Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2004ko urriaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5247

181/2004 DEKRETUA, irailaren 28koa. Honen bidez adierazten da "Laukizko sare nagusian hoditeria hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoak.

"Laukizko sare nagusian hoditeria hobetzeko proiektua" burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak zein diren hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoko Zuzendaritza-Batzordeak, 2004ko otsailaren 3ko Erabakiaren bidez. Horren ostean, 2004ko maiatzaren 25ean eginiko batzarrean erabaki zen nahitaezko desjabetzaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasunak eta eskubideak behar bezala banakatu eta zehaztu dira espedienteari berariaz atxikitako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar izan zen garaian eta, administrazio-espedientean adierazten den bezala, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko hirigintza-arloko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Laukizko udal-mugartean dagoen Unbemendi auzoa hornitzeko, auzotarrek eurek bere garaian ura eramateko lana egin zuten eta tutueria egin zutenetik hainbat alditan pitzadurak izan ditu. Geroago instalazioa udalaren erantzukizuna izatetik BBUPko sare nagusia izatera igaro zen, Laukiz Partzuergoko kide egin zenetik. Ordutik azpiegitura zatika eraberritzen joan dira, eta oraindik gaurkotu barik dago proiektu honetan adierazitako zatia, 325 metrokoa, hain zuzen ere. Obra hori nahitaez egin behar da sare osoak behar bezala funtziona dezan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaripen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko irailaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Laukizko sare nagusian hoditeria hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko irailaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen 			sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala