Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2004ko maiatzaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2693

AGINDUA, 2004ko martxoaren 31koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez hasiera ematen zaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2004 urterako diru-laguntzak emateko prozedurari

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen; eta horren bigarren xedapen gehigarrian zehaztu zen sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu dotazioen pentzutan ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordean sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen. Ordezkaritza hori proportzionaltasun irizpidea errespetatuz egingo da, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du. Horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 27ko 8/2002 Legeak, 2003ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 31120 Programan ondokoa ezartzen du: Lana, Gizarte Segurantza eta Lan Osasuna, sindikatuentzako diru-laguntza bat, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeetan -lurraldeetakoetan zein zentraletan- parte hartzeagatik.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskadiko Aurrekontu Erregimenaren inguruan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu zen, eta haren IX. tituluak luzapenen erregimena arautu zuen. Bada, horri jarraiki eta Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari men eginez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurraldeetako batzordeetan eta ikuskaritzen erregimenean parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio honenbestez.

Hori guztia dela eta, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta lurralde batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2004ko diru laguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan eta ikuskaritzen erregimenean parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2004 urterako aurrekontu dotazioa 318.806 eurokoa izango da, 31120 programako 21 zerbitzuaren pentzutan, 2003ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Nagusiak onartzen dituen abenduaren 27ko 8/2002 Legearen arabera.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2004ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko litzateke.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Errekurtsoak.

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 31.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala