Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2004ko martxoaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1646

AGINDUA, 2004ko martxoaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak gazteen artean zabaltzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituen Aginduari beharrezko egokitzapenak egiten dizkiona 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Euskadiko aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoari jarraituz, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldia luzatzeari buruz. Horren arabera, Jaurlaritzak, sailek eta erakunde autonomiadunek epeak, baldintzak eta eskakizunak egokitu ditzakete agindua 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

2003ko ekitaldian, Kultura sailburuaren 2003ko apirilaren 9ko Agindua eman zen, balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak gazteen artean zabaltzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzeko (2003ko apirilaren 15ko EHAA, 75. zka.). Beraz, bidezkoa da epeak eta baldintzak egokitzea agindu hori 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Azkenik, aldaketa batzuk egin dira kalifikazio batzordearen osaeran, betiere, aurrekontu-luzapenaren araubidea ezartzen duen azaroaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuan ezarritako mugak errespetatuz. Aldaketa horrek zera du helburu, laguntza-programa honen eta beste administrazio-atalek eskatzaile berberentzat egiten dituztenen arteko koordinazioa hobetzea.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak gazteen artean zabaltzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituen Kultura sailburuaren 2003ko apirilaren 9ko Aginduko laguntza-deialdian (2003ko apirilaren 15ko EHAA, 75.zka.) 2004an parte hartu nahi dutenek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetako diru-laguntzak eskatzeko, interesatuek Kultura sailburuaren 2003ko apirilaren 9ko Aginduko* 9.2 artikuluan ezarritako moduan egin behar dute eskaria (*Agindua, 2003ko apirilaren 9koa, Kultura sailburuarena, balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak gazteen artean zabaltzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena).

3. artikulua.– Ekonomi baliabideak.

Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzetarako 120.202 euro erabiliko dira 2004 urtean. Zenbateko hori EAEko aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-ataletik aterako da.

Artikulu honetan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da eta horren berri emango da Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Batzorde kalifikatzailea.

1.– Aurkeztutako eskariak aztertu eta balioesteko, epaimahai kalifikatzaile bat osatuko da. Hona hemen 2004an izango dituen kideak:

– Lehendakaria: Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendaria. Legez ezarritako kasuetan, horren ordez Gazteria eta Gizarte-Ekintzako buruak jardun ahal izango du.

– Bokalak: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako kide bat, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aukeratua.

– Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzako kide bat, Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako zuzendariak aukeratua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat.

– Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako kide bat, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua.

– Idazkaria: Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako kide bat, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Epaimahaiaren osaera Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

3.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 2003ko apirilaren 9ko Aginduaren 6. artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak kontuan, epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatu ahal izango dio eskatzaileari, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 11. artikuluan finkatutako epea emanda.

5. artikulua.– Ebazpena.

1.– Epaimahai kalifikatzailearen proposamena ikusita, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 2004ko deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

2.– Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.– Hiru hilabeteko epe hori amaituta entitate interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Kultura sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko martxoaren 10a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala