
226. zk., 2004ko azaroaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Garraio eta Herri Lan Saila
6067
219/2004 DEKRETUA, azaroaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoak Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan duen batzarkidea kendu eta beste bat izendatzeko dena.
Estatuko portuei eta nabigazio zibilari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea aldatzen duen abenduaren 26ko 62/1997 Legeak interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.
Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek Autonomia Erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta, aipatutako Legeak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak arautzen dituzten organoak dira.
Hori dela eta, abenduaren 26ko 62/1997 Legearen artikulu bakarreko 14. paragrafoak finkatzen duenez, autonomia erkidegoek ezarriko dute portuetako agintaritzen administrazio-kontseiluak zenbat kidek osatuko dituzten, eta, halaber, autonomia erkidegoek izendatuko dituzte, administrazio-kontseiluetan ordezkaturiko herri-administrazioek, entitateek eta organismoek proposaturiko kideak, aipatutako 14. paragrafoan finkatu ziren irizpideen arabera.
Aipatutako lege horretan ezarritakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretua onartu zuen, hain zuzen ere Bilbo eta Pasaiako portuetako agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedurari jarraitu behar zaion, eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazteko.
Aipatutako Dekretua, 4. artikuluan, Autonomia Erkidegoaren ordezkari diren batzarkideez mintzo da, hau xedatuta:
1.– "Portuaren zerbitzu-eremuak hartzen dituen udalerriek, abenduaren 26ko 62/1997 Legearen artikulu bakarraren 14. paragrafoak adierazten duenari jarraikiz, hiru batzarkide izango dituzte kasuan kasuko portuko agintaritzaren administrazio-kontseiluan."
2.– "Batzarkideak izendatzeko proposamenak Garraio eta Herri Lan Sailari jakinaraziko zaizkio, Sailak proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu, eta Kontseiluak batzarkideak izenda ditzan."
3.– "Batzarkideak izendatzeko erabiltzen den prozedura bera erabiliko da kargutik kentzeko."
Errenteriako Udalak egiaztatutako proposamena behar bezala jakinarazi dio Garraio eta Herri Lan Sailari.
Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (Bilboko eta Pasaiako portuetako agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedurari jarraitu behar zaion eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazten baitu dekretu horrek), Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko azaroaren 16an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Gero aipatzen den pertsona Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseilutik kentzea, kasuan kasuko herri-administrazioak hala eskatu duelako:
1.1.– Errenteriako Udalak eskatuta:
– Miguel Buen Lacambra jauna.
2. artikulua.– Ondoren zehazten den herri-administrazioak halaxe eskatuta, eta maiatzaren 5eko 82/1988 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. idatz-zatian aurreikusitako terminoetan, Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko batzarkide izendatzea, haren ordezkari izateko, honako pertsona hau:
2.1.– Errenteriako Udalak eskatuta:
Juan Carlos Merino González jauna.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek indarra izango du kendutako eta izendatutako ordezkariak nortzuk diren Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera; Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 16an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Garraio eta Herri Lan sailburua,
ÁLVARO AMANN RABANERA.
RSS