Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2004ko apirilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
2228

AGINDUA, 2004ko martxoaren 16koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena. Honen bidez, txerri-ekoizleak "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartzera bultzatzeko laguntzak (uztailaren 29ko 197/2003 Dekretuan ezarritakoak) emateko 2004ko ekitaldirako deialdia egiten da.

2003ko abuztuaren 26an (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 165 zk.), uztailaren 29ko 197/2003 Dekretua argitaratu zen, nekazaritzako ekoizleak nekazaritzako, abeltzaintzako edo basozaintzako ekoizpenen prezioak konpentsatzeko helburua zuten erakundeetan sartzea sustatzeko.

Dekretu horren 1.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, nekazaritzaren arloan eskumena duen sailburuaren aginduz, urtero, laguntza jasotzeko modukotzat jotako sektore bakoitzerako diru-laguntzetarako deialdia egingo da. Era berean, dekretua garatuz eta aplikatuz, agindu horietara jo beharko da sektore bakoitzerako berariazko xedapenak arautzeko.

Agindu honen bidez, eta aipatutako Dekretu horrek 1.2. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartutako txerri-ekoizleei laguntzak emateko 2004ko ekitaldirako deialdia egiten da.

Aurrekontuaren onarpena atzeratu dela gogoan izanda, agindu honi Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruz indarrean dauden legezko xedapenen testu bateginak –irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak onetsi zuenak– IX. tituluan xedatutakoa aplikatu behar zaio.

Hortaz, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehena.– Helburua.

Agindu honen helburua da, uztailaren 29ko 197/2003 Dekretuaren babespean, "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartutako txerri-ekoizleei laguntzak emateko 2004ko ekitaldirako deialdia egitea; izan ere, dekretu horrek nekazaritzako ekoizleak nekazaritzako, abeltzaintzako edo basozaintzako ekoizpenen prezioak konpentsatzeko helburua duten erakundeetan sartzea sustatzeko laguntzak arautu zituen.

Bigarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

1.– Agindu honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura 2004ko ekitaldian eman beharreko laguntzen zenbatekoa, guztira, 42.000 EUROkoa da.

2.– Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honetan adierazitako kopurua aldatu ahal izango da, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horien gaineko ebazpena eman aurretik. Hala gertatuz gero, Nekazaritza eta Landa Garapen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

Hirugarrena.– 2004. urteko laguntzen zenbatekoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartutako txerri-ekoizleek jaso dezaketen gehieneko laguntza honako kopuru hauetako txikiena izango da: Ekitaldiari dagokion ekarpenaren %25, edo, 15,02 EURO umetarako txerrama bakoitzeko. Osorik edo zati batean txerriak gizentzeko lanetan diharduten ustiategiei dagokienez, umetarako txerrama bat zenbatuko da gizendutako hamazazpi txerriko.

2.– Diru-laguntza jasotzeko moduko umetarako txerramen gehieneko muga kalkulatzeko, diru-laguntza eskatzerakoan foru-aldundien menpeko abeltzaintzako lurralde-zerbitzuen "Txerrien toki-aldaketen identifikazio- eta erregistro-sistema nazionala" (SIMOPORC) izeneko datu-base informatikoan jasotako umetarako txerramen eta gizendutako txerrien kopurua hartuko da kontuan.

3.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste administrazio publikoek helburu bera betetzeko eman ditzaketen bestelako laguntzekin. Beste administrazio publikoek ere diru-laguntzak ematen badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematekoa den laguntzaren gehieneko ehunekoa behar beste murriztuko da, 2004ko ekitaldian nekazaritzako ekoizleari dagokion ekarpenaren %50 ez gainditzeko. Beste administrazio publikoen diru-laguntzen zenbatekoa nekazaritzako ekoizleak egin beharreko ekarpenaren %50ekoa edo hortik gorakoa bada, ez da diru-laguntzarik emango Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura.

4.– Eman beharreko laguntzen zenbateko osoa laguntza hauetarako izendatu den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, gehieneko kopuru hori hainbanatu egingo da Agindu honen eta 197/2003 Dekretuaren arabera laguntzarako eskubidea dutenen artean, eta, ondorioz, dagozkion kopuru-murrizketak egingo dira.

Laugarrena.– Laguntzen onuradunak.

Txerri-hazkuntzaren esparruko nekazaritzako ustiapenen titularrak edo horrelako nekazaritzako ustiapenen titularrak elkartzen edo osatzen dituzten entitateak izan daitezke agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun, baldin eta honako eskakizun hauek ere betetzen badituzte:

a) Ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda egotea.

b) "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeko kide izatea, eta horrek dakartzan betebeharrak betetzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak adierazitakoaren arabera.

Bosgarrena.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak agindu honen eranskinean jasotako eskabide-orri normalizatuaren arabera egin beharko dira.

2.– Laguntza hauetarako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

3.– Agindu honetan jasotako laguntzetara biltzeko eskaerak Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari bidaliko zaizkio (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz); edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezartzen duen edozein eratan aurkeztu ahal izango dira.

4.– Uztailaren 29ko 197/2003 Dekretuak 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzio-txartela.

b) Gizarte Segurantzaren agiria, ordaindu beharrekoak ordainduta daudela egiaztatzeko. Ustiategien elkarteen kasuan, bazkide bakoitzaren ziurtagiria aurkeztuko da, bai eta ustiategiaren pertsona juridiko titularrarena ere.

c) Ogasunaren agiria, zerga-betebeharrak kitatuta daudela egiaztatzeko.

d) "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartuta dagoela egiaztatzen duen agiria; bertan egiaztatuko da, halaber, laguntza-eskatzaileak erakunde horretako kide izateak dakarzkion betebeharrak kitatuta dituela. Alabaina, ez da agiri hori aurkeztu beharko funtsa kudeatzen duen erakundeak Nekazaritza eta Arrantza Sailari bidaltzen dion zerrendan eskaera-egilearen izena agertzen bada, eta, horrez gain, bazkideak zein diren, bazkide bakoitzak urtean egin dituen ekarpenak eta, orobat, egiteke dituenak, edo, hala badagokio, erakundeko kide izateak dakartzan beharrak beteta izatearen inguruabarra ere bai.

e) Foru-aldundien menpeko abeltzaintzako lurralde-zerbitzuek emandako ziurtagiria; bertan, "Txerrien toki-aldaketen identifikazio- eta erregistro-sistema nazionala" (SIMOPORC) izeneko datu-base informatikoan nekazaritzako ustiategi bakoitzeko adierazita dauden umetarako txerrama eta gizendutako txerriei buruzko datuak jasoko dira.

5.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak akats, huts edo okerren bat sumatzen badu aurkeztutako eskaeran, eskaera-egileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe hori zuzenketarik egin gabe igaroz gero, eskaerari uko egin diola ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.– Ebazpena.

Diru-laguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak emango eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Ebazteko epea berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe igaroz gero, eskaerak atzera bota direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 16a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILBURUAREN 2004ko MARTXOAREN

16ko AGINDUARI DAGOKIONA. AGINDU HORREN BIDEZ, TXERRI-EKOIZLEAK
"EUSKADIKO TXERRI-AZIENDAREN KONPENTSAZIO FUNTSA" (FOCOGAPO) IZENEKO
BORONDATEZKO GIZARTE-AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEAN SARTZERA BULTZATZEKO
LAGUNTZAK (UZTAILAREN 29ko 197/2003 DEKRETUAN EZARRITAKOAK) EMATEKO
2004ko EKITALDIRAKO DEIALDIA EGITEN DA.
ESKABIDE-ORRI NORMALIZATUA
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA ZUZENDARI JAUNARI

Eskatzailearen datuak:

Abizenak: 	

Izena: 	

Sozietatearen izena: 	

NAN edo IFK: 	

Helbidea: 	

Posta-kodea: 	 Udalerria: 	

Lurralde historikoa: 	 Telefonoa:	Posta elektronikoa:	

Ustiategiaren datuak:

Ustiategiaren zenbakia: 	

Udalerria: 	 Lurralde historikoa: 	

Ustiategian erroldatutako umetarako txerramen kopurua: 	

Ustiategian erroldatuta dauden gizendutako txerrien kopurua:	

Eskaera hau sinatzen duenak eskatzen du "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartutako txerri-ekoizleentzako laguntza –2004ko martxoaren 16ko Aginduaren bidez deitutakoa– emateko, eta, horretarako, aditzera ematen du laguntza hori arautzen duen arautegia ezagutzen duela, hemen jarritako datu guztiak egiazkoak direla, eta bere gain hartu dituen konpromiso guztiak beteko dituela.

Era berean, Nekazaritza eta Arrantza Sailari baimena ematen dio, haren izenean, hari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa "Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak Gipuzkoa Donostia Kutxan daukan 2101-0029-22-0011303013 kontu-zenbakira sartzeko.

Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu ditu:

n 	EAEko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzio-txartela.

n 	Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean duela egiaztatzen duen agiria.

n 	"Euskadiko Txerri-aziendaren Konpentsazio Funtsa" (FOCOGAPO) izeneko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundean sartuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

n 	Foru Aldundiaren Abeltzaintzako Lurralde Zerbitzuak emandako ziurtagiria, "Txerrien toki-aldaketen identifikazio- eta erregistro-sistema nazionala" (SIMOPORC) izeneko datu-base informatikoan adierazitako datuak jasota.

..........................., 2004ko .......................ren ....a.

(Sinadura eta zigilua)

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz, datuak fitxategi automatizatu batean erregistratu ahal izango dira, hobeto kudeatzeko xedearekin. Informazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak gordeko du. Eskatzaileak berariaz onartzen du bere datu pertsonal guztiak edo haietako batzuk lagatzea Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko abenduaren 16ko Aginduan ezarritako erabilerarako eta helburuetarako; 2003ko uztailaren 14ko Aginduak aldatu zuen Agindu horren bidez, Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatzen dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautu ziren. Interesdunek datuak aztertzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurkatzeko eskubidea baliatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), bertan tratatzen baitituzte datuak.


Azterketa dokumentala