Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2004ko urriaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
5245

EBAZPENA, 2004ko ekainaren 10ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB2-0177/01-LE eta EB2-01855/00-LE espedienteetan Oscar Peñaranda Campos jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2004ko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez, EB2-0177/01-LE eta EB-01855/00-LE espedienteen babespean, hasiera eman zitzaion Bilboko (Bizkaia) Elorrietan SZ-R.27-2-2 partzelan, Miribilla, 1, 2, 1-2 eta 103.01 burutze-unitatean dauden babes ofizialeko 133 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedurari. Agindu hori 2004ko apirilaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Etxebizitzok arauzko baldintzak ondoen betetzen zituzten eskatzaileei emango zitzaizkien.

2.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Bilboko lurralde-ordezkariak, 2004ko maiatzaren 7an emandako ebazpenaren bidez, prozedura horretan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen.

3.– Oscar Peñaranda Campos jaunak 2004ko maiatzaren 28an gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka. Bertan, ebazpenarekin bat ez datorrela adierazten du, 1998ko urriaren 1etik bera ez baita higiezin horren jabea. Erregistro orria aurkezten du errekurtsoarekin batera. Errekurritutako ebazpena berraztertzea eskatzen du.

Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da errekurtsoa ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.

2.– Honakoak dira erabili beharreko arauak: abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2002ko ekainaren 14ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duena; 2003ko martxoaren 17ko Agindua, Bilboko (Bizkaia)SZ-R.27-2-2 partzelan, Miribilla,1, 2, 1-2 eta 103.01 burutze-unitean babes ofizialeko 133 etxebizitza esleitzeko zenbait espezifikazio finkatzen dituena; eta arau osagarriak eta bat datozen arauak.

3.– Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, 15. artikuluan dioenez, babes ofizialeko etxebizitza baten esleipenaren onuradun izateko, besteak beste, etxebizitza baten beharra kreditatu beharko da. 16. artikuluan, halaber, honakoa ezartzen du: bizikidetza-unitateko kide guztiek ez dute izango jabetzan inolako etxebizitzarik, jabetza soilik, azalera-eskubiderik edo usufrukturik, onuradunak esleitzeko prozedurari hasiera ematen dion Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindua argitaratzen den eguna baino lehenagoko bi urteko epean.

4.– Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, honela dio 71.1 artikuluan: "Prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da."

5.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 70. artikuluan dioenez, eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, ordezkaria badu, bere ordezkariarenak, baita jakinarazpenak jasotzeko aukeratutako bidea eta lekua ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaria, argi eta garbi adieraziak.

c) Lekua eta eguna.

d) Eskabide-egilearen izenpea edo benetan bere borondatea dela erakusteko edozein eratako egiaztapena.

e) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskabidea.

Bestalde, 71.1 artikuluak aipatzen duen berariazko araua 2002ko ekainaren 14ko Agindua da, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzkoa alegia, eta agindu horrek, eskatzaileen erregistroari dagokionez, honela dio bigarren artikuluan: "bizikidetza-unitateak, edo pertsona fisikoak, bete beharreko baldintzak bere eskaerari alta emateko babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen Erregistroan ondokoak dira:

a) Babes ofizialeko etxebizitzaren geroko titularren bat Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean beharko da bizi.

b) Bizikidetza-unitateko kide guztiek ez dute euren jabetzako etxebizitzarik eduki behar, ezein jabetza, azalera-eskubide edo usufrukturik babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileen erregistroan izena emateko eskabidearen egunean".

Espedientea aztertu ostean egiaztatu da errekurtsogileak eskakizun guztiak betetzen dituela babes ofizialeko etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartu ahal izateko. Alde batetik, arauek salbuesten duten etxebizitza baten jabekidea delako, etxebizitzaren jabe ez dela egiaztatzeko, eta, beste aldetik, beste higiezin baten jabea izan zen oraindik noiz eskualdatu zuen egiaztatu ez duen arren, baina eskabidea egin zuenean bera jabea ez zela jasota dagoela. Beraz, bidezkoa gertatzen da errekurtsoa baiestea.

Orain errekurtsogile denaren izenean eskualdatuta zegoen etxe bat ikusi zen. Orduan, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako iragarki-taulan 2003ko urtarrilean jarritako iragarkiaren bidez, etxearen erosketa-eskritura eta higiezinaren salmenta-eskritura aurkeztea eskatu zitzaion edo horien ezean, saldutako higiezin horri dagokion erregistro-orri osoaren fotokopia. Agiri horiek aurkezteko epea 2003ko urtarrilaren 20an amaitu zen eta epe horretan ez zuen agiririk aurkeztu.

Errekurtsoaren bidez Erregistro Oharraren kopia aurkeztu zuen eta bertan eskualdaketa argi geratzen da. Hala ere, garaiz kanpokoa da agiri hori eta ezin da onartu, lehen adierazitako 71. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ebazpena, beraz, zuzena da.

Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Sailak Bizkaian duen Lurralde ordezkariak EB2-0177/01-LE eta EB-01855/00-LE espedienteetan hartutako ebazpenaren aurka Oscar Peñaranda Campos jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Ebazpenak Bilboko (Bizkaia) Elorrietan SZ-R.27-2-2 partzelan, Miribilla, 1, 2, 1-2 eta 103.01 burutze-unitatean dauden babes ofizialeko 133 etxebizitzaren sustapenean onartu eta baztertutakoen zerrenda onesten du eta bere hartan geratzen da Zuzenbidearekin bat datorrelako.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko ekainaren 10a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko 			Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala