Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2004ko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
5119

AGINDUA, 2004ko irailaren 15ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko azaroaren 5eko saioan onetsi zuen Etxebizitza Bideratzeko 2003-2005 aldirako Plana. Plan horren bitartez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza arloan aipatutako epean gauzatuko zituen jardueretarako ardatzak ezarri nahi ziren, plangintza estrategiko eta sustapen arloko irizpideak eta beste orientabide batzuk erantsiz. Orientabide horiek estrategikoak ez badira ere, garrantzi handikoak dira etxebizitza arloan diharduten eragileentzat eta babes ofizialeko etxebizitzen beharra duten herritarrentzat.

Plan zuzentzaile horren ondorioz, eta bere jardun ildoak edo ardatzak garatu nahirik, indarrean sartu zen babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua, eta dekretu hori gerora Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruz emandako 2003ko uztailaren 30eko Aginduak garatu zuen.

Zenbait urte indarrean egon eta gero, Agindu berri honen bidez luzatu nahi da arau honetan bildutako mailegu sorotsi gabeen amortizazio-epea, hipoteka eta finantza merkatuan gertatu diren aldaketak kontuan harturik. Aldaketa horrekin honako hau lortu nahi da: etxebizitzen esleipendunek ahalegin ekonomiko txikiagoa egin behar izatea, amortizazio-kuotak eta interesak ordaintzeko.

Ondorioz, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 28ko 40/2002 Dekretuaren 4. artikuluak eta Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren azken xedapenetan lehenak diotenarekin bat etorriz, ondokoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak Etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruz emandako 2003ko uztailaren 30eko Aginduaren 5. artikuluaren 1. paragrafoaren b) puntua. Honela geratuko da:

"b) Amortizazio-epea 20, 25 edo 30 urtekoa izango da, 2 urteko hautazko gabe-aldia barne hartuta".

XEDAPEN IRAGANKORRA

Artikulu bakar honetan azaldutako epea laguntzak jasotakoek kreditu-entitateetan aurkeztutako baimen-eskariei aplikatuko zaie, baldin eta eskariak, batetik, etxebizitza eta lurzoruaren eremuan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailarekin sinatutako Finantza Lankidetzaren Hitzarmenean bilduta badaude Agindu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera eta, bestetik, lehenago aurkezturik ere onespena jasotzeko badaude.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko irailaren 15a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN


Azterketa dokumentala