Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2004ko apirilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2226

EBAZPENA, 2004ko apirilaren 21ekoa, Administrazio eta Plangintza sailburuordearena, EAEn meatzaritzako erauzte-jarduera zaharren ondorioz andeatutako alderdiak birgaitzeko, ingurunera era orekatuan egokitzeko eta eremu horien segurtasuna bermatzeko 2004ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia jendearen jakinean jartzekoa.

2003ko maiatzaren 20ko Aginduak, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak emandakoak, laguntzen programa arautzen du EAEn meatzaritzako erauzte-jarduera zaharren ondorioz andeatutako alderdiak birgaitzeko, ingurunera era orekatuan egokitzeko eta segurtasuna bermatzeko ekintzetarako.

Aipaturiko Aginduak 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkatutako laguntzetarako 2004ko ekitaldiko deialdia egitea eta horretarako behar diren arauak ematea.

Hortaz, aipatutako Aginduak 7. artikuluan emandako ahalmenaren ondorioz, honako hau,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 20ko Aginduak ezarritako laguntzen deialdia egitea 2004. urterako. Laguntza horien xedea da ekintzak egitea EAEn meatzaritzako erauzte-jarduera zaharren ondorioz andeatutako alderdiak birgaitzeko, ingurunera era orekatuan egokitzeko eta segurtasuna bermatzeko.

Xede horretarako 3.650.000 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrean ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortzen ez diren aurrekontu baliakizunen arabera, eta laguntzei buruzko erabakia hartu baino lehen. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Plangintza sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Baldintzak.

1.– Eskatzaileek, Industria, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak 2003ko maiatzaren 20ko Aginduan ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, Agindu horrek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Era berean, eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria eta Meategiak Administratzeko Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta gainerako agiri osagarriak, Zuzendaritza horren bulegoetara edota Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lurralde historiko bakoitzean dituen lurralde-bulegoetara eramanez, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak) 38.4 artikuluan ezartzen duen edozein bide erabiliz.

3.– Eskabideak aurkezteko bi hilabeteko epea utziko da, Arau hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.– Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuko du eskabidea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko apirilaren 21a.

Administrazio eta Plangintza sailburuordea,

JOSÉ IGNACIO ZUDAIRE ARANA.


Azterketa dokumentala