Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2005eko martxoaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1299

AGINDUA, 2005eko martxoaren 9koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen antolakundeei laguntzak emateko programa arautzen duena.

Ekonomia sustatzeko laguntza batzuk ezarri ziren ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren bidez: IV. kapituluan, kontsumoaren alorrean jorratuko diren laguntza-bideak arautu ziren; 25. artikuluan, zehazki, laguntza-programa bat arautu zen kontsumitzaileen antolakundeentzat; eta horrekin batera, azken xedapenetatik lehenengoan, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari ahalmena eman zitzaion behar hainbat xedapen eman zitzan, programa hori behar bezala garatu eta burutzeko (2000ko ekainaren 30eko EHAA, 125. zk.).

Dekretu horren babesean, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Agindua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen antolakundeei diru-laguntzak ematea arautu zuena (2003ko maiatzaren 29ko EHAA, 104. zk.). Agindu horretan laguntza-programa bat ezarri zen, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko ekintzak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen antolakundeentzat. Izan ere, antolakunde horiek dituzten mantentze-gastuak, azpiegitura-gastuak eta ekintza zehatzek sortutakoak ordaindu nahi dira laguntza horien bidez.

Horiek indarrean sartu zirenetik hona, beharrezko iritzi zaio hainbat gauza aldatzeari, hala nola: diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak, laguntzak zehazteko baloratu beharreko irizpideak eta onuradun bakoitzak gehienez jaso dezakeen zenbatekoa. Laguntza horiek kontsumitzaileen antolakundeen zerbitzuetan eta zentroetan sortzen diren gastuak ordaintzeko izango dira; zehatzago esateko, funtzionamendu-gastuak, mantentze-gastuak, defentsa juridikoak sortzen dituenak eta gainerako azpiegitura-gastuak ordaintzeko.

Sail honek kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestu nahi dituenez, beharrezkoa da kontsumitzaileen antolakundeek egiten dituzten ekintzak laguntzen jarraitzea. Horregatik eman da agindu hau, antolakunde hori diru-laguntzak emateko programa arautzeko, hain zuzen ere. Diru-laguntzok, bestalde, publizitate, lehia eta objektibitate printzipioak betez emango dira, halaxe agintzen baita aurrekontuei buruz indarrean den legedian.

Hori dela eta, hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuaren bidez ekonomia suspertzeko bide batzuk ezarri ziren, eta 25. artikuluan zehazki, laguntzen programa bat ezarri zen kontsumitzaileen antolakundeentzat; hain zuzen ere, programa horren nondik-norako nagusiak garatu nahi dira agindu honen bidez.

2.– Laguntzen programa horrekin bat etorriz, laguntzak emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Antolakundeei, gastu hauek ordain ditzaten: funtzionamendu-gastuak, mantentze-gastuak eta kontsumoari buruzko proiektuak egiterakoan sortzen direnak.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Xedapen honetan araututako laguntzak emateko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke —diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik betiere— kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Horrelakorik gertatuz gero, horren berri emango du Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak ebazpen baten bidez.

Lehiaketaren prozedura erabiliz ebatziko dira diruz lagundu daitezkeen kontzeptu guztietarako agindu honetan ezarritako laguntzak —4. artikuluan ezartzen dira kontzeptu horiek—.

3. artikulua.– Antolakunde onuradunak.

Antolakundeek, agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzen onuradun izateko, betekizun hauek konplitu beharko dituzte: batetik, Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzea, horixe izan behar dute helburu bakarra; bestetik, eskabidea aurkezten duten unean, Euskadiko Kontsumitzaileen Antolakundeen Erroldan inskribatuta egon beharko dute —uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan aipatzen da errolda hori—; eta azkenik, Euskal Autonomia Erkidego osoan jardun beharko dute.

Kontsumoari buruzko Informazio-Zentroen sarean (KIZ) sartzeko konpromisoa aurkeztu beharko dute kontsumitzaileen antolakundeek.

