Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2004ko abenduaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6448

AGINDUA, 2004ko azaroaren 26koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko aginduaren bigarren aldaketarena.

Babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Aginduak aldaketa handia ekarri zien etxebizitza-eskatzaileek bete beharreko prozedura eta baldintzei. Horretarako, aintzat hartu zen, batetik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Etxebideren Erregistroa arautzean eta etxebizitzak esleitzean pilatu duen esperientzia eta, bestetik, prozesu horretan ikusi dituen beharrak.

Horiek horrela, eta babes ofizialeko etxebizitzen erregistroa nolakoa den kontuan hartuta, eta batez ere inskripzio-kopuru handiak bere funtzionamenduan akatsak sortarazten dituen neurrian, aldaketa batzuk egin ziren, 2003ko abenduaren 16ko Aginduaren bidez. Ondorioz, gaur egun aldaketa batzuk egin behar dira eskatzaileek dituzten baldintzak araudiaren eskakizunei egokitzeko eta Erregistroko datuak osoagoak izateko, hain zuzen ere, eskatzailea nor den eta eskuratu nahi den araubidea zein den argiago jakite aldera. Horrela, Etxebideren eguneroko jarduna arindu eta hobetuko da.

Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroaan egin nahi diren aldaketa tekniko eta funtzionamenduko aldaketa horiekin batera, ez da ahaztu behar erregistro hori ez dagoela gizarte-arazoetatik at. Hori dela eta, 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusten da etxebizitza-kopuru jakin bat gorde behar dela bai urrituentzat, bai adin txikiko seme-alabak beren ardurapean dituzten guraso bakarreko familientzat ere. Gaur egun, eta etxeko indarkeria eta sexu-erasoak pairatzen dituzten emakumeei ematen zaien laguntza hobetzeko Erakunde arteko Hitzarmenak eta Berdintasunerako Lege-aurregitasmoak diotenez, gizartean behar berri bat sortu da: babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko lehentasuna duten kolektiboen artean genero-indarkeria pairatzen dutenena lehenbailehen sartzea.

Horri jarraiki eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuak 4 artikuluan xedatutakoaren arabera eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak azken xedapenetan lehenengoan ezarritakoaren arabera, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Paragrafo berri bat, d) idatz-zatia, gehitzen zaio babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko aginduaren 2.2 artikuluari. Honela dio:

d) Ez zaie alta emango eskabideei, baldin eta diru-sarrerak eskatzaileek etxebizitzak eskuratzeko hautatutako erregimenean sartzeko gutxieneko baldintzekin bat ez badatoz.

Bigarren artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 4. artikuluaren 1-c idatz-zatiari. Honela geratuko da:

c) Beren kargura adin txikiko seme-alabak dituzten guraso bakarreko unitateei edota genero-indarkeria pairatzen dutenei zuzendutako etxebizitzen erreserba, ezarritako proportzioaren araberakoa.

Erreserba horri lorturik, genero-indarkeria pairatzen dutenak alokatzeko etxebizitzak esleitzeko prozeduretan bakarrik sartuko dira.

Hirugarren artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 5.4 artikuluaren d) idatz-zatiari, eta e) idatz-zatia eransten da. Honela geratuko da:

d) Genero-indarkeriaren biktimak.

e) Gizarte-laguntzako eskumena duen foru-erakundeak edo, hala dagokionean, udalak ezarritako beste edozein baldintza osagarri betetzea.

Laugarren artikulua.– Paragrafo berri bat sortzen da, hain zuzen ere babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 7. artikuluaren 5. paragrafoa. Honela dio:

5.– Eskabideko datuak eguneraturik egon beharko dira: babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen Erregistroan izena emateko aurkeztutako eskabidean emandako datuak.

Bosgarren artikulua.– Paragrafo berri bat sortzen da, hain zuzen ere babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 12. artikuluaren 7. paragrafoa. Honela dio:

7.– Babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen Erregistroan baja emango zaie eskatzaileen idenfikazio-datuak eguneratu gabe dituzten eskabideei, zeren eta ezin baitzaizkie helarazi Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroak edo Visesa baltzu publikoak Bizigune programa kudeatzean edo Sailaren izenean etxebizitzak haztatzean bidaltzen dituzten jakinarazpenak edota esleipenak.

Seigarren artikulua.– Paragrafo berri bat sortzen da, hain zuzen ere babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko 2002ko ekainaren 14ko Aginduaren 12. artikuluaren 8. idatz-zatia. Honela dio:

8.– Babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen baja emango zaie erosketa-eskabideei, baldin eta diru-sarrerak bat ez badatoz erosketa-erregimenean sartzeko eskatzen diren gutxieneko diru-sarrerekin.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aldaketa-agindu honek ez du eraginik izango agindu hau indarrean sartu aurretik hasitako esleipen-prozeduretan etxebizitza-eskatzaileek lortutako jarrera juridikoetan. Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako kasuetan ere eman dakieke baja eskatzaile horiei.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 26a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala