Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2004ko martxoaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
1664

AGINDUA, 2004ko martxoaren 26koa, Garraio eta Herri Lan sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularren barruan, erabilpen orokorreko zerbitzuetarako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko erabilpen orokorreko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko tarifak osatzen dituzten zenbait elementuren prezioa igo egin da. Hortaz, eta arloko elkarte batzuk horrela eskatu dutenez, bidezko da indarrean dauden tarifak igotzea.

Tarifa zenbat igo kalkulatzeko, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen 19. artikuluak, (Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legeak berridatzitakoak), ezarritakoa aplikatuko da. Artikulu horren arabera, urte bakoitzaren bigarren hiruhilekoan administrazioak berrikusi egingo ditu, bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular iraunkorren barruan, erabilpen orokorreko zerbitzuetako tarifak. Berrikuspen hori egiteko kontsumo-prezioen indizean eta emakiden produktibitatean oinarritutako formula bat erabiliko da.

Hala eta guztiz ere, emakiden artean dauden ezberdintasun nabarmenengatik, batez besteko igoera orokor hori arlo guztian uniformea ez denez, hala eskatzen duten enpresei tarifak banaka berrikusteko aukera emango zaie.

Ondorioz, uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. artikulua kontuan izanik, eta Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularren barruan erabilpen orokorrekoetako tarifen berrikuspen orokorra uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19. artikuluak, (Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legeak berridatzikoak), ezarritako eran aplikatuko da.

2. artikulua.– Bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko erabilpen orokorreko zerbitzu publiko erregularretarako baimena duten enpresek, beren emakida guztien tarifen banakako berrikuspena eskatu ahal izango dute. Horretarako, eskabide arrazoitua aurkeztu beharko dute enpresek, kasuan kasuko foru aldundian garraioen arloko eskumena duen organoan; eskabide horretan, enpresa-kostuak sortarazten dituzten gorabehera ekonomikoen multzoa adierazi beharko dute eta, diru-sarrerak eta gastuak zehaztu. Organo horiek, hala behar izanez gero, enpresak aurkeztutako informazioa egiaztatu ahal izateko beharrezko peritu-frogak egitea agindu ahal izango dute, eta horren kostuak eskatzailearen kontura izango dira. Dena dela, administrazioak esango du nork egin behar dituen azterketa eta egiaztapen horiek, eta egin beharrekoak ere hark zuzenduko ditu.

3. artikulua.– Tarifen banakako berrikuspena aukeratzen duten enpresek, dagokien baimenaren azterketa ekonomikotik ateratako formula polinomikoaren arabera igo ahal izango dituzte tarifak. Formula polinomiko hori bera izango da aurrerantzean baimena eguneratzeko erabili beharko den formula, eta ezin izango dute batez besteko formula polinomikorik erabili, ez eta tarifen igoera orokorra ezarri.

4. artikulua.– Kasuan kasuko formula polinomikoen gaineko banakako berrikuspenerako Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan arlo horretan izandako batez besteko igoera-indizeak erabiliko dira, eta hortaz, ezin izango dira kasu partikularretan izandako igoerak aplikatu.

5. artikulua.– Emakidaren kostu-egituraren azterketaren ondorioz, enpresaren kudeaketa txarra dela ikusiz gero, eskatutako igoerak erabat edo zati batean ukatu ahal izango dizkio administrazioak.

6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularretan gutxienez 0,95 euro ordaindu beharko da.

7. artikulua.– Eskualde bereko hainbat linea erregularretarako emakidak dituzten enpresek edo, linea bakarrerako emakida izanik, eskualde oso bat hartzen dutenek, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzeko hainbat txartel ezberdinen kopurua gutxitu eta abonuak eskaini ahal izango dituzte.

Tarifak igotzeko proposamena kasuan kasuko foru aldundiko organo eskudunei aurkeztu beharko zaie, eta horiek, ateratzen diren prezioak onartu ahal izango dituzte, baldin eta 1. artikuluan ezarritako batez besteko igoera gainditzen ez badute.

Batez besteko igoera hori lortzeko, batzen den diru guztiarekiko txartel mota bakoitza zenbatekoa den neurtuko da.

8. artikulua.– Adierazitako igoera horien ondorioz ateratzen diren prezioak, borobildu egingo dira, goitik nahiz behetik, bost zentimo baino gutxiagoko euroren zatikirik atera ez dadin.

9. artikulua.– Linea baten barruan, aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatu eta prezio igoerarik ez dagokion edo are jaitsiera dagokion bidegune bat edo gehiago badago, bidaia-txartelaren prezioa bost zentimo igo ahal izango da.

10. artikulua.– Gauez, hots, 23:00 eta 6:00ak bitartean eta emakidaren ordutegitik kanpora egindako zerbitzuetan, bidaia-txartelaren prezioa %50 gehitu ahal izango da.

11. artikulua.– Erabiltzaileen leialtasuna saritzeko deskontudun bidaia-txartelak saltzea erabakitzen bada, Agindu honen ondorioz bidaia-txartel arruntei ezarri beharreko prezioa %30 igo ahal izango du aginpidea duen foru aldundiak.

12. artikulua.– Garraio-txartela autobusean bertan erosten bada, erabiltzaileak 20 eurora arteko kanbioak jasotzeko eskubidea izango du.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariari Agindu hau eta ezarri beharreko gainontzeko arauak interpretatzerakoan sor daitezen auzien gaineko erabakiak hartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularren barruan erabilpen orokorreko zerbitzuetako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzen dituen Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2003ko martxoaren 10eko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio zuzendariari Agindu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Agindu hau 2004ko apirilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 26a.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala