Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2004ko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
5117

2/2004 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Ebazpen Batzordearen Osokoak hartutakoa, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko agindu bat dela-eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-gatazka positiboari buruzkoa. Agindu horren bidez argitara eman zen Euskal Autonomia Erkidegoan gainbehera etorritako hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko erabateko egitarauei laguntzeko neurriak ezartzen dituen Izartu programaren barruan laguntzak emateko deialdia.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko uztailaren 21ean, Ebazpen Batzordearen osoko bilkura izan da: Fernando Luis Ruiz Piñeiro lehendakaria eta Iñaki Lasagabaster Herrarte, Mario Fernández Pélaz, Edorta Cobreros Mendazona, Fernando Campos Antoñanzas, Andrés Urrutia Badiola eta José Manuel Castells Arteche kideak bildu dira, ondoko ebazpena onesteko

EBAZPENA

Ebazpen honek Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko agindu bat dela-eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-gatazka positibo bati erantzuten dio. Agindu horren bidez argitara eman zen Euskal Autonomia Erkidegoan gainbehera etorritako hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko erabateko egitarauei laguntzeko neurriak ezartzen dituen Izartu programaren barruan laguntzak emateko deialdia. Txostengileak, José Manuel Castells Arteche jaunak, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkuraren iritzia adierazten du.

AURREKARIAK:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ebazpen Batzordearen Legean (aurrerantzean EBL) aurreikusitako epearen barruan, 2004ko martxoaren 30ean Javier Guevara Saleta jaunak, Arabako Foru Aldundiko Lehendakaritzako foru-diputatuak, Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 30eko 232 Erabakia gauzatuz, eskumen-gatazka positiboa aurkeztu zuen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko Agindu zela eta (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 14. zenbakia, urtarrilaren 22koa), Eusko Jaurlaritzak ez zuelako onartu aurretiko errekerimendua, EBLren 58. artikuluan aurreikusten dena, Jaurlaritzaren Kontseiluak martxoaren 10ean halaxe erabakita. Honekin batera doaz Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 30eko 232. Erabakia, Eusko Jaurlaritzari egindako errekerimenduaren kopia eta Jaurlaritzak errekerimendu hori onartu ez izanarena.

2.– Ebazpen Batzordeak apirilaren 2an egin zuen osoko bilkuran erabaki zen batzordearen osoko bilkurara ekartzea 2/2004 gaiari buruzko eskumen-gatazka positiboa. Dena den, Arabako Foru Aldundiaren martxoaren 30eko idazkian formazko akats bat sumatu zenez, hain zuzen ere Lehendakaritzako foru-diputatu Javier Guevara Saleta jaunak aurkeztu izana idazkia, era horretara ez baitzen betetzen Ebazpen Batzordearen Legearen 25. artikuluan eskatzen dena, Osoko Bilkurak bilera hartan bertan erabaki zuen idazkia Arabako Foru Aldundiari itzultzea aipatutako akatsa zuzen zezan; akatsa zuzendu ondoren Osoko Bilkurak erabaki zuen gatazka onartutzat ematea, eta erakunde sustatzailearen idazkia ondorengo eraginetarako zilegitutako gainerako erakundeei helaraztea.

Apirilaren 2an Guevara foru-diputatuaren beste idazki bat jaso zen, eta bertan beste argumentu juridiko batzuk erantsi zitzaizkion martxoaren 30eko idazkiari.

Apirilaren 20ko idazkian, Javier Guevara jaunak Arabako Foru Aldundiaren apirilaren 20ko 279/2004 Erabakia aurkeztu zuen, eta bertan adierazten da berriro ere bera izendatzen dutela ordezkari, oraingo honetan Arabako Abokatuen Elkargoko abokatu gisa, eta Diputatuen Kontseiluak berariaz eskatuta. Ondorioz, batzorde honetako lehendakariak idazki bat igorri zion apirilaren 21ean Arabako Foru Aldundiari; akatsa konpondutzat ematen zuela adierazten zion, eta, ondorioz, apirilaren 2ko osoko bilkuran erabakitako gainerakoa betetzeari ekingo zitzaiola.

Maiatzaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Lege Zerbitzuetako legelariak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, idazki bat aurkeztu zuen; eskatzen zuen onar zedila apirilaren 2ko onarpen-erabakitik abiatuta jarraitutako prozedurako jardueren salbuespenezko deuseztasun-intzidentea. Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak, ekainaren 22an egin zuen bileran, erabaki zuen tramitatzeko ez onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskaria, jarduerak ezdeustzat jo zitezela eskatzeko egin zuena, eta, aldi berean, Arabako Foru Aldundiko Lehendakaritzako diputatuaren apirilaren 2ko idazkiaren onartezintasuna adierazi zen.

3.– Martxoaren 30ean Arabako Foru Aldundiaren izenean Lehendakaritzako foru-diputatu Javier Guevara Saleta jaunak aurkeztu zuen idazkira itzuliz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren urtarrilaren 21eko Aginduaren aurka emandako argudio juridikoak honela laburbil daitezke:

a) Foru-aldundiek obra eta zerbitzuetako foru-plan bat onesteko duten eskumena gatazkan dago Eusko Jaurlaritzaren Izartu programaren helburuekin, 306/2003 Dekretuan ezarritako Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera. Horregatik, uste du aginduan, eta ondorioz Izartu programan, obra eta zerbitzuei buruzko hiru foru-plan batzen direla, bakoitza bere lurralde historikoaren eskumena dena. Foru-aldundiek toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko duten eginkizuna nabarmentzen da.

Idazkiak Lurralde Historikoen Legearen (aurrerantzean LHL) 7a) artikuluko 5. atalean oinarritzen ditu plan hauei buruzko foru-eskumenaren aldeko testuak ("Herrilan eta Zerbitzuen Foru-Egitamua idaztea eta ontzat ematea, Toki-Erakundeekiko teknikazko laguntza eta aholkularitza"), eta foru-aldundien garapen-arauetan. Arabari dagokionez, hauek dira garapen-arau horiek: 2/1985 Foru Araua, Obra eta Zerbitzuetako Foru Planaren oinarriei buruzkoa, eta 14/1997 Foru Araua, Obra eta Zerbitzuetako Foru Plana eta Arabako Foru Aldundiak toki-erakundeen obra eta zerbitzuetan laguntzeko bestelako tresnak arautzen dituena; azken arau horren 7. artikuluak aipatu diren obra eta zerbitzuak oinarrizko azpiegiturako obretan eta ekipamendu eta zerbitzu obretan sailkatzen ditu, betiere lurraldeko toki-erakundeei dagokienez.

Idazkia arrazoitzeko, oinarrizko legeria aipatzen da (Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen 7/1985 Legea), foru-organoei osagarri gisa aplikatzen zaiena (39. artikulua). Adierazten da 36. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoetan (eta zehazki 2a) paragrafoan) aipatzen diren foru-aldundien eskumenen artean honako hauek daudela: udal-zerbitzuak koordinatzea; zerbitzu horietan laguntzea eta lankidetza juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa eskaintzea; probintziako lurraldearen planifikazioan eta garapen ekonomiko eta soziala sustatzean lankidetza eskaintzea, "esparru honetan gainerako administrazio publikoek dituzten eskumenen arabera", eta, azkenik, udal-eskumenekoak diren obra eta zerbitzuetan lankidetzan aritzeko plan probintzial bat onestea. Aldundiak adierazten du Konstituzio Auzitegiaren 1988ko maiatzaren 21eko Epaiaren arabera, aipatutako 36. artikuluko 2a) paragrafoak oinarrizko legeriaren izaera duela, eta esan behar da aipatutako epaiak indargabetu egin zituela Kataluniarako obra eta zerbitzu plan bakarra ezartzen zuen Kataluniako Generalitateko Legebiltzarraren 23/1987 Legearen hainbat artikulu.

Nolanahi ere, Arabako Foru Aldundiaren idazkiak onartzen du Izartu programak udalak koordinatzera mugatu behar zuela, eta 7/1985 Legearen 59 eta 60. artikuluak aipatzen ditu; era berean, baliabideen banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuak finantzatzeko foru-aldundien ekarpenak zehazteko 2002-2006 aldian aplikatuko den metodologiaren 6/2002 Legeko 4. xedapen gehigarrian ere babesten da, baita Lurralde Historikoen Legearen 22. artikuluko hirugarren atalean ere. Agindu guztiak bat datoz, Foru Aldundiaren idazkiaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren jarduera hau onartzen duen legerik ez dagoela adieraztean. Honako hau dio Lurralde Historikoen Legearen 22. artikuluko hirugarren atal horrek: "Jaurlaritzari, bere agintepeko zerbitzuengatik egin dakion eskuarte-izendapenaz gainera, ekonomia-egitamuketa, suztapen eta hazkunde-politikabideak, irabazpideak eta aberastasuna Euskal Herrian norbanakoen eta lurraldeen artean eskualdeka eta alorka birbanatzekoak eta, orohar, Autonomia-Elkartearen politikazko eta ekonomiazko dendua bermatzeko xedezko neurriak jartzeko une bakoitzean egoki eritzitako diruizendapena egingo zaio".

b) Foru Aldundiaren idazkiak gatazka eragin zuen agindua obra eta zerbitzu plana arautzen duten foru-arauekin alderatuz aztertzen du. Nolanahi ere, onartzen du Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10. artikulua (Autonomia Erkidegoaren bakarreko eskumenak); onartzen ditu artikulu horretako 12. atala (gizarte-laguntza), 25. atala (Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat), 31. atala (lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua, hirigintza eta etxebizitza) eta 39. atala (komunitatearen garapena, emakumeen egoera, haur, gazte eta adinekoen aldeko politika), "aztergai dugun kasuan eskumen-esleipen garrantzitsuak" diren neurrian.

Era berean, adierazten du Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren aginduaren helburuak eta 306/2003 Dekretuaren 5. artikuluan, eta aginduaren 1. eranskinean ezartzen diren diruz lagun daitezkeen jarduerak gatazkan daudela 14/1997 Foru Arauko zioen definizioarekin eta aipatutako foru-arau horren 7.2 artikuluan azaldutakoarekin ("oinarrizko azpiegiturako obrak"); foru-arauan honako atal hauetan zehazten dira halako obrak: ur-horniketa, ura arazteko eta drainatze-sareetako lehenengo instalazioak egiteko obrak, argiteria publikoaren eta energia elektrikoaren sareak instalatzea, bide publikoak zolatzea eta ur-horniketako sareak berritu eta zabaltzea.

Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzak argudio horrekin jarraitzen du; eta, esate baterako, aipatutako dekretuan eta aginduaren eranskinean aurreikusitako beste jarduera bati dagokionez, eta foru-arauko ataletan oinarrituta, garraio-azpiegitura aipatutako arauak Foru Aldundiari izendatzen dion autobus-aterpeak kokatzeko eskumenari kontrajartzen zaio; eranskinean egiten den telekomunikazio-azpiegituraren eta informazio-gizartearen aipamenari 14/1997 Foru Arauan telebista-hedagailuak instalatzeko eta konpontzeko foru-eskumena kontrajartzen zaio; energia-azpiegiturari, argiteria publikoaren eta energia elektrikoaren sare nagusia lehenengo aldiz instalatzeko, berritzeko eta zabaltzeko Foru Aldundiaren eskumena; laguntza teknikoari, Obra eta Zerbitzuetako Foru Planean sartuta dauden obrak zuzentzeari eta proiektuak idazteari dagozkien ordainsarietarako diru-laguntzak emateko foru-eskumena, eta hemen ere 14/1997 Foru Arauaren 10. artikuluan babestuta.

c) Lehenengo Izartu programa gogoratuz (236/2000 Dekretua eta Ogasun Sailaren 2001eko urtarrilaren 9ko 138 Agindua), Arabako Foru Aldundiaren idazkiak Arabako Laudio eta Amurrioko udalerriei programa horren barruan obra eta zerbitzuetarako emandako diru-laguntzak aipatzen ditu, eta adierazten du foru-arauaren 7. artikuluan adierazten denarekin bat datozela; era horretara osotasun gisa finantzatu dira errepideetako obrak, errepideei dagozkien zerbitzu publikoak, edateko uraren horniketa, udal-enparantzak, eta abar. Eranskin moduan aurkezten den lehenengo Izartu programaren jarraipen-txostenean oinarrituta, adierazten da programaren aplikazioan oinarrizko toki-azpiegituraren izaera dutela guztira 368 proiektuk, eta hori berriro ere bat datorrela 1997ko Foru Arauak araututako foru-planaren helburuaren alderdirik adierazgarrienekin.

d) Idazkiak adierazten du "kasurik okerrenean" ezin dela ukatu, LHLren 7c) artikuluak lurralde historikoei izendatzen dizkien gauzatze-eskumenen arabera, lurralde historikoei dagokiela, euren lurraldearen barruan, erakunde erkideen legeria gauzatzea gizarte-laguntzaren arloan, "Euskal Herri Osorako Erakundeek artez ihardutzearen kaltetan gabe", eta baita komunitatearen garapena, emakumeen egoera, haur, gazte eta adinekoen aldeko politika, aisia eta olgeta ere, "arlo horietan Euskal Herri Osorako Erakundeek artez ihardutzearen kaltetan gabe".

"Artez ihardutzea" klausulari dagokionez, Arabako Foru Aldundiaren idazkiak aitortzen du erakunde erkideek, "ihardutze" hori dela eta, esku hartu ahal izango dutela "oinarrizko ezaugarriak ezartzean ezinbesteko arazo teknikoak bateratzeko behar-beharrezkoak liratekeen gauzatze-alderdietan"; esaten du ezin zaiola, ordea, inola ere "arlo honetan Arabako Foru Aldundiari dagokion gauzatze-eskumen hori erabat kendu", eta, horretarako, Konstituzio Auzitegiaren 13/1992 Epaia aipatzen du.

Alde horretatik, foru-eskumena edukirik gabe uztea dela esaten du aipatutako aginduak "baldintzak, eskaerak eta epea, aurkeztu beharreko dokumentazioa, zuzentzea, ebaluazio-batzordea, ebazpena, diru-laguntza ordaintzea..." arautzea; zeregin horiek guztiak erakunde erkideei izendatzen zaizkie 306/2003 Dekretuan, eta ez, Aldundiaren ordezkaritzak pentsatzen duen bezala, lurralde historikoetako organoei euren gauzatze-ahalmenen arabera.

Ondorioz, aipatutako gauzatze-eskumenean oinarrituta, Arabako Foru Aldundiari egokituko litzaioke Izartu programa gauzatzea bere lurralde-esparruan.

e) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko harremana erakunde erkideen eta lurralde historikoen arteko harremanarekin parekatuta, eta diru-laguntzen esparruan sartuz, Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzak dio Eusko Jaurlaritzak ez duela eskumen-banaketatik bereizitako titulu generikorik, errespetatu beharrekorik, eta, zalantzan jartzen den aginduak berariazko titulurik ez duenez eta sustatze-ahalmenik ez duenez –Konstituzio Auzitegiak ekonomiaren planifikazio eta antolamendu orokorrari dagokionez ezarritako mugak aipatzen dira horretaz–, ezin dela inola ere den-denaren arauketa izan, gai honetako foru-eskumenak edukirik gabe utzita.

Ondorioz, hau da Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzaren jarrera: gatazka eragin duten ekonomia-funtsak "Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunak hornitzen dituen baliabide gisa integratu behar dira, eta funts horien kudeaketa lurralde historikoei dagokie".

f) Azkenik, idazkiak aldez aurreko errekerimenduaren baliotasuna aldezten du, Eusko Jaurlaritzak errekerimenduari emandako erantzunean zalantzan jartzen dena, eta, konponbide bat bilatzeko ahalegina den aldetik, zilegitasuna ematen dio aipatutako errekerimenduan jasotzen den nahikariari, hau da, "administrazio-espediente bat ireki, hala, foru-erakundeei entzun ondoren eta foru-erakundeen partaidetzarekin, Izartu programara bideratutako funtsak organo erkideen eta foru-organoen artean banatzeko edo esleitzeko irizpidea ezartzeko".

Abiapuntutzat hartuta eskumenei ezin zaiela uko egin eta eskumenak erabilezinak direla, zuzentzat jotzen da 306/2003 Dekretuaren aurka gatazkarik ez aurkeztea eta dekretua betearazi baino egiten ez duen aginduaren aurka, berriz, gatazka aurkeztea, eta halaxe gertatu da eskumen-gatazka positibo honetan.

4.– Bestalde, gatazka planteatu duen idazkiari 2004ko maiatzaren 17an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Lege Zerbitzuetako legelariak egindako alegazioetan bi zati daude: aurrenekoa gatazka ez onartzeko izan daitezkeen arrazoiei buruzkoa da; bigarrena Izartu programan dagoen eskumen-tituluaren funtsean sartzen da, eta titulu horren zilegitasuna aldezten du.

a.1) Gatazka ez onartzeko lehenengo arrazoia Arabako Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 30eko idazkian eta apirilaren 20ko erabakian oinarritzen du. Azken honen bidez, hain zuzen ere, Lehendakaritzako foru-diputatu Javier Guevara Saleta jaunaren apirilaren 2ko izendapena zuzentzen da, eta hala dio: "Arabako Foru Administrazioak berariaz eskatuta eta aginduta, Arabako Abokatuen Elkargoan jarduneko legelari izaten jarraitzen du", eta delako abokatu gisa dihardu Arabako Foru Aldundiaren ordezkari gisa, gatazkan galdegile izateko izendapena berretsi ondoren.

Eusko Jaurlaritzak jarduerak ezdeustzat jotzea eskatzeko aurkeztutako idazkiko alegazio-bide berari eusten zaio. Esaten da Arabako Foru Aldundiak ez duela bete EBLren 25. artikuluan aurreikusten den baldintza, gai baterako izendatutako abokatu edo legelarien bidez jardun behar dela baitio baldintza horrek. Uste du Guevara Saleta diputatua ez dela jarduneko legelaria, hain zuzen ere goi-kargu bat delako eta 52/1992 Foru Arauaren 30. artikuluan aurreikusten den bateraezintasuna duelako; izan ere, karguan dedikazio esklusiboz aritzea bateraezina da beste edozein jardueratan aritzearekin. Era berean, aipatutako izendapena kontraesanean dago 86/1996 Foru Dekretuaren 12. artikuluarekin, horren arabera Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko legelariei baitagokie Aldundia defendatzea, eta, zehazki, "lurralde historikoen interesak aldeztea Ebazpen Batzordearen aurrean". Horregatik, Jaurlaritzaren ordezkaritzak adierazten du inola ere ezin dela konpondutzat eman Guevara jauna galdegile izateko martxoaren 30eko izendapenean sumatutako hutsa.

a.2) Gatazka ez onartzeko eskariaren bigarren arrazoia Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-gatazkaren aldez aurreko errekerimenduan oinarritzen da. Batzorde honen iritziz, "oinarri hori beharrezkoa eta nahitaezkoa da, eta, zehatz-mehatz bete ezean, eskumen-gatazka ezin daiteke balio izateko moduan hasi" (2/2001 Ebazpena).

Foru Aldundiak egindako errekerimendua aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren idazkian adierazten da bigarren nahikari bat dagoela –Jaurlaritzari urtarrilaren 21eko Agindua atzera botatzeko edo bertan behera uzteko eskaria egin ondoren–, alegia administrazio-espediente bat bideratzea, foru-erakundeei entzun ondoren Izartu programako funtsen banaketarako irizpide bat ezartzeko, eta nahikari hori ez dela Ebazpen Batzordea Arautzeko Legearen aurreikuspenen araberakoa (58.1 artikulua), xedapena indargabetzea edo bertan behera uztea bakarrik onartzen baitzuen, aipatu bezala; nahikari hori, eta dagokion errekerimendua, ez da zuzenbidearen araberakoa.

Halaber, esaten da errekerimendua egitean Arabako Foru Aldundiak legezkotasun arrunteko gaiei dagozkien argudioak sartu zituela, batzorde honek aztertzekoak ez direnak. Esate baterako, laguntza-politikei buruzko iritzi kritikoak ematean, politika horiek arbitrarioak edo diskriminatzaileak direla iritzita, edo lurralde-desoreka eragiten dutela. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak adierazten du errekerimenduak urtarrilaren 21eko Aginduaren 1. eranskinari bakarrik begiratzen diola, eta hori laguntzak eskatzeko eredua baino ez dela, inolako eduki normatiborik gabea. Foru Aldundiak, bestalde, kasu honetan ere ez du errekerimendua behar adina eta egoki arrazoitu, bere jarrera aldeztuko luketen eta jokoan dauden eskumen-tituluak aipatuz.

Idazkian adierazten da errekerimendua egin duen erakundeak dekretua ez zuela errekurritu Ebazpen Batzordearen aurrean, eta kontuan izan behar dela deialdi horretara bideratutako bitarteko ekonomikoei heltzea baizik ez duela egin aginduak; berdin, aurreko Izartu programari buruzko 236/2000 Dekretuari eta 2001eko urtarrilaren 2ko Aginduari ere inpugnaziorik ez zitzaiela aurkeztu nabarmentzen da (programa horren bigarren fasea dator 2003ko dekretuarekin).

Idazkiaren arabera, errekerimenduak ezin izan zuen bere helburua bete, tartean ziren erakundeei elkar aditzen laguntzea alegia, zeren eta Eusko Jaurlaritzak ez baitzekien zehatz-mehatz Arabako Foru Aldundiak bere eskariak zein argudiotan oinarritzen zituen.

Guevara diputatuaren apirilaren 2ko idazkia kontuan hartuta, Jaurlaritzaren ordezkaritzaren idazkiak argudiatzen du idazki hark frogatzen duela jatorrizko errekerimenduan eskumen-gatazkaren planteamenduak oinarri duen eskumen-titulua ez dela aldarrikatzen, eta horrek, ondorioz, errekerimendua bera kutsatu egiten duela, beste aldeari babesgabetasuna eragiteaz gainera, bere iritzia eman ahal izateko aukera ere kenduz. Horregatik, apirilaren 2ko idazkia batzordeak ez onartzeko eskatzen du.

b) Ordezko neurri gisa, eta gatazka ez onartzeko eskaria aintzat hartuko ez balitz ere, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren idazkia gaiaren mamian sartzen da: Izartu programari buruzko dekretuan eta aginduan dagoen jarduera eskumen-erregimenari egokitzen zaiola, alde horren ustez.

b.1) Eusko Jaurlaritzaren alegazioek gatazka eragin duen aginduaren zuzeneko aurrekariak aipatzen dituzte: "Euskadi 2003 Ekimena"; Ekonomia eta Gizarte Azpiegituren Erakunde arteko Plana, eta, horko jardueren artean, hirialdeak berpiztea zegoen; ondoren, gizarte, ekonomia eta lurralde kohesioa lortzea helburu zuen lehenengo Izartu programa (236/2000 Dekretua), eta, azkenik, 306/2003 Dekretua, bigarren Izartu programari buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan gainbehera etorritako hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko erabateko egitarauei laguntzeko neurriak ezartzen dituena. Azken horrek onuradun nortzuk izango diren arautzen du, biziberritzeko erabateko egitarauen edukia ezartzen, diru-laguntzak zein jarduerak jaso ditzaketen azaltzen, eskariak baloratzeko irizpideak finkatzen, ebaluazio-organo bat ezartzen, baita jarraipenerako beste erakunde bat eta ebazpenak emateko beste bat ere; orobat, ebazpen-prozedura eta laguntzak kuantifikatzeko parametroak eta ordaintzeko moduak ere zehazten ditu.

5. artikuluan diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak agertzen dira, eta honako paragrafo hauetan biltzen dira: gainbehera etorrirako guneak hobetzea; gizartean eta lan alorrean bazterkeria-arriskuan dauden taldeen aldeko jardun lagungarriak; hirialdeko guneak lurraldean ondo integratzea (euren arteko komunikazioa eta esparru batzuek baztertuta geratzeko duten joera); ingurumeneko eragina ahalik eta txikiena izatea, eta komunikazioaren eta informazioaren teknologiak.

Jarraian 2004ko urtarrilaren 21eko Agindua, aginduaren gutxieneko edukia, aztertzen du, aipatutako dekretuak ezarritako esparruan laguntzak emateko deialdia argitara emateko nahikariaren ikuspegitik.

b.2) Idazkiak diru-laguntzen arloan Konstituzio Auzitegiak duen doktrina deskribatzen du, eta laguntza-multzo bakoitza eskumen-banaketaren sisteman kokatzen du, Estatuari buruzko aipamenak Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatuz eta autonomia-erkidegoei buruzkoak, berriz, foru-erakundeei. Azterketa horren ondorioa da ekonomia antolatzeko eskumenaren esparruan daudela (Autonomia Estatutuaren 10.25 artikulua) diru-laguntzen helburua ezartzera bideratutako aginduak, programetako elementuen definizioak, aplikazio-eremua, diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak eta ekintzak, onuradunak, ebaluazio-irizpideak eta laguntzen gehienezko kopurua.

b.3) Konstituzio Auzitegiaren doktrina horretatik abiatuta, idazkiak urtarrilaren 21eko Aginduaren eranskinean agertzen diren laguntzen eskumen-inkardinazioa aztertzen du, erakunde erkideen alde dagokion estatutu-eskumena aipatuz:

– Jarduerari laguntzeko egiturak sortzeko eta garatzeko neurriak; ekoizpen-azpiegiturak sortzea eta garatzea enpresa-eremuetan hiri-antolaketa berria eratuz, enpresak tokiz aldatzea, enpresa-haztegiak eta poligonoak urbanizatzea, eta prestakuntza eta enplegu jarduerak gauzatzea.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, honako hauek dira eskumen-tituluak eta horiei dagozkien Estatutuko aginduak: industria (Estatutuaren 10.30 artikulua); lurraldearen antolamendua eta hirigintza (10.31 artikulua); ekonomia sustatzea (10.25 artikulua); lana (12.2 artikulua).

g) ETEei eta artisautza-enpresei laguntza emateko esku-hartzeak.

Ekonomia sustatzea (10.25 artikulua); merkataritza (10.22 artikulua).

h) Tokian tokiko sustapena, turismoa eta ondarea (historia, arte eta kultur ondarea birgaitzeko jarduerak barne), turismo-azpiegiturak sortzea eta turismoa sustatzeko planak babestea; merkataritzako obrak.

Kultura eta turismoa (10.12 artikulua); kultur ondarea (10.19 artikulua); ekonomia sustatzea (10.25 artikulua); merkataritza (10.27 artikulua).

i) Garraio-azpiegituretako esku-hartzea.

Garraioaren antolamendua (10.32 eta 12.9 artikuluak); ekonomia sustatzea (10.25 artikulua).

j) Telekomunikazioen eta informazio-gizartearen azpiegituretako neurriak.

Ekonomia sustatzea (10.25 artikulua).

k) Energia-azpiegiturak.

Energia (11.c) artikulua).

l) Ingurumen-azpiegiturak eta antolamendu eta birgaitze azpiegiturak.

Ingurumena eta natur guneak (11.1a) artikulua); hirigintza eta etxebizitza (10.31 artikulua); kultur ondarea (10.19 artikulua).

m) Osasun eta gizarte azpiegiturak.

Gizarte-zerbitzuak (10.12 artikulua); osasuna (18. artikulua).

n) Kultur eta aisia azpiegiturak.

Kultura (10.27 artikulua); gazteria (10. artikuluko 36 eta 39. atalak); gizarte-laguntza (10.12 artikulua).

o) Hezkuntzako eta prestakuntzako azpiegitura.

Hezkuntza (16. artikulua).

p) Gizarteratzea.

Gizarte-zerbitzuak (10.12 artikulua); lana (12.2 artikulua).

q) Aukera-berdintasuna.

Gizarte-zerbitzuak (10.12 artikulua).

r) Gizarte hezkuntza eta prestakuntza.

Hezkuntza (16. artikulua).

s) Herritarren segurtasuna.

Herrizaingoa (17. artikulua).

t) Gizarte eta laguntza zerbitzuak.

Gizarte-zerbitzuak (10.12 artikulua); justizia (13. artikulua); adingabekoen babesa (10.14 artikulua); osasuna (18. artikulua).

u) Gizarte eta kultur zerbitzuak.

Kultura (10.17 artikulua); gizarte-zerbitzuak (10.12 artikulua); adinekoak, gazteria, emakumea (10. artikuluko 36 eta 39. atalak).

b.4) Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren idazkiak, azkenik, gatazka sustatu duen idazkiak bereziki aipatzen dituen gai eztabaidagarriak aipatzen ditu, eta aitortzen du gai horietan Foru Aldundiari esleitzeko moduko gauzatze-zereginak egon litezkeela.

v) Turismoari, ondareari eta tokian tokiko sustapen-neurriei dagokienez, ondare historikoa eta arte-ondarea birgaitzeko jarduerak sartzea dela eta.

Estatutuak eta LHLk ematen duten eskumen-jokoari dagokionez, Jaurlaritzaren idazkiak ondorio gisa adierazten du zilegi dela erakunde erkideek diru-laguntzak esleitzean zertarako diren zehaztea eta emate-baldintza berezi batzuk arautzea, nahiz eta aitortzen duen foru-organoentzat badagoela gauzatze eta garapen eskumena.

w) Ingurumen-azpiegiturei eta antolamendu eta birgaitze azpiegiturei dagokienez.

Aurreko konponbide bera. Erakunde erkideek diru-laguntzak esleitu ditzakete zertarako diren zehaztuz eta diru-laguntzak emateko oinarrizko baldintzak arautuz.

x) Gizarte-azpiegiturak.

Erakunde erkideak diru-laguntzen tramitazioa, baldintzak eta zertarakoa zehatz-mehatz arautzeraino irits daitezke.

y) Kultur eta aisia azpiegiturak.

Aurreko kasuko gauza bera.

z) Gizarteratzea.

Aurreko kasuetan bezala.

aa) Aukera-berdintasuna.

Baieztapen bera.

bb) Gizarte eta laguntza zerbitzuak.

Erakunde erkideek araugintza-eskumena dute, eta eurei dagokie, beraz, zehaztapen konkretua, zertarakoa zehaztea eta diru-laguntzak eman eta tramitatzeko baldintzak ezartzea.

cc) Gizarte eta kultur zerbitzuak.

Aurrekoan bezala.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren idazkia aipatutako eskumen-esparruetan jarduteko duen eskumena berretsiz amaitzen da; hala ere, dioenez, horrek ez du esan nahi "ez ditugula aintzat hartzen gai hauetako batzuetan foru-erakundeei dagozkien arau bidezko garatzeari eta gauzatzeari buruzko eskumenak", eta Arabako Foru Aldundiari leporatzen dio diru-laguntzak jaso ditzakeen gai bakoitzari dagokionez bere eskumenak zehaztu ez izana.

Obra eta Zerbitzuetako Foru Planaren aldarrikapenari dagokionez, adierazten da gatazka eragin duen agindua, ez zuzenean ez zeharka, ez dela foru-planaren baliokidea, ez duela foru-planean eraginik, edo ez duela foru-plana ordezten; Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza ez dagoela foru-planaren kontra, foru-planak bere jarduera-esparrua duela.

Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-gatazka ez onartzeko eskatu ondoren, eskatzen da horren ordez Ebazpen Batzordeak adieraz dezala urtarrilaren 21eko Aginduak ez duela aldatzen erakunde erkideen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko eskumen-banaketa, eta eraginik ez duela eskumen-banaketa horretan.

5.– Eskumen-gatazka positibo hau tramitatzeko onartu ondoren, 2004ko uztailaren 21a ezarri zen ebazpen hau eztabaidatu eta emateko, eta egun horretantxe egin zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Arabako Foru Aldundiak eskumen-gatazka positiboa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko Aginduaren aurka; agindu horretan laguntzak emateko deialdia argitara ematen da Izartu programak ezarritako esparruan. Eusko Jaurlaritza aurka agertu da, berarentzat agindu hori eskumenen arau-ordenarekin guztiz bat datorrelako. Planteamendua eta aurkako jarrera ebazpen honetako aurrekarietan daude jasota.

Ondorioz, Ebazpen Batzorde honi dagokio, EBLren 65. artikuluan xedatutakoaren arabera, gatazka eragin duen agindua legez ezarrita dagoen eskumen-banaketari egokitzen zaion ala ez erabakitzea.

2.– Aldez aurreko kontu gisa, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak arrazoi batzuk aurkeztu ditu gatazkari buruzko onartezintasun-adierazpena eskatzeko, funtsezko bi argudiotan oinarrituta: Aldundiko Lehendakaritzako foru-diputatua den eta Arabako Abokatuen Elkargoko abokatu den Javier Guevara Saleta jauna izendatu izana Arabako Foru Aldundiaren ordezkari, eta, batez ere, Arabako Foru Aldundiak otsailaren 10ean egin zuen errekerimendua, eskumen-gatazka positiboaren aldez aurreko urrats gisa.

Jaurlaritzaren ordezkaritzak aurkeztutako arrazoiak neurri batean bat datoz ordezkaritza horrek, maiatzaren 17an, jarduerak indargabetzeko aurkeztu zuen eskariaren idazkian agertutakoekin (batzorde honek aurtengo ekainaren 22an hartutako erabakiaren bidez ebatzi zuen eskari hori); hala ere, egokia da orain aztertzea, zeren eta jardueren salbuespenezko deuseztasun-intzidentea, aintzat hartua izateko, "babesgabetasuna eragin duten formazko akatsetan" oinarritzen da (Prozedura Zibileko Legearen 228.1 artikulua eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren 241.1 artikulua), eta eskumen-gatazka positiboa ez dela onartuko jakinaraziko lukeen adierazpena, berriz, EBLren 28. artikuluan azaltzen diren arrazoi ugari eta era askotakoetan. Arrazoi horrengatik, jarraian, Eusko Jaurlaritzak onartezintasun-adierazpenaren inguruan egindako eskaria aztertzeari ekin zaio.

2.a.– Guevara Saleta jaunaren izendapena eztabaidagarria izateari dagokionez –bateraezintasuna, Foru Aldundiko legelaria ez izatea–, Ebazpen Batzorde honek berriro ere adierazten du ezin dela sartu Arabako Foru Aldundiaren izendapen-erabakiaren forman; izan ere, erabaki horrek badu erabaki administratibo guztien zilegitasun-presuntzioa behintzat, eta, nolanahi ere, ez da sartzen EBLren 28. artikuluak jasotzen dituen egoeretan, horiek bailirateke, izatekotan ere, gatazka ez dela onartzen adierazteko ebazpena zurituko luketenak.

Aipatutako izendapenean irregulartasunen bat izango balitz, batzorde honi ez dagokio irregulartasunari buruzko erabakia hartzea ere; izan ere, egintzen legezkotasun-kontrolaren esparruko gaia denez (EBLren 60. artikulua), Ebazpen Batzordearen zereginetik kanpora geratzen da.

2.b.– Gatazka onartezintzat jotzeko nahikariari dagokionez, nahi hori agertu baita Arabako Foru Aldundiak egindako aldez aurreko errekerimendua EBLren 58. artikuluan, bereziki 4. paragrafoan, aurreikusitakoari egokitzen ez zaiolako ("Galdakizunak idatzizkoa eta arrazoi eta guztikoa izan behar du eta eskuduntzarik ezaz kutsatuta daudela uste deneko xedapeneko manuak edo erabakiaren edo ekintzaren alderdiak zehaztu egin beharko dira bertan"), eta Guevara Saleta foru-diputatuak apirilaren 2an idatziz egindako errekerimenduaren edukira zabaldu izana kontuan hartuta (Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren ustez, horrek beste hainbat akatsen artean babesgabetasuna ekarri zion, alegaziorik aurkezteko aukerarik ez zegoelako, eta, bestalde, bide horretatik errekerimenduan funtsezko elementu bat aipatu ez izana konpondu nahi zen), Ebazpen Batzorde honek idazkia hainbat arrazoirengatik ez onartzea erabaki zuen ekainaren 22an, eta, gainera, idazkiak errekerimenduaren idazkiko alegazio-edukian eragin handirik ez zuela iritzi zion.

Eusko Jaurlaritzaren idazkian aipatutako bigarren kontua zen, hain zuzen ere, errekerimenduan agindua indargabetzea edo bertan behera uztea eskatzeaz gainera, foru-erakundeek Izartu programara bideratutako funtsak banatzeko irizpidean parte hartzeko nahikaria zegoela. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren iritziz, nahikari hori ez da EBLren aurreikuspenen araberakoa, xedapen bat indargabetzea edo egintza edo ebazpen bat bertan behera uztea dela-eta 58.1 artikuluan zehatz-mehatz ezarritako errekerimenduaren nondik norakoari dagokionez.

Nahiz eta egia izan zerbait gehiago eskatzen dela legean gutxieneko gisa ezarritakoa baino (xedapena edo egintza bertan behera uztea edo indargabetzea), agerikoa da aipatutako exijentzia bete egiten dela Arabako Foru Aldundiaren errekerimenduarekin, eta gehigarrizko eskaria ez da desegokia errekerimenduarentzat berarentzat proposatutako xedeei buruz, kontuan hartuta, hain zuzen ere, tartean diren erakundeen artean elkar-aditze batera iristen ahalegintzea dela xedea, akordiorik lortuko ez balitz gero plantea litekeen gatazkari dagokionez.

Errekerimendu-eskaria egitean Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzak legezkotasun arrunteko gaiei dagozkien argudioak sartu dituelako gogoetari dagokionez, esan beharra dago argudio horiek ez daudela gatazkan errekerimenduan argi eta garbi ezarritako nahikariarekin, alegazio marjinalak direla beraz, eta ez dutela inondik inora eragin behar EBLren 27. artikuluan aurreikusten den aukera (60. artikuluak aipatzen duena), batzordeak eskumenik ez duela adieraztekoa, alegia.

Arabako Foru Aldundiak errekerimendua behar adina eta behar bezala ez duela arrazoitu adierazi da, eta ez dituela aipatu jokoan dauden eskumen-tituluak. Horri dagokionez, batzorde honek uste du errekerimenduaren idazkia irakurri ondoren ondoriozta daitekeela zehatz-mehatz betetzen direla EBLren 58.4 artikuluan ezarritako baldintzak: errekerimenduak idatzia eta arrazoitua izan behar duela, eta ustez eskumenik gabe eman diren agindu edo xedapenak zehaztu egin behar direla.

Jatorrian dagoen 236/2000 Dekretua edo gertuagoko 306/2003 Dekretua ematean gatazkarik planteatu ez izanari dagokionez, hori ezin daiteke eragozpen izan xedapen betearazle baten kontra, hala nola urtarrilaren 21eko Aginduaren kontra, errekerimendua aurkezteko eta geroago gatazka planteatzeko. Eskumenei ezin bazaie uko egin eta eskumenak erabilezinak badira, eskumen-gatazka positiboa planteatzea ezin daiteke inpugnazio-epe baten edo arau zehatz baten mende egon, eta, ondorioz, Arabako Aldundiak, zuzenbidearen arabera, aukera du lehenengo Izartu programaren aurka eta bigarrena atera zuen xedapenaren kontra gatazkarik ez aurkezteko, eta aukera du, era berean, aplikaziozko arau baten kontra, hala nola urtarrilaren 21eko Aginduaren kontra, aurkezteko. Agindu hori 306/2003 Dekretuan aurreikusitako eta kuantifikatutako diru-laguntzetarako deialdia irekitzera mugatzen da.

Aipatutako arrazoi horiengatik guztiengatik, batzordearen iritzia da betetzen direla errekerimenduarekin lortu nahi ziren helburuak eta xedea, eta betetzen direla EBLren 58. artikuluan errekerimenduari dagokionez adierazitako gutxieneko baldintzak; ondorioz, ez dago nahiko arrazoirik gatazka ezin onartuzkoa dela adierazteko, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak planteatzen zuen bezala.

3.a.– Eskumen-gatazka positiboaren funtsa Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko Aginduaren eskumena edo eskumenik eza da. Eta, gatazkaren funts horretan sartuz, aztertu beharra dago Arabako Foru Aldundiaren alegazioa, ia bakarra, apirilaren 24ko 14/1997 Foru Arauan oinarritzen dena. Foru-arau hori 1997ko maiatzaren 5ean argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean, eta bere indarraldia 1997-1999 aldiko aurrekontu-urteetara mugatzen da, biak barne, nahiz eta azken xedapenetako bigarrenak honako hau adierazi: "Foru Arau honen indarraldi-epea amaitu ondoren berrikusiko ez balitz edo beste batekin ordeztuko ez balitz, automatikoki luzatuko litzateke, beste batekin ordeztu edo lehengoa berrikusi arte".

Egia da, lehen adierazi den bezala, Arabako Foru Aldundiak egindako errekerimendua eta aldundi horretako Lehendakaritzako foru-diputatu Javier Guevara Saleta jaunak, 2004ko martxoaren 30ean, Ebazpen Batzordeari zuzendutako idazkia irakurtzen baditugu, ikusiko dugula Foru Aldundiaren errebindikazioa urtarrilaren 21eko Aginduaren eta Obra eta Zerbitzuetako Foru Planaren arteko kontraesanera mugatzen dela erabat. Foru-plana aldundiaren eskumena da; lurralde historikoetako foru-organoen eskumen esklusiboa dela ezartzen du LHLren 7a) artikuluko 5. atalak ("Herrilan eta Zerbitzuen Foru-Egitamua idaztea eta ontzat ematea. Toki-Erakundeekiko teknikazko laguntza eta aholkularitza"), baita Estatuko oinarrizko legeriak ere, udalen eskumen diren obra eta zerbitzuetan lankidetzan aritzeko plan probintziala aipatzen baitu (Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 36.2a) artikulua).

Hain zuzen ere, Izartu programaren eta Obra eta Zerbitzuetako Foru Planeko xedapenen arteko kontraesan horretan oinarritzen da batez ere Arabako Foru Aldundiaren idazkiaren alegazio-bidea. Arabako Aldundiaren bertsioaren arabera, kontraesan horrek Obra eta Zerbitzuetako Foru Planak duen rola eta funtzionalitatea aztertzera behartzen gaitu.

Datu erreala da 1955eko Toki Jaurbidearen Legean eta irmoago Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen Legean (7/1985 Legea), dagoeneko aipatu den artikuluan, nolabaiteko lotura ezartzen dela aldundien eta toki-erakundeen artean, hain zuzen ere udal-zerbitzuak koordinatzeko eta udalei zuzenbidearen, ekonomiaren eta teknikaren arloan eskaini behar zaien laguntza eta lankidetza koordinatzeko (aipatutako legearen 36. artikuluko 1a) eta 1b) paragrafoak). Baina datu erreala da, halaber, aipatutako lotura-helburu horrek aldi berean sortutako Toki Korporazioen Aholkularitza eta Informazio Zerbitzu Nazionalarekin, edo, batez ere, Toki Administrazioaren Batzorde Nazionalaren zeregin propioekin (Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 117. artikulua), indarra galdu zuen; biak ere Estatuaren eta toki-erakundeen artean lotura estua ezartzen zuten erakundeak ziren. Aldundiak-udalerriak ardatza apurtu egin zen, norabide guztietan apurtu ere toki-eskumenei dagokienez, aipatutako legearen 2.2 artikuluan aurreikusitako araudia betetzean ("Konstituzioan ohartematen diren Estatuko oinarrizko legeek zehaztu beharko dituzte toki-erakundeei aitortzen dizkieten aginpideak edota, beti ere, lege horiek araututako arloetan toki-erakundeei dagozkienak"); hori betetzeak –aho batezko doktrina denez– toki-erakundeei eskumen sektorialak erabat kentzea ekarri du praktikan, eta, kasurik gehienetan, aipatutako eskumenak autonomia-erkidegoei izendatu zaizkie horren ordez, edota Estatuak beretzat gorde ditu.

Eskumen propioak aldarrikatzeko klausula diren aldetik obra eta zerbitzuetako plan probintzialen garrantzia eta funtzionaltasuna erlatibizatu izanak orain dela bost urte baino lehenagotik ekarri duena da, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren eta bertako foru-organoen kasuetan, plan horien ordez udal-inbertsioetarako ohiz kanpoko programak egitea, edo sailek udalei zuzendutako plan sektorialak egitea. Arabari dagokionez, eta batez ere 1997-1999 biurtekoaren kasuan (eta izan litzakeen luzapen automatikoekin), baieztapen bera egin daiteke, hau da, une hauetan aipatutako foru-planak gutxietsita daudela une batean, eta praktikan formula arin eta malguagoak ezarri direla haien ordez.

Egoera honen aurrean, ulertzekoa da Aldundiaren martxoaren 30eko idazkiak (32. orrialdea) honako hau bakarrik erreklamatzea: Izartu programako funtsak, foru-eskumenen arlokoak izan ordez, "Foru Ogasunak hornitzen dituen baliabide gisa integratu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan lurraldeka xehatuz, eta funts horien kudeaketa lurralde historikoei egokituko litzaieke". Nahikari hori aldendu egiten da araugintza-eskumenaren titulartasuna aldarrikatzeko asmotik, eta betearazpen administratiboaren edo "kudeaketa" hutsaren espazio pragmatikoan egiten da aurrera, Arabako Aldundiaren idazkiak argi eta garbi esaten duen bezala. Idazkia, beraz, udal mailan zehaztutako funts ekonomikoen eragingarritasuna eskatzera mugatzen da.

Adierazi behar da, bestalde, agerikoa denez, "Obra eta Zerbitzuetako Foru Plana idazteko eta onesteko" foru-eskumenak eragiketa hori egiteko bakarrik gaitzen duela, baina bere baitan ezin duela edozein eduki jaso, oinarrizko legeriak adierazten dituen ahalmenak salbu (36.2b) artikulua, jadanik aipatu dena), hau da, "udal-zerbitzuak euren artean koordinatzea udal-eskumen diren zerbitzuak osorik eskainiko direla bermatzeko, eta baita udalei zuzenbidearen, ekonomiaren eta teknikaren arloan laguntza eta lankidetza eskaintzeko ere, bereziki ekonomiaren eta kudeaketaren ikuspegitik ahalmen gutxien dutenei".

Obra eta zerbitzuetako foru-plan batek, onespenari dagokionez foru-eskumen esklusiboa eta eztabaidaezina denak, ez du edozein eskumen-esparru betetzen eta are gutxiago antola daiteke toki-erakundeei dagokien legeriak aurreikusitako oinarrizko esparrutik kanpora eskumenak bere buruari izendatzeko arau gisa. Baieztapen hori beste datu bat da foru-planak erlatibizatzeko bidean, beste alorkako plan batzuekin eta beste plan berezi batzuekin izan dezakeen kontraesana dela eta, eta oinarrian dagoen egiazko arazora garamatza: eskumen-gatazka positibo hau eragin duen gaian zein den eskumena duen erakundea.

3.b.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak urtarrilaren 21eko Agindua emateko eskumenik ba ote zuen aztertzen hasiz, gai hori argitzeko abenduaren 16ko 306/2003 Dekretura jo behar dugu, hau da, gainbehera etorritako hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko erabateko egitarauei laguntzeko neurriak ezartzen dituenera.

Eskumen hori, lehenengo hurbilketa batean, administrazio publiko baten gastu-ahalmenari eta eskumenak banatzeko sistema konstituzional eta legalari dagokionez planteatu behar da. Konstituzio Auzitegiak Estatua-autonomia erkidegoak harreman-mailari dagokionez –erakunde erkideak-foru organoak ardatzarentzat balio duen argumentazio gisa– behin baino gehiagotan adierazi izan duen bezala, "ez dago Estatuaren finantza-ahalmenaren ondorio den diru-laguntzetarako eskumen berezirik. Diru-laguntza ez da eskumenak mugatzen dituen kontzeptua, eta zerbait finantzatze hutsa ezin daiteke hartu finantzatze-jarduerarako bidea eman dezaketen alderdi guztiei buruzko eskumen osoa erakarriko duen nukleotzat, zeren eta Estatuaren esku dagoen gastu publikorako ahalmena ez baita eskumen-titulu autonomoa" (ekainaren 30eko 39/1982 Epaia), eta, ondorioz, Estatuak finantzatzeko duen ahalmen horrek "ez du haren esku jartzen autonomia-erkidegoei dagozkien eskumen materialak aintzat ez hartzea, lekualdatzea edo mugatzea ekar lezakeen eskumen-titulu autonomorik" (abenduaren 19ko 179/1985 Epaia).

Kontua da, beraz, hasieran planteatutako zalantzari erantzuna ematea, abiapuntutzat hartuz Jaurlaritzaren 306/2003 Dekretuak ez duela eskumenari buruzko berariazko aipamenik egiten, eta are gutxiago urtarrilaren 21eko Aginduak, Izartu programaren larrialdi publikoa zuritzeko.

306/2003 Dekretu hori gainetik aztertuta ikusten da helburu nagusia hirialde kaltetuetan lurralde, ekonomia eta gizarte kohesioa lortzen ahalegintzea dela, bereziki "hirialde kaltetu eta gabeziak dituzten" horietan. Helburua lortzeko bidea udalerriek "hirialdeak biziberritzeko erabateko egitarauak" aurkeztea da eta diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak zein diren ezartzea (laguntza-deialdia urtarrilaren 21eko Aginduan dago jasota). Laguntza horiek "bateragarriak izango dira bai beste Herri Administrazioek emandako diru-laguntzekin bai erakunde publiko nahiz pribatuek emandakoekin, helburua eta xedea berberak izanda" (306/2003 Dekretuko 7. artikulua).

Aurrean duguna, beraz, 2000. urtetik Eusko Jaurlaritzak garatu izan duen plan berezi bat da, eta, zehatz-mehatz, hirigune kaltetu jakinek dituzten arazoei aurre egitea du helburu. Jaurlaritzaren aldeko planifikazio-ahalmen orokor hori Arabako Foru Aldundiak berak ere aitortzen du LHLren 22. artikuluko hirugarren atala aipatzean, eta hitzez hitz honako hau adierazten du: "Jaurlaritzari, bere agintepeko zerbitzuengatik egin dakion eskuarte-izendapenaz gainera, ekonomia-egitamuketa, suztapen eta hazkunde-politikabideak, irabazpideak eta aberastasuna Euskal Herrian norbanakoen eta lurraldeen artean eskualdeka edo alorka birbanatzekoak eta, orohar, Autonomia-Elkartearen politikazko eta ekonomiazko dendua bermatzeko xedezko neurriak jartzeko une bakoitzean egoki eritzitako diruizendapena egingo zaio". Foru Aldundiaren ordezkaritzaren ustez, diru-izendapen horrek, gauzatu ahal izateko, ezinbestez pasatu behar du Herri Dirubideen Euskal Kontseilutik, baina bere eragina kasu honetan oso argia da.

Gaikuntza generikoa da hori, eta gatazka hau eragin duen Izartu programan zehaztu behar da, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emateko duen ahalmena zurituko luketen eskumen-titulu zehatzak hor izatean. Hala, bada, Arabako Foru Aldundiaren idazkian bertan aipatzen dira "aztergai dugun kasuari dagokionez garrantzitsuak diren eskumen-esleipenak", hala nola Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan adierazten direnak, honako gai hauetan Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboak diren neurrian: gizarte-laguntza (12); Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat (25); lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua, hirigintza eta etxebizitza (31); komunitatearen garapena, emakumeen egoera, haur, gazte eta adinekoen aldeko politika (39). Titulu horiek, oraindik ere garapenean eta betearazpenean sartu gabe, argi eta garbi Autonomia Erkidegoko erakunde erkideenak dira, bereziki Euskal Herriko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariaren idazkiak ahal den guztia azpimarratzen ditu aipatutako eskumen-tituluak; beste batzuk ere azpimarratzen ditu, hala nola "Euskadi 2003 Ekimena" deiturikoa eta Ekonomia eta Gizarte Azpiegituren Erakunde arteko Plana, eta horietako bat, hain zuzen ere, hiria berritzeari eta berpizteari buruzkoa zen. 10. artikuluko eskumenen zerrenda zabalduz, beraz, eta lehen aipatutakoei beste batzuk erantsiz, honako hauek aipatzen dira eskumen-gatazka honi dagozkion alorretan erakunde erkideei egokitutakoen artean: industria, lana, merkataritza, kultura eta turismoa, kultur ondarea, garraioaren antolamendua, energia, ingurumena eta natur guneak, gizarte-zerbitzuak, osasuna, gazteria, gizarte-laguntza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, herritarren segurtasuna, justizia, adingabekoen babesa, adinekoak, emakumea... Erakunde erkideen esku dagoen gastu-ahalmena zuritzeko egiazta daitekeen eskumen-bagajea, luze-zabalean eta trinkotasunean egiazta daitekeena.

Gai material horiek, Estatutuak emanak diren aldetik, zilegitu egiten dute, beraz, Eusko Jaurlaritzaren araugintza, eta, arrazoi sendo eta nahikoarekin, hirialde kaltetuen arazoa konpontzeko plan berezi bat abian jartzeko aukera justifikatzen dute, kontuan hartuta planaren azken xedea Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan kohesioa lortzea dela.

Arabako Foru Aldundiaren idazkiak berak adierazten du ez duela Izartu programa filosofiaren aldetik zalantzan jartzen, baina bai gauzatu eta garatzeari dagokionez. Jarraian gauzatze-prozesuan sartzeko asmoa badu ere, Arabako Aldundiaren alegazioak azken batean, eta Izartu programari dagokionez, nolabaiteko osagarritasun-nahikari baten aldeko aukera egiten du, eta alboko hainbat alderdi errebindikatzen ditu; horrela, berariaz esaten du (15. orrialdea): "hiriguneen lurralde-integrazioa nekez lortu ahal izango da oinarrizko zerbitzuak ezartzen ez badira, eta lehenago ere aipatutako eskumen hori Arabako Foru Aldundiarena da", edota "oinarrizko azpiegitura-obrek" –azpimarratzen du idazki berak– "hiriguneak lurraldean integratzen lagunduko lukete". Ikuspegi horretatik, ulertzen da 14/1997 Foru Arauaren 8.e) artikuluak foru-planetik kanpora uztea "laguntzak arautzen dituen araudi zehatza duten" obrak; eta ulertzen da foru-arau horretako 21. artikuluan honako hau ezartzea: foru-planean jasotako lanak sustatzen dituen toki-erakundearen diru-laguntzekin batera eskura daitezkeela, halaber, aipatutako obretan zereginak dituzten beste erakunde publiko batzuen laguntzak ere (kasu honetan, obraren kostuaren eta planaz kanpoko jatorria duten diru-laguntzen arteko diferentziari dagokion ehunekoa berregokitu beharko litzateke).

Erakunde erkideen aldeko eskumen-tituluak, aipatu direnak, nahikoa dira plan berezi baterako, eta halakoxea da, zalantzarik gabe, Izartu programa. Nolanahi ere, Obra eta Zerbitzuetako Foru Planarekin gatazkan egon litekeela argudiatzen duen Arabako Foru Aldundiaren alegazioaren aurrean, bi politikak eta ebazpenak osagarriak direla adierazi behar da, eta, edozelan ere, foru-planak berak plan berezi eta sektorial jakinei buruz ordezkotasuna aitortzen duela.

Azkenik, azpimarratzen da erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-mugaketa Autonomia Estatutuko eta LHLko arau mugatzaileetan oinarritu behar dela batez ere. Obra eta zerbitzuetako foru-plan bat egoteak –aipatutako antolamenduaren arabera foru-erakundeek onetsi beharrekoa da plan hori, berariaz adierazita dagoenez– ez dakar eskumenak nork bere buruari izendatzeko titulu autonomoa izatea, Autonomia Erkidegoan eskumenak mugatzeko dauden legezko arauen babesik izan gabe horretarako.

Ikuspegi horretatik ulertzen da Aldundiaren nahikaria (Arabako Foru Aldundiaren idazkiko 32. orrialdea), funts horiek Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotzekoa alegia; dioenez, "funtsen kudeaketa, lurralde historikoei egokituko litzaieke". Izartu programa, beraz, ez da zalantzan jartzen; zalantzan jartzen dena bertako funts ekonomikoen kudeaketa da, eta kudeaketa hori Arabako Foru Aldundiak beretzat eskatzen du.

3.c.– Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritzaren idazkiak adierazten duen bezala, "kasurik okerrenean, ukaezina da LHLren 7c) artikuluak lurralde historikoei izendatzen dizkien gauzatze-eskumenen arabera lurralde historikoei dagokiela, euren lurraldearen barruan, erakunde erkideen legeria honako arlo hauetan gauzatzea:

1.– Gizarte-laguntza, arlo horietan Euskal Herri Osorako Erakundeek artez ihardutzearen kaltetan gabe.

2.– Komunitatearen garapena, emakumeen egoera, haur, gazte eta adinekoen aldeko politika, aisia eta olgeta, arlo horietan Euskal Herri Osorako erakundeek artez ihardutzearen kaltetan gabe".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren idazkiak gogoeta berezia egiten du jarduera eztabaidatuez, eta, jarduera horiek Aldundiaren iritziz organo horri esleitu dakizkiokeen gauzatze-zereginak jaso ditzaketen alorretan kokatzen ditu. Bitxia bada ere, Jaurlaritzaren idazkiak foru-aldundiek gara ditzaketen gai gehiago aipatzen ditu (kultur ondarea, hirigintza edo gizarte eta kultur zerbitzuak...), baina Arabako Foru Aldundiari lotzen zaio haren eskumenak zehazteko, eta, adierazi bezala, eskumen horiek LHLren 7c) artikuluan dauden bi gaietara mugatzen dira.

Aipatutako 7c) artikuluko 1 eta 2. atalen aurrean eta organo erkideen legedia betetzeko eskumena lurralde historikoetako foru-organoei esleitzen zaiela ikusita, kasu honetan araugintza-ahalmena "gauzatzeari" zein funtzio dagokion zehaztu behar da. Administrazio-jardueraren funtzioa dela edo "kudeaketa" hutsa dela jota, Arabako Foru Aldundiaren ustez foru-eskumen hori edukirik gabe uzten da urtarrilaren 21eko Aginduak arautzen dituen alderdi guztiokin: "baldintzak, eskaerak eta epea, aurkeztu beharreko dokumentazioa, zuzentzea, ebaluazio-batzordea, ebazpena, diru-laguntza ordaintzea eta inbertsioen frogagiria, diru-laguntzaren baldintzak aldatzea, diru-laguntzak kudeatu, kontrolatu eta jarraitzea, publizitatea eta hedapena". Ondorioz, bere garaian adierazi zen bezala, eskatzen da funts horien kudeaketa lurralde historikoen esku egotea LHL aplikatuz.

Egia da LHLko arauak berak, 7c) artikuluko 1 eta 2. ataletako bi kasuetan, salbuespen-klausula hau ezartzen duela: "Euskal Herri Osorako Erakundeek arlo hauetan artez ihardutzearen kaltetan gabe". Arabako Foru Aldundiaren iritziz, "artez ihardutzea" kontzeptu teoriko-juridiko horrek esan nahi du erakunde erkideek esku hartu ahal izango dutela ezinbesteko gai teknikoak bateratzeko behar-beharrezkoak liratekeen gauzatze-alderdietan oinarrizko ezaugarriak ezartzen. Gizarte-zerbitzuei dagokienez, zehaztasun horrek gauzatze-eskumena, osoa edo zati bat, Eusko Jaurlaritzarena dela adieraz lezake, Ebazpen Batzorde honek ekainaren 22ko Erabakian adierazi berri duen bezala. Alde horretatik, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeko 9.2 artikuluak honako hau ezartzen du: "Lege honetan zuzeneko ekintza esaten denean hauxe da esanahia: interes orokorrekoak direlako edo baldintza ekonomikoak eta sozialak bereziak direlako, Euskal Autonomi Elkarteko lurralde osoan bateratuta bete behar diren programak, zentroak edo zerbitzuei buruz betearazte-eskumena duela. Programa, zentro edo zerbitzuren bat zuzeneko ekintzaren kontzeptuan sartzen dela onartzeko, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz deklaratu behar da baldintza horiek betetzen direla, Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluak aldeko txostena egin eta gero".

Agerikoa da, beraz, gizarte-zerbitzuei dagokienez behintzat, beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren arau hori, gauzatze-eskumena erakunde horretara erakartzeko. Jaso ez denez eta alegazio gisa aurkeztu ez denez, pentsatu beharko da foru-aldundiek gauzatze-eskumenak badituztela eta Izartu programako laguntza ekonomikoen kudeaketan eta laguntza-funtsak ordaintzen diren unean islatuko liratekeela.

Hala eta guztiz ere, indarrean dagoen Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak (38/2003 Legea, azaroaren 17koa) oro har, eta Izartu programako laguntzei buruzko urtarrilaren 21eko Aginduak zehazki, diru-laguntza ematen duen administrazio-organoaren eta laguntzen esparruan kolaborazio-lanetan aritzen den entitatearen artean lankidetza-hitzarmenak izatea aurreikusten dute, eta, gauzatze-ahalmenei dagokienez, entitate horietako bat foru-aldundi bat izan liteke; betiere hainbeste aldiz aipatu dugun Izartu programaren helburu bera edo xede bera duten beste administrazio batzuek izendatutako diru-laguntzak bateragarri badira (jadanik aipatu den 306/2003 Dekretuaren 7.1 artikulua).

Gizarte-laguntzaren arloko araugintza eta garapen eskumena gauzatzearen kontu bereziari dagokionez, hiru aukera daude: Gobernuak dekretu bidez deklaratzea eskumena bere gain hartzeko baldintzak badaudela, era horretara zuzeneko ekintza gauzatuz; administrazioen artean lankidetza-hitzarmen bat ezartzea, hain zuzen ere urtarrilaren 21eko Aginduan aurreikusten den bezala; edo foru-aldundiei Izartu programaren barruan emandako laguntzak gauzatzen uztea. Aukera irekiak dira eta tartean dauden administrazio publikoen eskueran daude. Analogiaz, aukera berdinak daude LHLren 7c) artikuluko 2. ataleko hurrengo zatiari dagokionez.

Nahiz eta, lehenengo bi aukeren materializaziorik ez jaso ez alegatu ez denez, LHLren 7c) 1 eta 2. ataletako gaiak gauzatzeko eskumena Arabako Foru Aldundiari dagokion, eta, ondorioz, gai horiei buruzko Izartu programaren edukia gauzatzea ere organo horri dagokion.

EPAITZA

Horiek horrela, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak

EBATZI DU

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko urtarrilaren 21eko Aginduari buruzko eskumena (abenduaren 16ko 306/2003 Dekretuak –Izartu programa– ezarritako esparruan laguntzen deialdia argitara ematen duen aginduari buruzkoa), aurreko oinarrietan adierazitakoaren arabera, zuzen egokitzen zaiola erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-banaketari; LHLren 7c) artikuluko 1 eta 2. ataletan aurreikusitako gauzatze-eskumena, ordea, Arabako Foru Aldundiari dagokiola Izartu programa materializatzeko, ebazpen honetako 3c) oinarri juridikoan adierazitako moduan.

Ebazpen hau aldeei jakinaraziko zaie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari helaraziko zaio. Hala erabaki dute azpian izenpetu duten batzordeko kideek, eta nik, idazkari naizenez, fede ematen dut.


Azterketa dokumentala