Antolakunde horiek ordezkaritzak eduki beharko dituzte lurralde historiko guztietan; jendea hartzeko zabalik egon beharko dute egunero lau orduz edo astean hogei orduz; defentsa juridikoaren zerbitzua eduki beharko dute; eta azkenik, antzeko laguntza edo diru-laguntzengatik ez dute itzulketa-prozedura edo zehazpen-prozedura baten ere sartuta egoterik izango.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

Agindu honen arabera ematen diren laguntzak gastuak ordaintzeko izango dira. Hauek dira kontzeptuak:

a) Kontsumitzaileen antolakundeetako zentro eta zerbitzuetan ekitaldi bakoitzean sortzen diren funtzionamendu-gastuak, mantentze-gastuak, defentsa juridikoak sortutakoak eta gainerako azpiegitura-gastuak.

b) Ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumoari buruz gauzatzen diren proiektuak. Proiektuek jarduera hauek jaso ditzakete: kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza emateko programak gauzatzea; inkestak edo azterlanak egitea ondasun eta zerbitzuen kalitateari buruz; eta kontsumitzaileen eskubideak defendatzeari buruzko argitalpenak editatu eta zabaltzea kontsumitzaileentzat interesgarri direnean.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

5. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honetan araututako laguntzak urtero iragarriko dira, eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango. Deialdia Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da, non honako hauek adieraziko baitira: ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontuetan jarritako kontsignazioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera zehaztuta; agindu honetan ezarritako zenbatekoak KPIaren arabera eguneratzeko aukera; eskabideak aurkezteko epea eta lekua; eta eskabidea egiteko eredua jasotzeko lekuak.

6. artikulua.– Eskabideak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso nahi dituzten antolakundeek Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumo Zuzendaritzari egin beharko diote eskabidea, eta urteroko deialdia egiteko ebazpenean zehaztuko diren lekuetan aurkeztu beharko dute.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

1.– Antolakundeko Idazkaritzaren egiaztagiria, non honako hauek jaso beharko baitira: bazkide kopurua eta bazkide motak, azken ekitaldian bildutako kuotak, eskabidea egiteko unean kuotak ordainduta dituzten bazkideak, eta azken urtean sartu eta atera diren bazkideak. Halaber, bazkideen erregistro-liburuaren kopia, eskabidea egiten den egunean eguneratua, eta digitalizatuta egonez gero, horren kopia.

2.–Antolakundeko Idazkaritzaren egiaztagiria, antolakundea Kontsumitzailearentzako Informazio-zentroen sarean sartzeko konpromisoa adierazten duena.

3.– Deialdiko urteari dagokion sarrera eta gastuen aurrekontua.

4.– Kontsumitzaileen antolakundearen organigrama hierarkikoa eta funtzionala, zehatz-mehatz azalduta.

5.– Antolakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen ordezkaritzen zerrenda; halaber, ordezkaritza horien helbidea, langileak eta ordutegia.

6.– Aurreko urtean izandako kontsulta eta erreklamazio kopurua, abian jarri zenetik Kontsumonet aplikazioan jasotakoak.

7.– Aurreko urtean banakoek edo taldeek aurkeztutako demanda judizialak eta egindako bitartekaritzak eta arbitrajeak.

8.– Helburu bererako eskatutako edo emandako diru-laguntzei buruzko egiaztagiriak.

9.– Emandako diru-laguntza sartzeko finantza-erakundea, sukurtsala, titular eguneratua eta kontu-zenbakia.

10.– Kontsumoari buruzko proiektuak egiteko laguntzak eskatzen dituzten antolakundeek memoria bat ere aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazteko:

– Diruz lagundu nahi den jarduerarekin ze helburu lortu nahi den.

– Aurreikusitako jarduera-programa.

– Jarduera norentzat den eta jarduerak zenbat onuradun izango dituen.

– Proiektuaren ardura duen giza-taldea eta proiektua ebaluatzeko indizeak.

– Entitate laguntzaileak, izanez gero.

– Jarduera non eta noiz hasiko den eta zenbat iraungo duen.

– Gastuen aurrekontua, zehatz-mehatz azalduta eta finantzazio-bideak adierazita.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzeari buruz, Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Aginduan —edo horren ordez, indarrean jartzen den araudian— adierazten diren egoerak gertatzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ziurtagiri bat eskatuko die zuzenean zerga-arloan eskudun diren organoei, diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatu dezaten; hori egiteko, ordea, horretarako baimena ematen duela adierazi beharko du interesatuak. Dena den, interesatuak berariaz eman beharreko baimen hori espedientean jasota ez badago, eskatzaileak berak ekarri beharko du ziurtagiria.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kontsumo Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar (10) eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

10. artikulua.– Epaimahaia.

Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, epaimahai bat eratuko da, kide hauekin:

– Lehendakari, Kontsumo Zuzendaritzaren titularra.

– Kontsumo Zuzendaritzako lau ordezkari; zuzendaritzaren titularrak ebazpen-bidez izendatuko ditu zuzendaritzako teknikarien artean. Horietako bat idazkari izango da; iritzia eman eta botoa eman ahal izango du.

Epaimahaiak, diru-laguntzen zenbatekoak finkatzeko ezarritako irizpideei jarraituz, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordetzaren titularrari.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak.

1.– Agindu honen 4.a artikuluan jasotako kontzeptuak ordaintzeko laguntzen zenbatekoak zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Aurreko urtean zenbat kontsulta eta erreklamazio izan diren, abian jarri zenetik Kontsumonet aplikazioan jasotakoak: 50 puntu emango dira, gehienez ere.

– Jendea hartzeko bulegoak (langileen kualifikazioa eta euskara-maila zehaztuta) eta jendea hartzeko ordutegia: 20 puntu emango dira, gehienez ere.

– Arbitrajea egiteko aurreko urtean egindako eskabideak: 10 puntu emango dira, gehienez ere.

– Diru-sarrera propioak: 10 puntu emango dira, gehienez ere.

– Kontsumitzaileen interesak defendatzeko zenbat jarduera egin diren administrazio-bidetik nahiz auzi-bidetik, prozesuen bitartez, banakoenak edo taldeenak izan: 5 puntu emango dira, gehienez ere.

– Bazkide kopurua: 5 puntu emango dira, gehienez ere.

2.– Agindu honen 4.b artikuluan aurreikusitako kontsumoari buruzko proiektuek gai hauek jorratu beharko dituzte:

– Informazioa (sentsibilizazio-kanpainak, argitalpenak, hedapen-liburuxkak, aldizkariak eta web guneak).

– Prestakuntza (ikastaroak, jardunaldiak eta konferentzia-zikloak).

– Elkartegintza sustatzea.

Proiektuak baloratzerakoan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren garapena eta iraupena: 35 puntu emango dira, gehienez ere.

– Proposatutako ekintzen garrantzia eta jarduera-mota: 15 puntu emango dira, gehienez ere.

– Proiektua zenbat lagunentzat den: 30 puntu emango dira, gehienez ere.

– Proiektua bi federazio edo gehiagoren artean egitea: 20 puntu emango dira, gehienez ere.

Aurrekontuaren barruan hauek sar daitezke: langileei ordaintzeko gastuak, %20 gehienez, eta gastu orokorrak ordaintzekoak, %10 gehienez.

Laguntzak 60 puntu edo gehiago lortzen dituztenei baino ez zaizkie emango.

3.– Onartutako aurrekontuaren %70; hori izango da agindu honen 4. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan aipatutako kontzeptuengatik kontsumitzaileen antolakundeek gehienez jaso dezaketena.

Hala ere, 4.a artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzeko, antolakunde bakoitzak gehienez 95.000 euro jasoko ditu kontzeptu horrengatik.

4.– Onartutako aurrekontuei artikulu honen 1. eta 2. puntuetan adierazitako ehunekoak eta 3. puntuan aurreikusitako mugak aplikatu ondoren, baldin eta eman beharreko diru-laguntzen zenbateko osoa aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua baino handiagoa bada, dagokien hainbanaketa aplikatu zaie kontsumitzaileen antolakunde guztiei.

5.– Proposamenik ez dagoelako edo proiektuak behar bezain onak ez direlako agortu gabe gera daiteke agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako laguntza-mota baterako jarritako dotazioa. Halakorik gertatuz gero, soberan geratu diren diru-zenbatekoak beste laguntza-mota baterako uztea proposatu dezake epaimahaiak. Horretarako, ordea, baldintza bi bete beharko dira: batetik, dirua gehituko zaion modalitateak artean ebatzi gabe egon beharko du, eta bestetik, aginduan aurreikusitako betekizunak konplitu beharko dituzte dirua gehituko zaien kontzeptuek.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbererako ematen diren beste laguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru-laguntzek muga hau izango dute: jarduera egiteko onartutako aurrekontuaren %100. Izan ere, muga hori gaindituz gero, dagokion mugaraino murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak, epaimahaiak egindako proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideak ebatziko ditu, gehienez ere sei hileko epean, dagokion deialdia indarrean sartzen denetik hasita. Ebazpen hori kontsumitzaileen antolakundeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Laguntza emateko ebazpena kontsumitzaileen antolakundeei banan-banan jakinaraziko zaie. Horretaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da laguntza zein antolakunderi eman zaion eta zenbatekoa izan den laguntza hori, hala agintzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko. Beraz, horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.

4.– Ebazpena emateko epea amaitu, eta kontsumitzaileen antolakunde interesatuari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1. Ogasun eta Finantza sailburuak 1991ko urriaren 7an emandako Agindua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-obligazioak betetzen dituztela egiaztatzeari buruzkoa da. Horren harira, ordainketa izapidetzen den egunean agindu horretan —edo horren ordez, indarrean jartzen den araudian— adierazten diren egoerak gertatzen badira, agindu honen 7. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako moduan egiaztatu beharko da aipatutako hori.

2. Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

– Esleitutako zenbatekoaren %75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 16.1 artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.

– Gainerako %25, agindu honen 4. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan sartutako gastu guztiak justifikatu ondoren. Hala eta guztiz ere, salbuespenez, diru-zenbateko hori aurretik ordaintzeko eska daiteke. Horretarako, behar bezala bermatu beharko da banku-abal baten bidez, zeinak laguntzaren balio izendatua eta horren interesak estali beharko baititu, gehienez ere urtebetez; halaber, balio izendatuaren ehuneko hamabostera artekoa estali beharko du, erreklamazio judizial bat edo judizioz kanpoko bat egonez gero, erreklamazio horretako kostuak eta gastuak ordaintzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.

1.– Emandako diru—laguntza justifikatzeko, kontsumitzaileen antolakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deialdiaren hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen:

a) Burututako ekintzen memoria eta egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo bestela, fotokopia konpultsatuak, diru-laguntza eman zen urteko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta antolakundean buru zen pertsonaren adostasuna eduki beharko dute.

b) Langile finkoei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari kotizatzeari buruzko frogagiriekin batera.

c) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagirietan hartzailearen datuak jaso beharko dira, NAN zenbakia, ze kontzepturengatik ordaintzen den eta PFEZi dagokion atxikipena.

2.– Kontsumo Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.

3.– Gastuak justifikatzerakoan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik %15etik gora eta %25etik behera desbideratu dela ikusten bada, ebazpen bat hartuko da emandako diru-laguntza gutxitzeko, eta horrela, benetan gastatutako diru-zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona berbera izango da.

4.– Desbideraketa %25etik gorakoa bada, galdu egingo da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, agindu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Diru-laguntza ematea eragin zuen helburu guztiak bete direla egiaztatzen denean, ordea, ez da eskubide hori galduko, eta diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan jarritako moduan gutxituko da.

5.– Diru-laguntza jaso duen kontsumitzaileen antolakundeak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa —halakorik gertatuz gero—; bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaio egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).

16. artikulua.– Kontsumitzaileen antolakundeen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen antolakundeek egiteko hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamar eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.

2.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak —diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez— eskatzen dien beste agiri eman beharko diete.

3.– Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatu beharko dituzte. Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

4.– Diruz lagundutako jarduerek, argitalpenek, azterlanek eta inkestek Kontsumo Zuzendaritzaren oniritzia izan beharko dute nahitaez, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren babesa beren-beregi adierazi beharko dute.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu antolakunde onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta: antolakunde onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, agindu honetan eskatutako betekizunen bat bete gabe uzten badu (1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herriogasuntza nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzekoa).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Denbora-tarte honetan, baliteke izapidetze telematikoa egiteko prozeduraren bat garatzea eta horri dagokion araua argitaratzea, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Hala gertatuz gero, agindu honetan araututako laguntzak prozedura horren arabera izapidetu ahal izango dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen xedapen indargabetzailean agindutakoa gorabehera, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Aginduaren babesean emandako laguntzek agindu horretan ezarritakoa izango dute araubide, bai eta laguntzak emateko urteko deialdiaren ebazpenean ezarritakoa ere. Agindu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Antolakundeei diru-laguntzak ematea arautu zen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzerakoan, indargabetuta geratuko da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 8ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Antolakundeei diru-laguntzak ematea garatu zuena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Hil biko epea emango da, agindu hau argitaratu, eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 9a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala