Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2004ko apirilaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2220

AGINDUA, 2004ko apirilaren 21ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikastetxeetako ULIBARRI programak 2004-2005 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehazten dituena.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntz Normalkuntzako ULIBARRI programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntz Normalkuntza Proiektuen garapenean parte diren eragileen arteko elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak, bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b) artikuluak ezartzen du Ulibarri programan dauden ikastetxe kontzertatuek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntz Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaliz.

Bestalde, Dekretuak 12. artikuluaren lehen pasartean dio programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Agindu bidez ezarriko direla.

Hortaz, Ulibarri programak eta bertan 2004-05 ikasturtean arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira Agindu bidez.

Horren guztiaren haritik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Ekitaldi ekonomiko honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ULIBARRI programan ari diren ikastetxe kontzertatuei diru-laguntzak esleitzeko ondoko gehienezko zenbatekoak erabiliko ditu:

a) Ikastetxe berriak sartzeko:	452.176,79 euro

b) Lehendik daudenen jarraipenerako:	962.698,97 euro

Artikulu honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu edo gutxitu daiteke eskatutako guztirakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideen arabera, eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendaurrean agerian jarriko da Hezkuntza sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– 2004-2005 ikasturterako ULIBARRI programan sartu nahi duten ikastetxeek programa hau arautzen duen 323/2003 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte eta berariazko eskabidea egin agindu hau EHAAn argitaratu eta handik hurreneko hilabetean.

3. artikulua.– Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, Dekretu honen eranskinean dauden ikastetxeek, non eta programa uzteko berariazko eskaera egiten ez duten 2004-2005 ikasturterako luzamendua izango dute. Hala ere, aurreko artikuluan zehaztutako epearen barnean, programan jarraitu nahi duten ikastetxe kontzertatuek 2004-05 ikasturterako berariazko diru-laguntza eskabidea aurkeztu beharko dute.

4. artikulua.– Abenduaren 23ko, 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, programan sartzeko jasotzen diren eskabideak ondoko irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1.– Normalkuntzako proiektua bera. Gehienez 0,45 puntu.

Aurkeztu proiektua aholku emaile gisara aritutako erakundeak, edo bestela, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balioespen batzordeak aztertuko du. Irizpenak hauetako maila batean kokatuko du proiektua:

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean oinarritzen da. Eragin esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta bere elaborazioa nahikotasunezko adostasuna bermatzen duen erabaki-hartze prozesuan oinarritua da.

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin esparru gehienak aintzakotzat hartu baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta elaboraziorako jarraitu den erabaki-hartze prozesuak luzera lortutako adostasuna kolokan jar dezake.

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezi larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu.

2.– Proiektuaren garapenaren egoerari gehienezko 0,3ko puntu esleituko zaizkio.

Horretarako, eskabidearekin batera, ikastetxeak eskabidea aurkeztu egunera arte jarraitu duen eginbideen eta jardueren memoria zehaztua aurkeztu behar du. Prozesu hau aholku emaile gisara aritutako erakundeak edo bestela, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balioespen batzordeak aztertuko du. Irizpenak hauetako maila batean kokatuko du proiektuaren garapena:

a) Proiektua elaboratu eta adostu ezezik, dagoeneko ikastetxeak normalkuntzako urteko plana ere ezarria du. Normalkuntzako Batzordea eta teknikaria izendatu dituzte eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduerak normaltasunez ari dira gauzatzen.

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa txukun burutu ditu ikastetxeak. Proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago.

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu ditu ikastetxeak. Hala ere fase hau ezin dugu amaitutzat eman, dokumentu hauei osatu, errebisatu eta konpondu beharra somatzen zaie oraindik.

3.– Ikastetxearen proiektuaren garapenerako eskura dauden baliabideei gehienez 0,25 puntu.

Ikastetxeak erreferentziazko duen Berritzegunearen eskualdea eta beronek duen saturazioa kontuan izanik, aholku emaile gisara aritutako erakundeak, edo bestela, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako balioespen batzordeak hauetako maila batean kokatuko du proiektua:

a) Aholkulari bakoitzeko 15 ikastetxetik behera.

b) Aholkulari bakoitzeko 16 eta 26 ikastetxe artean.

c) Ahokulari bakoitzeko 27 ikastetxetik gora.

Irizpide bakoitzari dagokion puntuazioa esleitu ondoren JABA Batzordeak, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen proposamenak egingo ditu. Horretarako, desberdindu egingo dira publikoak direnak eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntza sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

5. artikulua.– Orain arte ikastetxearen neurrian oinarrituko irizpidea erabili izan da ikastetxe bakoitzaren ordu-dedikazioak finkatzerakoan. 323/2003 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak 2004-2005 ikasturterako irizpide berberarekin jarraitu beharra zehazten du. Hau da, hortaz, batzordeak kontuan hartu beharrekoa dedikaziorako esleipen eta diru-laguntza proposamena prestatzerakoan.

6. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, Agindu honi dagokion Ebazpena argitaratzeko epe muga uztailaren 15ean ezartzen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko apirilaren 21a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala