Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2004ko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5130

EBAZPENA, 2004ko irailaren 14koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, "Centros Privados de Enseñanza Reglada de la CAPV"aren Hitzarmen Kolektiboa Interpretatzeko Batzorde Mistoaren 2004ko uztailaren 9ko Erabakiaren I. eta II. eranskinak erregistra eta argitara daitezela xedatzen duena.

8602372 C.C.O.C. espedientea.

Aipatutako espedientea ikusi da, "Centros Privados de Enseñanza Reglada de la CAPV" enpresaren Hitzarmen Kolektiboa Interpretatzeko Batzorde Mistoaren erabakiari buruzkoa.

AURREKARIAK

Aipatutako Hitzarmen Kolektiboa Interpretatzeko Batzorde Mistoaren erabakiaren I. eta II. eranskinen testua, 2004ko uztailaren 9an batzorde negoziatzaileak sinatua, 2004ko uztailaren 14an iritsi zen Lan Zuzendaritzara.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Beharrezko izapideak egin ondoren, bidezkoa da Hitzarmen Kolektiboa Interpretatzeko Batzorde Mistoaren erabakiaren I. eta II. eranskinak erregistratzea eta argitaratzea, honako lege-xedapenek ezarritakoaren arabera: martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikulua, maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 2ko 39/1981 Dekretua eta hori garatzen duen 1982ko azaroaren 3ko Agindua, eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatu zuen otsailaren 12ko 44/2002 Dekretua.

Adierazitako lege-xedapenak eta ezarpen orokorreko gainontzekoak ikusita, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak hau

EBATZI DU:

1.– Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroaren Organo Nagusian erregistratzeko agindua ematea, eta Batzorde Negoziatzaileari jakinarazi.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2004eko irailaren 14a.

Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
IRAKASKUNTZA ARAUTUKO IKASTETXE
PRIBATUEN HITZARMEN KOLEKTIBOA
INTERPRETATZEKO BATZORDE MISTOA
I. ERANSKINA

Batzorde honek aho batez onartzen du itunpeko ikastetxeetako eskubide sindikalen gainean Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza pribatuko sindikatuen eta patronalen artean lortutako akordioa.

ITUNPEKO IKASTETXEETAKO ESKUBIDE
SINDIKALEN GAINEAN EUSKAL AUTONOMIA
ERKIDEGOKO IRAKASKUNTZA PRIBATUKO
SINDIKATUEN ETA PATRONALEN ARTEAN
LORTUTAKO AKORDIOA

Akordio honen helburua hau da: langileen ordezkariek eta Enpresa Batzordeko kideek ordezkaritza lanak betetzeko dituzten orduak erabiltzeari buruzko gaiak arautzea (Araututako irakaskuntzako ikastetxe pribatuen I. hitzarmen kolektiboko 78. eta 79. artikuluak), beti ere aurreko 1996ko otsailaren 14ko Akordioan ezarritako irizpideen ildotik. Hori Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuen hitzarmen kolektiboaren barruan –eskubide sindikalei buruzko III. kapituluan– jasota dago.

Hezkuntza-itunen bitartez egindako finantzazioa kontuan hartuta, akordio hau izenpetzen duten alderdiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eskatzen diote, ezen, aurreko akordioarekin jarraituz, ahalik eta modu egoki eta bidezkoenean behar diren fondoak presta ditzala, akordio honetan aipatzen diren sindikatuetako kide iraunkorrak finantzatzeko.

Aipatutako helburuak lortzeko, batetik, patronalak eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Irakaskuntza Pribatuaren Hitzarmen Kolektiboa Interpretatzeko Bitariko Batzordean ordezkotza duten sindikatuek hau

ERABAKI DUTE:

Lehenengoa.– Akordio honek Euskal Autonomia Erkidegoko Irakaskuntza Pribatuko Hitzarmen Kolektiboan sartuta dauden itunpeko ikastetxe guztietan izango du eragina, nola itun osoak dituztenetan, hala partezko itunak dituztenetan, nahiz horien ordezkariengan.

Aipatutako eremuan bakarra izango da. Izenpetzen den egunean jarriko da indarrean eta lau urteko iraupena edukiko du; luzatu egin ahalko da, alderdiek kontrakorik adierazi ezean.

Bigarrena.– Ordezkarien orduak laga eta arautzea.

Akordioan zehaztutako sektorean %10eko ordezkotza duten sindikatuetako langileen ordezkari bakoitzak edo Enpresa Batzordeko kide bakoitzak, sindikatu-lanetarako dituen orduetatik bi (2) utzi egingo ditu hilero, sindikatuek izendatutako kide iraunkorrei metatzeko; horrela, kide iraunkorrak ikastetxeetan dituzten eginbeharrez libratu egingo dira.

Batzar arruntetara joateko, erakunde izenpetzaileetakoak diren ordezkariek eta Enpresa Batzordeko kideek, hilero arratsalde bat edo goiz bat libre hartuko dute. Batzar horiek laneko desplazamendutzat hartuko dira. (Ikastetxeen barne antolaketari begira, sindikatuek lurralde historiko bakoitzeko batzarren egutegia jakinaraziko dute.) Lurralde Batzorde Sektorialekoak diren Enpresa Batzordeko kideek edo ordezkariek batzar bat gehiago edukiko dute. Sindikatu-prestakuntzarako ikastaroetara joateko, sindikatu bakoitzak urteko hiru lanaldi hartzeko eskubidea izango du, 15 afiliatuko edo frakzioko. Ikastaro horietan parte hartzeko asmoa 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio Zuzendaritzari, eta, ahal den neurrian, jarraian hartu beharko dira egunak. (Egun horiek ezingo dira izan ebaluazio edo azterketakoak; hori dela eta, ikastetxeek azterketa eta ebaluaziorako egutegia emango dute jakitera.)

Hirugarrena.– Akordio honen eraginpean dauden sindikatuek, gehienez ere, 12 liberatu izenda ditzakete, sindikatu-lanak jarraiki egin ditzaten.

Eremuaren barruan sektorean duten ordezkotzaren arabera izendatuko da kide iraunkorren kopurua sindikatu izenpetzaileen artean.

Horretarako, urte bakoitzeko ekainaren 30eko datu ofizialak hartuko dira kontutan, eta ateratzen dena hurrengo ikasturterako izango da, irailaren 1ean hasi eta abuztuaren 31n amaituko delarik.

Izendapenak uztailean egin beharko dira (halabeharrez ez bada), eta patronala, ikastetxeak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila jakinaren gainean jarri beharko dira.

Izendapen horiek urtebeterako izango dira eta sindikatu batek liberatu bat eginkizun horietarako ez badu berriz izendatzen, ikastetxeko ohiko zereginetara itzuliko da izendatua izan zenean zituen baldintza berekin, kontrakorik erabakitzen ez bada behintzat.

Ordezkari horiek, ikastetxeetan dituzten lanez libraturik egongo baitira, ikastetxeko nominan jarraituko dute ondorio guztietarako, eta izendapenaren unean egiaztatzen duten ordainketa jasoko dute.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari behar diren fondoak prestatzeko eskatzen zaio eta izendepenen berri eduki ondoren, sindikatuetako kide iraunkorren kostua ordaintzeko adina fondo transferitu diezaiela ikastetxeei.

Laugarrena.– Akordio hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari igorriko zaio, bere gain har dezan eta sindikatuetako 12 kide iraunkorren kostua finantza dezan. Kostutzat hartuko dena nomina gordina eta Gizarte Segurantzarekiko kotizazioa izango da, irakaskuntzako ihadueragatiko plusa (ordezkatua) eta gehigarria barne.

Horretarako, sindikatuek sindikatu bakoitzeko liberatuen izendapenarekin batera, kasuan kasuko ikastetxeen egiaztagiria bidali beharko dute, hain zuzen, aipatutako kontzeptuak adieraziko dituena.

Bosgarrena.– Aplikazioa.

Akordio hau, berau izenpetzen duten sindikatuei aplikatuko zaie. Aplikaziorako, akordioaren indarraldian sektorean %10a lortzen duten sindikatuek, testu honetan jasotako formula hartu ahal izango dute, 3. puntuan jarritako ildotik.

Gehigarrizko klausula.– Akordio honek, dagokion ordu-lagapenarekin batera, onartzen denean eta Hezkuntza Sailak finantzaziorako bere gain hartzen duenean izango du balioa.

ERANSKINA: ITUNPEKO IKASTETXEETAKO
ESKUBIDE SINDIKALEI BURUZKO AKORDIOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
ARAUTUTAKO IRAKASKUNTZAKO
IKASTETXE PRIBATUEN PATRONALEK ETA
SINDIKATUEK HARTUTAKOA SEKTOREKO
HITZARMEN KOLEKTIBOAREN
ESPARRUAN

Akordioa sinatu duten aldeek sindikatuetako kide iraunkorren honako banaketa onartzen dute:

ELA: 	9 kide iraunkor

STEE-EILAS: 	2 kide iraunkor

CCOO: 	1 kide iraunkor

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO
IRAKASKUNTZA ARAUTUKO IKASTETXE
PRIBATUEN HITZARMEN KOLEKTIBOA
INTERPRETATZEKO BATZORDE MISTOA
II. ERANSKINA

Batzorde honek aho batez erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko araututako irakaskuntzako ikastetxe pribatuen I. hitzarmen kolektiboko I. eranskina aldatzea, bertan transkripzio huts bat egin zelako. Beraz, "ANTZINATASUNA 3 TALDEA" izeneko taulan, "goi-mailako teknikariari" dagokion atalean, %12,11 jartzen duen tokian %22,72 jarri behar du.


Azterketa dokumentala