Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2004ko azaroaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6066

AGINDUA, 2004ko urriaren 13koa, Kultura sailburuarena, Bilboko (Bizkaia) Lezama-Leguizamon etxea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. eta Estatutuko 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Bilboko (Bizkaia) Lezama-Leguizamon etxeak aurkezten zuen balio kulturalaz oharturik eta indarrean dagoen legedia ikusirik, ebazpena eman zuen 2004ko apirilaren 1ean (maiatzaren 13ko EHAA, 89. zk.), eta etxe hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen.

Aipatutako espedientearen tramitazio administratiboak, 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, espedientea jendaurrean jartzera behartu zuen, eta epe horretan interesdunei entzun zitzaien.

Xede horretarako ezarritako lege izapideak zuzen bete ondoren, epe barruan eta forma errespetatuz, bi alegazio idatzi aurkeztu dira: 2004ko ekainaren 8an José Domingo Ampuero Osma jaunak eta 2004ko ekainaren 9an María Teresa Ampuero Osma andreak hurrenez hurren. Bi idazkiak berdinak direnez, bidezkoa da era bakar batez erantzutea.

Alegatzaileek, eraikina Bilboko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren Katalogoak (HAPO) babesten duela diote, eta honek bere araudiaren bitartez, B katalogazio mailan dauden eraikinentzat ezartzen duen babes erregimena nahikoa dela diote.

Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian egotearen ondorioz, eta HAPOa interpretatuz, dagokion maila igo daitekeela uler daitekeela uste dute, beti ere gaur egun duen B maila nahikoa dela izanik. Horrela, Administrazioak eraikinaren onuran zabaltzen duen espedienteak, honek duen babesa bikoiztu egiten duela uste dute, eta hau soberan dago aplikatu beharreko erregimenari buruz zalantza sortzen baitu.

Bi erregimenen arteko kontraesanak ekiditearren Administrazio honek koordinazio lanak egin behar dituela uste dute ebazpenean HAPOk ezartzen duen erregimenari aipu eginez, eta Plan horrek proposatzen duen B maila nahikoa dela adieraziz.

Bukatzeko, uste dute ebazpenak ez duela ziurtasun juridikoa bermatzen, izan ere ez da batere zehatza ez baitu argi uzten zein eskuhartze dauden baimenduak, eta zehazgabetasun hau, lehen aipatutako moduan konponduko litzatekeela uste dute. Beraien ustetan babesak ez luke jabeek dagoeneko betetzen dituzten eta HAPOren bidez katalogatua izateagatik eratortzen diren kontserbazio betebeharren gehikuntza bat suposatu behar, eta honela, B mailak ezartzen duena baino babes handiago bat suposatuko lukeen edozein neurri ukatzen dute.

Horregatik guztiagatik, espediente honen inkoazioa baliorik gabe edo efekturik gabe uztea eskatzen dute edo bestela gaur egun HAPOk aurreikusten duena ezartzea babes erregimen bezala.

Alde batetik HAPOk ematen duen babes maila, gorengoa dela, hau da A eta ez B, alegazioetan adierazten den moduan, eta horregatik eskuartean dugun espedienteak ezin ahal izango du eraikinaren katalogazio mailan inolako aldaketarik eragin, izan era HAPOk aldez aurretik babes mailarik altuena aitortu diolako, eta era berean ezin izango du babes maila areagotu. Horrela ez da Lezama-Leguizamon etxearen Monumentu izendapena dela eta HAPOren inolako aldaketarik behar izango.

Ebazpenaren zehaztasun faltari dagokionez, zerrendatutako ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak (III. idazpurua, I. eta II. atalburuak) ezarritakoaren arabera arautzen direla argitu behar da, eta ez da beharrezkoa babes erregimen espezifiko bat ezartzea (kalifikatuentzat aurreikusita egon arren).

Horregatik guztiagatik, hasiera emandako espedientea baliogabetzeko edo efekturik gabe uzteko eskaera ez da onartzen, hori motibatzen duen arrazoirik ez dagoelako eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 16. artikuluaren arabera, eraikinak Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Nagusian sartzeko adina balio dituelako.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) Lezama-Leguizamon etxea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, proposamen honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Ebazpen honen berri ematea.

Laugarrena.– Bilboko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Ebazpen hori interesdunei, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urriaren 13a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

Mugaketa.

a) Mugaketaren deskribapena.

Babestutako gunearen mugak eraikinaren beraren mugak dira, hau da, lau fatxadak, eta barne hartzen ditu fatxadaren lerrokaduratik kanpo ateratzen diren elementuak, hala nola terrazak eta begiratokiak. Ez du beraz babesgunerik etxearen inguruan.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Eraikina une jakin bateko bereizgarri den hiri-egituran (XIX. mendean proposatutako garapen-eredua, zabalgunea) txertatutako elementua delako jarri zaio babes-eremu hori. Eraikina bikain egokitzen zaio Bilboko zabalguneko trazaketari, izan ere, bere orubea betetzen du eta irtenbide bikain eta kalitatezkoa ematen du, etxadiko beste eraikinetatik autonomoa. Ondorioz, ez da beharrezkoa inguruko eraikinak kontrolatzeko neurri berezirik hartzea —hiri-ordenamenduaren ondoriozkoak izan ezik— eta, beraz, nahikoa da babes-araubide honen mugaketa eraikinari berari murriztea.

II. ERANSKINA

Deskribapena.

Eraikina 1920an amaitu zuten eta Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak, José María Basterrarekin lankidetzan, goi-burgesiarentzako etxebizitzen eremuan egindako ahaleginen erakusle ona da. Eraikin honi erreparatuz, argi ikusten da Kale Nagusiak, zati horretan, bokazio burgesa eta goi-mailako etxebizitzak dituela, lehenengo zatiak ez bezala, horrek funtzio ekonomiko eta finantzarioa baitu.

Eraikin exentua da eta Kale Nagusiko azken zatian dago. Egin zenean eztabaida handiak izan ziren, Zabalguneko Parkearen orube batean egin zelako. Eraikinak oinplano angeluzuzena du, 64 metroko luzera eta 30 metroko sakonerakoa. Kantoietan gorputz erdizirkular handi batzuk ditu, erremate gisa eraikina bera baino altuago diren dorreak dituztenak. Erdisotoa eta zazpi solairu ditu, azkena atzera eramana.

Eraikina bi zati desberdinetan banatzen da. Handiena Kale Nagusiko 60. zenbakia da. Bi eskailera ditu, nagusia eta zerbitzuarentzakoa, eta bi patio handi. Txikienak ere (Kale Nagusiko 58. zenbakiari dagokionak) bi eskailera ditu, nagusia eta zerbitzuarentzakoa, eta patio bakar bat. Zati biek kontserbatzen dituzte, diseinatu ziren bezala, barne-banaketako espazioak eta komunikazio bertikaleko elementuak, beren apaindura oparoarekin, zeinak, kanpoaldeko itxurarekin bat, lengoaia klasizisten emaitza den.

Altxaerari erreparatuz, eraikinak egitura klasikoa erakusten du, hiru gorputzekoa. Beheko gorputzak oinalde bat du, erdisotoari dagokiona, material desberdin batez egina, eta bi bao-maila, diseinu xumekoak, erritmo desberdinez banatuak alboko eta atzeko fatxadan. Fatxada nagusian baoak altuera biak hartzen dituen sarreraren inguruan kokatzen dira. Horren gainean, gorputz nagusia altxatzen da, hiru solairukoa. Eraikina inguratzen duen harrizko balaustradak gorputz honetako lehenengo solairua nabarmentzen du estai nagusi gisa. Gorputz zentral honek hegal txiki bat duen kornisa lodi batek errematatzen du, goiko gorputzetik bereizteko. Azken gorputz horretan daude seigarren solairua, argi handiko arku karpanelatuen sail bat duena, eta zazpigarrena, zeinetan errematatzen baitira altxaerak eta lau ertzetan eta fatxadan dauden dorreak. Horra hor altxaerak osatzen dituzten gorputz nagusien deskribapenak. Nabarmentzekoak dira ertzetako dorre zirkularren erremateak eta konposizioa unitarioa den pretzepzio sendoa. Lehenengo pertzepzio horren atzean ordea, lau fatxadek ñabardura asko dituzte baoen diseinu eta formari, ordenatzeko moduari, sortzen duten erritmoari, estiloari eta abarri dagokienez.

Esan bezala, bereziki nabarmentzekoa da oinplano zirkularreko lau dorreen errematea, hau da, mentsula-sail batean bermatutako erlaitz lodi baten gainean jarritako harrizko balaustrada lodi bat, txarro-errematedun motiboz etenda. Beheko solairuko baoek oso diseinu xumea dute, leihoburuduna, eta erritmo desberdina dute alboko eta atzeko fatxadan.

Fatxada nagusian, hau da, Kale nagusira ematen duenean, beheko gorputzean sarbide biak gailentzen dira. Horien baoak ateburudunak dira eta apaingarri asko dituzte: oinaldetik bi pilastra sortzen dira, erremate gisa kiribilak eta girlandak dituztenak. Horien gainean, fatxada-lerrotik aitzinatzen den frontoi erdizirkular handi bat dago, erdian idi-begi bat duena, motibo heraldiko batekin. Erdiko gorputzean, baoak erritmikoki banatzen dira fuste kaxeatudun pilastren artean. Pilastra horiek hiru solairuak hartzen dituzte eta, erremate gisa, xafla muxarratuz egindako motiboa dute. Ertzetako dorreetan, pilastren ordez fuste leuna eta inspirazio jonikoko kapitela duten kolomak daude, dorre erdizirkularren bolumena indartzeko. Kolomak eta pilastrak lehenengo pisua inguratzen duen balkoi korritutik gora altxatzen dira. Balkoi korritu hori harrizko erroilu-mentsuletan bermatzen da eta errotondetan mentsula horiek loditu egiten dira eta beren apaindura aberastu egiten da kordoi-motiboekin aurrean eta xafla muxarratu batez erremate gisa. Baoetan dekorazio xumea dago: dentikulu batzuk leihoburuaren azpian. Dorreetako beheko gorputzeko baoetan, dentikulu horien ordez akanto-hostotxo batzuk daude eta motibo hori bera errepikatzen da solairu nagusiko balaustradaren azpitik fatxada zeharkatzen duen frisoan ere.

Alboko fatxadetan, konposizio eta estilo elementu berberak erabiltzen dira, baina bao gehiago sartzen dira, binakako erritmoan.

Atzeko fatxadak nagusiaren eskema orokor berbera du, baina beste era batera ordenatuta. Baoen erritmoa desberdina da: bao gehiago dago, bakunak eta bertikalak, balkoiekin etab. Tarte bakoitzean bao bat dago eta tarte horiek pilastrez mugatuta daude solairu nagusian. Kapitel, erlaitz eta gainerako apaindura-elementuetan ere estilo-aldaketak egin dira.


Azterketa dokumentala