
79. zk., 2004ko apirilaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Herrizaingo Saila
2218
68/2004 DEKRETUA, apirilaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko burua eta kideak izendatu zituen Dekretua aldatzeko dena.
Euskal Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruz ekainaren 15ean emandako 5/1990 Legea hartu da oinarritzat (gerora, 15/1998, 6/2000 eta 1/2003 Legeek aldatu zutena), eta, zehatzago esanda, 18.4 artikulua; hor ezarritakoaren arabera ekainaren 25ean 152/2002 Dekretua emanda, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko burua eta kideak izendatu ziren.
Honako dekretu honek gorago aipatutako 152/2002 dekretu hori aldatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko burua aldatu behar delako (orain artekoak, adinagatik nahitaezko erretiroa hartuta, EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakari-kargua utzi behar izan baitu), eta Hauteskunde Batzorde horretako beste hiru kideren lekuak ere hutsik daudelako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian lehendakari berria izendatuz gero, gure autonomia-erkidegoko Hauteskunde Batzordean ere nolako aldaketak eta ordezkapenak egin behar diren ezartzen da Euskal Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 26. artikuluko a) idatz-zatian, lege-testu beraren 19.1 artikuluari lotuta. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordean batzordekide-karguren bat hutsik geratuz gero, leku hori betetzeko prozedurak eta epeak ere ezartzen dira lege horretan bertan, 26.b) eta 28. artikuluetan.
Horrenbestez, Herrizaingo sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko apirilaren 20an egindako bileran gai hau eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,
XEDATU DUT:
Lehen artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko burua izendatzea.
Fernando Luis Ruiz Piñeiro, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakari jauna izango da aurrerantzean Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko buru, eta, beraz, berak beteko du hemendik aurrera Manuel M.ª Zorrilla Ruiz jaunak, adinagatik nahitaezko erretiroa hartuta, utzi duen lekua.
Bigarren artikulua.– EAEko Hauteskunde Batzordean hutsik dauden batzordekide-karguetarako pertsonak izendatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak zakuratze-sistema erabilita izendatutako magistratu diren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko batzordekide izango dira aurrerantzean Ana Isabel Rodrigo Landazabal andrea, Magali García Jorrín andrearen ordez (heriotzagatik), eta Florentino Eguaras Mendiri jauna, José Félix Martín Corredera jaunaren ordez (lekualdaketagatik).
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko apirilaren 20an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.
RSS