Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2004ko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2144

EBAZPENA, 2004ko apirilaren 1ekoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena. Honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzen deialdia argitaratzen da. Merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta merkatu horietan egiturazko aldaketak egitearren emango dira diru laguntzak.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduaz, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzen emakida arautu da, merkatu horietan egiturazko aldaketak egin ditzaten, merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta.

Aipatu diru-laguntzak emateko kredituak luzapen erregimenaren mende egon behar dute. Hori guzti hori, Euskadiko Aurrekontu erregimenari buruz bateratutako testuan indarrean dauden lege xedapenek IX idazpuruan diotenaren arabera eta irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuan onartua.

Agindu horretako 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz, egoki da han ezarritako laguntzetarako 2004ko ekitaldiko deialdia egitea, beharrezko arauak emanez.

Horregatik guztiagatik, agindu horretako 14. artikuluan emandako ahalmenaz baliatuz,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea

Ebazpen honen xede da, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduan araututako laguntzen 2004. ekitaldirako deialdia egitea. Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako udal merkatuei zuzendutako diru laguntzak dira, merkatariek berek edo beren erakunde ordezkariek bultzatuta merkatu horietan egiturazko aldaketak egitekoak.

Xede horretara, guztira 750.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2004. urterako Aurrekontu Orokorretan gai horretarako ezarritako aurrekontu kredituan ageri denez.

Deialdi honen barruan eskainiko diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu artikulu honetan ezarritako kopurua, ez eta artikulua eguneratzean ezartzen dena ere, indarrean dagoen legedian xedatutako kreditu loturaren araudiari nahiz aurrekontuak aldatzeko araudiari jarraikiz. Ez da bidezkoa izango, beraz, kopuru hori agortzean laguntza gehiago eskaintzea; hala, bada, une horretatik aurrera, bertan behera geratuko da xedapen honen eragina. Bi egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri zabalduko da, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– Betekizunak

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 25eko Aginduan araututako laguntzak jaso ahal izateko, agindu horretako 4. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte eskatzaileek.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea

1.– Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde bulegoetan daude eskuragarri eskaera eredua eta formularioak, bai eta Interneten ere, <www.eragintza.net> helbidean.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari zuzendu beharko dizkiote. Eskabide eta agiri horiek lurralde historikoko Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoan aurkeztu ahal izango dituzte; edo, bestela, 30/1992 Legean (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, azaroaren 26koa) zehaztutako lekuetan.

3.– Deialdiaren ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2004ko ekainaren 15era arte iraungo du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean deialdi ebazpen hau.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari aurkeztuta. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko apirilaren 1a.

Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala