. Izan ere, beste hainbat dokumenturen artean, aseguru-polizaren kopia eskatzen da eta, honekin batera, aribideko urterako indarrean dagoen aseguru-prima ordaindu izana egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiriaren kopia eta aseguratutako pertsonen zerrenda.

Hori guztia dela eta, Administrazioen eta erakundeen arteko harremanen oinarri izango diren lankidetza, osagarritasun eta parte-hartze printzipioak kontuan hartuta, 17/1998 Legearen sustapen-neurri orokorrei buruzko 12. artikuluko c) letran xedatutakoari jarraiki eta oro har boluntariotza antolatua sustatzera bideratutako neurri zehatzak bultzatzeko asmoz (boluntariotza transformatzaileak laguntza-arlokoaren aldean lehentasuna izanik), Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, Agindu honen bitartez, boluntarioak dituzten erakundeentzako laguntza bat ezartzeko asmoa du boluntarioen aseguruak finantzatzen laguntzeko eta Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzea erraztu eta bultzatzeko.

Diru-laguntzak arautzen dituen Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritakoari (diru-laguntza bat arautzeko edozein arauk izan beharreko gutxieneko edukiari dagokionez) eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen arautzeari dagokionez sartutako berritasunei egokitzen zaie.

Horren indarrez, behin Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak beharrezko aldeko irizpena emanez gero,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea boluntariotza antolatuaren ekintza sustatu eta erraztea eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan boluntarioak dituzten erakundeei diru-laguntzak ematea da. Diru-laguntza horiek boluntarioen aseguruak finantzatzen laguntzeko erabiliko dira eta, horrela, erakundeak Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzea bultzatuko da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Helburu horretarako 55.000 euro bideratuko dira gehienez ere, eta kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren 2005erako Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik lortuko dira.

Deialdi honen kargura eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu artikulu honetan esleitutako zenbatekoa edo zenbateko hori indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruzko erregimenari jarraiki eguneratzearen emaitzazkoa. Zirkunstantzia hori argitara emango da Gizarte Gaietako sailburuordearen ebazpen bidez.

2.– Laguntzak Agindu honen 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki emango dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ondoko baldintzak betetzen dituzten erakundeek lortu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek:

a) Boluntarioak izatea (forma juridikoa edozein izanik ere), legeen arabera eratuta eta nortasun juridiko propioaz hornituta egotea, irabazi asmorik ez izatea eta beren izaeraren arabera dagokien erregistroan behar bezala erregistratuta egotea.

b) Jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea edo egoitza edo ordezkaritza bertan izatea. Azken kasu horretan, boluntario-lana Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten boluntarioen aseguruak soilik jasoko du diru-laguntza. Horretarako, erakundearen eraketa-dokumentuan xedatutakoari lotu beharko zaio.

c) Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera interes orokorreko jarduerak egitea, hau da, gizartearen edo pertsonaren aldeko konpromiso bat dakarten jarduerak eta ondoko esparrutan egiten direnak: gizartea, komunitatea, hiria, kultura, garapenerako lankidetza, ingurumenaren babesa edo antzeko beste edozein.

d) Eskabidea aurkezten den datan boluntario guztien aribideko urterako erantzukizun zibileko aseguruak eta istripu-aseguruak behar bezala kontratatuta izatea.

e) Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta egotea, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta Boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horretarako xedatutakoaren arabera.

f) Izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen esparruan hasitako ezein itzultze edo zigor prozeduratan barne hartuta ez egotea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera eta aldia.

Boluntarioak dituzten eta Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeei boluntarioen erantzukizun zibileko aseguruak eta istripu-aseguruak finantzatzen lagundu nahi zaie laguntza hauen emakidaren bidez.

Azaldutakoa kontuan hartuta, laguntza honen bidez finantzatu beharreko boluntarioen asegurua bi polizaz osatuta egongo da nahitaez, istripuetarako polizaz eta erantzukizun zibileko polizaz hain zuzen ere. Azken kasu honetan, ezbehar eta aseguru-urteko bakoitzeko 300.506,05 euroko gutxieneko kapital aseguratua barne hartzen da polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

Diru-laguntza honen ondorioetarako kontuan hartuko den aldia 2005eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa da. Kontratatutako aseguruek adierazitakoaren aurreko edo ondorengo aldiak barne hartzen badituzte, 2005. urteari dagokion zatia besterik ez da kalkulatuko ordainketa egiteko.

5. artikulua.– Ebazpen-prozedura eta kopuruen finkapena.

1.– Eskabide-espedientea behar bezala betetzen den dataren arabera ebatziko dira diru-laguntzak, harik eta helburu honetarako izendatutako kreditua agortu arte. Kasu horretan, ondoren aurkezten diren eskabideei ukatuko zaie diru-laguntza. Behin aurrekontu-kreditua agortu ondoren, hala iragarriko du Gizarte Ongizateko zuzendariak Ebazpen bidez, kreditua zein egunetan agortu den adierazita. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Erakunde bakoitzaren aseguruek jasoko duten diru-laguntzaren zenbatekoa boluntario-kopuruaren arabera kalkulatuko da ondoko irizpideari jarraiki:

– Lehen 25 boluntarioentzat erakunde eskatzaileak aseguru gisa ordaindu eta justifikatu duen guztizkoaren %75 ordainduko da.

– 26.etik 50.erako tartean kokatutako boluntarioentzat %60 ordainduko da.

– Gainerako boluntarioentzat, hau da, 51.etik aurrerakoentzat, erakundeak behar bezala justifikatu eta ordaindu duen guztizkoaren %50 ordainduko da.

Hala ere, eta aurreko banaketaren aurretik, boluntario bakoitzaren aseguruaren prima indibidual gisa eta bi kontzeptuengatik (erantzukizun zibila eta istripuak) kontuan hartu beharreko guztizkoak ez du gaindituko 15 euroko zenbatekoa. Zenbateko hori gainditzen duten kopuruek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

Salbuespen gisa, boluntario batzuen egoera berezia eta/edo kolektibo berezi batzuk garatzen duten boluntario-jardueraren izaera ikusi ondoren eta horrek aseguru-polizen igoera dakarrela kontuan hartuta, 15 eurotik gorako kopuru indibidualak barne hartu ahal izango dira diru-laguntza kudeatzeko organoak komenigarritzat hartzen badu. Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu arestian ezarritako %75eko gehienekoa.

3.– Finantzatu ezin diren zenbatekoak. Boluntarioei buruzko euskal Legearen 5.3 artikuluan azaldutakoaren ondorioz, erakunde berean profesional gisa hainbat funtzio garatzen dituzten edo erakunde horrekin lan-harremanak, merkataritza-harremanak edo ordainsaripeko beste edozein izanik, funtzio horiek boluntario gisa garatu nahi dituzten pertsonen ezein asegururik ez da ordainduko.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

Eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria aurkezteko epea Agindu hau indarrean sartzen denetik irekiko da, 2005eko urriaren 15era arte.

Eskabide horiek, I. Eranskin gisa barne hartzen den ereduari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ongizateko zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean edota urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein prozeduraren bidez.

Eskabidea erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuko du.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

Agindu honek aipatzen dituen diru-laguntzak jasotzeko aukera izan nahi duten erakunde eskatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

A) Eskabidearen I. eranskina, behar bezala beteta. Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztu beharko da.

B) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete izana egiaztatuko duen Foru Ogasunaren eta Lurralde Diruzaintzaren ziurtagiri eguneratua.

C) Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia.

D) Urtean bertan helburu berbererako eskatutako edo emandako beste finantzaketa-iturriei buruzko zinpeko deklarazioa, erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatua.

E) Erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dituen ziurtagiria, erakunde aseguratzaileak edo aseguru-hartzaileak egindakoa. Pertsona aseguratuen kopurua eta polizaren guztizko kopurua zehaztuko dira bertan, II. eranskinean xehatu bezala.

5.2 artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitako kolektiboetako boluntarioak aseguratzen badira, kolektibo horietako pertsona aseguratuen kopurua, aseguratu bakoitzaren kostua eta igoeraren justifikazioa jasoarazi beharko dira ziurtagirian.

F) Erakunde eskatzailea Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta ez badago, inskripzio-eskabidearen kopia aurkeztu beharko da.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsen zuzenketa.

Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela ikusten badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan. Halaber, hala egin ezean Ebazpen bidez bere eskaera ezetsitzat hartuko dela adieraziko zaio. Ebazpen hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria izango da helburu berbererako jasotzen diren beste batzuekin, betiere guztizko zenbatekoak kostuen %100 gainditzen ez badu. Hala gertatzen bada, dagokion gehieneko mugara murriztuko da diru-laguntza.

10. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa eta ebazpena, eta emango diren diru-laguntzak ordaintzeko araubidea.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Gaietako Sailburuordetzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan araututako deialdia kudeatzeko zereginak egitea. Ildo horretatik, Gizarte Ongizateko zuzendaria da Agindu honen babespean aurkezten diren laguntza-eskabideak ebazteko organo eskuduna.

Eskabide guztiak ebatziko dira, eta hartzen diren ebazpenak banan-banan eta pertsonalki jakinaraziko zaizkie interesatuei, sei hilabeteko epean, aurkezten diren egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Adierazitako epe hori amaitu eta eskabideari buruz hartutako ebazpena jakinarazi ez bazaio interesatuari, egindako eskabidea onetsitzat hartuko da, salbu eta 5.1 artikuluan aipatutako kreditu-agorpena ebatzi ondoren aurkeztu bada.

Laguntzak ematea onesten duten ebazpenek laguntzen zenbatekoa zehaztuko dute, eta igorpen bakar batean ordainduko dira, 11.1 artikuluan ezarritako epea bukatutakoan.

Nolanahi ere, emandako ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaituko, eta erakunde interesdunek haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gizarte Gaietako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Aplika daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan adierazitako betebeharren kaltetan izan gabe, erakunde onuradunak behartuta egongo dira:

1.– Emandako diru-laguntza onartzera. Zentzu honetan, diru-laguntzaren emakida jakinarazteko komunikazioa jaso eta 15 eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzera, hau da, erakundearen interes orokorreko proiektu eta jardueretan parte hartzen duten boluntario guztien aseguru-polizak formalizatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen zaien informazioa ematera.

4.– Diru-laguntza jasoko duen jardueraren xedea edo izaera aldatzen duen edozein gertakizunen berri ematera eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari jarduera horren egiaztapen, ikuskapen, jarraipen eta kontrolerako prozeduretan laguntza eskaintzera.

5.– Jarduerei buruzko argitalpen orotan boluntarioak aseguratzeko (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren laguntzarekin) legezko baldintza betetzen dela jasoaraztera.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok (betiere helburua betetzat hartuta) eta, hala badagokio, Administrazio Publiko honek edo beste batzuek edota entitate publiko edo pribatuek emandako beste diru-laguntza eta laguntza batzuen lorpenak, diru-laguntzaren emakidari buruzko ebazpena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Gizarte Ongizateko zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira. Bidezkoa den kasuetan, soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharra ekar dezake horrek.

13. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultze-prozedura.

Erakunde onuradunak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako diru-laguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu, ezarritako epean Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatzen ez bada edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua legezko interes aplikagarriekin itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraiki, bidezkoak diren gainerako ekintzen kaltetan izan gabe.

14. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoari jarraiki. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan espresuki aurreikusi gabeko alderdi guztietan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan bildutako aurreikuspenak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 2a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-ORRIA
BOLUNTARIOEN ASEGURUA FINANTZATZEKO ASMOZ BOLUNTARIOAK DITUZTEN IRABAZI ASMORIK GABEKO ERAKUNDEEKIN LANKIDETZAN ARITUTA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN BOLUNTARIOTZA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

ERAKUNDEARI BURUZKO DATU OROKORRAK

ERAKUNDEAREN IDENTIFIKAZIO-DATUAK

Erakunde eskatzailearen izen osoa:	Bazkide-kopurua:

Helbide soziala:	IFK.:

Herria:	Lurraldea:

PK.:

Telefonoa:	Faxa:

E-mail:	Web:

Inskripzioa ondoko Erregistroan: (adierazi dagokiona x batekin)

n Elkarteen Erregistroa.	 Zenbakia:	Inskripzio-data:

n Fundazioen Erregistroa.	 Zenbakia:	Inskripzio-data:

n Beste batzuk: 	 Inskripzio-zenbakia:	Inskripzio-data:

	

Boluntariotzako Erakundeen Errolda orokorreko inskripzioa	 inskripzio-zenbakia

Beste Erregistro batzuetako inskripzioa:

– Erregistroaren izena:	Zenbakia:

– Erregistroaren izena:	Zenbakia:

Onura Publikoko adierazpena: 	Dekretuaren zenbakia:

EHAAren data:	EHAAren zenbakia:

ERAKUNDEAREN JARDUERARI BURUZKO DATUAK

JARDUTEKO ARLOA EDO EREMUA (adierazi dago(z)kiona(k) x batekin)

n Gizartea

n Komunitatea

n Hiria

n Kultura

n Garapenerako lankidetza

n Ingurumenaren babesa

n Antzeko izaerako bestelako jarduerak: (deskribapen laburra)

Erakundea boluntarioekin lankidetzan egiten ari den programen edo jardueren deskribapen laburra:

	

	

	

Pertsona onuradunak eta/edo xede diren kolektiboak:

	

	

Boluntarioek programetan egiten dituzten jarduera nagusiak:

	

	

Jarduerak egiten direneko lurralde-eremua, udalerriak eta/edo leku zehatzak:

	

	

ERAKUNDEAREN BANKU-DATUAK

Titularra: (1) 	

	

Banku Erakundea: 	

Banku-sukurtsalaren helbidea: 	

Kontu-zenbakia: 	

(1) Beharrezkoa da erakunde eskatzailea banku-kontuaren titularra izatea. Erakundeak aurretik Sail honi edo Eusko Jaurlaritzako beste bati diru-laguntzarik eskatu ez badio edo eskatu ondoren kontu-zenbakia aldatu badu, beharrezkoa izango da Gizarte Ongizateko zuzendaritzan Datuen/Hirugarren interesatuaren altako inprimakia eskatzea.

ERAKUNDEAREN LEGEZKO ORDEZKARIA

Izena eta abizenak: 		NAN: 	

			

Helbidea:	 Herria: ................................ Lurralde Historikoa: ................................

Erakundean duen kargua: 	

Telefonoa: 	

Boluntarioen asegurua finantzatzeko asmoz boluntarioak dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan arituta Euskal Autonomia Erkidegoan boluntariotza sustatzeko 2005erako laguntzetarako deialdian parte hartzea eskatzen du goian adierazitako erakundeak. Halaber, goian adierazitako datuak eta 7. artikuluan eskatutako dokumentazio gehigarrian agertzen direnak zuzenak direla egiaztatzen du. Horretarako, erakundearen ordezkari gisa, eskabide hau sinatzen du,

_____________________-(e)n, 2005eko __________-aren ____-(e)an.
Erakundearen legezko ordezkariaren sinadura eta zigilua

EUSKO JAURLARITZA

ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

GIZARTE ONGIZATEKO ZUZENDARITZA

II. ERANSKINA

KONTRATATUTAKO BOLUNTARIOEN ASEGURUARI BURUZKO DATU PARTIKULARRAK

Erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako urteko aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dituen ziurtagiriak, erakunde aseguratzaileak edo aseguru-hartzaileak egindakoak, ondoko datuak barne hartu beharko ditu gutxienez:

BOLUNTARIOEN ASEGURUARI BURUZKO DATUAK

Kontratugilea/Aseguratzailea:	 Aseguru-etxea/Aseguru-hartzailea:	Aseguru Artekaritza:

Kontratugilearen helbidea:	Herria:	IFZ:

Atxikipen-zenbakia: 	Kontratatutako aseguruaren aldia: 200_/__/__e)tik 200_/__/__(e)ra

Erantzukizun zibileko polizaren zenbakia:	Istripuetarako polizaren zenbakia:

Erakunde aseguratzailea (atxikitako erakundearen izen ofiziala):

IFZ:

Helbidea: 	 Herria: .............................. PK:

Harremanetarako pertsona/Boluntariotzako koordinatzailea:

Boluntario aseguratuen kopurua:

Boluntarioek egiten dituzten ohiko jarduerak:

	

	

ASEGURU-POLIZEN ESTALDUREN LABURPENA

	 ERANTZUKIZUN ZIBILA:	ISTRIPUAK:

1.1	Aseguruaren xedea:	1.1	Aseguruaren xedea:

1.2	Bermeak eta aseguratutako kapitalak (1):	1.2	 Bermeak:

			–Heriotza: 	 euro

			–Ezintasun iraunkorra: 	 euro

			–Osasun-laguntza:	 euro

1.3	Klausula edo baldintza partikularrak:	1.3	 Klausula edo baldintza partikularrak:

BALDINTZA EKONOMIKOAK

Primaren kalkulua: 	Emate-data: 200_/__/___

	(Zenbakia)	(Pertsona bakoitzeko prima) 	Ordaindu beharrekoa, guztira

Boluntarioak 	x	euro = 	euro

(2) Kolektibo bereziak 	x	euro = 	euro

Igoeraren justifikazioa: 	

	

	

(1) Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta Boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa betez, 300.506,05 euroko (50 milioi pezetako) gutxieneko kapital aseguratua izango da nahitaez.

(2) 7. artikuluaren E letraren azken paragrafoan xedatutakoaren arabera, salbuespen gisa boluntarioen egoera bereziagatik eta/edo garatzen duten boluntario-jardueraren izaeragatik gainerako boluntarioenak baino kopuru handiagoko aseguru-primak ordaintzen dituzten pertsonak edo kolektiboak izanez gero, egoera horretan dauden boluntarioen kopurua, beren aseguru partikularren kostu indibiduala eta beren aseguru-polizen igoeraren arrazoia adierazi beharko dira lerro honetan.

_____________-(e)n, 2005eko ____________-aren ____-(e)an
(Kontratugile/Aseguratzailearen sinadura eta zigilua)

Azterketa dokumentala