Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2004ko abenduaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
6284

EBAZPENA, 2004ko azaroaren 24koa, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearena, abenduaren 26ko 298/2000 Dekretuaren itzalpean nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuetarako ematen diren dirulaguntzetarako deialdia finantzatzea helburu duen kredituaren gehikuntza argitara ematen duena 2004. ekitaldirako.

Abenduaren 26ko 298/2000 Dekretuak laguntza-programak ezarri ditu nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko inbertsioetarako (Egoki programa). Bada, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2004ko maiatzaren 26ko agindu bidez, dirulaguntza horietarako eskabideak aurkezteko epea ireki zen 2004. ekitaldirako.

Dirulaguntza-deialdi hori finantzatzeari begira, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu-Kontseiluak hiru milioi (3.000.000) eurotik gorako gastua onartu zuen eta 10.000.000 eurotan finkatu zuen gehienezko gastua.

Nolanahi ere, artikulu horrekin bat, zenbateko horrek aurrekontu-aldaketak izan ditzake, eskatutako laguntzen guztizkoa kontutan hartuta, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste programa batzuek gauzatzetik eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta beste erakunde publikoen artean ezarri beharreko lankidetza-hitzarmenetatik atera daitezkeen aurrekontu-baliabide agortu gabeen arabera; betiere, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen.

Aipatutako dirulaguntza horietara biltzeko aurkeztutako eskabideak aztertu eta gero, eta, sektorea garatzeko eta bultzatzeari begira laguntza horien garrantzia kontuan hartuta, beharrezkoa da deialdi hori finantzatzeko jarritako diru-baliabideak handitzea.

Horrela, 2. artikulu horrek gaitutako kreditua eta aurrekontu-eskuarteak kontuan hartuta, beharrezkoa da kreditua 3.882.874,40 eurotan handitzea.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

Abenduaren 26ko 298/2000 Dekretuaren itzalpean nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko baldintzak hobetzeko ematen diren dirulaguntzetarako deialdia (Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2004ko maiatzaren 26ko Agindu bidez egindakoa) finantzatzea helburu duen kreditua 3.882.874,40 eurotan handitu dela eta gehienezko gastua 2004. ekitaldirako 13.882.874,40 eurotan finkatu dela argitara ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 24a.

Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordea,

ASIER ALBIZU LLUVIA.


Azterketa dokumentala