
60. zk., 2004ko martxoaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1681
AGINDUA, 2004ko martxoaren 17koa, Kultura sailburuarena, 2003ko Agindua, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko modua arautuz emanikoa, 2004an erabili ahal izateko egokitzen duena.
Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruzko legezko xedapenen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen. 317/2003 Dekretuak Euskadiko aurrekontuen pentzutan emandako laguntzak eta diru-laguntzak arautzeko zenbait xedapenen indarraldia luzatzen du. Horri jarraituz, Jaurlaritzak eta gainerako Sailek zein Erakunde Autonomiadunek behar diren epeak, betekizunak eta baldintzak molda ditzakete 2004ko ekitaldian aplikatzeko.
2003ko ekitaldian, Kultura sailburuak 2003ko uztailaren 23ko Agindua eman zuen, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko pertsona juridiko pribatuei diru-laguntzak emateko modua arautu zuena (EHAA, 2003ko abuztuaren 11koa). Gerora, aurreko Agindu horretan finkatutako diru-kopurua handitze aldera, 2003ko urriaren 27ko Ebazpena eman zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak (EHAA, 2003ko abenduaren 23koa).
Aurreko guztiaren ondorioz, 2003ko Agindua 2004ko ekitaldian bideratu ahal izateko beharrezkoak diren egokitzapenak, datei zein baldintzei dagozkienak, egitea bidezkoa da.
Ondorioz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Denbora-barrutia.
Agindu honek 2004. urtean gauzatzekoak diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako, 2004ko ekitaldian milioi bat eta mila bostehun eta hemezortzi (1.001.518,00) euro erabiliko da. Diru hori Euskadiko Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa handiagoa balitz eta Kultura Sailaren gainontzeko laguntza-programetan diru-hondarrik balego, goian zehaztutako diru-zenbateko osoa handitu ahal izango da. Handitze hori laguntzak ebatzi aurretik egingo da. Esandako handitze horren berri, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpen bidez emango da.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Agindu honek araututako laguntza-deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabidea aurkezteko, honako Agindu hau argitaratu eta biharamunean hasita.
4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Agindu honen bitartez arautzen diren diru-laguntzak eskatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztu beharko dute Euskara Sustatzeko Zuzendaritzan, 2003ko uztailaren 23ko Aginduaren I. eranskinean datorren ereduari jarraituz (EHAA, 2003ko abuztuaren 11koa); horrekin batera, bertan zehazten diren agiriak ere aurkeztu beharko dituzte. Aurkeztu behar hori zuzenean edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izango da.
5. artikulua.– Justifikazio-agiriak.
Laguntza-onuradunek aurkeztu beharrezko justifikazio-agiriak 2005eko urtarrilaren 31 baino lehenago aurkeztuko dira. Horien artean aurkeztu beharreko balantze ekonomikoa 2004. urteari dagokiona izango da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 17a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
RSS