
60. zk., 2004ko martxoaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1679
AGINDUA, 2004ko martxoaren 17koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze arloko jarduerak egiteko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua 2004ko ekitaldian ezartzeko egokitzen duena.
Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategineko IX. tituluak (testu bategina irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen) ezarri duenaren babesean, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldiaren luzapena arautzeko. Dekretu horren arabera, Jaurlaritzak, sailek eta erakunde autonomoek aipaturiko xedapenak 2004ko ekitaldian aplikatzeko beharrezko diren betebehar, baldintza eta epeak egokitu ahal izango dituzte.
Joan den ekitaldian, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2003ko apirilaren 9ko Agindua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze arloko jarduerak egiteko diru-laguntzak arautzeko (78 zk.ko EHAA, apirilaren 22koa). Beraz, bidezko da adierazitako Agindu hori 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko behar diren epe eta baldintzak egokitzea.
Horren indarrez, honako hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2003ko apirilaren 9ko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarteratze arloko jarduerak egiteko diru-laguntzak arautu zituen. 2004ko ekitaldian, Agindu horren bidez araututako diru-laguntzen deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Agindu honen bitartez emango diren diru-laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek eskabidea aurkeztu beharko dute, araututako eske-idazkian eta kasu bakoitzari dogozkion agiriekin batera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko lurralde ordezkaritzetan edo Gizarteratze Zuzendaritzan, zuzenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste prozeduraren baten bidez.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honen bidez ezarritako diru-laguntzetarako, 2004ko ekitaldian 1.202.024 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-atalaren kontura.
Artikulu honetan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da honako hiru baldintza hauen menpe: eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuan ahitu gabe geratutako dirua eta diru-laguntzak ebatzi gabe egotea. Adierazitako aldaketaren berri Gizarteratze sailburuordearen ebazpen bidez eman beharko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen ondorioetarako, 2003ko apirilaren 9ko Aginduan 2003. urteari begira egiten diren aipamenak 2004. urte honetarako ulertu beharko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaioke Kultura sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 17a.
Justizia, lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.
RSS