
79. zk., 2004ko apirilaren 29a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Osasun Saila
2215
AGINDUA, 2004ko otsailaren 25ekoa, Osasun sailburuarena, organoak eta ehunak erauzteko eta transplantatzeko jardunak burutu ahal izango dituzten osasun-zentroei egiaztapena emateko agindua aldatzen duena.
Osasun eta Kontsumo sailburuak 1990eko urriaren 16an Agindua eman zuen organoak eta ehunak erauzi eta transplantatu ahal izango dituzten osasun-zentroei egiaztapena emateko moduari buruz; agindu horretan betekizun teknikoak eta bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri ziren, behar bezala baimendutako osasun-zentroek berariazko egiaztapena lortu ahal izan dezaten, eta, era horretara, beren baitan giza atal anatomikoak, organoak eta ehunak erauzteko eta transplantatzeko jardunak burutu ahal izan ditzaten, berme guztiak emanda eta horretarako berariaz sortutako zerbitzuak erabilita.
Giza atal anatomikoak eta ehunak transplantatzeko berariazko baimena eskatzen duten osasun-zentroek egiaztatuta egon beharko dute giza ehunak lortzeko zentro modura, betekizun hori baitago ezarrita goian aipatutako aginduaren 9. artikuluan.
Gaur egun, batetik, otsailaren 13ko 29/2001 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan giza ehunez hornitzeko eta transfusio-sarea antolatzeko modua arautu, eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa eratu da, eta, bestetik, azken aldian arlo honetan aurrerapen tekniko handiak izan dira, eta, horiei esker, indarrik gabe utz liteke betekizun hura; gainera, giza ehunak erabiltzen dituzten jardunak arautzeko martxoaren 1eko 411/1996 Errege Dekretuaren arabera, ez dago zertan eskatu horrelako baldintzarik.
Horrenbestez, aintzakotzat hartuta 396/1994 Dekretuaren 4. artikuluan eta Azken Xedapenetarik bigarrenean, eta 248/1996 Dekretuaren Azken Xedapenetarik lehenean ezarritakoa, eta entzunaldia eskainita Elkargo Ofizialei, osasun-arloko profesionalen elkarteei eta kontsumitzaile-elkarteei;
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Organoak eta ehunak erauzi eta transplantatu ahal izango dituzten osasun-zentroei egiaztapena emateko moduari buruz Osasun eta Kontsumo sailburuak 1990eko urriaren 16an emandako Aginduaren 9. artikulua aldatuko da, eta honako era honetara idatzita geratuko da aurrerantzean:
9. artikulua.– Egiaztapena eskuratu, eta giza atal anatomikoak eta ehunak transplantatzeko jardunak burutu ahal izan ditzaten, osasun-zentroek honako betekizun eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Osasun-zentroan unitate hauek egongo dira jardunean:
– Barne-medikuntza.
– Anestesia.
– Erradiodiagnostikoa.
– Analisi Klinikoak egiteko laborategia, hematologia, biokimika eta mikrobiologia barruan hartuta.
b) Unitate mediko eta/edo kirurgiko espezializatua, transplantatu beharreko ehunari edo atal anatomikoari dagokiona; erakutsi behar du transplantean esperientzia eta mediku- eta erizain-kopuru nahikoa duela.
c) Baliabide eta leku egokiak izan behar ditu, erabat bermatuta egon dadin transplante-prozesu osoa era egokian burutuko dela, bai ebaketa aurretik, bai ebaketan bertan, baita ebaketa ondoren ere.
d) Transplanteetako koordinatzaileak beti prest egon behar du, eta, komunikazio-bide eta -tresna egokiak erabilita, Euskal Autonomia Erkidegoko transplanteetako koordinazio-taldearekin egongo da harremanetan.
e) Aurretik ezarritako protokoloa izan behar du: itxaro-zerrendan sartzeko irizpideak, transplantean erabili beharreko prozedura, ebaketa ondorengo segimendua (jarraian eta epe luzean).
f) Osasun Sailak, kontsultatu beharreko aholku-batzordeak kontsultatuta, ehun edo atal anatomiko bakoitzerako berariaz ezarritako arau gehigarri guztiak ere errespetatu behar ditu.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari eskumena ematen zaio, agindu hau betetzeko eman beharreko ebazpen guztiak eman ditzan eta hartu beharreko neurriak har ditzan.
Bigarrena.– Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 25a.
Osasun sailburua,
GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.
RSS