Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2004ko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
5131

AGINDUA, 2004ko martxoaren 16koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalei laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua 2004ko ekitaldirako egokitzekoa.

Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruzko indarreko legezko xedapenen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen (EHAAren 255. zk., 2003ko abenduaren 31koa), eta, horren arabera, luzatu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia. Dekretu horren ondorioz, Jaurlaritzak, bere sailek eta erakunde autonomoek epeak, baldintzak eta nahitaezko betekizunak ezarri eta egokitu ahal dituzte, 2004. urtean aplikagarri izan daitezen.

2003. urteko ekitaldian, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Agindua eman zen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2003ko urriaren 24an (208. zenbakian) argitaratu zena; eta, Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalei laguntzak emateko 2003ko ekitaldirako deialdia egin zen. Horrenbestez, goian adierazitakoaren arabera, agindu hori egokitu ahal da, 2004. urtean aplikatu ahal izateko.

Hortaz, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalei laguntzak emateko 2003ko ekitaldirako deialdia egiten duena, egokitu egingo da, 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko; eta, hartara, agindu horretan 2003. urteari egiten zaizkion erreferentzia guztiak 2004. urteari dagozkiola joko da.

Bigarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalei laguntzak emateko deialdia egiten duen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Aginduak deitutako laguntzak 2004ko ekitaldian jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.– Eskaerak.

Agindu honetan jasotako laguntzetara biltzeko eskaerak Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1, Lakua 1, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari bidaliko zaizkio, 2003ko urriaren 7ko Aginduaren laugarren ebazpen-zatiak adierazitako agiriekin batera.

Laugarrena.– Finantziazioa.

Deialdi honetan jasotako laguntzak finantzatzeko, 240.405 euro gordeko dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoko 2004. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako bideratu den kredituaren barruan. Zenbateko horrek aurrekontu-aldaketak izan ditzake, indarreko legediarekin bat. Hala izatekotan, aldaketen ondoriozko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritza eta Arrantza sailburuari agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Agindu honetan ezartzen ez den guztiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu-izaerako nekazaritzako erakunde profesionalei laguntzak emateko 2003ko ekitaldirako deialdia egiten duen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urriaren 7ko Aginduan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak egindako aldaketekin) xedatutakoa aplikatuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 16a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala