
233. zk., 2004ko abenduaren 7a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
6237
AGINDUA, 2004ko azaroaren 15ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan eta bere erakunde autonomiadunetan aritzeko diren lan-legepeko langile finkoen bi lanpostu, Nekazaritza eta Arrantza Sailekoak, hain zuzen, betetzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiteko dena.
Bada Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren beste agindu bat ere kontuan hartu beharrekoa. 2004ko apirilaren 29koa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta erakunde autonomiadunetako lan-legepeko plaza finkoen enplegu publikoko 2004.erako eskaintza onartzen du, eta Nekazaritza eta Arrantza Saileko bi plaza hartzen ditu bere baitan. Jakina, hautaketa-proba egin behar lanpostu horiek betetzeko.
Hartara, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan langileak hautatzeko ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko lan-legepeko langileen hitzarmen kolektiboa kontuan harturik, eta aipaturiko Legearen 6.1.i artikuluan aitorturiko eskumenak erabilita, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunetan, zehazkiago Nekazaritza eta Arrantza Sailean, aritzeko diren lan-legepeko bi langile finkoren lanpostuak betetzeko 2004ko apirilaren 29ko Agindutik eratorritako hautaketa-prozesurako deialdia egitea.
Bigarren artikulua.– Agindu honen xede den hautaketa-prozesuaren oinarri orokorrak onartzea. Oinarri horiek Agindu honen I. eranskinean agertzen dira.
Hirugarren artikulua.– Deialdiko lanpostuetarako berariazko oinarriak onartzea. II. eranskinean daude zehazturik lanpostu horiek (Arrantzako A Ikuskatzailea eta Arrantzako B Ikuskatzailea).
Laugarren artikulua.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko azaroaren 15a.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
I. ERANSKINA
LAN-LEGEPEKO BI LANPOSTU FINKO BETETZEKO HAUTAKETA-PROZESUEN OINARRI OROKORRAK. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
ADMINISTRAZIO OROKORREAN ARITZEKO
DIRA, ETA, ZEHAZKIAGO, NEKAZARITZA
ETA ARRANTZA SAILEAN.
1.– Helburua.
Oinarri hauen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-legepeko postu hauek lehiaketa-oposizio bidez betetzeko arauak ezartzea:
– Arrantzako A Ikuskatzailea. Plaza 1.
– Arrantzako B Ikuskatzailea. Plaza 1.
2.– Kontratatzeko baldintza orokorrak.
2.1.– Hautatutako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langile finko egingo dira, eta arlo horretan indarrean dauden xedapenek biltzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.
2.2.– Lanpostuaz jabetzen diren egunean alta emango zaie Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eta bertan kidetu, lehenagotik kidetuta ez bazeuden.
2.3.– Baldintzaren bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, izangaiek, ezinbestez, baldintza hori bete beharko dute.
2.4.– Epaimahaiak ezingo ditu hautetsitzat jo deialdiko lanpostu-kopurua baino lehiatzaile gehiago. Muga hori hausten duten proposamenak erabat nuloak izango dira.
3.– Izangaien baldintzak.
3.1.– Izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago bete beharko dituzte ondorengo puntuan zehazten diren baldintzak, 3.2 paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe. Eta eutsi egin beharko diote betetze horri harik eta esleituko zaien lanpostuaz jabetzen diren arte.
3.2.– Hona hemen oposizio-lehiaketa honetako hautaprobetan onartua izateko baldintzak:
a) Europar Batasuneko estaturen bateko herritartasuna izatea; edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritartasuna izatea.
Halaber, Europar Batasuneko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere, betiere zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere gurasoen kontura bizi badira, parte hartu ahal izango dute.
Aurreko paragrafoetan sartzen ez diren atzerritarrek, halaber, har dezakete parte, Espainiako estatuan bizi badira. Hautatuak izanez gero, kontratuaren xede den jarduera egiteko administrazio-baimena kontratua gauzatu aurretik eduki beharko dute.
b) Hamazortzi (18) urteak beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina ez izatea.
c) Dagozkion eginkizunak normal betetzea eragozteko moduko gaixotasunik edo ezintasun fisikorik edo psikikorik ez izatea. Gaitasun fisikoa eta psikikoa hautaketa-prozesua gainditutakoan egiaztatu beharko dira. Horretarako, medikuaren ziurtagiri edo azterketa-agiria ekarri beharko da, betiere 9.1.1.e oinarrian xedatutakoaren arabera. Baldintza hau betetzea ezinbestekoa izango da lanpostuaz jabetu ahal izateko.
d) Eskatzen den titulazioa izatea, edo agiriok jaso ahal izateko eskubideak ordainduta egotea. Atzerriko titulazioen kasuan, horien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
e) Eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe ez egotea, eta edozein herri-administraziotako zerbitzutik diziplina-espediente bidez bereizita edo egotzita ere ez egotea. Atzerriko izangaiek, bestalde, egiaztatu beharko dute ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplinazko zigorrik edo zigor penalik.
f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez izatea; bateraezintasunen kasuan, hala ere, ez da eragozpen izango interesatuak aukera egin dezan.
g) Ordainduta izatea parte hartu nahi den titulazio-mailako eskabidea jaso eta aztertzeagatiko tasa. Tasa horren zenbatekoa 4.4 oinarrian zehazten da.
h) Lanpostuak betetzeko eskatzen diren gainerako baldintza guztiak.
4.– Eskabideak aurkeztea.
4.1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
Eskabideak eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu beharko dira, modu hauetako bat erabiliz:
a) Oinarri hauetako 4.3 atalean zehazten diren bulegoetan emango den inprimakia betez.
b) Ondoko helbide elektronikoetan eskuratu ahal izango den eredua betez. Hona hemen helbideok:
www.ivap.org
www.ej-gv.net/ope/2004_4/indice_c.htm
www.ej-gv.net/ope/2004_4/indice_e.htm
4.2.– 1.– Onartuak izateko eta, hala dagokionean, hautaprobetan parte hartu ahal izateko, izangaiek eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte, baita tasak ordaindu ere. Eskatzen diren baldintza guztiak esandako epearen amaiera-egunean betetzen dituztela adierazi behar dute. Euskararen ezaguerari dagokion baldintza, aitzitik, 7.3 oinarrian esan bezala adierazi beharko da.
Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu ez badira tasak, prozeduratik kanpo geratuko da izangaia, ez baitu bete oinarri hauetako 3.2.g atalean zehaztutako baldintza.
Aurrekoa horrela bada ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, hamar egun balioduneko epea emango zaio izangaiari akatsa zuzen dezan.
Izangaiek, beraz, onartuak izateko, honakoak adierazi beharko dituzte eskabidean, dagokion atalean:
a) Prozesua zuzen kudeatzeko norberari buruz eskatzen diren datuak.
b) Zein plazatan hartu nahi den parte.
c) Oposizio-aldiko ariketak egiteko hautatu den hizkuntza ofiziala, hau da, euskara ala gaztelania.
d) Elbarriek beren ezaugarriaren berri eman beharko dute eskabidean; eta han adierazi beharko dute, hala dagokionean, zein egokitzapen tekniko behar dituzten hautaketa-prozesuak egin ahal izateko.
e) Adierazitako titulazioa.
2.– Izangaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi hori hautaketa-prozesua kudeatzeko eta behin-behineko langileak kontratatzeko sortuko den lan-poltsa kudeatzeko baino ez da erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta jarduera datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren aurreikuspenetara egokituko da.
4.3.– Aurkezteko modua eta tokia.
Eskabideak ondoko lekuetako erregistroetan aurkeztu ahal izango dira:
Gasteiz:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea; Donostia kalea 1 (Lakua); PK: 01010. (Elbarrientzako sarbidea ere badago).
Bilbao:
– Eusko Jaurlaritza; Kale Nagusia 85; PK: 48011. (Elbarrientzako sarbidea ere badago).
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Errekalde zumarkalea 18; PK: 48009.
Donostia:
– Eusko Jaurlaritza; Andia kalea 13; PK: 20004. (Elbarrientzako sarbidea ere badago).
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea; Prim kalea 7; PK: 20007.
Oñati:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea; Unibertsitate Zaharra; PK: 20560.
Eskabideak leku horietan aurkeztu ahalko dira 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara astelehenetik ostegunera, eta 9:00etatik 13:00etara ostiraletan.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak) 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere entrega daitezke eskabideak.
Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak, ziurtatu aurretik, irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna jarri eta zigilua bota diezaien.
4.4.– Eskabideak aurkezteagatiko tasak ordaintzea.
Deialdiko 3.2.g oinarriak aurreikusten duen baldintza betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa, honako erakundeetako edozein bulegotan: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Euskadiko Kutxa eta BBVA(Banco Bilbao Vizcaya Argentaria).
Tasa ordaintzeko, eskabide-orria aurkeztu beharko da banku-bulegoan. Eskabidea Interneten bidez eginez gero, bi aukera daude:
a) Off-Line ordainketa: adierazitako finantza-erakunde laguntzaileetako bulegoen sareko edozein puntutara jo behar da, eta eskabidea sartzean Interneteko sistemak itzuli duen jaso-agiria edo bertan agertzen diren datuak aurkeztu. Jaso-agiriek barra-kodea ere izaten dutenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez edo eskuzko datu-eskuratzearen bidez egin daiteke.
b) On-Line ordainketa: ordainketa banka elektronikoko sistemaren bidez egin daiteke, banku-sukurtsalera joan gabe, sistemak ematen dituen jarraibideak betez; betiere adierazitako entitateren bateko banka elektronikoko bezeroa baldin bada. Aukera hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke, eta alferrikako joan-etorriak eta ilarak saihestu daitezke modu horretan.
Hauxe da tasen zenbatekoa:
Lanpostua Euroak
Arrantzako A Ikuskatzailea 12,76
Arrantzako B Ikuskatzailea 12,76
Tasa ordaintzen ez bada, edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauetako 4.2 atalean zehazten diren ondorioak sortuko dira. Tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; izan ere, eskabidea oso-osorik eta behar den epearen barruan (4.1 oinarria) aurkeztu behar da.
5.– Epaimahaia.
5.1.– Osaera: lanpostu bakoitzaren eranskinean azaltzen da epaimahaiaren osaera.
5.2.– Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea.
Epaimahaiko kideek ezin izango dute parte hartu prozeduran, eta hala jakinaraziko agintaritza dei-egileari, baldin eta azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 28. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, edo deialdia argitaratu baino bost urte lehenagotik hautaprobetan parte har lezaketen izangaiak prestatzen ibili badira.
Aurreko kasuetako bat gertatzen denean ere, interesatuek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte, betiere aipatutako legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5.3.– Jarduteko arauak.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27.era bitartean zehaztutako arauetara egokitu beharko da epaimahaiaren jarduna. Epaimahaiburuak aginduta, idazkariak bilerarako deia egingo du hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago. Epaimahaia legez eratzeko, ezinbestekoa da epaimahaiburua eta idazkaria bertaratzea edo, hala dagokionean, beren ordezkoak, eta kideen erdiak gutxienez.
Bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak. Epaimahaiko kide guztiek, idazkariak salbu, hitza eta botoa izango dute. Hainbanaketarik gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.
Epaimahaiburuaren edo bere ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko bestelako kausa gertatzen bada, epaimahaikideek ordezkatuko dute, hurrenkera honetan: hierarkian maila gorena duena, antzinatasun handiena duena eta zaharrena (adina).
Idazkari titularraren edo bere ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako kausa gertatzen bada, edozein epaimahaikidek bete ahal izango du kargua, baldin eta kideen gehiengoak hala onartzen badu.
5.4.– Ahalmenak.
Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, eta bere ardura izango da prozedura legezkotasunez egin dadin zaintzea eta objektibitatea bermatzea.
Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat, batetik, oinarri hauek aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.
Epaimahaiburutzak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-aldiko ariketen edukiaren isilpekotasuna bermatzeko, eta azterketak, ahal dela, izangaien izena jakin gabe zuzen daitezen.
5.5.– Egoitza.
Jakinarazpenetarako eta halako beste gauzetarako, epaimahaiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitzan izango du helbidea: Donostia-San Sebastián kalea 1 (Lakua); PK: 01010.
5.6.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak.
Epaimahaikideek, egingo duten zerbitzua dela-eta, kalte-ordainak jasoko dituzte, bertaratzeak barne direla, betiere arlo horretan indarrean dagoen araubidearekin bat.
Probetan zaintze-lanetan aritzen diren langileek, halaber, horri buruz indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte.
6.– Izangaiak onartzea. Erreklamazioak.
Eratu ondoren, hautagaiek deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak begiratuko ditu epaimahaiak, eta onartuen eta baztertuen zerrenda egingo du.
Gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda hori argitaratzeko aginduko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, eta baita baztertzeko arrazoiak ere. Ebazpen hori jendaurrean jarriko da oinarrietako 4.3 paragrafoan zehaztutako egoitzetako iragarki-oholetan eta helbide elektroniko hauetan:
www.ivap.org
www.ej-gv.net/ope/2004_4/indice_c.htm
www.ej-gv.net/ope/2004_4/indice_e.htm
Behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epearen barruan, bazter geratzen direnek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, hala dagokionean, egindako hutsak zuzendu.
Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta erreklamaziook ebatzita, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda argitaratzeko agindua emango du; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horiek 4.3 paragrafoan zehazturik dauden bulegoetako iragarki-oholetan eta gorago aipatutako helbide elektronikoetan emango dira argitara.
Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko Ebazpenaren bidez onartu diren izangaiek aurkeztu ahal izango dute probetara. Bazter utzitako gisa agertuta ere, gora jotzeko errekurtsoa jarri izanaren agiria egintzaren egunean erakusten dutenek ere aukera izango dute parte hartzeko.
7.– Hautaketa-prozedura.
7.1.– Oposizio-lehiaketa izango da hautaketa-prozedura, berariazko oinarrietan jartzen duenaren arabera.
7.2.– Oposizio-aldia.
Deialdiko oinarri espezifikoetan zehazten diren ariketak egin beharko dira oposizio-aldian. Nolanahi ere, proba teorikoa eta praktikoa izango dira beti. Fase honetan, gehienez ere 40 puntu lor daitezke.
7.3.– Euskara-proba.
Euskara-proba 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko izango da.
Hizkuntza-eskakizun hori gaindituta dutenek, euskarako ariketa idatzia egingo den egunerako, dagokien egiaztagiria aurkeztu beharko dute laugarren oinarrian ezartzen diren egoitzetan. Euskararen ezagutza adierazi beharko da, baina ez da beharrezkoa izango euskararen ezagutzaren egiaztagiriak aurkeztea, HAEEk bere esku izango baititu.
7.4.– Lehiaketa-aldia.
Lehiaketa-aldian aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, deialdiko baremo espezifikoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari. Fase honetan, gehienez ere 12,5 puntu lor daitezke.
Oposizio-aldia gainditu dutenen merezimenduak baino ez dira balioetsiko. Merezimenduak aurkezteko epearen barruan behar bezala adierazi eta egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere balioetsi.
Adierazten diren merezimenduen jabe izateko erreferentzia-data eskaerak aurkezteko epea amaitzen denekoa izango da.
Lehiaketa-aldia ez da baztertze-indarrekoa izango, eta aldi honetan lortutako puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-aldiko probak gainditzeko.
7.5.– Hautaprobak hastea eta garatzea.
Lehenengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, berriz, onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira.
Oposizio-aldiko ariketa bakoitzean, deialdi bakarra egingo zaie kategoria bakoitzean lehiatzen diren izangaiei. Izangai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiria edo pasaportea eraman beharko du probetara.
Epaimahaiek denbora eta ariketak egiteko baliabideak egokituko dizkiete egokitzapenik behar eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei. Izan ere, horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, betiere hori eginda desitxuratzen ez bada probaren edukia eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.
7.6.– Hautaketa-prozesuko kalifikazioa.
7.6.1.– Oposizio-aldia.
a) Lehenengo ariketa. Izangaiek ariketa teorikoa egin beharko dute. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa hori, eta honekin batera doan gai-zerrendarekin izan beharko du zerikusia.
0 eta 20 puntu bitartean balioko du. 10era iristen ez direnak bazterrean geratuko dira berehala.
b) Bigarren ariketa. Izangaiak lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duen kasu praktiko bat garatu beharko du.
0 eta 20 puntu bitartean balioko du. 10era iristen ez direnak bazterrean geratuko dira berehala.
7.6.2.–Lehiaketa-aldia.
Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere dagokion oinarri espezifikoetan azaldutako baremoaren arabera emandakoak.
7.7.– Merezimenduak egiaztatzea.
7.7.1.– Oposizio-aldiko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, 5 egun balioduneko epea irekiko da, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko.
Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrean egindako zerbitzuak zein diren adierazi beharko dute, baina ez egiaztatu. Administrazioak bere kabuz zenbatuko ditu zerbitzu-aldiak.
7.7.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Lan egindako denbora-tarteak bereizi egin beharko dira beti, eta ondo zehazturik utzi kidegoa, eskala, azpieskala eta mota edo maila, lanaldi horietan betetako eginkizunak eta dedikazio-erregimena. Datu hori zehazturik ez badago, dedikazio osoaren %50 zenbatuko da.
7.7.3.– Titulazio akademikoak eta beste hizkuntza batzuen ezaguera egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.
7.8.– Azken kalifikazioa.
7.8.1.– Hautaketa-prozesuaren amaierako kalifikazioa lortzeko, batu egingo dira lehiaketa-aldian eta oposizio-aldian eskuratutako puntuak.
7.8.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarrien 4.3 atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan, eta helbide elektroniko hauetan:
www.ivap.org
www.ej-gv.net/ope/2004_3/indice_c.htm
www.ej-gv.net/ope/2004_3/indice_e.htm
7.8.3.– Hainbanaketarik gertatuz gero, honako irizpide hauek erabiliz ezarriko da hurrenkera:
1.– Oposizio-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.
2.– Ariketa praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.
3.– Lehiaketa-aldiko ariketa bakoitzean puntu gehien lortu dituenaren alde, ariketa horiek oinarri espezifikoetan adierazitako hurrenkeran hartuta.
8.– Onartutako eta hautatutako langileak. lanpostuen esleipena.
8.1.– Hautaketa-prozesuko amaierako kalifikazioa egin ondoren, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda egingo du, lortu dituzten kalifikazioekin, puntuazio-hurrenkeraren arabera.
8.2.– Behin zerrenda horiek egin ondoren, epaimahaiak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez, jendaurrean jarriko ditu izangaien kalifikazioen behin-behineko zerrendak. Zerrendok ikusgai egongo dira 4.3 atalean azaltzen diren bulegoetako iragarki-oholetan eta oinarri hauetako 4.1.b atalean aipatutako helbide elektronikoetan.
Behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesatuek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
8.3.– Erreklamazioen epea amaitu eta gero, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Halaber, 10 eguneko epea ezarriko du, izangaiek lanpostua aukeratu dezaten.
8.4.– Epe hori amaitu ondoren, aukeratutakoen behin-behineko zerrenda egingo da, eskatutako betekizunak betetzen diren begiratuta, eta izangai bakoitzaren puntuazio-hurrenkerari jarraituz.
Aukeratutakoen behin-behineko zerrenda 4.3 atalean azaltzen diren bulegoetako iragarki-oholetan eta oinarri hauetako 4.1.b atalean aipatutako helbide elektronikoetan jarriko da jendaurrean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez. Hamar (10) eguneko epea egongo da erreklamazioetarako.
Erreklamazioen epea amaituta, eta horiek ebatzita, EHAAn argitaratuko dira hautatutakoen behin betiko zerrenda eta esleituko diren lanpostuena.
9.– Agiriak aurkeztea.
Onartu eta hautaturiko izangaien behin betiko zerrendak argitaratzen dituen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpenean hogei (20) eguneko epea emango zaie izangaiei ondoren zehazten diren agiriak aurkezteko.
9.1.– Eskatutako agiriak.
9.1.1.– Hautatutakoen behin betiko zerrendan proposatzen diren izangaiek, deialdian eskatzen diren gaitasun-baldintzak eta gainerako beharkizunak egiaztatzeko, agiri hauek ekarri beharko dituzte:
a) NANaren fotokopia.
b) Atzerriko izangaiek jakinarazpen bat jasoko dute administraziotik, eta hor adieraziko zaie zein agiri ekarri beharko dituzten derrigorrez, beren egoera kontuan hartuta.
c) Tituluen eta deialdian parte hartzeko derrigorrezko beharkizunak egiaztatzeko agirien fotokopia konpultsatua. Titulu eta agiri horiek II. eranskinean daude zehazturik.
d) Zin egin edo hitza eman honako adierazpen hauek ziurtatzeko: ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko gaitasun gabetuta, ez dagoela inongo herri-administraziotako zerbitzutik diziplina-espediente bidez bereizita, eta ez dagoela Herri Administrazioetan jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta.
Espainiako herritartasuna ez duten izangaiek, bestalde, egiaztatu beharko dute ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplinazko zigorrik edo zigor penalik.
e) Medikuaren ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, oinarri hauek eta deialdiaren oinarri espezifikoek zehazten duten bezala, interesatuak egiaztatu beharko du ez duela gaixotasun edo akats fisikorik dagozkion eginkizunak betetzea galaraziko dionik.
9.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuen arabera ekarritako agiriek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Fotokopiek, baliozkoak izateko, datu hauek izan beharko dituzte: data eta konpultsa egin duenaren izen-abizenak, NAN eta izenpe irakurgarria.
9.1.3.– Aurreko agiri guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, izangaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.
9.2.– Agiriak aurkezteko lekua eta epea.
Hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hautatutakoek hogei (20) egun naturaleko epea izango dute aurreko agiri guztiak aurkezteko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan (Donostia kalea 1, 01010).
9.3.– Agiriren bat ez aurkeztea.
Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertuta ikusten bada hirugarren oinarrian zehaztutako baldintzetako bat ez dutela betetzen, edo dagozkien eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko nahiz psikikorik ez dutela, ezin izango dira kontratatu. Era horretako kasuetan, bertan behera geratuko dira aurretik egindako urrats guztiak, eta horretaz gain, litekeena da erantzukizunik izatea beren gain eskabidean faltsukeria egiteagatik.
Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo izangaiaren aldeko kontratazio-proposamen osagarria egingo du, betiere hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, aurreko lerroaldeko egoera hori dela-eta bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.
10.– Kontratazioa.
Behin agiriak aurkezteko epea amaitu ondoren, aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten eta hautatuak suertatu diren izangaien zerrenda, Funtzio Publikoaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak horren berri izan dezan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzurako lan-kontratuak egin daitezen.
Ezarritako epearen barruan, ezinbesteko kasuak izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez direnek galdu egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario izateko eskubide guztiak, deialdiaren ondoriozkoak direnak. Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo izangaiaren aldeko kontratazio-proposamen osagarria egingo du, betiere hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.
11.– Probaldia.
Hitzarmenetan, hiru (3) hilabeteko probaldia bete beharra egongo da agindurik, hitzarmena izenpetu behar duenak Nekazaritza eta Arrantza Sailean eginkizun berberak betetzen aritu izan bada izan ezik.
Hona zer ebaluatuko den probaldi horretan: eginkizunak nola betetzen diren, ekimena, lankidetza, eta norberaren jardueraren ingurune fisikorako moldapena.
Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza zuzendariak emango du txostena.
Hautaketa egin behar duen epaimahaiak Arrantza zuzendariaren txostena balioetsiko du. Epaimahaiko kide bakoitzak 0 eta 10 bitarteko puntuazioa emango dio txostenari. Probaldia gainditzeko, batez besteko puntuazioa gutxienez 5 izan behar da.
Gutxieneko puntuazioa lortu ezik ez da probaldia gaindituko. Hori gertatzen bada, interesatuari entzunaldia emango zaio, bere interesetarako egokitzat jotzen duena azaldu dezan.
Hautagairen batek gainditzen ez badu, epaimahaiak hurrengo izangaiaren aldeko kontratazio-proposamen osagarria egingo du, betiere hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.
12.– Deialdiaren aurka egitea.
Deialdia, oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaien jardunetatik datozen administrazio-egintza guztiak aurka ditzakete interesatuek, beti ere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak jasotako kasu eta moduetan.
II. ERANSKINA
LANPOSTUAK: Arrantzako A Ikuskatzailea
Arrantzako B Ikuskatzailea
1.– Lanpostuen ezaugarriak:
1.1.– Arrantzako A Ikuskatzailea, 3022 kodea, 2. dotazioa, EAEko zerbitzupeko lan-legepekoen hitzarmeneko 8. ordainsari-multzoa.
Destinoa: Donostia.
1.2.– Arrantzako B Ikuskatzailea, 3350 kodea, 2. dotazioa, EAEko zerbitzupeko lan-legepekoen hitzarmeneko 8. ordainsari-multzoa.
Destinoa: Bermeo.
2.– Zertarako den eta eginkizunak.
2.1.– Zertarako den:
Arrantzarekin, itsaski-bilketarekin eta akuikulturarekin zerikusia duten eta Arrantza eta Nekazaritza Sailaren aginpidepean diren jarduerak ikuskatzeko.
2.2.– Eginkizunak:
– Sareak eta arrantza-tresnak, arrantza-inguruak, arrainen tamaina eta itsaski-bilketarako gebenaldiak kontrolatzea.
– Aktak egitea.
– Zaintza-lanetarako, kontrol-lanetarako eta mantentze-lanetarako ontzia maneiatzea.
– Arrantza-ontzietako konponketak-eta ikuskatzea.
– Portuetan eta arrantza-itsasaldeetan, informazioa zabaltzea eta arrantzako arauen berri ematea.
– Arrantza-jarduera profesionalak kontrolatzea: indarrean dauden arauetan zehazturik dauden derrigorrezko atsedenaldiak.
– Beste ikuskatzaile batzuekin batera beste jarduera batzuk egitea.
3.– Deialdian parte hartzeko baldintzak:
3.1.– Tituluak: lehen Klaseko Ontzi-mekanikaria, Itsasertzeko Arrantzako Lehen Klaseko Patroia, Kabotajeko Patroia, Itsasertzeko Patroia edo Ontzi-mekanikaria, horietariko edozein.
3.2.– Euskara: 2. hizkuntza-eskakizuna. Derrigortasun-data iraungita.
4.– Hautaketa-prozedura:
4.1.– Hautaketa-prozesua lehiaketa-oposizioa izango da.
4.2.– Oposizio-aldia:
Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.
a) Lehenengo ariketa. Izangaiak ariketa teoriko bat egin beharko du. Honekin batera doan gai-zerrendari loturik sortuko du ariketa hori epaimahaiak.
b) Bigarren ariketa. Izangaiak lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duen kasu praktiko bat garatu beharko du.
4.3.– Euskarako proba:
Euskarako proba egingo da 2. hizkuntza-eskakizuna betetzen dela egiaztatzeko, eta "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emango da.
Hizkuntza-eskakizun hori gaindituta dutenek, euskarako ariketa idatzia egingo den eguna baino lehenago, dagokien egiaztagiria aurkeztu beharko dute laugarren oinarrian ezartzen diren egoitzetan. Euskararen ezagutza adierazi beharko da, baina ez da beharrezkoa izango euskararen ezagutzaren egiaztagiriak aurkeztea, HAEEk bere esku izango dituelako.
4.4.– Lehiaketa-aldia:
Lehiaketan, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, deialdiko baremo espezifikoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.
Oposizio-aldia gainditu dutenen merezimenduak baino ez dira balioetsiko. Merezimenduak aurkezteko epearen barruan behar bezala adierazi eta egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere balioetsi. Lehiaketa-aldia ez da baztertze-indarrekoa izango, eta aldi honetan lortutako puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-aldiko probak gainditzeko.
Adierazten diren merezimenduen jabe izateko erreferentzia-data eskaerak aurkezteko epea amaitzen denekoa izango da.
4.5.– Hautaprobak hastea eta garatzea:
Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da lehenengo ariketa non, zein egunetan eta zein ordutan izango den.
Oposizio-aldiko ariketetarako, deialdi bakarra egingo zaie izangaiei. Izangaiek, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiria edo pasaportea eraman beharko dute probetara.
Epaimahaiek denbora eta ariketak egiteko baliabideak egokituko dizkiete egokitzapenik behar eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei. Izan ere, horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, beti ere hori eginda desitxuratzen ez bada probaren edukia eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.
4.6.– Hautaketa-prozesuko kalifikazioa:
4.6.1.– Oposizio-aldia.
Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hogei (20) puntura bitartean kalifikatuko da. Gutxienez hamar (10) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.
Bigarren ariketa zero (0) puntutik hogei (20) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez hamar (10) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.
4.6.2.– Lehiaketa-aldia.
Lehiaketa-aldiko kalifikazioa zehazteko, merezimenduetako puntu guztiak batu beharko dira. Baremo honen arabera emango dira puntu horiek:
a) Lanpostuko eginkizunekin zerikusi zuzena duten lanpostuetan azken hamar (10) urteetan administrazioan metaturiko esperientzia: lan egindako hilabete bakoitzeko 0,05 puntu, eta guztira 6 puntu gehienez ere. Ez dira balioetsiko hilabetetik beherako zatikiak.
b) Prozesuan parte hartzeko aurkeztutakoak ez diren titulu ofizialengatik, deialdiko lanpostuko eginkizunekin zerikusia badute, gehienez 3 puntu emango dira, denetara, honako baremoaren arabera:
1.– Lanbide-titulu hauengatik, gehienez puntu bat titulu bakoitzeko: Alturako Arrantzako Patroia, Kabotajeko Patroi Nagusia, Arrantzako Kapitaina, Ontzi-mekanikari Nagusia eta Alturako Patroia.
2.– Titulu akademiko hauengatik, gehienez puntu bat titulu bakoitzeko: Nabigazio eta Itsas Garraioko goi-mailako titulua, Itsasontziko Makinen eta Instalazioen Ikuskapen eta Kontroleko goi-mailako titulua.
Titulu akademikoa eduki behar bada lanbide-titulua lortzeko, horietako bat bakarrik balioetsiko da.
3.– Ingeniaritza tekniko edo diplomatura hauengatik, gehienez 2 puntu titulu bakoitzeko: Ontzigintzako eta Itsas Egituretako ingeniari teknikoa, Itsasontziko Propultsio-sistemen eta Zerbitzuen arloko Ontzigintzako ingeniari teknikoa, Itsasontziko Makinetako diplomatua, Itsas Nabigazioko diplomatua, Itsasontziko Irrati-elektronikako diplomatua.
4.– Lizentziatura edo ingeniaritza hauengatik, gehienez 3 puntu titulu bakoitzeko: Ontzigintzako eta Itsasoko ingeniaria, Itsasontziko Makinetako lizentziatua, Nautikako eta Itsas Garraioko lizentziatua, eta Itsasontziko Irrati-elektronikako lizentziatua.
Unibertsitateko titulu batzuek unibertsitate-ikasketa bereko hainbat ziklo ezberdin gainditu izana egiaztatzen dute. Halakoetan, egiaztatutako zikloen artetik goi-mailakoari dagokion titulua besterik ez da puntuatuko.
C) Itsas espezialitateetako hobekuntza-ikastaro hauek gaindituta edukitzeagatik, Sustapen Ministerioak horrela ziurtatuta, gehienez 2 puntu emango dira:
1.– Suteen aurkako lanetako ziurtagiri aurreratua, 0,5 puntu.
2.– Itsasontzien, biziraupenaren eta azkarrak ez diren erreskate-ontzien arloko ziurtagiria, 0,5 puntu.
3.– Itsasoko Sorospen eta Segurtasunerako Munduko Sistemako operadore mugatuaren ziurtagiria, puntu bat.
D) Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak. Gehienez ere, 1,5 puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:
– Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: 0,5 puntu hizkuntza bakoitzeko.
– Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: puntu bat hizkuntza bakoitzeko.
Gainera, titulu hauek balioetsiko dira:
a) Frantses, ingeles eta germaniar filologiako lizentziaturengatik puntuaziorik handiena emango da.
b) Honako titulu hauek hizkuntza eskola ofizialetako lehen mailako goi-zikloko gaitasun-agiriaren baliokidetzat hartuko dira:
b.1.– Ingelesa:
1.– Certificate of Proficiency in English, Cambridgeko Unibertsitatekoa.
2.– Passed Grade Twelve, Trinity Collegekoa.
3.– Higher Level, Oxfordeko Unibertsitatekoa.
b.2.– Frantsesa (Frantses Aliantzarena):
1.– Diplome d`Hautes Etudes Françaises.
2.– Diplome Approfondi de Langue Française (DALF).
b.3.– Alemana (Goethe Institutuarena):
1.– Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS).
2.– Zentrale Oberstufenprufung (ZOP).
3.– Kleines Deutsches Sprachdiplom (KDS).
5.– Epaimahaiaren osaera.
5.1.– Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua:
Titularra: Iñaki Aldekogarai Labaka.
Ordezkoa: Manuel Cañadas Pérez.
Mahaikidea:
Titularra: Joseba Andoni Idoiaga Uribe.
Ordezkoa: Ignacio Munitiz Ramírez.
Mahaikidea:
Titularra: José San Antón Garaita.
Ordezkoa: Isabel Zuazo Antia.
Mahaikidea: langileen ordezkaria.
Titularra: Juan Carlos Cuellar Arévalo
Ordezkoa: Pilar Collantes Ibáñez.
Mahaikidea: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkaria
Titularra: Imanol Urigüen Garaizabal.
Ordezkoa: Fulgencio Aledo Amorós.
Idazkaria:
Titularra: Nuria Navarro Hernández.
Ordezkoa: Matilde Etxeberria Zuazo.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari epaimahaietan dagokion ordezkaritzaren aurka joan gabe, erakunde horretako ordezkari batek parte hartuko du hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak prestatzen eta ebaluatzen; horretan baino ez.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.
ARRANTZAKO A ETA B IKUSKATZAILEEN
GAI-ZERRENDA
LANPOSTUAK BETETZEKO
ARIKETETARAKO
GAI-ZERRENDA:
1.– Itsasoko arrantza.
– 6/1998 Legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzari buruzkoa. 62. zk.dun EHAA, apirilaren 1ekoa.
– 3/2001 Legea, martxoaren 26koa, Estatuko Itsas Arrantzari buruzkoa.
2.– Itsasoko kirol-arrantza.
– 198/2000 Dekretua, urriaren 3koa, Itsasoko Kirol Arrantzako Arautegia onesten duena.
– 2000ko uztailaren 24ko Agindua, 1999ko otsailaren 26koa aldatzen duena (otsaileko horretan daude zehazturik itsasoko kirol-arrantzari buruzko arauak).
3.– Itsaski-bilketa eta algak biltzea eta salerostea.
– 122/1988 Dekretua, apirilaren 12koa, itsaski-biltzaileen erroldan inskribatzeko baldintzak arautzen dituena. 93. zk.dun EHAA, maiatzaren 17koa.
– 164/1986 Dekretua, uztailaren 1ekoa. Algak biltzea eta salerostea. 147. zk.dun EHAA, uztailaren 23koa.
4.– Gutxieneko tamainak.
– Itsaskien gebenaldi eta gutxieneko tamainen taula orokorra. Maiatzaren 6ko 102/1997 Dekretuan dator zehazturik (EHAA), dekretu horren bidez aldatu baitziren Barruko Uretako Itsasoko Kirol Arrantzarako Arautegia onesten duen Dekretua eta Itsaski Biltzaileen Erroldan Inskribatzeko Baldintzak arautzen dituen Dekretua.
– 560/1995 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, arrantzako espezie batzuen gutxieneko tamainari buruzkoa. 84. zk.dun BOE, apirilaren 8koa.
– 850/1998 Arautegia (EE), martxoaren 30ekoa, EE 724/2001 eta EE 973/2001, beste arautegi hauen bidez aldatua:
a) Kontseiluaren 308/1999 zk.dun Arautegia (EE), 1999ko otsailaren 8koa, 850/1998 Arautegia (EE) aldatzen duena (850/1998 arautegi hori arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez).
b) Kontseiluaren 1459/1999 zk.dun Arautegia (EE), 1999ko ekainaren 24koa, 850/1998 Arautegia (EE) aldatzen duena (850/1998 arautegi hori arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen umeak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez).
c) Kontseiluaren 2723/1999 zk.dun Arautegia (EE), 1999ko abenduaren 17koa, 850/1998 Arautegia (EE) aldatzen duena (850/1998 arautegi hori arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez).
d) Kontseiluaren 812/2000 zk.dun Arautegia (EE), 2000ko apirilaren 17koa, 1626/1994 zk.dun Arautegia (EE) eta 850/1998 Arautegia (EE) aldatzen dituena. 1626/1994 arautegi horren bidez, Mediterraneoan arrantza-gaia babesteko neurri tekniko batzuk zehaztu ziren, eta 850/1998 arautegia, berriz, arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez.
e) Kontseiluaren 1298/2000 zk.dun Arautegia (EE), 2000ko ekainaren 8koa, 850/1998 Arautegia (EE) bosgarren aldiz aldatzen duena (850/1998 arautegi hori arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez).
f) Kontseiluaren 724/2001 zk.dun Arautegia (EE), 2001eko apirilaren 4koa, 850/1998 Arautegia (EE) aldatzen duena (850/1998 arautegi hori arrantza-gaia zaintzearen aldekoa zen, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez).
g) Kontseiluaren 973/2001 Arautegia (EE), 2001eko maiatzaren 14koa. Arautegi horrek hainbat neurri tekniko zekarren, migraziorako joera handiko arrain batzuk zaintzearren.
5.– Arrantza-tresnak eta arrantza-motak.
– Ingurusarea, tretza, zapo-sarea.
– 204/1994 Dekretua, ekainaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoan tresna jakin batzuekin nola arrantza egin arautzen duena. 123. zk.dun EHAA, ekainaren 29koa.
– 1985eko azaroaren 27ko Agindua, itsasertzean arrantzan egiteko arau batzuk dakartzana. 248. zk.dun EHAA, abenduaren 4koa.
– 410/2001 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, Kantauriko eta Ipar Mendebaldeko Arrantza-toki Nazionalean tresna finkoekin arrantzan nola egin arautzen duena.
– 2001eko uztailaren 26ko Agindua, Kantauriko itsasertzeko inguru jakin batean itsasertzeko sareekin arrantzan egiteko plan bat dakarrena.
– 212/2000 Dekretua, urriaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean tresna txikiekin arrantzan nola egin arautzen duena.
6.– Ontzien banderapetzea, matrikulatzea eta erregistratzea. Arrantzari ekitea eta arrantza-ontzien egoitza zehaztea eta aldatzea.
– 1027/1989 Errege Dekretua, uztailaren 28koa, banderapetzeari, ontzien matrikulatzeari eta itsas erregistroari buruzkoa. 194. zk.dun BOE, abuztuaren 15ekoa. (63. artikulua, otsailaren 23ko 167/2001 Errege Dekretuak aldatua).
– 1838/1997 Errege Dekretua, abenduaren 5ekoa, arrantzari nola ekin eta arrantza-ontzien egoitzak nola zehaztu eta nola aldatu arautzen duena.
7.– Arrantza-gaia babesteko neurri teknikoak.
– Kontseiluaren 850/1998 zk.dun Arautegia (EE), 1998ko martxoaren 30ekoa, arrantza-gaia zaintzeko dena, itsasoko espezieen ale gazteak babesteko hainbat neurri teknikoren bidez.
8.– Arrantza-politika erkidean aplika daitekeen kontrol-erregimena.
– Kontseiluaren 2847/1993 zk.dun Arautegia (EE), 1993ko urriaren 12koa, arrantza-politika erkidean aplikatzeko moduko kontrol-erregimena dakarrena (Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L seriea, 261/1 zk.duna, urriaren 20koa). Gerora, aldatu egin zen, arautegi hauen bidez:
a) Kontseiluaren 2870/1995 zk.dun Arautegia (EE), 1995eko abenduaren 8koa, 2847/1993 zk.dun Arautegia (EEE) aldatzen duena. Arrantza-politika erkidean aplikatzeko moduko kontrol-erregimena zekarren bigarren arautegi horrek (Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, L 301 zk.duna, abenduaren 14koa).
b) 686/1997 zk.dun Arautegia (EE), apirilaren 14koa, eta 2635/1997 zk.duna, abenduaren 18koa, 2847/1993 zk.duna aldatzen dutena.
c) Kontseiluaren 2205/1997 zk.dun Arautegia (EE), 1997ko urriaren 30ekoa, 2847/1993 zk.dun Arautegia (EEE) aldatzen duena. Arrantza-politika erkidean aplikatzeko moduko kontrol-erregimena zekarren bigarren arautegi horrek.
d) Kontseiluaren 2635/1997 zk.dun Arautegia (EE), 1997ko abenduaren 18koa, 2847/1993 zk.dun Arautegia (EEE) aldatzen duena. Arrantza-politika erkidean aplikatzeko moduko kontrol-erregimena zekarren bigarren arautegi horrek.
e) Batzordearen 1449/1998 zk.dun Arautegia (EE), 1998ko uztailaren 7koa. 2847/1993 zk.dun arautegia (EEE) aplikatzeko hainbat xedapen dakar, arrantza-ahaleginerako adierazpenei dagokienean.
f) Kontseiluaren 2846/1998 zk.dun Arautegia (EE), 1998ko abenduaren 17koa, 2847/1993 zk.dun Arautegia (EEE) aldatzen duena. Arrantza-politika erkidean aplikatzeko moduko kontrol-erregimena zekarren bigarren arautegi horrek.
g) Kontseiluaren 1954/2003 zk.dun Arautegia (EE), 2003ko azaroaren 4koa, erkidegoko arrantza-inguru eta arrantza–gai batzuei dagokienean arrantza-ahalegina kudeatzeari buruzkoa. Arautegi horren bidez, 2847/1993 zk.dun Arautegia (EEE) aldatu eta 685/1995 zk.duna (EE) eta 2027/1995 zk.duna (EE) indarrik gabe geratu ziren.
9.– Alturako, altura handiko eta tretzako ontziak. Ontzien edukiera.
– 1999ko otsailaren 10eko Ebazpena, Atlantikoko Ipar-ekialdeko Arrantza Batzordearen muga geografikoen barruan aritzen diren alturako, altura handiko eta 100 ETG baino gehiagoko tretzako ontzien erroldari buruzkoa (53. zk.dun BOE, martxoaren 3koa).
– Ontzien edukierari buruzko 1969ko nazioarteko biltzarra. Nazioarteko Itsas Erakundeak inprimaturik eta argitaraturik.
10.– Merkaturatzea.
– 1198/1995 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, arrantzako produktuen lehen salmenta kontrolatzeko arauak dakartzana.
– 121/2004 Errege Dekretua, urtarrilaren 23koa, arrantzako, akuikulturako eta itsaski-bilketako produktu biziak, freskoak, hoztuak edo egosiak identifikatzeari buruzkoa.
– 2001eko uztailaren 24ko Agindua, CIEM inguruetatik datorren legatza 500 kg-tik gora zein portutan hustu daitekeen zehazten duena.
– 1380/2002 Errege Dekretua, abenduaren 20koa, arrantzako, akuikulturako eta itsaski-bilketako produktu izoztu eta ultraizoztuak identifikatzekoa.
RSS